121. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko irailaren 16koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, su gorrina (Erwinia amylovora) erauzi eta menperatzeko 2002ko jarduketa plana Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ri esleitzen diona.

Su gorrina gaixotasun larri bat da, Erwinia amylovora bakterioak eragiten duena. Gehienbat errosazeoen familiako landareak ukitzen ditu. Gaixotasuna zabaldu deneko herrietako albisteen arabera, lurralde batean sartuz gero, hazidun arboletan eta bereziki udareondo eta sagarrondo sailetan galera ekonomiko handiak sortzen ahal ditu, baita apainketako eta basoetako landareen sektorean ere (hala nola, Cotoneaster, Pyracantha, Crataegus eta Sorbus landareenean).

Erwinia amylovora (Burr.) Winsl et al. bakterioa Kontseiluak maiatzaren 8an eman 2000/29 EE Zuzentarauko II.A eranskineko II-b3 atalean sailkaturik dago. Zuzentarau hori Europako Batasunean landareendako edo landare-gaiendako kaltegarriak diren organismoak ez sartzeko eta bertan ez hedatzeko babes neurriei dagokie. Horrexen arabera dago babestua Espainia.

1996an gaixotasunaren lehenbiziko fokua atzeman zen Nafarroaren iparraldean. Foku hori desagertarazi ondoren, 1997ko udaberrian, beste foku bat atzeman zen Donezteben. Horregatik, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak, 1997ko uztailaren 28ko Foru Aginduaren bidez, xedatu zuen neurriak har zitezela Foru Komunitatean su gorrina edo Erwinia amylovoraren aurka.

Urte horretantxe aurkitu ziren beste landare batzuk gaixotasunak joak Baztanen, Iruñerrian, Itzarbeibarren eta abarretan.

Foku berri horiek atzematean neurri batzuk hartu ziren gaixotasunaren benetako zabalpena ezagutzeko eta errotik kentzeko, bai Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan berean, bai Nafarroako Gobernuko beste Departamentu batzuekiko eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Landare Osasuneko Zuzendaritza Nagusiarekiko elkarlanean.

Hurrengo urteetan, miaketa areagotu egin zen, bai fruituak ekoizten dituzten eskualdeetan, bai auzoberri, hexkai, erdibitzaile eta abarretan. Izan ere, gehienetan Pyracanthan atzematen zen eta landare hori apaingarri gisa maiz erabiltzen da. Horregatik, otsailaren 15eko 46/1999 Foru Dekretuaren bidez Nafarroa osoan landatzea debekatu zen.

1998 eta 1999. urteetan gehiagotan atzeman zen gaixotasuna zabaldu egin baitzen. Tafalla, Lorca, Artaxoa eta Villamayor de Monjardín dira toki nabarmenak. Estatuko beste probintzia batzuetan ere atzeman zen, hala nola, Lleidan, Oskaren iparraldean eta Madrilen.

2000. eta 2001. urteetako kanpainen ezaugarri bat su gorrinaren sintoma gutxi atzematea izan da. Gehiagotan atzeman bada ere, gaixotasunak jotako Nafarroaren aldea ez da handitu. Izan ere, kutsaturik zeuden tokietatik gertu edo kutsatuak zeuden toki beretan atzeman da. Izurdiaga, Zudairi eta Soltxaga bakarrik daude bereiziak lehenagotik kutsaturik zeuden tokietatik. 2000. urtean, 39 laginetik, 11n atzeman zen gaixotasuna. 2001. urtean 45 lagin hartu ziren eta 12an agertu zen.

Esanak esan, Estatu osoan, beste foku batzuk agertu dira, garrantzitsuak gainera. Aipatzekoak dira Epilatik gertu eta Entrena-Errioxatik gertu aurkitu direnak.

Begi bistakoa da beraz gaixotasuna aurrera egiten ari dela, emeki-emeki baina. Litekeena da hurrengo kanpainitan modu nabarmenean ugaltzea.

Beharrezkoa da beraz gaixotasuna erauzi eta menperatzeko kontzeptu orokorraren pean sartu diren jarduera guztiak biltzeko plan bat edukitzea. Jarduera haiek uztailaren 9ko 1201/1999 Errege Dekretuaren bidez antolatu ziren.

Hona hemen jarduketa planaren helburuak:

1. Kutsatutzat jo diren lurzati edo tokiak eta, 1997ko uztailaren 28ko Foru Aginduaren arabera, haien segurtasun eremuak miatzea.

2. Atzemate-sareko guneak miatu, zaindu eta menperatzea.

3. Gaixotasunak jo ditzakeen landareak sal-erosi edo ekoizten dituzten saltokiak miatzea.

4. Gaixotasunak jo ditzakeen espezieak sistematikoki miatu eta menperatzea, arriskurik handiena izan dezaketen eskualdeetan (Nafarroako fruitu aldean eta iparraldean).

5. Gaixotasunak jo ditzakeen landareak dauzkaten lorategi edo barrendegi naturalak laginak hartuz miatu eta menperatzea, bai Iparraldean, bai Erriberan.

6. Kutsatu edo ukituriko landareak suntsitzea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak haiek erauztea erabakita, 1201/1999 Errege Dekretuari jarraituz.

7. Landare Osasuneko Bulegoari laguntzea, argibide, aholku eta aurreneurri kontuetan.

Espainian eta Europako Batasunean landareendako edo landare-gaiendako kaltegarriak diren organismoei sartu, beste estatu batzuetara esportatu edo haietatik barrena ibiltzea eragozteko neurriei buruzko 26ko 2071/1993 Errege Dekretua aurreko 77/93 Zuzentaraua Espainiako legeetara egokitzearen ondorioa da eta beraz arlo horretan aplikatzekoa den oinarrizko arautegia da, 2000/29 Zuzentaraua ez baita oraindik gure legeetan bildu.

Su gorrina errosazeoetatik erauzteko progama nazionala ezartzen duen uztailaren 9ko 1201/1999 Errege Dekretuak, 4. artikuluko 1. idatz-zatian, xedatzen du autonomi erkidegoek, zeinek bere lurraldean, miaketa zehatzak eginen dituztela, bakterioaren bila.

Gaur egun Landare Osasuneko Bulegoak ez dauka baliabiderik landareen osasunerako gaiei dagozkien eginkizun guztiak egiteko, hala nola, gaixotasuna menperatu eta erauztekoak. Hala ere, arazo hori lehentasunez konpondu behar da, fruitu sektoreari arrisku handia dakarkiolako eta indarra duen arautegia bete egin behar delako.

Arazoa konpontzeko Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ri eskatu zitzaion proposamen bat aurkez zezala, jarduketa planean aurreikusiriko helburuak lortzeko behar diren lan guztiak biltzen zituena.

Hauexek dira lan hori Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ri esleitzeko arrazoiak:

-Landare-gaien kudeaketan, gaixotasunak jo dituen espezie askorekin hain zuzen ere, esperientzia handia du eta hori berme bat da.

-Entitate honek antzeko lanak eginak ditu, aurreko kanpainetan, emaitza bikainekin.

-Lan horietan jarduteko egoki diren langile eta baliabideak ditu.

-Foru Administrazioarekin estatutu bidezko harremana du.

Eskaera honi erantzunez, Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.k proposamen bat aurkeztu du lehen aipatu diren oinarrizko helburuak betetzeko, betiere Landare Osasuneko Bulegoak ikuskatu beharko dituenak.

2002rako aurrekontu osoak 37.560,80 euro egiten du (kontuan hartzekoa da plana apiriletik urtea bukatu bitarte egitekoa dela).

Kontuan hartuz, bestalde:

1. Su gorrina (Erwinia amylovora) erauzi eta menperatzeko 2002ko jarduketa plana egiteko proposamena, Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.k aurkeztu duena, bat datorrela Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak su gorrinaren kontrako borrokan dituen helburuekin.

2. Hein batean miatu, menperatu eta suntsitzeko ekintzek indarra duen arautegia beteko dutela bermatu ezezik, Nafarroan gaixotasuna errotu eta zabaltzea eragotzi ere eginen dutela.

3. Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.k plana garatzeko proposaturiko aurrekontua jarduketa planaren antolamendu osoarekin eta hura garatzeko 2002an egin beharreko lanekin bat datorrela.

AGINDU DUT:

1. Su gorrina (Erwinia amylovora) erauzi eta menperatzeko 2002ko jarduketa plana onestea.

2. 37.560,80 euroko gastua onestea, 2002rako luzatu den gastu aurrekontuko "Lanen kontratazioa" izeneko 710000-7120-2279-713100 kontusailaren kontu, lehen puntuan onetsiriko jarduketa plana finantzatzeko.

3. Su gorrina (Erwinia amylovora) erauzi eta menperatzeko 2002ko jarduketa plana Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ri esleitzea, A/31-112501 IFZ duenari eta lehen puntuan aipatu denari, Foru Agindu honekin batera doan baldintza pleguen agirian adierazten diren baldintzetan.

4. Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ri 37.560,80 euro pagatzea. Ordainketa behar den Ebazpenaren bidez eginen da.

5. Landare Osasuneko Bulegoak jarduerak begiratu eta azkeneko txostena eman dezala.

6. Foru Agindu hau igortzea Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ra, Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalera, Landare Osasuneko Bulegora eta Nekazaritza, Abeltzaintza Elikadura Departamentuko Afera Ekonomikoen Bulegora.

7. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hamaseian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0210113