116. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 25a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

BORTZIRIETAKO HIRI-HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA

Bortzirietako hiri-hondakin solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen estatutuak

Bortzirietako hiri-hondakin solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen Batzarrak, 2001eko urriaren 8an egindako bileran, estatuen aldaketak hasiera batez onartu zituen.

Jendaurrean jarri ziren 2002ko urtarrilaren 4ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, eta amankomunatutako udalen eta Mankomunitatearen iragarki oholetan argitaratu ondoren.

Mankomunitateko Batzarrak behin betikoz onetsi zituen bai aldaketak, bai estatutuen testu bateratua, 2002ko ekainaren 18an egindako bileran, ez baitzen erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Era berean, amankomunatutako udalen osoko bilkurek, hau da Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakakoak, onartu dituzte estatutuak, 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluaren arabera.

Testu bategina honako hau da.

I. KAPITULUA

Eraketa, izena eta egoitza

1. artikulua. Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako Udalek borondatezko Mankomunitatea eratu dute, Estatutu hauen II. Kapituluan adierazten diren zerbitzuak, beren eskumenekoak, elkarturik antolatu eta emate aldera.

Kide berriak onartzeko eta baja emateko, estatutuen arauei jarraituko zaie.

Mankomunitate honen antolakuntza eta funtzionamendua Estatutu hauetan xedatutakoari lotuko zaizkio, eta haien ordez, Nafarroako Toki Entitateentzat aplikatzekoak diren arauei.

2. artikulua. Izaera juridikoa. Mankomunitate honek gaitasun juridiko osoa izanen du, administrazio entitate publikoa eta irabazteko asmorik gabekoa den aldetik, eta une bakoitzean hura osatzen duten toki erakundeen mugapeak hartuko ditu bere esparruan.

Mankomunitatea, aldiro zer zerbitzu egiten dituen, haiexei loturiko gorabeherak sortzen diren esparruetan ariko da, bere eskumenen barnean.

3. artikulua. Izen hau izanen du: "Bortzirietako hiri-hondakin solidoak kudeatzeko Mankomunitatea".

Juntak erabakiko du Egoitza zein izanen den, kide eskubidedunen aldeko botoen erabateko gehiengoaz, eta aldaketak egiteko ere beharrezkoa izanen da gehiengo bera, Juntari egoki deritzonean.

Egoitza, behin-behinekoz, Etxalarren egonen da.

II. KAPITULUA

Helburuak

4. artikulua. Mankomunitateak hiri-hondakin solidoak bildu eta tratatzeko zerbitzuak ematea du helburu, baita haiekin zuzen nahiz zeharka ikusteko duten jarduketa guztiak ere; eta legeriak Toki Entitateei emandako eskubide eta ahalmen guztiak izanen ditu.

Mankomunitatearen xede diren jarduketak aldiro burutzen ahal dira administrazio bidez, errentamenduz, kontzesioz edo zerbitzu publikoak zuzen nahiz zeharka kudeatzeko legezko edozein moduz.

5. artikulua. Mankomunitatea eta elkartean sartutako Toki Entitateak lankidetzan arituko dira, zerbitzuak ahalik eta ongien emateko, eta informazioa, laguntza eta behar den zainketa trukatuko dizkiote elkarri.

III. KAPITULUA

Indarraldia

6. artikulua. Mankomunitate honen indarraldia mugagabea izanen da eta Estatutuok behin betikoz onestean hasiko, indarra duen araudian xedatutakoari jarraikiz.

IV. KAPITULUA

Zuzendaritza, kudeaketa eta funtzionamendu organoak

7. artikulua. Mankomunitatearen zuzendaritzako organoak honako hauek izanen dira:

-Presidentea eta presidenteordea.

-Junta.

Mankomunitatearen organo gorena Junta izanen da. Honek estatutu hauetan zehaztutako eskumenak eta eskuduntzak izanen ditu, baita ordenamendu juridikoan onartutako bertze edozein ere.

8. artikulua. Mankomunitateak idazkari kontuhartzaile bat izanen du, Mankomunitateko Udalbatzetako funtzionarioen artetik aukeratua eta nahi duenean kargutik ken dezakeena. Ez du enplegu edo iraunkortasunaren aldetik eskubiderik eskuratuko, eta jardunean ordezka dezakete bertze funtzionario edo langile batzuek eta haren lanak egin.

Mankomunitatearen xede diren zerbitzuak egiteko, langile teknikoak nahiz administrariak kontratatu ahal izanen dira, baita bertzelakoak ere, behar badira, gai honen gainean indarra duten xedapenekin bat.

Diruzaintzako funtzioa Juntak erabakitzen duen eran beteko da, indarrean dagoen araudiari egokiturik.

V. KAPITULUA

Junta

LEHENBIZIKO ATALA

Osaketa

9. artikulua. Mankomunitate honetako herrietako zazpi udal ordezkariez osatuko da Junta. Ordezkariek zinegotziak izan beharko dute.

10. artikulua. Herri bakoitzeko ordezkaritzak modu honetan banatuko dira:

Arantzatik, Etxalartik eta Igantzitik zinegotzi bana; Beratik eta Lesakatik bina.

11. artikulua. Ordezkarien hautaketa. Udalbatza bakoitzak bere ordezkariak libreki hautatu eta berrituko ditu, eta izendapen horiek udal hauteskundeak egiten diren aldiro berrituko dira.

12. artikulua. Batzorkideren batek, udalbatzek hala nahi dutelakoz, bere borondatez edo bertze edozein arrazoirengatik kargua utziz gero, egun horretatik hasita eta hilabete baten barrenean ordezkoa izendatu behar da.

BIGARREN ATALA

Bilkuren araubidea

13. artikulua. Juntak hiru hiletik behin gutxienez bilera eginen du, udalen bilkuren funtzionameduari buruzko araudiari jarraikiz.

14. artikulua. Horrez gain, egoki juzgatzen diren bilkurak eginen dira, presidenteak deituta, edo udal baten ordezkari guztiek edota udal baten osoko bilkurak eskatuta.

15. artikulua. Bilera bakoitzaren deialdia udalen bilerei buruzko araudiaren arabera eginen da. Eztabaidatuko diren gaiak ordezkariek aztertzeko, behar adina denborarekin eginen dira deialdiak.

16. artikulua. Deialdiarekin batera gai-zerrenda azalduko da.

Deialdia egin ondotik, bileran aztertuko diren gaien espedienteak izanen dituzte kideek eskura.

17. artikulua. Erabakiak hartzerakoan aintzat hartuko da udalbatzen erabakiei buruz indarrean dagoen araudia, ondoko artikuluan xedatutakoa izan ezik.

18. artikulua. Ondoko kasu hauetan Junta osatzen duten kide eskubidedunen gehiengo osoaren aldeko botoa beharrezkoa izanen da erabakiak hartzeko:

1. Zerbitzuen erabiltzaileengan edo Mankomunitatearen funtzionamenduan eragina duten ordenantza, erregelamendu eta tarifa orokorrak onesteko, bere eskumenekoak baldin badira.

2. Obrak eta inbertsioak egiteko urte anitzetako planak onesteko, eta bereziki, urte bakoitzean, hurrengo urteari dagokiona.

3. Entitate kudeatzailearen estatutuak onesteko.

4. Mankomunitatean kide berriak onartzeko.

5. Zor publikoa jaulkitzeko eta kredituak kontratatzeko, Juntaren eskumenekoak badira.

6. Aurrekontuak onesteko.

7. Kontuak onesteko.

8. Estatutu hauek aldatzeko.

19. artikulua. Estatutuak aldatzeko, indarrean dauden arauetan ezarritako prozedura jarraituko da.

HIRUGARREN ATALA

Eskumenak eta eskuduntzak

20. artikulua. Juntari honakoak dagozkio:

1. Eratze, eraberritze eta desegiteari dagozkien erabaki egokiak onestea, baita kargu eta langileen izendatze eta kentzeari dagokienak ere, estatutu, lege edo arau aplikagarrien arabera.

2. Mankomunitatearen eginkizunei loturik dauden zerbitzuak jarri, garatu eta kudeatzeko behar diren planak eta proiektuak onestea.

3. Mankomunitatearen aurrekontuak onetsi eta aldatzea, eta urteko kontuak onestea.

4. Ondasunak erosi eta saltzea, obrak eta zerbitzuak kontratatzea, udaletako osoko bilkurek dituzten ahalmenen arabera.

5. Mankomunitatearen eskubideen defentsan jardutea, bere kontrako auziei aurre egitea, eta edozein motatako, mailatako eta eskumenetako gaien gainean errekurtsoak aurkeztea, betiere aurretik letratuaren aldeko txostenarekin, presako kasuetan izan ezik.

6. Mankomunitateko presidentea eta presidenteordea hautatu eta berritzea.

7. Mankomunitateak bertze administrazio publiko batzuekin, Mankomunitateko entitateak barne, eskumenen kudeaketa eskuordetzeko egiten dituen hitzarmenak onestea.

8. Mankomunitateko entitateek harekin sinatu beharreko koordinazio hitzarmenak onetsi edo berrestea.

9. Bere gain hartutako zerbitzu bakoitzeko finantzazio motak onestea.

10. Zerbitzuen kudeaketa motak onestea.

11. Erregelamenduak, barne araudia, zerbitzu eta tokien erabilerari dagozkien prezio, tarifa eta tasen ordenantzak onestea.

12. Zerbitzuen garapena kontrolatu eta ikuskatzea.

13. Mankomunitateko langileen plantilla onestea.

14. Langile finkoen kontratuak onestea eta amaitutzat ematea, eta, behar izanez gero, zigor disziplinarioak jartzea.

15. Udaletako osoko bilkurei dagozkien eskumen eta eskuduntzak, Mankomunitateko behe mailako organoei emanak ez badaude.

21. artikulua. Udaletako osoko bilkurek eskuordetzen ahal dituzten eskumenak, Juntak ere eskuordetzeko ahalmena izanen du.

VI. KAPITULUA

Presidentea eta presidenteordea

LEHENBIZIKO ATALA

Izendapena

22. artikulua. Juntak hautatuko du presidentea. Honi dagokio Mankomunitatearen ordezkaritza bertze pertsona fisiko eta juridikoekin izanen diren harremanetan, eta bai Juntak bai estatutu hauek ematen dizkioten eginkizunak betetzea.

Presidente hautatuko da, horretarako egiten den ixilpeko bozketan, Junta osatzen duten kide eskubidedunen gehiengo osoa lortzen duena.

23. artikulua. Inork lortzen ez badu arestian agindutako gehiengo osoa, ixilpeko bigarren bozketa eginen da, eta presidente hautatuko da emandako botoen gehiengo soila lortzen duena.

Botoen berdinketa izanez gero, biztanle gehien dituen udala ordezkatzen duen kidearen alde izanen da.

Presidentea hautatzeko arestian aipatutako prozedura berari jarraikiz eginen da presidenteordearen hautaketa.

Bi kargu hauek Junta eratzeko bileran hautatuko dira, eta udaletako zinegotziak berritzearekin batera haiek ere berrituko dira. Prozedura bera izanen da kargua uzten denean.

BIGARREN ATALA

Eskumenak eta eskuduntzak

24. artikulua. Makomunitateko presidenteari honakoak dagozkio:

1. Juntaren bileretarako deialdiak egitea, hauen buru izatea eta hartutako erabakiak betearaztea.

2. Mankomunitateko gaietan presazko erabakiak hartzea, bere ardurapean eta Juntak ezarritako ildoei jarraituz, betiere Juntaren hurrengo bileran horien berri emanez. Gaiaren garrantzi mailak hala eskatzen badu, bilera berezirako deialdia eginen du.

3. Ondasunak erosi eta saltzea, obrak eta zerbitzuak kontratatzea, udaletako alkateek dituzten ahalmenen arabera.

4. Idazkari-Kontuhartzailearekin batera Mankomunitatearen aurrekontuen proiektuak osatzea, onartutako aurrekontuaren garapen egokia xedatzea eta urteko kontuen berri ematea, aplikagarri diren lege xedapenek ezarritakoari jarraituz.

5. Aurrekontuetako kontsignazioen arabera, Mankomunitateak egin behar dituen ordainketak agintzea.

6. Diruak eta ondasunak administratzea aurrekontuari loturik, eta aitzineko urteko kontuen berri urte naturaleko lehen sehilekoan ematea.

7. Mankomunitatearen ordezkari izatea, berarekin zerikusia duten ekintza eta ekitaldi juridiko guztietan. Halaber, prokuradoreei ahalmena ematea, epaiketetan edo hauetatik at Mankomunitatearen ordez ager daitezen, Juntak kasu bakoitzerako emandako ahalmenekin.

8. Mankomunitateko langileen agintari nagusi izatea.

9. Erakundearen izenean egiten diren agiriak eta ekintzen egiaztagiriak bere sinaduraren bidez ikus-onestea.

10. Zerbitzuaren funtzionamenduaren onerako eta Mankomunitatearen helburuak behar bezala betetzeko gainerako funtzioak, Juntari dagozkionak izan ezik.

11. Udaletako alkateei dagozkien eskumen eta eskuduntzak, estatutu hauetan ezarritakoaren aurka ez badaude.

25. artikulua. Presidenteordeak presidentearen eskumen berberak hartuko ditu hau ez dagoenean edo kargua hutsik badago.

VII. KAPITULUA

Udalen Batzar orokorra

26. artikulua. Juntak, Mankomunitateko edozein udalek edo Bortzirietako hamar udal ordezkariek horrela eskatzen dutenean, Bortzirietako alkate eta zinegotzi guztiei deituko zaie batzarrera, eskatzaileek proposatutako gaia aztertzeko.

Batzarraren erabakia kide eskubidedunen gehiengo osoak hartu beharko du, eta erabaki hori loteslea izanen da.

VIII. KAPITULUA

Idazkari kontuhartzailea eta diruzaina

27. artikulua. Mankomunitateko idazkariak eginkizun hauek ditu:

1. Mankomunitateko organoei informazioa eta aholkua ematea, hartu beharreko ebazpenen gainean, estatutuen, ordenantzen eta lege indardunen arabera, betiere.

2. Mankomunitatearen gutun eta agiri guztiak igorri eta artxibatzea, presidenteak jakin eta ebatzi ondoren.

3. Juntaren bilkuretako aktak, presidentearen ebazpenak eta Mankomunitateak luzatu behar dituen agiriak idatzi eta baimentzea.

4. Presidenteak agindutako ziurtagiriak luzatzea, hark ikus-onetsita.

5. Egokiak diren eta Udaleko idazkariari esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak.

28. artikulua. Kontuhartzailearen eta diruzainaren eginkizunak indarra duten lege eta arauei egokituko zaizkie.

IX. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

29. artikulua. Mankomunitate moduan egiten diren zerbitzuen kudeaketa ekonomikorako, aurrekontu arrunta osatuko da urteoro, bai eta behar diren aparteko aurrekontuak ere, aldi bakoitzean indarra duen ordenamendu juridikoari jarraikiz.

30. artikulua. Mankomunitatearen diruak eta ondasunak toki korporazioentzat ezarritako araubide juridikoari jarraikiz administratuko dira, eta horrexetara makurtu beharko dira aurrekontuen garapena, fiskalizazioa eta kontu ematea.

31. artikulua. Mankomunitatearen baliabide ekonomikoak hauek izanen dira:

a) Ondarea, hau da, Mankomunitateak, bere xedeak betetzeko, dituen eta izanen dituen eskubide eta ondasun materialak.

Bere esku utzi edo eskuordetutako zerbitzuak ematearren, Mankomunitateko entitateek eta bertze administrazio publikoek transferitu edo atxikitako ondasun eta eskubide materialek osatzen dute ondare hori, baita Mankomunitatearenak izan edo berak eskuratzen dituen ondasunek ere.

b) Estatutik, Nafarroako Gobernutik edo bertze edozein pertsona fisiko edo pribatu, publiko nahiz pribaturengandik eskuratzen dituen subentzio, laguntza edo dohaintzak.

c) Bere ondasun eta zerbitzuen errenta, produktu eta prezioak.

d) Indarra duen araudiaren arabera Mankomunitateak berak ezar ditzakeen edo legez dagozkion ordainarazpen eta tasen kopurua.

e) Bertze entitate batzuenak izanik, Mankomunitateak barne, lankidetza hitzarmenen bitartez honen esku utzitako ordainarazpenen kopurua.

f) Mankomunitateko entitate guztiei ezar dakizkiekeen ekarpenak.

g) Bere helburuak lortzeko hitzartzen diren mailegu eta kredituak.

h) Indarra duen Araudiak Mankomunitateari bidezko egin edo ezartzera behartzen dion bertze edozein ordainarazpen.

32. artikulua. Mankomunitateak, bertzeak bertze, irizpide hauetan oinarrituz eskuratu eta aplikatuko ditu baliabideak:

a) Mankomunitateak emandako zerbitzuengatik ordainarazten dituen tarifak eta tasak ez dira desberdinduko udal mugapeen arabera. Aldiz, berdinak izanen dira horietan guztietan.

b) Mankomunitateko toki entitateek Mankomunitateak ezartzen dituen baliabide iturri guztiak ezartzea erraztuko dute.

33. artikulua. Mankomunitateko Udalek beren burua behartzen dute Mankomunitateak hartzen dituen obligazio eta zorren kargu egitera, biztanle eskubidedunen kopuruaren heinean, biztanleen udal erroldaren azken zuzenketaren arabera.

34. artikulua. Mankomunitateko Udalek baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari, edozein arrazoi dela eta, Mankomunitateari zor dioten dirua berei dagozkien transferentzietatik kentzeko, hari ordaintzearren.

35. artikulua. Etekinak ez dira inola ere mankomunitateko entitateen artean banatuko. Soberakinik izanez gero, gerakinok hurrengo ekitaldiko aurrekontuan sartuko dira.

X. KAPITULUA

Langileak

36. artikulua. Mankomunitateak behar adina langile izanen ditu, eta haien kopurua, kategoria eta eginkizunak Juntak aurkezten dituen plantilla organikoetan zehaztuko dira.

37. artikulua. Plantilla organikoa Mankomunitatearen kontratupeko langileek osatuko dute.

Mankomunitateak bere zerbitzuetarako behar dituen langileak kontratatuko ditu, eta haien lanpostuak plantilla organikoari jarraikiz eta indarra duen araudiari lotuz beteko.

Langile horiek lan eta gizarte mailan indarra duten xedapenen menpean egonen dira. Horrenbertzez, izendapenek ez dute inor udal funtzionario bihurtuko, ezta inori izaera hori eskuratzeko biderik emanen ere.

XI. KAPITULUA

Kide berrien onarpena

38. artikulua. Mankomunitatean Udal eta Kontzeju gehiago onartzeko, 18. artikuluan aipatu gehiengoaren botoa beharko da haien alde, eta onarpen erabakia jendaurrean egon hamabortz egunez. Epe hori erreklamaziorik aurkeztu gabe iraganik, onarpena behin betikoa izanen da.

XII. KAPITULUA

Desegitea

39. artikulua. Toki araubidearen gainean aldioro aplikatu behar den araudian ezarritako arrazoiak dira Mankomunitatea erabat edo hein batean desegiteko arrazoiak.

Bere kideetako baten banaketari dagokionez, Mankomunitateko Juntaren erabakiak zehaztu beharko ditu haren ondorioak, ondasunez, eskubideez eta betebeharrez den bezainbatean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

1.-Udalek, estatutu hauen aldaketak onartuko dituzten bilera berean, Juntako ordezkariak hautatuko dituzte.

2.-Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean estatutuen aldaketak argitaratzen direnetik hilabeteko epean ordezkari guztiei dei eginen zaie, eraketa bilerara etor daitezen. Bilera honetan karguak izendatuko dira, eta bertze gai batzuk ere eztabaidatu ahalko dira, Juntaren iritziz presazkoak badira.

AZKEN XEDAPENAK

1.-Estatutu hauei kontra egiten ez dion orotan, Nafarroako mankomunitateen eta udalen antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen toki araubideko araudia aplikatuko da.

2.-Estatutu hauek hartuko dute indarra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Etxalarren, bi mila eta biko irailaren hamaseian. Presidentea, Miguel María Irigoien Sanzberro.

Iragarkiaren kodea: A0209758