116. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 25a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

B E R I A I N

Beriaingo Udaleko kontu-hartzaile lanpostua, bitarteko gisa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia

1.-Arau orokorrak.

1.1. Beriaingo Udalaren kontu-hartzaile lanpostua, bitarteko gisa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea da deialdi honen xedea.

1.2. Kontratua administratiboa izanen da, lanpostu hutsa jabetzan bete arte.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean eta Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eginiko sailkapeneko B mailari dagokion lansaria eta lanpostuari dagozkion osagarriak izanen ditu lanpostuak.

1.4. Hautatzen den izangaiak kontu-hartzailetzako eginkizunak beteko ditu eta Ekonomia Alorraren arduraduna izanen da.

1.5. Probak gainditu arren lanpostu hutsa eskuratzen ez duten izangaiekin zerrenda osatuko da, Beriaingo Udalak arlo honetako langileak aldi baterako kontratatzeko erabiltzen ahalko duena, betiere puntuazio ordenari hertsiki lotuz.

2.-Izangaien beharkizunak.

2.1. Izangaiek, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, beharkizun hauek bete beharko dituzte, oposizio honetan onartuak izan nahi badute:

a) Adinez nagusi izatea eta nazionalitatez espainiarra.

b) Ekonomia edo Enpresa Zientzietako diplomatu titulua izatea, edo Zuzenbidekoarena, uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 251.2 b) artikuluaren arabera. Nahikoa izanen da aipatu ikasketen lizentziaturetan lehen hiru ikasturteak gainditu izana frogatzea.

c) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publiko baten zerbitzutik baztertua ez izatea.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak deialdi honen 7.4 oinarrian ezarritako epean eta moduan egiaztatu beharko ditu aipatu beharkizun guztiak. Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beteak izan beharko ditu beharkizun horiek, eta hauta-probek iraun bitartean eta izendatu arte bete beharko ditu.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Beriaingo Udalaren bulegoetan aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 30 egun naturaleko epean, 10etatik 14etara. Azken eguna baliogabea bada, epea hurrengo egunean amaituko da. Eskabideek deialdi honetako I. eranskineko ereduaren araberakoak beharko dute izan.

3.2. Eskabideekin batera, lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduak frogatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira. Jatorrizko agiriak edo fotokopia kautotuak aurkeztuko dira. Agiri hauek ez badira deialdi honetako 3.1 puntuan ezarritako epean eta moduan aurkezten, merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

3.3. Luzaezina da eskabideak aurkezteko epea.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak, ebazpen bidez, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 10 egun baliodunetan, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsik egin badute, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioen epea iraganik eta haiek ebatzirik, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpena eman eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

Mahaiburua: Tomás Prieto Blanco, Beriaingo Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Fernando Ferrándiz Maqueda, Beriaingo Udaleko lehen alkateordea.

Mahaikidea: José Raúl Goñi Rodríguez, Nafarroako Gobernuko Ogasuneko teknikaria.

Ordezkoa: Ignacio Amátriain Cía, Nafarroako Gobernuko Ogasuneko teknikaria.

Mahaikidea: Pello Oscoz Goicoechea, Galar Zendeako Udaleko aholkularia.

Ordezkoa: Mercedes Arnedo Lana, Galar Zendeako Udaleko idazkaria.

Mahaikidea: Carlos Revilla Pascual, Noain-Elortzibarko Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezkoa: Isabel García Layana, Noain-Elortzibarko Udaleko idazkaria.

Mahaikide-idazkaria: César Suescun García, Beriaingo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Miguel Angel Albisu Iribarren, Tiebas-Muru Artederretako Udaleko idazkaria.

Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehenago eratu beharko da, eta ezin izanen da ez eratu ez jardun bere kideen gehiengo osoa, gutxienez, osatu arte.

5.2. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko du deialdiko oinarrien interpretazioaz eta aplikazioaz sor daitezkeen zalantza guztiak.

6.-Oposizio-lehiaketa nola egin.

6.1. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren zehaztuko da.

6.2. Lehiaketan, ikastaroak, esperientzia eta bestelako batzuk baloratuko dira; gehienez ere, 20 puntu izanen dira, deialdi honetako II. eranskinean zehaztuarekin bat.

6.3. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa. Baztergarria. Ariketa teorikoa.

Ariketa idatziak eginen dira, deialdi honetako III. eranskineko gaiei buruz. Ariketa hauek gaiak garatzekoak izanen dira edo galdera laburrak erantzutekoak edo bi mota horietakoak, epaimahaiak zer erabaki. Proba honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira, eta 20 puntu ezinbesteko dira gainditzeko.

Bigarren ariketa. Baztergarria. Ariketa praktikoa.

Nafarroako Udal batean kontu-hartzaile batek dituen eginkizunetan ohikoak diren bi egoera praktiko garatuko dira, idatziz; egoera horiek deialdi honetako IV. eranskinean diren arloetakoak izanen dira. Proba honetan gehienez ere 40 puntu eskuratzen ahalko dira, eta 20 puntu ezinbesteko dira gainditzeko.

6.4. Ariketa bakoitzaren zuzenketa egin ondoren, epaimahaiak Udalaren iragarki oholean aditzera eman ditu izangaien kalifikazioen zerrenda eta oposizioko hurrengo ariketa hasteko eguna, tokia eta ordua; gutxienez ere, berrogeita zortzi ordu aurretik.

6.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda, lorturiko puntuazio osoaren araberakoa, paratuko du iragarki oholean. Bertan, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldiko ariketa guztietan lortu kalifikazioak batuko dira.

7.2. Puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio epaimahaiak Beriaingo Udalari.

7.3. Behin betiko izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

7.4. Izendapen proposamena jakinarazi ondoko hamabost egun naturaletan, deialdiko beharkizunak betetzen dituela frogatzen duten agiriak aurkeztuko dizkio proposatutako izangaiak deia egin duen Administrazioari; zehazki, honakook:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdian eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua, edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria.

c) Zinpeko deklarazioa, funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo zigortua ez dagoela edo ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

d) Osasun ziurtagiria, karguaren berezko eginkizunak ongi betetzea eragozten dion eritasun edo akats fisikorik ez duela egiaztatzen duena.

7.5. Aipatu epean agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan galarazi gabe.

7.6. Aurreko atalean aipatua gertatuz gero, probak gainditu dituen eta 7.1. atalean aipatu puntuazioen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

8.-Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautaprobak amaitu eta izangaiak eskatu zaizkion agiriak ekarritakoan, Beriaingo Udalak administrazio-kontratudun izendatuko du, Beriaingo Udaleko kontu-hartzaile lanpostua betetzeko, bitarteko gisa. Ondotik, behar den kontratua sinatuko da.

8.2. Izendatzen denak hilabeteko epean hartu beharko du karguaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Aipatu epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, 7.5 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.-Errekurtsoak:

Deialdiaren eta haren egintzen aurka, errekurtso hauek paratzen ahalko dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien sailari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, aldez aurretik errekurritzeko asmoa organo egileari jakinaraziz.

Beriainen, bi mila eta biko uztailaren hogeita hamaikan. Alkatea, Tomás Prieto Blanco.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .............., adinez nagusia, N.A.N. zk.: ........, jaioteguna: ......, jaioterria: ....., helbidea (herria, kalea, zenbakia): ................................, posta kodea: ........, telefonoa: .....................

Zuregana agertu eta adierazten dut:

Beriaingo Udaleko kontu-hartzaile lanpostua, bitarteko gisa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Inongo administrazio publikoren zerbitzutik diziplina espediente bidez baztertua izan ez naizela eta eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik ez nagoela.

Deialdian eskatutako titulazioa badudala.

Egungo xedapenetan ezarritako ezintasun bakar bat ere ez dudala.

Eskabideak aurkezteko adierazitako epea bukatzen den egunean behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Eskabide hau onartzea eta, horren ondorioz, Beriaingo Udaleko kontu-hartzaile lanpostua betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

II. ERANSKINA

Deialdi honetako 3.2 oinarrian ezartzen diren leku, modu eta epean justifikatu beharko diren merezimenduak, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emanen den datan hautagai bakoitzak dituenen arabera kalifikatuko dira. Puntuaketarako ondoko baremoa erabiliko da:

A.1. Nafarroako Administrazio Publikoentzako egindako zerbitzu-urte bakoitzeko, urtebetez gutxienez, eta ondoren aipatzen diren baldintza hauek beteta, hau da, Ekonomi edo Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko diplomadun titulazioa (aipatu titulu hauen baliokidetzat Ekonomi eta Enpresa Zientzietako edo Zuzenbideko lizentziaturetako lehen hiru urteak gaindituta izatea jotzen dira) eskatu den lanpostuetan kontu-hartzaile lanak edo ekonomi, finantza, aurrekontu eta kontabilitate aholkularitzakoak eta kudeaketakoak egiteko: 5 puntu urte bakoitzeko, 10 puntuko mugarekin.

Urte kopurua osoa ez bada, lana egin duten egunei dagokien puntuazio proportzionala emanen zaie.

A.2. Ekonomiako, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako edo Zuzenbideko lizentziatura tituluak izateagatik: puntu 1.

A.3. Ekonomia publikoari, kontabilitate publikoari edo finantza auditoretzari buruzko ikastaroak, graduatu ondokoak, unibertsitate publiko edo pribatuek edo ofizialki onartutako bestelako ikastetxeek emanak, eta ikasturte edo master bakoitzeko gutxienez 150 ordu dituztenak. Ikastordu bakoitzeko 0,025 puntu, eta gehienez 5.

A.4. Baliabide informatikoak kontabilitate publikoari aplikatzearen gaineko ikastaroak. Ikastordu bakoitzeko 0,1 puntu, eta gehienez 2.

A.5. Excel edo Acces informatikako programei buruzko ikastaroak, ofizialki onartutako ikastetxeek emanak:

-0,05 puntu ikastordu bakoitzeko.

-Sakontzeko ikastaroak badira, 0,1 puntu ikastordu bakoitzeko.

Atal honetan gehienez ere 2 puntu lortuko dira.

III. ERANSKINA

I. gai zerrenda Legedia

1. gaia.-Toki korporazioen aurrekontu orokorra, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen eta gastu publikoaren arloetan garatzen duen irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretuaren arabera. Edukia. Betearazpen oinarriak, eranskinak, prestaketa, izapidaketa, onespena, argitalpena eta indarra hartzea. Aurrekontuetako aldaketak.

2. gaia.-Toki korporazioen aurrekontuen egitura, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aurrekontuen egituraren arloan garatzen duen irailaren 21eko 271/1998 Foru Dekretuaren arabera. Kontzeptu orokorra. Dirusarrera eta gastuen sailkapena.

3. gaia.-Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Estatuko tributuetan parte hartzea. Foru Komunitateko tributuetan parte hartzea. Tokiko Azpiegituren Hiru Urteko Plana. Dirulaguntzak.

4. gaia.-Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Eskubide publikoko dirusarrerak eta eskubide pribatuko dirusarrerak; kontzeptua eta motak. Prezio publikoak, urbanizazio kuotak, isunak eta zehapenak.

5. gaia.-Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Tasak, kontribuzio bereziak, herrilurretako aprobetxamenduak eta beste prestazio batzuk.

6. gaia.-Toki Ogasunen baliabideak. Zergak.

7. gaia.-Toki korporazioen kudeaketa ekonomikoaren fiskalizazioa. Barreneko fiskalizazioa.

8. gaia.-Toki korporazioen kudeaketa ekonomikoaren fiskalizazioa. Kanpoko fiskalizazioa.

9. gaia.-Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoa. Egitura eta edukia. Toki Administrazioan dituen oihartzunak.

10. gaia.-Toki erakundeen ondasunak. Kontzeptua eta motak. Ondasunen kalifikazio juridikoaren aldaketa. Herri ondasunak. Ondasunen gaineko erregelamendua. Inbentarioa: eraketa, egitura eta prestaketa.

11. gaia.-Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 8/1988 Foru Legea. Finantza eragiketak. Diruzaintza, kontrol eta kontabilitatea.

12. gaia.-Nafarroako toki administrazioa. Antolaketa eta administrazioa. Toki entitate motak. Antolaketa eta funtzionamendua. Eskumenak. Toki korporazioetako kideak.

13. gaia.-Tributuak kudeatzeko prozedura: xedapen orokorrak. Tributuen ezarpena. Izapidaketa eta likidazioa. Egiaztapena eta ikerketa.

14. gaia.-Dirubilketa. Borondatezko epea. Premiamenduzko bidea. Preskripzioa. Zorrak iraungitzeko bestelako bideak. Bermeak. Entitate laguntzaileak.

15. gaia.-Tributuen arloko arau-hausteak. Subjektu arau-hausleak, arau-hauste arinak eta larriak. Zehapenak.

16. gaia.-Administrazio Publikoen kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea.

II. gai zerrenda Ogasun publikoaren teoria

1. gaia.-Ogasun publikoaren teoriaren edukia, helburuak eta ikuspuntuak. Sektore publikoaren neurriak: indizeak. Hautapen kolektiboa, arazoak eta bete beharreko irizpideak.

2. gaia.-Efizientzia eta eraginkortasuna sektore publikoan. Efizientzia publikoaren azterketa. Azterketa motak. Kostu-etekinen azterketa.

3. gaia.-Dirusarrera publikoak eta zerga. Ezarpen hoberena.

4. gaia.-Aurrekontuen printzipio klasikoak. Aurrekontuaren kontzepzio klasikoaren krisia. Printzipio politikoak, kontabilitatezkoak eta ekonomikoak. Aurrekontu mota berriak.

IV. ERANSKINA

1. gaia.-Kapitalizazio soil eta konposatuko erregimeneko finantza-eragiketak. Zati-denboretarako bihurketak.

2. gaia.-Deskontu soil eta konposatuak. Kapitalizazio konposatuko erregimeneko kapital baten egungo balioa. Kapitalizazioko batez besteko balioak. Kapitalizazio konposatuko kredituen ordezkapena. Mugaeguna, arrunta eta batez bestekoa. Korrituen hainbesteko baliokideak eta deskontuak, osoak eta zatikatuak.

3. gaia.-Errentak, kontzeptuak eta sailkapenak.

4. gaia.-Maileguak. Amortizazio sistemak: diru itzultze bakarra, korrituak aldizka ordaintzeko sistema duen amortizazio bakarra, sistema frantziarra, sistema alemaniarra eta amerikarra, amortizazio konstanteko kuota, urteroko aldagarriak progresio aritmetiko eta geometrikoan. Korritu zatikatuko amortizazio metodoa. Kapitalen eraketa.

5. gaia.-Jesapenak.

6. gaia.-Tasak sortzen dituzten zerbitzu publikoen kostuaren kalkulua.

7. gaia.-Kontabilitatearen Plan Orokorra. Kontabilitatearen printzipioak; kontuen laukia; kontabilitatearen balorazio arauak, definizioak eta erlazioak. Eragiketa erregistroa, orokorrean.

8. gaia.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: kontabilitate agiriak eta kontabilitate liburuak. Kontabilitate eragiketak.

9. gaia.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: kontabilitatea abian jartzea. Gastuen aurrekontuaren kontabilitatea. Justifikatu beharreko ordainketak, kutxa finkoko aurrerakinak. Dirusarreren aurrekontuaren kontabilitatea.

10. gaia.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: ibilgetuaren kontabilitatea. Kreditu eragiketen kontabilitatea. Bertze erakunde publikoen baliabideen administrazioaren kontabilitatea.

11. gaia.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: diruzaintzak aurrekontutik kanpo egiten dituen bertze eragiketen kontabilitatea. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kontabilitatea. Gordailuan dauden baloreen kontabilitatea. Zergak biltzen dituzten agenteen kontrola. Ordenako kontuak. Ekitaldi amaierako eragiketak.

12. gaia.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: gastu proiektuak, finantzaketa lotetsia duten gastuak. Diruzaintzako gerakinaren kalkulua eta aurrekontuaren emaitza.

13. gaia.-Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Instrukzio Orokorrari buruzko 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa: merkataritzako eragiketen kontabilitatea. Agiriak eta liburuak, kontabilitateko eragiketak.

14. artikulua.-Onespenera eraman beharreko egoerak eta informazioa. Toki erakundeen kontu orokorra. Toki erakundeen eta haien menpeko erakunde autonomoen urteko egoera eta kontuak. Merkataritzako sozietateen kontuak. Erakundearen osoko bilkurarako eta kudeaketa organoetarako informazioa.

Iragarkiaren kodea: A0208696