116. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 25a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

BERTIZKO TURISMO PARTZUERGOA

E D I K T U A

Bertizko Turismo Partzuergoko lehendakari Severiano Choperena Machicote jaunak, gaurko egunean honako probidentzia hau eman du:

2002ko uztailaren 3an egindako Batzar Orokorrean harturiko erabakiaren bidez, onetsi egin da Bertizko Turismo Partzuergoko Estatutuen aldaketa, hemen zehazten den bezala:

Artikulu bakarra.

1. Ez dira aldatzen artikulu hauek: 2., 3., 4., 5., 6., 7., 8., 10., 11., 12., 13., 14., 15., 16., 19., 20., 21., 22., 24., 25., 26., 27., 29., 30., 32., 33., 34., 35., 36., 37., 38. eta 39.a.

2. Bertizko Turismo Partzuergoko estatutuetan, 1994ko ekainaren 1ean eginiko Batzar Orokorrean onetsi baitziren, aldatu egiten dira 1., 9., 17., 18., 23., 28. eta 31. artikuluak, hitzez hitz hemen ageri diren moduan utzita:

1. artikulua. Bertizko Turismo Partzuergoaren izenarekin borondatezko partzuergo bat eratu da, ondotik aipatzen diren udalek eta hotel, jatetxe, landa-etxe, ostatu, denda eta zerbitzu-enpresen lanbide elkarteek osaturik. Honako hauek dira Partzuergoko kide diren udalak: Zugarramurdi, Urdazubi, Baztan, Bertizarana (Oieregi, Narbarte eta Legasako kontzejuak), Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Donamaria, Urrotz, Oitz, Saldias, Beintza-Labaien, Sunbilla, Lesaka, Igantzi, Etxalar, Arantza eta Bera. Partzuergoa sortzeko arrazoia da eskualdeko turismoa garatzea, kultur eta natur ondarea errespetatu eta babesteko printzipioetan oinarriturik.

Partzuergo honen jardunaren lur eremua, ondorio guztietarako, kide diren udalen mugapeek zehazten dutena da, betiere kontuan hartuz Partzuergoan noiznahi gerta daitezkeen sarrerak eta irteerak.

Partzuergoaren barrenean sartzen diren lanbide elkarteen lur eremua izanen da Urdazubiko, Zugarramurdiko, Baztango, Bertizaranako, Malerrekako eta Bortzirietako udalei dagokiena.

9. artikulua. Bertizko Turismo Partzuergoko lehendakaria Batzar Orokorrak izendatuko du, bere kideen artean.

Izendapen horretarako, beharrezkoa izanen da, lehenbiziko bozketan, bertan dauden kideen bi herenak alde izatea, edo, bigarren bozketan, gehiengo soila ateratzea.

Lehendakaria bi urterako hautatuko da eta, denbora hori iragandakoan, gehienez ere beste bi urterako luzatzen ahalko da hautapena, betiere legegintzaldiak dirauen bitartean izan beharko duelarik.

Nolanahi dela ere, lehendakaria hautatuko da udal hauteskundeetarako deialdi bakoitzaren ondotik.

Lehendakariak uzten badio Batzar Orokorreko kide izateari, jada ez delako udal bateko hautetsia edo elkarteren batetik atera delako, Batzarrak beste lehendakari bat hautatuko du bi hilabeteko epean.

17. artikulua. Administrazio Kontseiluaren esku gelditzen dira Batzar Orokorraren erabaki guztiak betearazi eta garatzeko eginkizunak, eta aurrekontuko jarraibideak betearazteko egintzak.

Administrazio Kontseiluak bereak ditu, bereziki, honako ahalmen hauek:

a) Gerentziaren izendapena.

b) Langileen kontrataziorako dei egin eta hura onestea.

c) Gastuen fakturak onestea, onarturiko aurrekontuari jarraikiz.

d) Zerbitzuen kontrataziorako agiriak onestea.

e) Batzar Orokorrari aurkeztu beharreko agiriak onestea.

f) Urteko kontuen itxiera onestea, Batzar Orokorrari aurkezteko.

g) Urteko kudeaketaren txostena onestea, Batzar Orokorrari aurkezteko.

h) Zuzendaritza batzordeen kopurua eta jarduera arloak zehaztea eta haien funtzionamendua ezartzea.

i) Eskualdeko turismoa garatzeko bidezkotzat jotzen dituen ekimen guztiak, gasturik inplikatu gabe, aurrera eramatea.

Administrazio Kontseiluko kideak, ekimen pribatuaren nahiz publikoaren ordezkari direla, ez dute galarazia Bertizko Turismo Partzuergoarekin kontratatzea. Horretarako, nahitaezkoa izanen da kontratazioan esku hartu behar duen Administrazio Kontseiluko kide horrek ez parte hartzea proiektuaren diseinuan edo idazketan, eta dagokion gaia aztertu behar den bileratik alde egitea, inola ere ezin izanen baita egon, ezta parte hartu ere, gai horri buruzko erabakia hartzeko egiten den bozketan.

18. artikulua. Lehendakariordeak lehendakaria ordezkatuko du haren eskurantza guztietan, hura falta denean.

Idazkariak akta idatziko du, behar diren ziurtagiriak eginen ditu eta kontabilitateaz nahiz aurrekontuaren kontrolaz arduratuko da.

Idazkaria falta baldin bada, haren eginkizunak Partzuergoko langileek hartuko dituzte.

23. artikulua. Batzarra balio osoz eratu dela kontsideratuko da, lehenbiziko deialdian, kideen erdiak bederen bertan badaude, eta bigarren deialdian, dauden kideak daudela.

28. artikulua. Administrazio Kontseilua balio osoz eratu dela kontsideratuko da, lehenbiziko deialdian, kideen erdiak bederen bertan badaude, eta bigarren deialdian, dauden kideak daudela.

Erabakiak bileran daudenen gehiengoaren bidez hartuko dira.

Berdinketarik suertatuz gero, lehendakariak kalitatezko botoa izanen du.

31. artikulua. Partzuergoko aurrekontuen finantzaketa honako hauetatik datozen dirusarreren bidez eginen da:

a) Udal eta elkarteen kuota arruntak eta bereziak.

b) Beste administrazio publiko batzuetatik lortutako dirulaguntzak.

c) Erakunde publiko eta pribatuetatik lortutako dirulaguntzak.

d) Turismoko baliabideen kudeaketa.

e) Sustapenerako materialaren salmenta.

f) Bere alde ematen diren dohaintzak, legatuak eta usufruktuak.

g) Ondasun eta eskubideen mozkin, errenta eta korrituak.

h) Partzuergoari esleitzen ahal zaion gainerako edozein baliabide.

3. Gainerako artikuluak dauden bezala uzten dira.

Hau dena jendaurrean egonen da hogeita hamar egun naturaleko epean, nahi dutenek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten.

Oieregin, bi mila eta biko abuztuaren seian. Lehendakaria, Severiano Choperena Machicote.

Iragarkiaren kodea: a0208877