116. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1094/2002 EBAZPENA, abuztuaren 6koa, Industri zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Gas Navarra S.A.ri administrazio-baimena ematen zaio Murillo el Frutoko udal mugapeko etxe, denda eta industrietarako gas naturalaren sarea egin eta ustiatzeko.

Gas Navarra, S.A. enpresak administrazio baimena eskatu du, Murillo el Frutoko udal mugapeko etxe, denda eta industrietarako gas naturaleko sarea egin eta ustiatzeko, instalazio-proiektuak deskribatzen duen aldera mugaturik. Horrez gain, instalazioetarako baimena ere eskatu du, bai eta haien onura publikoa onets dadin ere.

Hauek dira, funtsean, instalazioen ezaugarriak:

MPB/MPA erregulazio eta neurketa estazioa, lur gainekoa, AR-11 armairu barnekoa, kanpoaldeko hesi metalikoarekin, Murillo el Frutoko hego-ekialdean paratzekoa, Caparrosotik Zarrakaztelura joateko errepidetik hurbil.

Sarrerako gehienezko presioa 4 bar-ekoa da eta irteerakoa, berriz, 0,4 bar-ekoa, edukiera nominala 500 Nm3/h-koa; eta erreserbako bigarren mailako beste bat izanen du, bakoitza 500 Nm3/h inguruko edukierakoa, zerbitzu-beharren arabera.

Banaketa sareak, MPA-koak, PE 100 polietilenozko hodia du 28 m.l.ko zati batean, SDR 17,6 motakoa eta 200 mm-ko diametrokoa; eta beste batean, 5.558 m.l., PE 100 polietilenozkoa, SDR 11 motakoa, 63, 110 eta 160 mm-ko diametroak dituena, lurpean erabat.

Horretarako irekitako espedientean arauzko tramiteak bete eta Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusi ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen 1983ko apirilaren 11ko Foru Legearen 36-2.b artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta abuztuaren 1eko 1774/1985 Errege Dekretuaren bidez Foru Komunitateari transferitutako zerbitzu eta eginkizunak Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari esleitzen dizkion urriaren 9ko 189/1985 Foru Dekretuak eta irailaren 30eko 363/1991 Foru Dekretuak emandako ahalmenak ere erabiliz.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14ko 572/1999 Foru Aginduaren bidez (99-10-25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 133. zk.) eman dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Gas Navarra, S.A.ri administrazio-baimena ematea Murillo el Frutoko udal mugapeko etxe, denda eta industrietarako gas natural kanalizatuaren sarea herrigunean egin eta ustiatzeko, Murillo el Frutoko udalerrian gas naturala banatzeko instalazioak eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaeran deskribatzen denaren arabera.

Administrazio-baimena ondoko baldintzetara egokituko da.

Lehena.-Gas Navarra, S.A. enpresak bi hilabeteko epean hiru mila bederatziehun eta laurogeita sei euro, hirurogei zentimoko (3.986,60) bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetako batean. Berme hori instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Gas Navarra, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Navarra, S.A. beharturik dago baimen honen esparruan zerbitzua eskatzen duen edonori gas hornidura ematera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena.-Gas Navarra S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du eskubide esklusiborik ematen eta ez da monopolio araubidean eskaintzen.

Seigarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen ote diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, Zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Baimenaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio-hartzaileak haien exekuzio-plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak.

a) Bermea adieraziriko era eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

Zortzigarrena.-Jarri beharreko instalazioetan aplikatzekoak diren xedapen eta arau tekniko orokorrak bete beharko dira, eta bereziki Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18an Industria Ministerioaren Aginduaren bidez onetsia, zeina, gero, 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1984ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu baitzen (83-11-08ko, 84-07-23ko, 94-03-21eko eta 98-06-11ko "EAO"k, hurrenez hurren).

2. Aurkezturiko instalazio proiektua onestea eta eraikitzeko baimena ematea; eraikuntza proiektuari lotuz burutu beharko da, indarra duen legeria betez, hiru urteko epean. Epea luza daiteke, eskaeren arabera. Proiektuan Murillo el Frutoko herrigunean egitekoa den hornidura sarea eta irispide-sarea ageri dira. Eremu horretan hedapenen bat egin nahi bada, instalatzeko baimena eduki beharko da horretarako.

Baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazpen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta indarra hartuko du argitaratu eta biharamunean.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren seian.-Industria zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: A0208768