114. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

403/2002 FORU AGINDUA, abuztuaren 6koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Iruñeko "Kíthara" Musika Eskola, titulartasun pribatukoa, sortu eta abian jartzeko baimena ematen duena.

Ikusirik Ana García Noain andreak, "Kíthara" Musika Eskolaren entitate sustatzailearen ordezkari gisa, aurkeztutako eskabidea, hura sortu eta abian jartzeko baimena emateko; musika eskola berariazkoa izanen da eta Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legearen 39.5 artikuluan ezarritako ikasketak irakatsiko ditu; alegia, balio akademikoko titulu bat eskuratzeko ez diren ikasketak.

Ikusirik Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak emandako adostasun txostena; eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak proposaturik.

Nafarroako Foru Komunitateko Musika eta Dantza Eskolen sorrera eta funtzionamenduari buruzko oinarrizko arauak ezartzen dituen abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuko 22. artikuluak ezarritakoari jarraikiz (1993ko urtarrilaren 22ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa),

AGINDU DUT:

1. "Kíthara" Musika Eskola, titulartasun pribatukoa, sortu eta abian jartzeko baimena ematea. Baimenak 2002/2003 ikasturtearen hasieratik aurrera izanen du eragina eta Foru Agindu honen 3. atalean adierazten diren ikasketa eta espezialitateak soilik irakasteko balio izanen du.

2. Baimena ukatzen zaio Saxofoi instrumentuaren espezialitaterako eta 3 urteko ikasleendako Musikaren Hastapeneko ikasketetarako, lehenbiziko kasuan ikastetxeak lege baldintzak betetzen ez dituelakoz eta, bigarren kasuan, ikasketa horiek 421/1992 Foru Dekretuaren 9.2 artikuluan agertzen ez direlakoz.

3. Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan sartuko dira eskolaren datuak; honako hauek:

Eskola kodea: 31013151

Izen orokorra: Musika Eskola.

Berariazko izena: Kíthara.

Helbidea: Francisco Bergamín karrika, 12 ("San Ignacio" ikastetxeko instalazioetan; bertako Lehen Hezkuntzako eta Musikako gelek, horiexek bakarrik, baimena dute Musika Eskolaren egoitza izateko).

Herria: Iruña.

Udalerria: Iruña.

Titularra: Estudios Musicales Kíthara, S.L.

Baimentzen diren ikasketak:

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Legearen 39.5 artikuluan ezarriak; honako gai hauek:

a) Oinarrizko eskaintzan ezarririk daudenak, abenduaren 21eko 421/1992 Foru Dekretuaren 9. artikuluko 1. ataleko a), b) eta c) letretan ezarritako antolamenduari jarraikiz; hain zuzen ere, "musika tresnak jotzea" arloko hurrengo espezialitateak: akordeoia, kantua, txirula, gitarra, pianoa eta biolina.

b) Lau eta bost urteko ikasleendako musikaren hastapeneko ikasketak.

4. Baimena jaso duen eskolako instalazioak "San Ignacio" ikastetxeak ere erabili behar dituenez, Musika Eskolak ez ditu erabiltzen ahalko "San Ignacio" ikastetxeak baimenduta dituen ikasketa arautuak irakasten diren orduetan. Musika Eskolak, bere aldetik, "San Ignacio" ikastetxeak utzitako instalazioetan, betiere gela eta sail nahikoak izan beharko ditu funtzionamendu egokia bideratzeko eta 421/1992 Foru Dekretuak eskatzen dituen baldintza eta berme guztiak baimendutako ikasketak irakasteko, hau da, berariazko musika eskola gisa sortu eta abian jartzeko baimen hau emateko oinarri izan den funtzionamendu plan edo proiektuaren arabera.

5. Foru Agindu honen 3. atalean ezarritako erregistro datuak eta instalazioak aldatzeko, Departamentu honen baimena beharko da, 421/1992 Foru Dekretuaren 29. artikuluan araututakoari jarraikiz.

6. Baimen hau indarrik gabe uzten ahalko da aipatu Foru Dekretuaren 31. artikuluan jasotako kasuetan.

7. Aipatutako Foru Dekretuaren 20. artikuluaren arabera, eskolaren titularrak hartuko du bere gain Foru Dekretu honek baimendutako irakaskuntzen sostengu ekonomikoa.

8. Foru Agindu honen aurka, zeinak ez duen bide administratiboa agortzen, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

9. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10. Foru Agindu hau igortzea Musika Eskolaren titular sustatzaileari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuari, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalari, Araubide Administratiboaren Atalari, Ikasketak Antolatzeko Atalari, Informazioa Kudeatzeko Unitate Teknikoari eta Ikastetxeak Baimendu eta Erregistratzeko Bulegoari.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren seian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: a0208824