114. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

401/2002 FORU AGINDUA, abuztuaren 6koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. Onesten du irakasleak ikastetxe publikoetako zuzendaritza lanetan aritzeko kreditaziorako deialdia.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak abuztuaren 6an emandako 401/2002 Foru Aginduaren bidez, irakasleak ikastetxe publikoetako zuzendaritza lanetan aritzeko kreditaziorako deialdia onetsi da. Honako hauek dira oinarriak:

Lehenbizikoa.-Xedea.

Deialdi honen xedea da Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legeak ezartzen dituen ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan zuzendaritza lanetan aritzeko kreditatzea.

Bigarrena.-Parte hartzaileak. Betebeharrak.

Zilegi dute deialdi honetan parte hartzea Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Legeak aipatzen dituen eta honako baldintzak betetzen dituzten irakasleek:

-Jardunean egotea, destinoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kudeaketa eremuko ikastetxe batean dutela.

-Klaustrokidea izatea.

-Zuzendaritza lanetan aritzeko kreditatu gabea izatea.

-Ikastetxeen zuzendaritzan aritzeko prestakuntza programaren bat egina izatea edo deialdi honetako zortzigarren oinarriko lehenbiziko idatz-zatiak aipatzen dituen tituluetako bat izatea.

Hirugarrena.-Eskabideak eta agiriak.

3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak VI. eranskinean ageri den ereduaren arabera beteko dira. Eredu hori Departamentuaren Argibide eta Agiri Bulegoan emanen zaie interesatuei. Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzenduko zaio eskaera, eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuko erregistroan aurkeztuko, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluak aipatzen dituen tokietako edozeinetan.

Eskaerak Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 70. artikuluak aipatzen dituen datuak ez baditu, eskatuko zaio parte hartzaileari 10 eguneko epean zuzen dezala huts hori edo behar diren dokumentuak erantsi, eta ohartaraziko hala egin ezean besterik gabe artxibatuko dela eskaera.

3.2. Eskaerarekin batera honako dokumentazioa aurkeztuko da:

Eskatu diren tituluen fotokopia konpultsatuak, eta bai behar diren prestakuntza ikastaro eta jardueretan parte hartu izana frogatzen duten agiriak ere, deialdiko zortzigarren oinarriak adierazten duen bezala.

-Hala tokatzen bada, aurreko deialdi batean kreditazioaren lehen aldia gainditua izanaren ziurtagiria.

-Nortasun Agiri Nazionalaren edo balio bereko beste baten fotokopia.

Dokumentuen konpultsa parte hartzaileen destinoko ikastetxeetan egin daiteke, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren maiatzaren 18ko 182/2001 Foru Aginduak agintzen duenez (2001eko ekainaren 29ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Laugarrena.-Epea.

Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bosgarrena.-Tramitazioa.

Eskaerak aurkezteko epea iragan delarik, Giza Baliabideen Zerbitzuak argitaratuko du Argibide eta Agiri Bulegoan onartu diren izangaien zerrenda eta bai baztertuena ere bazterturik izaten bada, baztertzeko arrazoia zein den adierazita.

Zerrenda horien kontra interesatuek zilegi izanen dute idatziz erreklamazioak egitea, zerrenda horiek Argibide eta Agiri Bulegoan argitaratu eta biharamunetik hasita eta hurrengo hamar egun naturaletan. Erreklamazioak eskabide arruntean eginen dira eta hirugarren oinarriak aipatzen dituen tokietako edozeinetan aurkeztuko dira.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ebatziko ditu erreklamazioak.

Seigarrena.-Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hamabost egun naturaletan, onartu- baztertuen behin betiko zerrenda jendaurrean jarriko da.

Zazpigarrena.-Kreditazio batzordea.

Abenduaren 28ko 2192/1995 Errege Dekretuko 7. artikuluak agintzen duenarekin bat, Kreditazio Batzorde bat eratuko da, honako kideek osatua:

-Epaimahaiburua: Antonio Jaurrieta Ezquerro jauna, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria, edo berak delegatzen duen pertsona.

-Mahaikidea: Joaquín Yagüe Cornago jauna, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko ikuskatzailea.

-Ordezkoa: Jesús Bariáin Arregui jauna, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko ikuskatzailea.

-Mahaikidea: María Dolores Ibáñez Zubizarreta andrea, Irakasleen Hobekuntzako atalburua.

-Ordezkoa: Luis Mariscal Aiceaga jauna, Prestakuntza Programetarako Unitate Teknikoko burua.

-Mahaikidea: Angel Bañales Galarza jauna, HLHIPko zuzendaria.

-Ordezkoa: José Antonio Blázquez Rodríguez jauna, HLHIPko zuzendaria.

-Mahaikidea: Aurora Tabar Inda andrea, BHIko zuzendaria.

-Ordezkoa: Julio Urtasun Echeverría jauna, BHIko zuzendaria.

Batzordekide bakoitzak ordezko bat badu, haren ordez aritzeko. Hartarako batzordeburuaren baimena beharko du aurrez, araudi indardunak aipatzen dituen kasuetan.

Batzordeak honako eginkizunak izanen ditu:

a) Kreditazio prozesua koordinatzea.

b) Kreditazio prozesuko lehenbiziko aldiak aipatzen dituen baldintzak egiaztatzea.

c) Irakasleek bigarren aldia gainditzen badute, hala deklaratzea, zortzigarren oinarriak agintzen duenaren arabera.

d) Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak egindako balorazioak eskatzea kreditazio prozesuaren bigarren aldian.

e) Hautagai kreditatuen zerrenda ofiziala eratzea.

f) Aurkezten diren erreklamazioak lehen instantzian ebatzi edo haien gaineko txostena egitea.

Zortzigarrena.-Prozedura.

Kreditazio prozedurak bi aldi izanen ditu, betiere gogoan harturik prestakunta jasotzea ezinbestekoa dela bigarren aldia egiteko.

8.1. Lehenbiziko aldia. Zer-nolakoak.

Kreditazio Batzordeak konprobatuko du izangaiek honako baldintza hauetakoren bat betetzen dutela:

a) Ikastetxeetan zuzendaritza lanetan aritzeko prestakuntza programaren bat gainditurik izatea, abenduaren 28ko 2192/1995 Errege Dekretuko 4. artikuluak ezartzen dituen baldintzen arabera.

b) Honako tituluetako bat izatea:

-Pedagogiako lizentziaduna,

-Doktorea, lizentziaduna edo diplomaduna izan eta gutxienez 12 kreditu eginak izatea Ikastetxeak Antolatu eta Kudeatzeari edo Hezkuntza Administrazioari buruzko kurtsoetan.

-Graduatu ondoko titulua, abenduaren 28ko 2192/1995 Errege Dekretuko 4. artikuluak prestakuntza programetarako eskatzen duenaren araberakoa.

8.2. Bigarren aldia. Zer-nolakoak.

Baloratzea zer lan egin den aurretik lagun bakarreko gobernu organoetako karguetan edo zer irakaslan egin den ikasgelan, koordinazio pedagogikoko lanetan eta bai, hala bada, gobernu organoak antolatu, kudeatu eta parte hartzeko lanetan.

1) Baloratu beharreko lana.

1. Hurrengo atalean agintzen dena ezertan galarazi gabe, honako irakasleek eskatu beharko dute lagun bakarreko gobernu organoetako karguetan egindako lana baloratzearen bidezko kreditazioa egin dakiela: eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean gutxienez ikasturte batez honako kargu hauetako batean arituak direnak:

-Zuzendaria, idazkaria eta ikasketaburua.

-Zuzendari atxikia.

-Ikasketaburu atxikia.

-Idazkari atxikia.

-Administratzailea.

-Helduak Euskalduntzeko Ikastegiko zuzendaria.

-Irakaslegoarendako Birtziklai Ikastegiko zuzendaria.

-Helduen Oinarrizko Hezkuntzarako koordinatzailea.

2. Zuzendaritzako kargu batean urtebete baino gutxiagoan arituak direnek edo zuzendariorde nahiz idazkariorde aritzen direnek aukera izanen dute balorazioa zuzendari lanagatik ala irakasle lanagatik egin dakien.

3. Irakasle klaustro bateko kide diren eta ikastetxe bateko lagun bakarreko gobernu organo bateko kargudun ez diren irakasleek izanen dute zilegi irakaslana baloratzearen bidezko kreditazioa eskatzea.

2) Balorazioa egiteko irizpide eta adierazleak.

1. Egindako lana baloratzeko kontuan hartuko da irakasleak momentu horretantxe duen postuko funtzioari zer eginbehar eta obligazio dagozkion.

2. Lagun bakarreko gobernu organoetako karguen lana baloratzeko, kontuan hartuko da, kargu bakoitzaren eskumenen arabera eta ikastetxeko ezaugarri eta gizarte nahiz hezkuntza inguruaren arabera, zenbateko efikaziaz antolatu eta kudeatu diren baliabideak, zenbateraino parte hartu den ikastetxeko hezkuntza-jarraibideak eratzen eta abiatzen, eta zer ekimen hartu diren ikastetxeko irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko, deialdi honetako II. eranskinean ezarri diren atalek agintzen dutenarekin bat. Balorazio positiboa izateko gutxienez 15 puntu lortu beharko dira.

3. Irakaslana baloratzeko, kontuan hartuko da ikasgelako zuzeneko irakaslana, eta zer ekimen hartu diren irakaslana hobetzeko, eta zer beste ekintza orokor hartu diren koordinazio pedagogikoaren, ikastetxeko bizitzan parte hartzearen, ikasleei -eta bai, hala behartzen bada, haien familiei- arreta ematearen gainean, III. eranskinean ezarritako atalek agintzen dutenarekin bat. Balorazio positiboa izateko gutxienez 15 puntu lortu beharko dira.

3) Balorazio prozedura.

1. Balorazioa Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak eginen du. Hark ikastetxeko ikuskatzailea izendatuko du prozesu horren arduradun eta koordinatzailetako, edo bestela barruti horretako ikuskatzaile bat.

2. Balorazio prozesuaren ardura duen ikuskatzaileak idatzizko txosten bat eskatuko dio baloratu beharreko irakasleari, eta elkarrizketa eginen du berarekin, jakiteko berak ere zer balorazio egiten duen bere jardueraren gainean. Eskola komunitateko beste kide batzuei ere eskatuko die informazioa, interesatuak duen funtzioaren arabera hautatuak. Gainera, beharrezko iruditzen zaizkion dokumentu guztiak aztertuko ditu.

3. Baloratu beharreko irakaslea ikastetxeko zuzendaria bera baldin bada, ikuskatzaileak irakasleen ordezkariengandik, gurasoengandik eta, hala tokatzen bada, ikasleengandik eskatuko du informazioa Eskola Kontseiluan, eta hartarako sektore bakoitzarekin hizketatuko da.

4. Irakaslea zuzendari ez beste kargu batean aritzen bada, ikuskatzailea ikastetxeko zuzendariarekin hizketatuko da, zeinak duen informazio guztia eman beharko dion baloratu beharrekoen gainean eta bai dakien guztia hezkuntza komunitateak eskatzailearen lanaz egiten duen balorazioaren gainean.

5. Irakaslanaren balorazioa egiteko, ikuskatzailea zuzendariarekin, ikasketaburuarekin eta Departamentuburuarekin edo zikloko koordinatzailearekin hizketatuko da. Zuzendariak eta ikasketaburuak ikuskatzaileari ematen dioten informazioan, hezkuntza komunitateak eskatzailearen irakaslanaz egiten duen balorazioaren gainean berek dakitena ere sartu beharko da. Balorazio prozesuan, halaber, bisita eginen zaie eskatzailea aritzen deneko ikasgelari edo ikasgelei, aurretik harekin hitz hartuta. Hartarako zilegi izanen da, Administrazioak ezarri bezalako modu eta baldintzetan, irakaslearen espezialitateko aditu bat lagun izatea.

6. Balorazioa egin behar duen ikuskatzaileak, zuzendaritza organoetako eta irakaslanaren koordinazioko arduradunengandik eta hezkuntza komunitateko kideengandik jakin dituenak, izangaiak bere buruaz egiten duen balorazioa eta bere balorazioa oinarri harturik, txostena eratuko du, zeinean azken buruko puntuazioa jasoko duen eta bai deialdi honetako II. eta III. eranskinetan (kasuan kasuan) aipatzen diren ataletako bakoitzean izandakoak ere. Txosten hori deialdi honetako IV. eranskineko ereduaren arabera luzatuko da.

Bederatzigarrena.-Azken txostenaren kontrako alegazio epea.

Balorazioaren ardura duen ikuskatzaileak posta ziurtatuz (hartu izanaren adierazpenarekin) helaraziko dio eskatzaileari azken txostena, sekretua izanen baita. Izandako kalifikazioarekin ados ez badago, irakasleak zilegi izanen du Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendariaren aurrean erreklamatzea, txostena jaso eta hurrengo hamar egun naturaletan. Erreklamazioak hamar egun naturaletan ebatziko dira eta emaitza interesatuei aditzera emanen. Ebazpen horren kontra ere zilegi izanen da gora jotzeko helegitea jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua.

Hamargarrena.-Kreditazio proposamena.

Azken txostenaren kontrako alegazioak ebatzi direlarik, Kreditazio Batzordeak Hezkuntzako zuzendari nagusiari helaraziko dio kreditazio prozesuaren bi aldiak gainditu dituzten izangaien zerrenda.

Hamaikagarrena.-Kreditazio dokumentua luzatzea.

Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak, Kreditazio Batzordeak bidali dion zerrenda ikusirik, kreditazio dokumentua emanen du. Hala jasoko ere du Giza Baliabideen Zerbitzuak interesatuaren zerbitzu orrian.

Kreditazio dokumentuan jasoko da zer baldintzatan erdietsi den kreditazio hori, V. eranskinean ageri direnetatik bide diren esapideak jarriaz.

Hamabigarrena.-Irakasle kreditatuen behin betiko zerrendak argitaratzea.

Zuzendaritza lanetan aritzeko kreditatu diren irakasleen behin betiko zerrendak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

Hamahirugarrena.-Helegiteak.

Deialdi honen kontra zilegi izanen da gora jotzeko helegitea jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren seian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

I. ERANSKINA

Zuzendaritza lanetan aritzeko kreditazioa lortzeko behar den prestakuntza edo titulazioa frogatzeko ziurtagiriaren eredua

..........................................J/A-k, L.E.Z. .........., N.A.N.........., betetzen ditu behar diren prestakuntza edo titulazio baldintzak, honakoak bere dituela frogatu duelako:

KREDITAZIO BATZORDEKO BURUA,

Stua.: ...............................................

II. ERANSKINA

Zuzendaritza eginkizuna baloratzeko aintzat hartzekoak (gehienez 30 puntu)

1. Ikastetxearen gobernu eta koordinazio organoak dinamizatzea eta hezkuntza komunitateko talde guztiak organo horietan parte hartzera bultzatzea (gehienez sei puntu).

2. Giza eta material baliabideak antolatu eta kudeatzea hezkuntza eskaintza zabala eta gizarte eskarien araberakoa emateko (gehienez sei puntu).

3. Prestakuntza eta berrikuntzarako instituzio programak eta ekimenak bultzatu eta abiatzea, ikastetxearen funtzionamendua hobetzeko (gehienez sei puntu).

4. Ikasleei eta ikasleen familiei abegi egitea, informazioa eskainiz eta eskatzen dutenari erantzunez (gehienez sei puntu).

5. Eskolaz kanpoko jarduerak antolatzea eta instituzio, erakunde eta zerbitzuekin elkarlanerako bideak ezartzea, ikastetxea zabaldu eta inguruarekin lotzen laguntzeko (gehienez sei puntu).

III. ERANSKINA

Irakaslana baloratzeko aintzat hartu beharrekoak (gehienez 30 puntu):

1. Ikastetxeari ematen zaion denbora (gehienez 15 puntu):

1.1. Organo kolegiatuetan eta irakasleak koordinatzekoetan parte hartzea, eta bai irakaslana eta talde lana hobetzeko ekimenetan ere (gehienez bost puntu).

1.2. Eskolaz kanpoko jardueretan laguntzea eta abiatzea, eta bai ere ikastetxearen bizitza dinamizatzen duten eta inguruko baliabideak aprobetxatzen laguntzen duten beste jarduera guztiak ere (gehienez bost puntu).

1.3. Gurasoei eta ikasleei kontu egitea eta, hala tokatzen bada, tutorea izatea (gehienez bost puntu).

2. Ikasgela barrengo irakaslana (gehienez 15 puntu).

2.1. Klasea eta ikas materiala prestatzea programazioan hartu diren erabakiak oinarri (gehienez hiru puntu).

2.2. Eskolako edukien ikasketa esanguratsua bultzatzeko behar den irakaste metodologia egokia erabiltzea (gehienez hiru puntu).

2.3. Ikasitakoak ebaluatzeko prozedura eta ikasleei edo haien etxekoei ikasitakoen gainean ematen zaien informazioa (gehienez hiru puntu).

2.4. Neurri arruntak eta bereziak erabiltzea ikasleen gaitasun, interes eta motibazio aniztasunari kasu egiteko, bereziki ikaste zailtasunak dituztenentzat (gehienez ere hiru puntu).

2.5. Ikasgelan lana antolatzea, klaseen martxa ona eta ikasleek beren ikas prozesuan parte hartzea eta inplikatzea faboratzeko (gehienez hiru puntu).

IV. ERANSKINA

Balorazioaren ziurtagiri eredua

....................................J/A, L.E.Z.. ............. eta N.A.N. ............. duena, ...............k baloratu du, ikastetxe publikoetan zuzendaritza lanetan aritzeko kreditazio eskaera zela medio, honako alderdiak neurtuz (abenduaren 28ko 2192/1995 Errege Dekretua):

Atala ...................... Puntuazioa ............

Atala ...................... Puntuazioa ............

Puntuazioa osotara.................

...................(e)n, ...... (e)ko ...............aren ....... (e)an

(Behar diren azpiatal guztiak bete).

BALORAZIOAREN ARDURA DUEN

IKUSKATZAILEA,

Stua.: ..............................................

V. ERANSKINA

Lehen aldia:

1. Honetarako berariaz eskatzen den prestakuntza, 2192/1995 Errege Dekretuak indar hartu ondoren:

........ urtean hartarako prestakuntza programa bat egina izatea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak antolatua edo aitormena emana.

2. Titulazioak:

2.1. Pedagogiako lizentziadun titulua izatea (2192/1995 Errege Dekretuko 3. artikulua eta II. eranskina).

2.2. Honako titulazioaren jabe izatea: ...........

eta gutxienez hamabi kreditu eginak izatea ikastetxeen antolamendu eta kudeaketari edo hezkuntza administrazioari buruz (2192/1995 Errege Dekretuko 3. artikulua eta II. eranskina).

2.3. Graduatu ondoko titulu honen jabe izatea: .............

zeinak 2192/1995 Errege Dekretuko 4. artikuluak finkatzen duen iraupena eta edukia baititu (2192/1995 Errege Dekretuko 3. artikulua eta II. eranskina).

Bigarren aldia:

Egindako lanaren balorazioa:

1. Ikastetxe publikoetan zuzendaritza karguetan egindako lanaren balorazio positiboa izatea.

2. Irakaslanean ere balorazio positiboa izatea.

VI. ERANSKINA

Eskaera eredua

Zuzendaritza lanetan aritzeko kreditazioa lortzeko deialdia

Norberaren datuak:

Deiturak: ............................. Izena:

N.A.N.: ...................................... Harremanetarako telefonoa:

Helbidea:

Posta kodea: .......... Herria: ....................... Probintzia:

Datu profesionalak:

Langileen erregistroko zenbakia:

Kidegoan zein espezialitatetan sartu zen:

Ematen duen irakasgaia, arloa, maila eta/edo espezialitatea:

Zuzendaritza lana. 2002/2003 ikasturtea:

Zuzendaria: ........................ Ikasketaburua:

Idazkaria: ....................... Zuzendariordea:

Idazkariordea: ....................... Ikasketaburua:

Atxikia: .................................. Beste kargu batzuk:

Kargu horren jabetza zein datatan hartu zen:

Destinoko ikastetxea 2002/2003 ikasturtean:

Behin betikoa: ....... Behin-behinekoa: ....... Kidegoaren kodea:

Helbidea: ..................................................... Telefonoa:

Herria: ............................................. Posta kodea:

9/1995 Lege Organikoaren 19. artikuluaren arabera zuzendari lanetan aritzeko behar den kreditazioa eskatzen du, ondoren esaten denaren arabera:

a) Berariazko prestakuntzaren baldintza: (adierazi zein ataletatik eskatzen den baldintza hori aitortzeko):

-Prestakuntza jarduerak: f

-Titulazioak: f

b) Lanbideko jarduna baloratzeko baldintza: (adierazi ea baloraziorik eskatzen den karguan aritzeagatik, irakaslanagatik edo aipatu den deialdian balorazio positiboa izan duen):

-Pertsona bakarreko karguan egindako lanaren balorazioa: f

-Irakaslanaren balorazioa: f

...................(e)n, ....(e)ko ............aren ........(e)an

(Eskatzailearen sinadura)

HEZKUNTZA ZUZENDARI NAGUSI JN.

Iragarkiaren kodea: A0208971