114. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

1306/2002 EBAZPENA, uztailaren 12koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoko administrari izateko 12 lanpostu huts merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatze bitartez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko administrari izateko 12 lanpostu merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatze bitartez betetzeko deialdia onetsi da. Hona hemen deialdiaren

O I N A R R I A K

1.-Oinarri orokorrak.

Deialdi honetako oinarriak eta ereduak Nafarroako Gobernuko "intranet" orri honetan ikusi eta bertatik atera daitezke: http://intranet/Salud/rrhh/index.htm

Deialdi hau honako hauek zuzenduko dute: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzea arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua; Osasun kontseilariaren urriaren 3ko 464/2001 Foru Agindua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan aplikatu beharreko baremoak finkatzen dituena; uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretua, agertzen baitu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako zein lanpostu diren euskara jakin beharrekoak eta zer jakite maila behar duten, eta zehazten baitu zein lanpostutan hartu behar den euskara jakitea beste batzuen arteko merezimendutzat; eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko administrari izateko 12 lanpostu huts merezimendu lehiaketa bidezko lekualdatze bitartez betetzea. Destinoa zentro hauetan izanen dute:

-lanpostu huts bat Laguntza Espezializatuan. Lanpostuaren zenbakia 60.408.

-2 lanpostu huts Oinarrizko Osasun Laguntzan eta Adimen Osasunean: horieko bat Oinarrizko Osasun Laguntzako Zuzendaritzan (lanpostuaren zenbakia 61.880) eta bat Burlatako O.O.L.T.an (lanpostuaren zenbakia 60.431).

-7 lanpostu huts Nafarroako Ospitalean. Lanpostuen zenbakiak 63.174, 63.648, 65.888, 63.253, 61.199, 63.774 eta 62.904 dira.

1.2. Deialdi honetako lanpostuak ez daude sartuak Lan Eskaintza Publikoan eta horregatik ez dira kontuan hartuko lekualdatze lehiaketa nazionalean eskaini beharreko lanpostuen portzentajea kalkulatzerakoan.

1.3. Deialdi honen xede diren lanpostuei epaimahai kalifikatzaileak izangaiek erdietsitako puntuazioaren araberako zerrenda deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean hutsik dauden gainerakoak gehitzen ahalko zaizkie.

1.4. Lehiaketa honen barrenean lanpostu hauek sartuko dira: hasieran deialdian deitutako lanpostuak eta lehiaketan lanpostu berria eskuratzen dutenek hutsik uzten dituztenak, betiere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langileak badira.

1.5. Lehiaketa bukatzean hutsik gelditzen diren lanpostuak, behar diren tramiteak egin ondoren, administrari laguntzaile lanpostu bihurtuko dira, "administrari laguntzaileak" estamentuan eta "Administrazioa" espezialitatean (indarra duen sailkapena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berezia arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen Eranskineko estamentu eta espezialitateetako izendapenei dagokienez).

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie inolaz ere aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa.

1.6. Deialdi honetan lanpostua eskuratzen duten langile funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finkoek indarra duten xedapenen araberako lansariak jasoko dituzte.

1.7. Izendatzen diren izangaiek destinoko herrian izan beharko dute egoitza eta horretarako destinoa duten udal dermioan bizi beharko dute. Destinoa administrazioaren organo eskudunek alda dezakete.

1.8. Lanaldia zerbitzuak dituen beharretara moldatuko da eta Administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.9. Euskarari buruzko Foru Legean zehaztutako eremu euskalduneko lanpostuetara -uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuak zehazten dituenetara- iristeko, euskaraz jakin behar da. Beraz, horrelako lanpostuetarako lehiatzen direnek euskaraz behar adina badakitela egiaztatu behar dute. Horretarako, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak antolatuko dituen probak eginen dituzte, edo, bestela, agiri bidez frogatuko dute 1. jakite-maila badutela, Hizkuntz Eskola Ofizial batean lau kurtso edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan bederatzi "urrats" gainditu izanaren ziurtagiria aurkeztuz.

Goian aipatu lanpostu horiek eskuratzen dituztenak, aurrerantzean lanpostuak betetzeko egiten diren deialdietan, euskaraz jakin behar den lanpostuetarako baizik ez dira lehiatzen ahalko.

2.-Betebeharrak.

2.1. Merezimendu lehiaketan parte hartu ahal izateko, izangaiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langile funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finkoa izatea, C maila edo taldekoa.

b) "Administrazioko ofizialak" estamentuko eta "Administrazioa" espezialitateko lanposturen batean aritzeko izendatua izatea (indarra duen sailkapena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berezia arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen Eranskineko estamentu eta espezialitateetako izendapenei dagokienez).

2.2. Uztailaren 30eko 203/2001 Foru Dekretuan sortzen diren eremu euskalduneko lanpostuetarako, lehiatzaileek euskara aski badakitela frogatu behar dute.

2.3. Izangaiek eskabidea aurkezten duten egunean baldintza horiek betetzen dituztela frogatu behar dute agirien bidez, eta prozeduran zehar ere bete, harik eta lanpostua adjudikatu arte.

2.4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langile izan eta plazaren erreserbarik gabeko eszedentzian daudenek deialdi honetako lekualdatze lehiaketan parte hartzen ahal dute, zerbitzu aktibora itzultzeko.

Dagokien estamentu eta espezialitateko lanpostu huts bati atxiki eta behin-behinekoz itzuli diren langileak nahitaez aurkeztuko dira deialdi honetako lekualdatze lehiaketara, behin betiko destinoa adjudikatu behar zaielako; ezin izanen diote horri uko egin.

3.-Eskabidea eta hura aurkezteko epe eta tokia.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Erregistroan, Iruñeko Irunlarrea kaleko 39.ean (P.K. 31008) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, helbide horretara bidaliko posta ziurtatuaren bidez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, edo, bestela, aipatu Legeak aurreikusitako gainerako lekuetan aurkeztuko da.

Eskabidea aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturalekoa izanen da.

Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina). Harekin batera honako agiriok aurkeztuko dira:

a) Deialdiaren 2.1. oinarrian eskatzen diren betebeharren egiaztagiriak, jatorrizko agiriak izan edo notario batek edo Administrazioak konpultsatutako kopiak izan.

b) Deialdi honetan ezarritako baremoari jarraikiz, alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiriak, jatorrizko agiriak izan edo notario batek edo Administrazioak konpultsatutako kopiak izan.

c) Eremu euskalduneko lanpostuetarako lehiatzen direnek euskaraz badakitela frogatu behar dute, deialdi honen 1.10 oinarrian adierazi den moduan.

Merezimenduak baremoen lerroaldeen arabera ordenaturik aurkeztu beharko dira.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.-Onartu eta baztertutako izangaien zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emateko aginduko du, eta ohartaraziko izangaiek, hurrengo bost egun naturaletan, erreklamazioak egin ahalko dituztela eta, akatsik egin badute, zuzendu. Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ez baldin bada, organo eskudunak Ebazpena emanen du lehiaketa emangabe deklaratzeko. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

Izangai bazterturik ez badago, zuzen-zuzenean onetsiko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko da.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Lehiaketa kalifikatuko duen epaimahaiak ondoko kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileariaren Kudeaketa, Sarrera eta Barne Igoerarako Zerbitzuko burua.

Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Erregistro eta Plantilla Unitateko burua.

Mahaikidea: langileen ordezkariek izendatzekoa.

Ordezkoa: langileen ordezkariek izendatzekoa.

Mahaikide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Deialdiak Izapidatzeko Unitateko burua.

Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Araubidearen Unitateko burua.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez bere kideen gehiengo absolutua bertan ez badago.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen auzi guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta horietan bakarrik lagunduko diote epaimahaiari.

5.5. Epaimahaiaren osaera onartutako eta baztertutako lehiatzaileen zerrendarekin batera emanen da argitara.

5.6. Onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrendan izangai bakarra baldin badago, deialdia egin duen organoak deialdi honetako 8. oinarria aplikatuko du. Beraz, epaimahaiak ez du ez eratu, ezta jardun beharrik ere izanen.

6.-Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Epaimahaiak izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak baloratuko ditu, deialdi honen II. eranskinean dagoen baremoaren arabera. Merezimenduen balorazioa egiteko kontuan hartuko dira bakar-bakarrik deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna artekoak, eta ez dira hartuko geroago lortutakoak.

6.2. Izangaiek merezimendu guztiak agirien bitartez alegatu eta egiaztatu beharko dituzte, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztearekin batera.

6.3. Epaimahaiak edozein momentutan eskatzen ahalko ditu lehiatzaileek alegatutako merezimenduen gaineko nahi adina datu argigarri zein osagarri.

6.4. Euskaraz badakitela frogatzeko probak egitea aukeratzen duten izangaiei proben eguna, ordua eta lekua jakinarazteko gutun bana bidaliko zaie aurretik, behar den denboraz. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak ontzat ematen duen beste identitate-agiriren bat eraman beharko dute probetara.

Epaimahaiak Nafarroako Gobernuko Euskara Zerbitzuko teknikarien aholkua izanen du proba horietarako.

6.5. Merezimenduen baremoaren 1. atalean, deialdiko lanpostuak "Administrazioko ofizialak" estamentuan eta "Administrazioa" espezialitatean sartuta daudela hartuko da kontuan (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berariazkoa arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen eranskinean agertzen den eta indarra duen estamentu eta espezialitateetako izendapenen sailkapena). Balorazioetarako, lanpostuen izenak izendapenen eranskinean agertzen direnekin bat ez badatoz, tratamendu berbera izanen dute deialdiko lanpostuaren titulazio berdina eskatu denean, sartzeko probak berdinak izan direnean eta eginkizunak antzekoak.

Emandako zerbitzuak egiaztatuko dira Zentroko zuzendariak edo langileri buruak luzaturiko ziurtagirien bidez, eta ezinbestekoa izanen da horietan honakoak azaltzea:

-Lantokia.

-Estamentua eta/edo espezialitatea.

-Emandako zerbitzuen iraupena, zehatz adierazita hasiera eta bukaerako datak eta zenbat egun izan diren.

-Zerbitzuak lanaldi partzialez eman badira, aurrekoez gain beste hauetako bat ere adierazi beharko da:

a) emandako zerbitzuetan egun, aste, hilabete edo urtean zenbat ordu egin diren, eta urteko lanaldia,

b) edo bestela, horien portzentajea zein den ohiko lanaldiari dagokionez.

6.6. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den edo jatorrizko agirien edo notario batek edo administrazioak konpultsatutako kopien bidez egiaztatu ez den merezimendurik. Orobat, atal bakoitzean paratutako gehieneko puntuazioa baino altuagorik ez du ematen ahalko.

Behar bezala egiaztatu gabeko merezimendurik alegatzen bada, epaimahaiak erabaki dezake epe bat ematea, interesatuek akatsak zuzen ditzaten.

6.7. Izangaiek atzera eskuratu dezakete aurkeztutako dokumentazioa eta horretarako eskabidea egin beharko dute, lanpostuak esleitu direla Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko sei hilabete igarotzen diren egunetik hasita hurrengo hilabeteko epearen barrenean, hori guztia izangaien inolako erreklamaziorik ematen ez bada, zeren eta orduan agiriak gorde baitaitezke, frogetarako nahiz egiaztapenetarako. Aipatu epean dokumentazioa jasotzen ez bada, ulertuko da izangaiak uko egiten diola berreskuratzeari, eta beraz, horretarako eskubideari.

7.-Izangaiek erdietsitako puntuazioaren araberako zerrenda.

Epaimahaiak lehiatzaile guztien kalifikazioa eginen du eta erdietsitako puntuazioaren araberako izangaien zerrenda argitaratuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean (Irunlarrea, 39).

Lehiaketa bukaturik, epaimahaiak lehiatzaileen zerrenda horiek igorriko dizkio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, eta honek deialdian hasieran zen lanpostu kopurua handitzeko ebazpena eman dezake, hori egitea egokia baldin bada.

Puntuazioetan berdinketarik badago, Administrazio Publikoetan antzinatasun handiena egiaztatzen duen izangaiak izanen du lehentasuna. Hala ere berdinketak bere horretan segitzen badu, izangai zaharrenak izanen du lehentasuna.

8.-Lanpostu hutsak hautatzea.

Lehiatzaileek lehiaketan izandako puntuazioaren arabera aukeratzen ahalko dituzte lanpostuak. Horretarako, adieraziko zaien toki, egun eta orduan agertu beharko dute, nortasun agiri nazionala aldean dutela.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatu epean hautua egiten ez duten lehiatzaileek lehiaketan erdietsitako lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

9.-Lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

Organo eskudunak, behar den Ebazpenaren bitartez, lehiaketan eskuratu dituzten lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, bai eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman dadila aginduko ere.

Lehiatzaileek, lanpostuak esleitzen dituen Ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo hamar egun naturaletan, euren lanpostuaz jabetu beharko dute. Hala ere, izendatutako lehiatzaileak asko badira, edo administrazioaren eraginkortasun arrazoirik badago tartean, deialdia egin duen organoak lanpostuaz jabetzeko egun bat jar dezake.

Esleipenaren gainean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada, eta horren ondorioz deialdia edo merezimendu lehiaketaren garapen edo ebazpena inpugnatzen bada, jabetza hartzea ez da irmo bilakatuko, eta errekurtso horiek administrazio bidean edo administrazioarekiko auzien jurisdikzioan izaten duten ebazpenaren baldintzapean geldituko da.

10.-Errekurtsoak.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, ebazpen honen kontra, horren garapenean behin betikoz ematen direnen kontra eta babesik eza sortzen duten tramitezko egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hamabian.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Víctor Manuel Calleja Gómez.

I. ERANSKINA

ESKABIDEA

Eskabidea, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua" erakunde autonomoko ................. izateko ....... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia .........(e)ko ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

1) Norberaren datuak:

Deiturak eta izena NAN

Jaioteguna Jaioterria

Etxeko telefonoa Harremanetarako telefonoa

Helbidea Posta kodea

Herria Probintzia

2) Datu administratiboak:

a) Egoera administratiboa:

Zein lanpostutarako izendatu zuten:

(estamentua eta espezialitatea)

f Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako plantillako langile finkoak.

f Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoak.

Egoera: f Jardunean.

f Zerbitzu bereziak.

f Beste bat (adierazi):

b) Egungo destinoa:

Noiz sartua: Departamentua: Zerbitzua:

Lantokia: Erakunde autonomoa:

A B C D E

(Jarri X bat bakoitzari dagokionean)

3) Euskara:

f Jatorrizko agiriarekin edo notario zein administrazio bidez konpultsatutako kopiarekin egiaztatzen du euskaraz badakiela.

f Onartzen du euskara probetara aurkeztea.

4) Sinatzen duenak adierazten du eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea akitzean, eta eskatzen diren baldintzen egiaztagiriak aurkezten dituela, eskabide honekin batera.

5) Eskabide honi erantsi zaizkion orrien kopurua; orriak, deialdian eskatzen diren agiriei dagozkienak, (ipini zenbakiak erantsi diren agiriei) ........... [ ].

Iruñean, ......(e)ko .............aren .......(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. atala. Emandako zerbitzuak.

Honakoak baloratuko dira:

1. Lehian dagoen lanpostuaren estamentu eta espezialitate berean, edozein Administrazio Publikotan eta haien erakunde autonomoetan emandako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 1,8 puntu.

2. Beste estamentu eta espezialitate batzuetan, edozein Administrazio Publikotan eta haien erakunde autonomoetan emandako zerbitzuak: urte bakoitzeko, 0,50 puntu.

Azpiatal hauetako bakoitzari dagokion puntuazioa hainbanatu eginen da urtetik beherako iraupena duten denbora aldietan.

Atal honetan 75 puntu lortu ahalko dira gehienez ere.

Goiko azpiataletan adierazitako zerbitzuak denbora berean eman baldin badira, puntuazioak ezin izanen dira batu; altuena besterik ez da hartuko. Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ere ez dira puntuatuko.

Maila edo talde baten barruan izendapena aldatzen bada baina eginkizunak ez, egindako zerbitzuak konputatuko dira izangaiak lehiaketan parte hartzean duen izendapenez egindako zerbitzu gisa, eginkizun horiek egiaztatzen direnetik hasita.

Baremo honetan ageri diren zerbitzuak konputatzerakoan urriaren 3ko 464/2001 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako arauei jarraikiko zaie.

2. atala. Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak.

Merezimendu hauek baloratuko dira, lortu nahi den lanpostuarekin zerikusia baldin badute eta tituluak, prestakuntza ekintzak, azterlanak edo argitalpenak deialdia argitaratu aurretik lortuak edo eginak badira.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo kreditatutako prestakuntza ekintzetan ikasle gisa parte hartzea: kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ordu), 0,1 puntu. Orduak gutxiago badira, puntuazioa hainbanatu eginen da. Ordu kopururik zehazten ez duten ziurtagiriei kreditu bati dagokion puntuazioa emanen zaie eta, ikasturte osokoei, berriz, 12 kredituri dagokiena. Gehienez ere 15 puntu.

Prestakuntza ekintza gisa baloratuko dira, halaber, antolatzailearen aldetik beharkizunak bete ez arren, Administrazioaren aginduz burutu edo hark homologatutakoak, bai eta "Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzarako Akordioak" izenpean sindikatuek antolatutakoak ere.

Ez dira prestakuntzaren arloko merezimendutzat joko deialdiko lanpostuan aritzeko gaitzen ez duten titulazio ofizialak.

2. Kongresu edo jardunaldietan onarturiko ponentzia edo komunikazioak: nazioartekoak badira 0,4 puntu, nazionalak badira 0,2 puntu, eta herrialde edo toki mailakoak badira 0,1 puntu; gehienez ere, 2 puntu.

3. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten lan zientifikoak edo ikerlanak: nazioartekoak badira 0,75 puntu, nazionalak badira 0,5 puntu eta autonomikoak badira 0,2 puntu. Gehienez ere, 2 puntu.

4. Aldizkari espezializatuetan argitaraturiko lanak: lehenbiziko hiru sinatzaileen artean bada, 0,4 puntu, eta horien atzetik bada, 0,10 puntu. Gehienez ere, 2 puntu.

5. Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo horietan irakasle gisa parte hartzea: kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 ordu), 0,2 puntu, edo ordu kopuru txikiagoei dagokien zati proportzionala; gehienez ere, puntu 1. Ordu kopururik zehazten ez duten ziurtagiriei bi ordukoari dagokion puntuazioa emanen zaie.

6. Europako Batasunean erabilera ofiziala duten hizkuntzen artetik, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea ofizialki frogatuz gero: 4,85 puntu hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntz Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da hizkuntz eskola ofizial batean gaindituriko kurtso bakoitzeko.

3. atala. Euskaraz jakitearen balorazioa:

1. Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, gehienez ere %10 gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik ematen den puntuazioari.

2. Eremu mistoan euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratu behar denean, gehienez ere %5 gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik ematen den puntuazioari.

3. Bi kasu horietan, Hizkuntz Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da hizkuntz eskola ofizial batean gaindituriko kurtso bakoitzeko eta, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, gehieneko puntuazioaren hamabirena, gainditutako urrats bakoitzeko.

Iragarkiaren kodea: a0208229