114. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

179/2002 FORU DEKRETUA, abuztuaren 5ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lanaldi murrizketa arautu zuen apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuaren 1. eta 2. artikuluak aldatzen dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lanaldi murrizketa gaur egun apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuaren bidez arautua dago.

Administrazioaren eta CCOO, UGT eta CEMSATSE sindikatuen artean (azken hori lan-kontratudunei buruz bakarrik), Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen 2002-2003ko enplegu baldintzei buruz 2002ko apirilaren 15ean sinatutako Akordioan, langilearen laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateko neurri lagungarrien artean, aldaketa bat ageri da: hamabi urtetik hamaseira pasatzea seme edo alabaren gehieneko adina lanaldiaren murrizketa izateko eskubideaz baliatzeko.

Halaber, azaroaren 5eko 39/1999 Legeak, laneko eta familiako eginbeharrak batera eraman ahal izatea bultzatzekoak, zabaldu zuen, zenbait baldintzaren pean, lanaldia murrizteko eskubidea familiako norbait zuzenean zaintzeko ardura duen langileari. Antzeko araubidea finkatu zen apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuaren 2. artikuluan, otsailaren 9ko 30/1998 Foru Dekretuak emandako erredakzioan, zeinean esaten baita murrizketa emanen dela baldin eta zerbitzuaren beharrek hartarako bidea ematen badute.

Akordioaren edukiaren ondorioz eta langilearen laneko eta familiako eginbeharrak batera eramateko neurri lagungarriak zabaltzea komenigarria denez gero, bidezkoa da aldaketa batzuk egitea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lanaldi murrizketa arautu zuen apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuan.

Azkenik, Foru Dekretu honen bidez aldatzen diren artikuluen aplikazioa erraztearren, haien eduki oso-osoa sartzen da, idatz-zati batzuk lehengo berberak izanagatik.

Nafarroako Kontseiluak, 2002ko uztailaren 23an egindako bilkuran, Foru Dekretu honen aldeko txostena egin du, edukia ordenamendu juridikoarekin bat datorrelakoan.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abuztuaren bostean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lanaldi murrizketa arautu zuen apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuaren 1. eta 2. artikuluak aldatzen dira. Honela geldituko dira:

"1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek lanaldiaren erdia edo heren bat murrizteko aukera izanen dute, honako kasuotan:

a) Sei urtetik beherako haurren bat legez zaintzeko ardura zuzena baldin badute edo legez ezagututako urritu fisiko, psikiko edo sentsorial bat.

b) Langilearen ezkontidea edo bizikidea edo odolbidezko nahiz ezkonbidezko lehen mailako ahaideren bat ezindua baldin badago, edo odolbidezko nahiz ezkonbidezko bigarren maila bitarteko ahaideren batekin bizi eta hura zaindu behar badu gaixotasun kronikoren edo ezintasunen bat dela- eta."

"2. artikulua. Honako kasuotan ere, lanaldiaren erdia edo heren bat murrizten ahalko da, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute:

a) 55 urtetik goitiko langileak.

b) Aldi bateko edo behin betiko ezgaitasuna emateko adinakoa ez den eritasunen bat duten langileak, Laneko arriskuei aurrea hartzeko Zerbitzuak eman beharreko txostenaren arabera.

c) 6 urtetik 16ra bitarteko haurren bat legez zaintzeko ardura zuzena duten langileak."

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Dekretu honek indarra hartu aurreko sei hilabeteetan apirilaren 28ko 113/1997 Foru Dekretuaren 2. artikuluko c) idatz-zatiaren ondorioz emandako lanaldi murrizketa izan duten funtzionarioei ez zaie aplikatuko Foru Dekretu honetako 4. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako gabealdia baldin eta ezin izan badute luzapena eskatu tarte horretan umeak hamabi urte bete dituelako.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: a0209137