114. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 20a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko abuztuaren 5ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuan aritzeko beka bat sortu eta hori eskuratzeko dei egiten duena.

Ikusirik Nekazaritzako Egituren Zerbitzuak bertan aritzeko graduatuentzako beka bat sortzeko egin duen proposamena, gazte tituludunen prestakuntzarako lagungarri gerta daitekeelakoan.

Nafarroako 2002rako luzatutako 2001eko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 19/2000 Foru Legearen 33. artikuluko 1. idatz-zatian xedatutakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Departamentu honetako Nekazaritzako Egituren Zerbitzuan aritzeko graduatuentzako beka bat sortzea, Nafarroako nekazaritzako berezko baliabideen ezagutza eta ebaluazioarekin zerikusia duten arloetan praktikak egiteko.

2. Nekazaritzako Egituren Zerbitzuak bekadunen esku utziko ditu praktikak aurrera ongi eramateko erabilgarriak izan daitezkeen agiriak eta gainerako baliabideak.

3. Praktikaldian egiten diren azterketa eta lanak Nekazaritzako Egituren Zerbitzuak hautatuko duen tutoreak zuzendu eta gainbegiratuko ditu. Tutoreak egin beharreko lanak agindu, ordutegiak finkatu eta bekadunak bere eginbeharrak bete ditzala begiratuko du.

4. Izangaiek Nekazaritzako ingeniari titulua edo Nekazaritzako ingeniari teknikoarena eduki beharko dute, gehienez ere orain dela hiru urte lortua, Nafarroan bizi beharko dute deialdi hau egiten denean eta 28 urtetik beherakoak izan.

5. Deialdi honetako beka Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hurrengo 15 egun naturaleko epean eskatzen ahalko da.

6. Eskatzaileek Nekazaritzako Egituren Zerbitzuaren Erregistroan, Urdazubiko Monasterioa kaleko 28-7.ean, 31011 Iruña, ondoko agiriak aurkeztuko dituzte:

a) Eskabide orria.

b) Curriculum vitae, egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak eta egokitzat jotzen dituen merezimendu guztiak adierazita.

c) Ikasketetako espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuz.

d) Nekazaritzako ingeniari tituluaren fotokopia konpultsatua, edo Nekazaritzako ingeniari teknikoarena, eta lortuak dituen bestelako diplomena.

e) Jaiotagiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua.

f) Familiaren bizitokia Nafarroan dela frogatzen duen ziurtagiria.

7. Bekadunaren hautaketa ondoko hauek osatzen duten Batzordeak eginen du:

Lehendakaria: Miguel Donézar Díez de Ulzurrun jauna, Lurzoru eta Klimatologi atalburua.

Mahaikideak: Ana María Vicente Alzuaz andrea eta Joaquín del Valle de Lersundi Manso de Zúñiga jauna, Lurzoru eta Klimatologi Ataleko teknikariak.

Idazkaria: María José Arozarena Gómez andrea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Administrazio Publikoko Arlo Juridiko teknikaria.

8. Batzordeak aurkezten diren eskabideak aztertu eta baloratuko ditu, eta bekak izangai bati emateko proposamena eginen du, lehentasun hurrenkeraren arabera. Zerrenda hori hamar eguneko epean argitaratuko du.

Eskabideak merezimenduak baremo honen arabera sailkatuz baloratuko dira:

a) Ikasketetako espedientea, ikasketetako bukaerako lana izan ezik: 5 puntu gehienez ere.

b) Ikasketetako bukaerako lana: 2 puntu gehienez ere.

c) Bestelako titulu akademikoak eta deialdiarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak: 2 puntu gehienez ere.

d) Esperientzia deialdiarekin zerikusia duten lanetan: 0,5 puntu gehienez ere.

e) Hizkuntzak: 0,5 puntu gehienez ere.

9. Beka Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emanen du, Foru Aginduaren bidez, eta eman duelako adierazpena agerian paratuko da Nekazaritzako Egituren Zerbitzuko iragarki oholean, Urdazubiko Monasterioa kaleko 28ko 8. oinean.

10. Onuradunak hasi beharko du praktikak egiten beka eman zaiola jakinarazi ondoko 10 egunen barrenean. Horrela egiten ez badu, bekari uko egin diola ulertuko da.

11. Eman zaion bekari uko egiten badio, halaxe jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

12. Zeinahi arrazoi dela kausa, emandako bekari uko egiten bazaio, batzordeak zehaztu duen zerrendako hurrenkeraren arabera hurrengo dagoenari emanen zaio beka.

13. Nafarroako Gobernuak ebatziko du arau hauek aplikatzean sortzen diren auzi guztien gainean.

14. Beka bakoitza 6.490,92 eurokoa izanen da, urtebeterako. Diru hori hilabetero ordainduko da, 540,91 euro aldian, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Beka hau ezin jasoko da beste edozein beka, ordainsari edo laguntzarekin batera.

15. Bekak gehienez ere 12 hilabete iraunen du, hasieratik, ustez 2002ko irailetik hasita. Dena den, beste 12 hilabetez luzatzen ahalko da, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuko zuzendariak hala eskatzen badu espresuki.

16. Bekaduna Nekazaritzako Egituren Zerbitzuaren bulegoetan eta egin beharreko praktiketarako egokiak diren tokietan arituko da. Gehienez ere 30 orduz arituko da lanean astero.

Bekadunak 2,5 egun natural izanen ditu oporretarako hilero, bekak diraueino.

17. Bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egiten ardurarik jartzen ez badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi bateko edo betiko galduko du, Nekazaritzako Egituren Zerbitzuko zuzendariak proposatu eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak hala erabakita, eta horrekin batera dotazio ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du.

18. Prestatzen diren agiri eta lanen jabetza intelektuala Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea izanen.

19. Bekadunak ez du inolako lan harremanik edo administratiborik ez eta beste eskubiderik ere eskuratuko Nekazaritzako Egituren Zerbitzuarekin.

20. Foru Agindu honetan ezarritakoa aurrera eramateko 6.490,92 euroko gastua onestea. Horietarik 2.163,64 euro 2002rako luzatutako 2001eko gastuen aurrekontuko "Graduatuak prestatzeko bekak" izeneko 720001-72100-4809-531200 kontusailaren kargura ordainduko da, eta 4.327,28 euro 2003ko aurrekontuko kasuan kasuko kontusailaren kargura.

21. Foru Agindu hau igortzea Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Ekonomi Aferetarako Bulegoari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

22. Foru Agindu honen aurka gora jotzeko helegitea aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen arabera.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren bostean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0208887