112. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

FORU AGINDUA, 2002ko uztailaren 1ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, azienda garraiatzeko ibilgailuak desinfektatzeko instalazioak ezartzeko dirulaguntzak lehiaketa bidez emateko arauak bigarren aldiz ezarri eta 2002ko otsailaren 11ko Foru Aginduaren bitartez irekitako lehiaketa eman gabe deklaratzen duena.

2002ko otsailaren 11ko Foru Aginduaren bitartez, azienda garraiatzeko ibilgailuak desinfektatzeko instalazioak ezartzeko dirulaguntzak lehiaketa bidez emateko arauak ezarri ziren. Lehiaketa hori hutsik gelditu da, baina dirulaguntzak jaso nahi dituzten ekimen batzuk daude, epe luzeagoa behar dutenak.

Abere eri edo infektatuek germen patogenoak transmititzen dituzte beren gorotz edo jariakin organikoen bitartez.

Gorotz horietatik abiatuta, abere erien ondoan egon diren beste abere batzuk infektatzeko prozesua has daiteke berriro. Egoera hori bereziki garrantzitsua da azienda garraiatzeko ibilgailuen kasuan, garraiatzen diren beste abere batzuk edo bisitatzen diren beste abeltegi batzuk infektatzeko edo kutsatzeko arriskua biziki handitzen baita. Izan ere, infekzioak ongi garbitu eta desinfektatu ez diren ibilgailuak erabiltzeagatik eraman daitezke batetik bestera.

Ibilgailuen desinfektazioa, beraz, prebentziorako osasun neurri bat da, hondakinen tratamenduaren edo abere gorpuzkinak deuseztatzearen parekoa. Neurri horien guztien helburua balizko agente patogenoak gutxitzea da.

Abeltzainak abeltegietan arian-arian aplikatzen ari diren osasun praktika egokien artean, abereak garraiatzeko orduan ibilgailu garbiak eta desinfekatuak baino ez erabili beharra ezarri behar da. Hori da ustiategiaren babes integral eta eragingarria lortzeko eta eritasunak kutsatzeko arriskua saihesteko modu bakarra.

Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 24.3 artikuluak ezartzen du abereak garraiatzeko ibilgailuak desinfektatu eta, hala badagokio, desintsektatu beharko direla abere-talde bat garraiatu aurretik eta ondotik, eta hori agiri bidez egiaztatu behar dela.

Desinfekzioa abereak garraiatzeko zerbitzuetan erabiltzen diren ibilgailuen erantzukizuna duten garraiolari guztiek egin beharko dute. Profesional hori ibilgailua garbitu eta desinfektatu dela egiaztatzeko arduraduna izanen da, kargatzeko orduan.

Ibilgailuen garbiketa eta desinfekziotik datozen abere hondakinak sortzeko, Nafarroak duen gaitasun mugagabea ikusita, eta, kontuan harturik, arlo honetan interesa izan dezaketenen eskaintzak antolatu eta lehenetsi beharra eta horrelako ekimenen bolumen ekonomikoa, gomendagarria da laguntza publikoen araubide bat ezartzea. Horrenbestez, lehiaketa publikoaren bidez dirulaguntza bat emanen zaio Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen kudeaketa eta kontrola gobernatzen duten publizitate, konkurrentzia eta objektibotasunaren printzipioen arabera hautatzen denari.

Abeltegiak eta ibilgailuak Nafarroa osoan sakabanatuta direlarik, desinfektatzeko lanak erraztu eta bidaiak oso luzeak ez izateko, bidean produktu kutsagarriak erortzeko arrisku handiagoa baitago, egokiena da desinfekzio zentroak Nafarroa osoan sakabanatzea eta eskualdeko herri edo toki estrategikoetan jartzea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Lehiaketaren iraungipena.

2002ko otsailaren 11ko Foru Aginduaren bitartez azienda garraiatzeko ibilgailuak desinfektatzeko instalazioak ezartzeko dirulaguntzak lehiaketa bidez emateko arauak ezarri ziren. Lehiaketa hori eman gabe deklaratu da.

2. artikulua. Beste lehiaketa bat irekitzea.

Honako honen bidez, azienda garraiatzeko ibilgailuak desinfektatzeko zentroak sustatu eta kudeatuko dituzten ekimenak, publiko edo pribatuak, lehiaketa bidez hautatzeko eta haiendako dirulaguntzak emateko arauak onesten dira. Zentro horiek Iruñean, Oronotz-Mugairin, Irurtzunen, Lizarran, Sesman, Irunberrin, Tafallan, Zarrakaztelun edo Tuteran, edo horien ondoko herrietan jarri beharko dira.

Horren ondorioetarako, Nafarroan, gaur egun, 795 dira azienda garraiatzeko moduan erregistraturik dauden ibilgailuak, hots, zentro horietan desinfektatu beharko liratekeenak.

3. artikulua. Onuradunak.

1. Foru Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira azienda garraiatzeko ibilgailuak desinfekatzeko zentroak eraiki eta instalatzeko ekimenak sustatu edo burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak.

2. Onuradun izaera dirulaguntza eskatzen duten guztien arteko lehiaketa baten ondotik eskuratuko da. Lehiaketa hori Foru Agindu honetan ezarritakoari jarraikiz eginen da.

3. Foru Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, onuradun izaera galduko da.

4. artikulua. Eskatzaileek bete beharrekoak.

1. Foru Agindu honetan aipatu dirulaguntzen onuraduna hautatzeko lehiaketan, parte hartzea espresuki eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoak baino ez dira onartuko, eta betiere Nafarroako Ogasun Publikoarekin eta Gizarte Segurantzarekin dituzten betebeharretan egunean egon beharko dute.

2. Dirulaguntzaren onuradunak beharkizun horiek eta egindako inbertsioa mantendu beharko ditu, laguntza lortu eta hurrengo urtean bederen, eta sistemaren ustiapena ere mantendu beharko du, laguntza lortu eta hurrengo bost urteetan.

5. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Onuradunari emanen zaion dirulaguntza makineria erosteko eta teknologia eskuratzeko egindako inbertsio materialaren kostu osoaren % 80koa izanen da. Gehienez ere hogeita hamar mila euro (30.000) emanen dira.

6. artikulua. Eskaerak aurkezteko toki-egunak.

1. Esakerak Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean aurkeztuko dira, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bulego nagusian edo urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako erregistroetan.

2. Eskabideekin batera bi gutunazal itxi aurkeztu beharko dira:

A) Lehenbiziko gutunazalean Foru Agindu honen 3. artikuluan eskatu baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiri administratiboak sartuko dira. Pertsona juridikoa bada, eraketaren eskritura publikoa erantsiko da, non xede soziala eta zuzendaritza organoen osaera azalduko diren. Orobat, pertsona juridikoaren ordezkariari jarduteko eman zaion ordezkaritzaren egiaztagiriak erantsiko dira.

B) Bigarren gutunazalean, dokumentazio teknikoa sartuko da, honako hau alegia:

a) Egin beharreko jarduketa edo inbertsioen oroit-idazkia, hala nola dauden edo eraiki nahi diren instalazio eta eraikinak.

Jarduketen atalean, zehatz-mehatz aipatuko dira azienda garraiatzeko ibilgailuak desinfektatzeko prozesua eta ezaugarri teknikoak. Gainera, arauek eskatzen dituzten baldintza teknikoak eta ingurumenaren gainekoak betetzen direla egiaztatu beharko da.

Nolanahi ere, aurkezten diren sistemetan bermatu beharko da indarreko legeek eskatzen dituzten ingurumenaren arloko beharkizunak betetzen direla.

b) Instalazioa zein udalerritan eta zein tokitan jarri nahi den, eta lekuan lekuko toki entiteatearen udalbatzak emandako agiria, proiektuarekin eta instalazioekin ados dagoela adierazten duena. Dirulaguntza lortzeko ezinbestekoa izanen da dagokion toki entitate eskudunak eman beharreko lizentziak eskuratzea.

c) Jarduketen exekuziorako egutegia eta abereak garraiatzeko ibilgailuak desinfektatzeko sistema benetan abian jartzeko eguna, behar diren baimen guztiak barne, dirulaguntzaren eskatzailearen kontura.

d) Ekimenaren aurrekontu osoa, urtez urte egin beharreko inbertsioen aurrekontua eta instalazioen urtez urteko mantentze kostuen aurrekontua bereizita.

e) Bezeroei eskatuko zaizkien tarifak, kontzeptuz kontzeptu.

f) Ekimenari atxikitako baliabide ekonomiko publiko eta pribatuak.

3. Eskaerak aurreko zenbakietan eskatutakoa betetzen ez badu, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak interesatuari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Ebazpen bidez.

7. artikulua. Lehiaketa eta ebaluazio organo kolegiatua.

1. Dirulaguntzak nori eman lehiaketa bidez erabakiko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5.3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz,

2. Onuradunak hautatzeko eta ebazpen proposamen lotzailea emateko, kide anitzeko organo bat eratuko da, honako hauek osatua:

a) Mahaiburua: Abeltzaintza Zerbitzuko zuzendaria.

b) Mahaikideak:

-Abere Ekoizpenaren Ataleko burua.

-Abere Osasuneko Ataleko burua.

-Epizootiologi Bulegoko burua.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko administrazio publikoaren teknikari bat (arlo juridikoa), organoko idazkari lanetan arituko dena eta bileren akta eginen duena.

8. artikulua. Eskaeren ebaluazioa eta ebazpena.

1. Kide anitzeko organoak eskaerak baloratuko ditu, hurrengo artikuluan zehazten diren irizpide, mota eta lehentasunen arabera, eta ebazpen proposamen lotzailea eginen du, gero Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiari igortzeko.

2. Mahaiaren iritziz, proposamen bakar batek ere ez badu hautatua izateko behar adina bermerik eskaintzen, lehiaketa eman gabe utz daiteke.

3. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak dirulaguntzak banatzeko ebazpena emanen du, horretarako arrazoiak emanda, eta interesatuei jakinaraziko die.

4. Eskaera aurkeztu eta sei hilabeteko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko da.

5. Dirulaguntza emateko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

9. artikulua. Baloraziorako irizpideak eta lehentasunak.

Onuraduna aukeratzeko, honako irizpide eta lehentasun hauek hartuko dira kontuan:

A) Azienda garraiatzeko ibilgailuak desinfektatzeko baldintza teknikoak, horien barne direlarik edukiera, aldakortasuna, materialen malgutasuna, eta abar (50 puntu bitarte).

B) Ekimenaren ebaluazio ekonomikoa eta Nafarroako Ogasun Publikoarentzat eta interesa duten hiritarrentzat dituen abantaila ekonomikoak (25 puntu bitarte).

C) Ekimena abian jartzeko epea (25 puntu bitarte).

10. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Foru Agindu honetan aurreikusita dagoen dirulaguntza hartzen duenak honako beharkizun hauek izanen ditu:

a) Dirulaguntza emateko oinarri izan diren inbertsio eta jarduketak burutzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak finkatzen dituen baldintza teknikoak eta epeak errespetatuz.

b) Inbertsio eta jarduketa horiek egiteko behar diren baimenak lortzea, bere kontura betiere.

c) Azienda garraiatzeko ibilgailuen desinfektaziorako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ezartzen dizkion jarraibide teknikoak uneoro segitzea eta baldintza teknikoak eta ingurumenaren gainean ezarritakoak betetzea.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak adierazten dizkion aziendaren garraiorako ibilgailuak onartzea, edozein delarik haien jatorria eta izaera, betiere, azkeneko kasu horretan, Nafarroan indarra duten arauen araberakoak baldin badira.

e) Hirugarrenentzat finkatzen diren prezioak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimenduak izatea.

f) Eskumena duten organoek, emandako edo jasotako dirulaguntzaren gainean, egiten dituzten egiaztapen lanak onartzea.

g) Kontabilitate edo erregistro liburuan hartutako laguntzaren kobraketa jasotzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

11. artikulua. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

Onuradunaren ekimenerako inbertsioak finantzatzeko dirulaguntzen ordainketa honela eginen da:

-Aurrerakin gisa % 25 ordainduko da, horren adinako banku-abala aurkeztuta, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren.

-Gainerakoa, dirulaguntza emateko oinarri izan den inbertsioa egin ondoren.

12. artikulua. Bateraezintasunak.

Foru Agindu honetan ezarritako laguntzak, diruz lagungarri diren kostu berberetarako, estatu espainiarrean edo Europako Batasunean ematen diren beste dirulaguntzekin bateraezinak izanen dira, baldin eta biltzen den diruak Europako Batasunaren arauek ezarrita duten ehunekoa gainditzen badu.

13. artikulua. Diru-itzulketa, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Diru-itzulketaren kasuetan, ekainaren 8ko 8/1997 Foru Legearen 21. eta 22. artikuluetan ezarritakoari segituko zaio.

2. Onuradunak oinarri hauetan edo legeetan aurreikusitako beharkizunak betetzen ez baditu, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak beste eskatzaile batzuei deitu ahalko die dirulaguntza eskaintzeko, lehiaketaren hautapen prozesuan lortutako ordenari jarraikiz, aldez aurretik bidezko diren baldintzak eta epeak finkatu ondoren.

3. Arau-hauste eta zehapenez den bezainbatean, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27., 28. eta 30. artikuluetan ezarritakoari segituko zaio.

4. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuan adierazitakoaren araberakoa izanen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Foru Agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio.

Bigarrena.-Foru Agindu honen ondoriozko gastuak 2003. urteko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorren 711000-71320-7700-713202 kontusailaren kargura izanen dira, "Entzefalopatia Espongiforme Kutsagarrien inguruko transferentziak" izenekoa.

Hirugarrena.-Foru Agindu honen aplikazio bidean ematen diren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritzen den egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren batean. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0208107