112. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

180/2002 FORU DEKRETUA, abuztuaren 5ekoa, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen Administrazioko lanpostu batzuen maila eta ordainsari osagarriak aldatzen dituena.

Apirilaren 3ko 8/2002 Foru Legearen 1. artikuluaren 2, 3 eta 4. idatz-zatiek maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legearen 18. artikuluaren edukia aldatzen dute, 1. idatz-zatia berrituz, eta bi artikulu berri, 18.bis eta 19.bis, gehitzen diote Foru Legeari. Aldaketa horiekin kolektibo batzuk B eta C mailetan birsailkatu dira eta, hortaz, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langileen plantilla organikoa aldatzea, mailaketa berri horretara egokitzeko.

Maiatzaren 24ko aipatu 10/2001 Foru Legearen 20. artikuluan ezartzen da lege horren IV. kapituluan arautu diren mailaketak, aldaketak ere bertan baitaude, lanpostu horien egungo lansari osagarri guztiak ekarriko dituztela eurekin eta sailkatze berria izan arren, langile horiek gaur egun jasotzen dituzten guztirako lansarietan (oinarrizkoak zein osagarriak) ez dela igoerarik egongo, graduari dagozkion ordainsarietan izan ezik.

Beste aldetik, apirilaren 3ko 8/2002 Foru Legearen azken xedapenetako bigarrenak xedatzen du indarra hartuko dutela Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean, eta argitalpena 2002ko apirilaren 10ean gertatu zen. Hala ere, apirilaren 3ko 8/2002 Foru Legeak egindako aldaketak maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legearen IV. Kapituluan sartu dira, eta Foru Lege horren 20. artikuluak dioIV. Kapituluan araututako mailaketen ondorio ekonomiko eta administratiboak, atzera eginez, 2001eko urtarrilaren 1etik aitzina gauzatuko direla. Beraz, apirilaren 3ko 8/2002 Foru Legean ezarritako mailaketa berriek 2001eko urtarrilaren 1etik aitzina sortuko dituzte ondorio ekonomiko eta administratiboak.

Aipatu manu horiek betez, bidezko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan maila aldaketa izan duten langileen lansari osagarriak finkatzea, ordainsarien irenstearen kalkulua egin ondotik.

Nafarroako Kontseiluak, 2002ko uztailaren 23ko bilkuran, Foru Dekretu honen aldeko irizpena eman du ordenamendu juridikoarekin bat egiten duela kontsideratzen baitu.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abuztuaren bosteko bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zenbait langileren maila aldatzea. Lanpostuak behin betikoz beteak daude eta haien maila berriak ondoko hauek dira:

-B maila: suhiltzaileen sarjentua, zaindari nagusia, ingurumeneko zaindari nagusi koordinatzailea eta mendi zaindaria.

-C maila: agintarien auto-gidaria eta korporazioaren auto-gidaria.

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langile batzuen osagarriak aldatu dira. Lanpostuak behin betikoz beteak daude eta ondoren zehazten dira. Osagarri horiek finkatzeko abiapuntutzat hartu dira ondoko kontzeptuak eta mailaren hasierako soldataren portzentajeak:

-Suhiltzaileen sarjentua: ehuneko 11,46 lanpostuaren osagarrirako eta ehuneko 8 arrisku bereziaren osagarrirako.

-Zaindari nagusia: ehuneko 1,37 lanpostuaren osagarrirako eta ehuneko 5 arrisku bereziaren osagarrirako.

-Ingurumeneko zaindari nagusi koordinatzailea: ehuneko 5,46 lanpostuaren osagarrirako eta ehuneko 5 arrisku bereziaren osagarrirako.

-Mendi zaindaria: ehuneko 0,55 lanpostuaren osagarrirako eta ehuneko 5 arrisku bereziaren osagarrirako.

-Agintarien auto-gidaria eta korporazioaren auto- gidaria: ehuneko 55 erabateko dedikaziorako eta ehuneko 6,86 arrisku bereziaren osagarrirako.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen plantilla organikoa aldatuko da Foru Agindu honetan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira Foru Dekretu honetan ezarritakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ahalmena eman zaio Foru Dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak emateko.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra. Ondorio ekonomiko eta administratiboak 2001eko urtarrilaren 1etik aitzina izanen ditu.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: a0209136