112. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

178/2002 FORU DEKRETUA, abuztuaren 5ekoa, 2002. urterako Nafarroako Foru Komunitateko Justizia Administrazioko zerbitzuen jarduketa plana ezartzen duena, azaroaren 24ko 1909/2000 Errege Dekretuko 12. artikuluaren arabera.

1999ko urriaren 1ean Nafarroako Justizia Administrazioko langileak transferitu ziren. Zehazki, maiatzaren 14ko 812/1999 Errege Dekretuak ofizial, laguntzaile, agente judizial eta auzitegiko medikuen kidego nazionaletako langileak aipatzen ditu.

Langile horiendako aplikatzekoak dira, oso-osorik, kasuan kasuko kidegoa arautzen duten erregelamendu organikoak, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoko manuekin bat.

Azaroaren 24ko 1909/2000 Errege Dekretuko 12. artikuluan xedatzen denez, posible izanen da jarduketa planak egitea, baldintza hauek betetzen badira:

-Haien helburuak Justizia zerbitzua gaurkotu eta hobetzea izan behar du, zerbitzu publikoa den aldetik, alegia, hobekuntza hori herritarrendako nabarmena izan dadila.

-Nafarroako Gobernuak ezartzen ahalko ditu plan horiek bakarrik Nafarroara transferituriko langileendako eta artikulu hartan aipatzen diren funtzionario kidegoetarako.

-Aukerakoak dira, urtean urtekoak, eta ezartzen badira, ordezkari gehien dituzten sindikatuekin eta, halakorik bada, lanbide elkargoekin negoziatu ondoren eta Botere Judizialeko Kontseilu Orokorraren iritzia entzun ondoren ezarriko dira.

-Zehaztu egin behar dira ukituriko organoak, ukituriko funtzionarioak, lortu nahi diren helburuak eta bakoitzak hartu beharreko diru zenbatekoak.

-Helburu horiek lortzeko osagarri bat ezartzen ahalko da hilero. Baldintzak betetzen ez badira, ez da berriro kobratuko.

Aurrekari horiek kontuan hartuta, Justizia Administrazioko langile ukituen artean ordezkari gehien dituzten sindikatuekin negoziatu ondoren, Botere Judizialeko Kontseilu Orokorraren iritzia entzunda, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abuztuaren bostean eginiko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Jarduketa plana.

2002. urterako Foru Komunitateko Justizia Administrazioko zerbitzuetarako jarduketa plana onesten da. Foru Dekretu honen eranskinean ageri da.

2. artikulua. Diru-ordaina.

1. 2002. urtean Nafarroako Auzitegi Nagusiaren, Nafarroako Ministerio Fiskalaren eta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren mendeko organoetan ari diren ofizial, laguntzaile, agente judizialen eta auzitegiko medikuendako lansari osagarriak ezarriko dira, eta haien bitartez, ondoren aipatzen diren zenbatekoak erantsiko zaizkio destinoko osagarriari, urte horretan puntu bakoitzari dagokion zenbatekoarekin bat:

2002 urtea

Ofizialen kidegoa: 8

Laguntzaileen kidegoa: 8

Agenteen kidegoa: 8

Auzitegiko medikuen kidekoa: 8

Puntu horiek mailaz maila funtzionario guztiei ordainduko zaizkie, kidego guztietan.

2. Diru-kopuru horiek plazaren jabe zenbat denbora izan eta proportzio horretantxe hartuko dituzte bitarte baterako funtzionarioek.

3. Kopuru horiek funtzionario bakoitzaren kidegoaren arabera kobratuko dira, eginkizunak kidego edo maila altuagokoak, legez gaiturikoak, izan diren kontuan hartu gabe.

3. artikulua. Egozpena.

Epigrafe honetako 1. atalean aipatzen diren puntuen aplikazioaren ondoriozko diru kopuruak, bigarren epigrafeko edukiaren arabera, 2002. urterako jarduketa planari honelaxe egotziko zaizkio:

A.-Lanaldia: % 30.

B.-Absentismoari aurre egitea: % 30.

C.-Elkarrekiko laguntza, informatizazioan eta prestakuntzan parte hartzea: % 40.

4. artikulua. Ebaluazioa.

Hiru hilean behin ebaluatuko da betetzen den. Planeko atal batean edo haren edukietan parte hartzen ez dutenek ez dute atal horri dagokion diru-partea hartuko hurrengo hiruhilekoan. Bi edo hiru atal betetzen ez badira, osagarri osoa kenduko da hurrengo hiruhilekoan.

Horretarako, espediente sumario bat irekiko da. Horretan entzunaldia emanen zaie interesatuari eta Justizia Administrazioko langileen sindikatuen ordezkariei.

5. artikulua. Ezarpena.

1. 2002. urterako planaren ezarpena eta osagarri ekonomikoa kobratzeko eskubidea 2002ko urtarrilaren 1ean hasiko da.

Lanaldia gutxitzen deneko kasuetan, ukituriko langileek oso- osorik bete beharko dituzte 3. artikuluko B) eta C) letrak eta A) letraren zati proportzionala, hori dena jarduketa planaren edukiari dagokionez.

2. Osagarri ekonomikoa, ondorio guztietarako, lansaritzat joko da.

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria.- Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

E R A N S K I N A

2002. urterako jarduketa plana, Nafarroako Foru Komunitateko Justizia Administrazioko Zerbitzuetarako, azaroaren 24ko 1909/2000 Errege Dekretuko 12. artikuluaren arabera.

1. 1999ko urriaren 1ean Nafarroako Justizia Administrazioko langileak transferitu ziren. Zehazki, maiatzaren 14ko 812/1999 Errege Dekretuak ofizial, laguntzaile, agente judizial eta auzitegi medikuen kidego nazionaletatik transferitu beharreko langileak aipatzen ditu.

2. Langile horiendako aplikatzekoak dira, oso-osorik, kasuan kasuko kidegoa arautzen duten erregelamendu organikoak, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoko manuen arabera.

3. Azaroaren 24ko 1909/2000 Errege Dekretuko 12. artikuluak xedatzen du posible izanen dela jarduketa planak egitea, baldintza hauek betetzen badira:

a) Haien helburuak Justizia zerbitzua gaurkotu eta hobetzea izan behar du, zerbitzu publikoa den aldetik, alegia, hobekuntza hori herritarrendako nabarmena izan dadila.

b) Nafarroako Gobernuak ezartzen ahalko ditu plan horiek bakarrik Nafarroara transferituriko langileendako.

c) Aukerakoak dira, urtean urtekoak, eta ezartzen badira, ordezkari gehien dituzten sindikatuekin eta, halakorik bada, lanbide elkargoekin negoziatu ondoren eta Botere Judizialeko Kontseilu Orokorrari entzun ondoren ezarriko dira.

d) Zehaztu egin behar dira ukituriko organoak, ukituriko funtzionarioak, lortu nahi diren helburuak eta bakoitzak hartu beharreko diru zenbatekoak.

e) Aurreko letran aipatzen diren alderdiak Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak edo Justizia Zuzendaritza Nagusiak, hark eskuordeturik, ezarriko ditu.

f) Helburuen betetze-maila hilero, hiru hilabetero edo sei hilabetero ebaluatuko da.

g) Helburu horiek lortzeko osagarri bat ezartzen ahalko da hilero. Baldintzak betetzen ez badira, ez da berriro kobratuko.

Aurrekari horiek kontuan harturik, 2002. urterako honako hau argitaratzen da:

JARDUKETA PLANA

1. Lan ordutegia erakunde publikoetako langileen betebehar bat da. Justizia Administrazioko langileek Estatuko Justizia Idazkaritzak, 1996ko abenduaren 5eko Ebazpenaren bidez, ezarri zituen baldintzetan bete behar dute.

Hala ere, ohiko ordutegia neurri batean luzatzen bada posible izanen da beste funtzionarioekiko koordinazioa hobeki kudeatzea eta jendeari kasu egiteko orduak gehitzea, gehienbat Justiziako profesionalak ez diren herritarrekiko harremanetan dautzan organoetan. Denbora luzatze horrek esan nahi du 6 orduz joan beharko dela lanpostura, 8:00etatik 15:00ak bitarte.

Bestaldetik, lanaldiari eta ordutegiari buruzko kontuak kudeatu eta kontrolatzeko eraren ezberdinagatik komeni da langileak identifikatzeko eta epaitegietan sartzeko eta haietan barrena ibiltzeko sistema aldatzea. Hurrengo hilabeteetan beste sistema bat ezarriko da. Funtzionarioek lagundu beharko dute ongi ezar dadin.

2. Funtzionarioen eskubideen eta sektore publikoko giza baliabideen eraginkortasunaren arteko harremana zuzena izan dadin lan absentismoa baztertu egin behar da, frogaturiko arrazoi justifikaturik ez duenean. Horretarako, absentismoaren kontrolari buruzko 1996ko abenduaren 5eko Ebazpenean xedatua deusetan galarazi gabe, lanera joaten ez den bigarren egunean, gaixo-agiria aurkeztu beharko da Nafarroako Gobernuko Justizia Zuzendaritza Nagusian. Gainera, zenbait kasutan, lehenbiziko egunetik beretik eskatzen ahalko da. Hori dena baldin eta gaixotasunaren iraupenaren aurreikuspena bost egunetik goitikoa ez bada.

Gaixo-agirian bost egunetik goitiko iraupena aurreikusten denean, lanera joaten ez den bigarren egunerako Justizia Zuzendaritza Nagusian aurkeztu beharko da agiri hori eta gaixotasunaren ondoriozko baimenaren eskabidea ere bai, behar bezala betea, Justizia Administrazioko ofizial, laguntzaile eta agenteen kidegoen Erregelamendu Organikoa onesten duen otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuko 69. artikuluko 2. atalean 70. artikuluari buruz xedatzen denarekin bat.

Gaixotasunaren ondoriozko baimena emandakoan, gaixotasuna edo istripua dela-eta aldi baterako ezgaitasuna duten funtzionarioek hamar egunero gaixo-agiriaren luzapenak aurkeztu beharko dituzte Nafarroako Gobernuko Justizia Zuzendaritza Nagusian, horretarako ezarririk dauden ereduei jarraituz.

3. Epaitegietako bulegoen antolamenduak, horretarako eskudun direnek langileei lanak esleitzea deusetan galarazi gabe, batzuetan elkarri laguntzea dakar, lan baliokideetan, espedienteen tramitazioa arintzeko eta herritarrei ahalik eta hobekiena kasu egiteko. Jarrera horiek are beharrezkoagoak dira norbait ez dagoenean, gaixoaldi laburretan, erregelamenduzko oporretan, norberaren aferetarako egunetan, eta abarretan, bitarte baterako funtzionarioen beharra gutxitzeko.

4. Prozedura judizialen informatizazioa prozesu astun bat da, protokolo burokratiko berrietara egokitu beharragatik, betiere, Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren jarraibideen menpe. Horrekin batera, aipatzekoak dira langileak prestatzeko metodologiarik eza, programa berriek orain arte erabiltzaileei ekarri dizkieten zailtasunak, makinen eta sistemen arteko loturarik eza batzuetan, adingabeen erantzukizun penalari eta prozedura zibilari buruzko lege berriei aurre egiteko birziklapen premiak, programa berrietan aurreko sistemetako datuak erabiltzeko ezintasuna, etab.

Horregatik, denok ahaleginak egin behar ditugu programa berrietara egokitzeko, haiek ikasteko, haiek hobetzen laguntzeko eta programa zaharretako datuak eskuratzeko (irekiriko espedienteekin segitu ahal izateko eta datu estatistiko judizialen ezagutza egokia errazteko).

5. Etengabeko prestakuntza oinarrizko tresna bat da lanaren eraginkortasuna hobetzeko, lan egoera berrietara egokitzeko eta funtzionarioen jarduerak gizartearen aurrean duintzeko. Gainera, prestakuntza hori lanerako denboratik ahalik eta gutxien okupatuz hartu behar da, eginkizunean egoki jardun ahal izateko. Horregatik, prestakuntza ekintzak prestatuko dira lanaldiko ordu nagusietatik kanpo egin daitezen, ahal den ber, eta lanpostuarekin zerikusi zuzenik ez duten prestakuntza ekintzak, lanalditik kanpo.

Iragarkiaren kodea: A0209138