111. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Deialdia, Iruñeko Udaleko Kontabilitateko arduradun izateko lanpostu bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko

1.-Xedea.

Aditzera ematen da Iruñeko Udaleko Kontabilitateko arduradun izateko lanpostu huts bat (101-2001 zenbakiduna) lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Hasierako destinoa Iruñeko Udaleko Ekonomi Alorrean izanen du.

2.-Arau aplikagarriak.

Lehiaketa hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, hura garatu eta betearazteko Lanpostuak betetzeko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamenduko 10. artikuluak eta aplikatzekoak diren beste manuek, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak merezimenduen baremoei buruz abuztuaren 12an emaniko 130/1998 Foru Aginduak, aplikatzekoak diren beste arauek, eta deialdiaren oinarriek.

3.-Betebeharrak.

Indarra duten legezko xedapenekin bat, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi duten izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta esleitzen zaien lanpostuaz jabetzean hurrengo baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) A maila edo taldekoa izatea.

c) Ekonomi Zientzietan tituluduna izatea, edota Enpresetako Zientzietan nahiz Enpresetako Administrazio eta Zuzendaritzan.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean iraunen dute.

4.-Lansariak.

Lekualdaketaren xede den langileak, indarra duten xedapenek esleitzen dioten soldata jasoko du.

5.-Eginkizunak.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeak Kontuhartzailetzari buruz bere 249, 294 eta bat datozen artikuluetan ezarritakoaren arabera, Kontabilitateko arduradunak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

-Entitatearen Aurrekontu Orokorraren exekuzioa erregistratzea, aurrekontu-emaitzak agerian jarriz.

-Toki diruzaintzaren mugimenduak eta egoera erregistratzea.

-Udalaren balantzeak prestatzea, haren Ondarearen egoera, osakera eta aldaketak agertuz.

-Udalaren Kontu Orokorra prestatzeko behar diren datu guztiak ematea, bai eta prestatu beharreko kontu, egoera eta dokumentu guztietarako ere.

-Inbentarioa, ibilgetu material, ez-material eta finantzarioaren kontrola, zorpetzearen kontrola eta Toki Entitatearekin erlazioa duten hartzekodunen edo zordunen egoeraren jarraipen banan-banakoa bideratzea.

-Dokumentazioa prestatzea, ekonomiaren eta ondarearen ikuspuntuetatik zehazteko.

-Legezkotasunaren, finantzen eta eraginkortasunaren kontrola bideratzea.

-Behar diren datu eta gainerako aurrekariak ematea Toki Sektorearen kontu ekonomikoak eta Espainia mailako kontuak prestatzeko.

-Dokumentazioa prestatzea, emaitza analitikoak zehaztu ahal izateko, zerbitzuen kostua eta atarramendua agertuz.

-Behar den informazioa ematea, estatistika ekonomiko eta finantzarioak osatu ahal izateko.

-Hori guztia bete beharko da Nafarroako Gobernuak onetsitako kontabilitate eta aurrekontuei buruzko arautegiaren garapenari jarraikiz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean ezarritakoa betetzeko.

-Aurreko eginkizunak bete ahal izateko, Departamentuko antolaketa osoaren ardura izanen du, eginkizunak egokiro burutu ditzan. Antolaketa honako arlo hauei dagokie:

-Langileria.

-Altzariak.

-Informatikako bitartekoak (bai hardwarea bai sofwarea).

-Bere eginkizunak egokiro betetzeko behar dituen gainerako bitarteko guztiak.

-Prozedura liburu bat osatu beharko du, eta egunez egun gaurkotua eduki, bertan Kontabilitate Departamentuak bete beharreko eginkizunak betetzeko behar diren jarduketa guztiak sistematikoki bilduko dituena, baita Departamentuko zein pertsonak beteko dituen bakoitza eta haiek burutzeko egunak eta epeak ere.

-Orain arteko eginkizun teknikoei eta Departamentuko Burutzakoei dagozkienez gain, kontu-hartzaileak eskatzen dizkion guztiak bete beharko ditu, betiere indarra duen aratuegian eta Ekonomi arloko Zuzendaritzak ezarritakoari jarraikiz.

-Lanpostuari, mailari eta kategoriari dagozkien guztiak.

6.-Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

a) Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Iruñeko Udaleko erregistro orokorrean, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio eta bertan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabidea aurkezteko epea amaitzen den egunean. Eredu hori emanen zaie Zuzeneko Kudeaketaren Bulegoan, Merkatuaren kalea, 7 eta 9, Iruña.

Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

b) Orobat, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak frogatzen dituzten agiriak, behar bezala kautotuak, erantsiko dira.

7.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Alkatetzak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du, eta bertan adieraziko hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsik izanez gero, horiek zuzentzeko aukera izanen dutela.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Alkatetzak lehiaketa bete gabe deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Erreklamazioak egiteko epea amaiturik eta horiek ebatzita, Alkatetzak baztertuen eta onartuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

8.-Epaimahaiaren osaera.

Lehiaketa kalifikatzeko epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: María Kutz Peironcely andrea.

Ordezkoa: alkateak izendatu beharrekoa.

Mahaikideak:

Javier Aurrecoechea Gutiérrez jauna, Nafarroako Gobernuko Programazio Ekonomikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Juan Carlos López Taules jauna, Nafarroako Gobernuko Ekonomi Zerbitzuko ekonomilaria.

José María Baquedano Adrián jauna, Iruñeko Udaleko Ekonomi Alorreko zuzendaria.

Ordezkoa: María Angeles Arrula Ruiz andrea, Iruñeko Udaleko Ekonomi Alorraren Ataleko idazkari teknikoa.

Ernesto Tohane Eguiluz jauna, Iruñeko Udaleko konuhartzaile- delegatua.

Ordezkoa: Juan Bautista Labairu Elizalde jauna, Iruñeko Udaleko kontuhartzaile delegatua, goi mailako tituluduna.

Nuria Larráyoz Ilundáin andrea, Iruñeko Udaleko Ekonomi Alorreko goi mailako tituluduna.

María Jesús González de San Román andrea, Iruñeko Udaleko Ekonomi Alorreko goi mailako tituluduna.

Langileri Batzordearen ordezkari bat.

Ordezkoa: Langileri Batzordearen ordezkari bat.

Mahaikide idazkaria: Miguel Angel Cuesta Jorquera jauna, Iruñeko Udaleko Ekonomi Alorreko letratua.

Ordezkoa: Juan Luis Guijarro Salvador jauna, Iruñeko Udaleko Ekonomi Alorreko letratua.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

9.-Merezimenduen kalifikazioa.

Kontu hauek baloratuko dira, bata bestearen ondoren eta hurrenkera honetan:

a) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu, gehienez ere.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: 25 puntu, gehienez ere.

Alegatu eta justifikatutako merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu, honako honi atxikitako baremoaren arabera.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta egiaztatuko dira, izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du emanen merezimenduen atal bakoitzarendako adierazitako puntuazioa baino handiagorik.

Epaimahaiak ohar eta datu osagarriak eska ditzake, lehiatzaileek alegatu merezimenduen gainean.

c) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu, gehienez ere.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat eginen du lehiatzaile guztiei buruz. Horretan baloratuko du deialdiaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara nola egokitzen diren. Zerbitzuak txosten psikoteknikoan lehiatzaile bakoitzari emanen dion puntuazioa loteslea izanen da epaimahairako.

d) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba: 25 puntu, gehienez ere.

Lehiaketako epaimahaiak bidezkotzat jotzen badu, izangai bakoitzak proba praktikoa ahoz azaldu eta defendatuko du. Agerraldi horrek galderak bildu ahalko ditu aurkezturiko merezimenduei buruz eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara egokitzeko erari buruz.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu lortu beharko dira gainditzeko.

Izangai bat ahozko proba praktikoaren azalpen eta defentsara agertu ezik, berehala bazterturik geldituko da lehiaketatik.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketako gainerako ataletan lorturiko puntuazioari gehituko zaio, izangai bakoitzaren puntuazio osoa lortzeko.

Lehiaketako atalen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du Iruñeko Udalaren iragarki oholean izangai bakoitzak lortutako puntuazioa eta bost eguneko epea irekiko du izangaiek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten oro alega dezaten.

10.-Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera.

Epaimahaiak, erreklamazioak ebatzi ondoren, lehiatzaile guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Iruñeko Udalaren iragarki oholean, deialdiko 9. oinarrian aipatzen den proba praktikoa gainditu duten lehiatzaileen zerrenda igorriko dio deialdia eman duen organoari, agiri guztiekin batera, lehiaketako atal guztietan lorturiko puntuazio osoaren ordenari jarraituz, eta puntu gehien lortu dituena izenda dadila proposatuko du.

Lehiaketako puntuazio osoan berdinketarik gertatuz gero, Administrazio Publikoetan emaniko zerbitzuetan aintzinatasun handiagoa aitorturik daukan izangaiaren alde joko da. Berdinketak badirau, lanpostuaren edukiari eta eginkizunari buruzko proba praktikoan puntu gehiago lortu dituenaren alde joko da.

11.-Lanpostuaren jabetza hartzea.

Alkatetzak, dagokion ebazpenaren bidez, lehiaketan egokitu zaion lanpostua esleituko dio lehiatzaileari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

Lehiatzaileak esleitutako lanpostua hartu beharko du esleipenari buruzko Ebazpena jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean.

Behar bezala frogaturiko ezinbesteko arrazoiengatik izan ezik, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, horretan aritzeko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, lanpostua deialdiko 10. oinarrian aipatzen den zerrendan hurrengo dagoen lehiatzailearekin beteko da.

12.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren oinarrien eta egintzen kontra ondoko errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza sustatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da Iruñeko Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bostean. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskaera, Kontabilitateko arduradun izateko lanpostu bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian, .....ko ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emandakoan, parte hartzekoa.

1.-Datu pertsonalak:

Izen-deiturak:

N.A.N.: ...........

2.-Datu administratiboak:

a) Egoera administratiboa: ...........

Zer lanpostutarako izendaturik dagoen:

Erakunde autonomoa:

b) Maila edo sailkatze taldea: .............

Izenpetzen duenak adierazten du, eskabideak aurkezteko azken egunean, eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.

Horrenbestez,

Eskatzen dut Kontabilitateko arduradun izateko lanpostu bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian onar nazatela.

Iruñean, 2002ko ..........aren ........(e)an.

(Sinadura)

IRUÑEKO UDALEKO ALKATEA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoei emandako zerbitzuak:

1) Deialdi honetako maila edo talde eta tituluko lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan langile finko bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu.

2) Deialdi honetako maila edo talde eta tituluko lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan aldi baterako langile bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,12 puntu.

3) Deialdi honetakoak ez bezalako lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan langile finko bezala egindako zerbitzu urte bakoitzeko:

A maila: 0,37 puntu.

B maila: 0,32 puntu.

C maila: 0,27 puntu.

D eta E mailak: 0,22 puntu.

4) Deialdi honetakoak ez bezalako lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan aldi baterako langile bezala egindako zerbitzu urte bakoitzeko:

A maila: 0,30 puntu.

B maila: 0,25 puntu.

C maila: 0,20 puntu.

D eta E maila: 0,15 puntu.

Oharrak:

1. Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzu aldiko egunei proportzionalki dagokien puntuazioa jarriko zaie izangaiei.

2. a) atal honetako gehieneko puntuazioa ez da izanen 35 puntutik gorakoa.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, dagokien zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioak zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egindako aldiak, hala nola unitate organiko baten burutza edo zuzendaritzan egindakoak, horietan hasi zen egunean zuen lanpostuan egindako zerbitzu gisa baloratuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa eta bestelako merezimenduak:

1) Erakunde edo zentro publikoek eta Unibertsitateek prestakuntzarako antolatzen dituzten jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo baliokide (10 irakastordu) bakoitzeko, gehienez 12 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroen irakastorduen frakzioak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua zehaztu gabe duten ziurtagiriak, kreditu batekoak balira bezala baloratuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena kreditatzen duten agiriak 12 kreditukoak balira bezala baloratuko dira.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko baldintzak betetzen ez dituzten arren, puntuazio berarekin baloratuko dira Administrazioak aginduta edo berak baliozkoturik egiten diren prestakuntza jarduketak, berariaz sartuz horietan Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barruan sindikatuek antolatzen dituztenak.

2) Kongresu edo jardunaldietan txosten edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jasotako lan zientifikoak edo ikerlanak eta aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak: gehienez 3 puntu, epaimahaiak baloratu beharrekoak, ondoko irizpide hauen arabera: lana edo jarduera banaka edo taldeka egin den eta kongresua edo argitalpena zein mailatakoa den (tokikoa, herrialdekoa, nazionala edo nazioartekoa).

3) Sektore publikoko prestakuntza jarduketak antolatu eta/edo haietan parte hartzea: gehienez bi puntu, haien iraupenaren arabera epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoak.

4) Deialdian eskatutakoaz besteko, horrelakorik baldin badago, titulazioak eta espezialitateak: gehienez 4 puntu.

5) Bestelako merezimenduak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, besteak beste, hizkuntzak, sektore pribatuko lanak, prestakuntzarako beka edo egonaldiak, edo parte-hartzea kontsulta, aholkularitza, partaidetza edo ordezkaritza organoetan: gehienez 4 puntu.

Oharrak, b) atal osorako:

1. Atal honen barruan deialdiko lanpostuari loturiko merezimenduak baloratuko dira bakarrik.

2. Honako b) atal honetan 25 puntu ateratzen ahal dira gehienez.

Iragarkiaren kodea: A0208570