111. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Deialdia, Iruñeko Udaleko diruzain lanpostu bat oposizio bidez betetzekoa

1.-Arau orokorrak.

1.1 Deialdi honen xedea Iruñeko Udaleko diruzain lanpostu bat, hasiera batean Ekonomia Alorrean ariko dena, oposizio bidez betetzea da.

1.2. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko du izendatua, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruzko xedapen indardunetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Lanpostuak A mailako lansariak eta bateraezintasuneko osagarria izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzeko diren gainerako xedapenetan erabakitakoaren arabera.

1.4. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuan aritzeko izendatuko den izangaia Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio, aipatu erregimen horretan aurreikusitako babesean.

1.5. Izendatutako izangaiak destinoko herrian bizi beharko du, eta horretarako, Iruñeko udalerrian eduki beharko du bizileku finkoa.

1.6. Lanaldiaren erregimena zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.7. Deialdi honen ondorioz izendatua gertatzen den diruzainak eginkizun hauek izanen ditu:

-Diruzaintzako eginkizunetako erantzukizun administratiboa, horren barrenean izanik entitatearen funtsak, baloreak eta efektuak erabiltzea eta zaintzea.

-Dirubilketa zerbitzuen burutza, dirubilketa borondatezkoa nahiz nahitaezkoa izan.

-Ordainketa-etendurak, porrotak eta Udalaren zordunen kudeaketak, oro har, tramitatzeko ardura.

-Haien titulazioaren berezkotzat jotzen diren oro, bai eta horiek garatzeko eginkizun administratiboak eta horiekin loturik daudenak.

2.-Izangaien betekizunak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarrak izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoak, edo Europar Batasunak egin eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera kasu honetan onar daitekeen beste estatu batekoak, eta adinez nagusi izatea.

b) Ekonomi edo Enpresa-zientzietan lizentziatua, Zuzenbidean lizentziatua edo Enpresen administrazio eta zuzendaritzan.

c) Lanpostuari dagozkion egitekoetan aritzeko behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa mugatu ahal duen gaitz larri edo kronikorik ez izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak aipatutako betekizunak egiaztatu beharko ditu, deialdi honen zortzigarren oinarriak xedatzen dituen eran eta epean, eta joko da izangaiek beteak dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna baino lehenago, eta haien jabe direla oposizioa egin bitartean, bai eta izendapenaren unean ere.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik aitzina. Aipatu eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen azken eguna baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Zuzeneko Kudeaketarako Bulegoan eskura daiteke (Merkatuko kalea, 7-9).

3.2. Minusbaliotasunen bat dutenek hura zer-nolakoa den adierazi beharko dute eskabidean eta ariketak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik beharrezko izan ditzaketen egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte.

3.3. Eskabideari erantsiko zaio Udal Diruzaintzan azterketari dagokion tasa gisara 15 euro ordaindu izanaren egiaztagiria.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barnean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsik baldin bada, haiek zuzendu.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: alkatea edo bere ordez arituko den zinegotzia.

Ordezkoa: alkateak izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: José María Baquedano Adrián jauna, Ekonomia Alorreko zuzendaria.

Ordezkoa: Doña María Angeles Arrula Ruiz andrea, Ekonomia Alorreko idazkari teknikoa.

Mahaikidea: Helio Robleda Cabezas jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna. Ekonomia Finantzarioko eta Kontabilitateko Alorra.

Ordezkoa: Jorge Nieto Vázquez jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedraduna. Analisi Ekonomikoaren Oinarrien Alorra.

Mahaikidea: Begoña Urrutia Juanicotena, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuko zerbitzuburua.

Ordezkoa: Fernando Sala Ibarrola jauna, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuko atalburua.

Mahaikidea: Fermín Cabasés Hita jauna, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko aholkulari ekonomikoa.

Ordezkoa: Berta Enrique Cornago andrea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko aholkulari ekonomikoa.

Mahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Mahaikide-idazkaria: Miguel Angel Cuesta Jorquera jauna, letratua.

Ordezkoa: Juan Luis Guijarro Salvador jauna, letratua.

Epaimahaia hautapen probak egin baino lehenago osatu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da osatu, ez eta jardun ere, gutxienez ere bere kideen erabateko gehiengoa biltzen ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak deitzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta horiexetan bakarrik lagunduko dute epaimahaia.

6.-Oposizioa.

6.1. Oposizioa deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta gutxienez bi hilabete pasata hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera emanen da aditzera noiz, non eta zein ordutan hasiko den.

6.2. Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 80 puntu lortzen ahalko dira bertan:

Lehen ariketa: II. eranskineko "Kontabilitatea, aurrekontuak eta diruzaintza" eta "Finantzetako matematika eta estatistika" izeneko arloetako lau gai -bi arlo bakoitzetik- zozketaz bereizi, eta epaimahaiak horietako bi proposatuko ditu, lau orduan idatziz garatu beharko direnak.

0tik 10 puntura bitartekoa izanen da gai bakoitzaren kalifikazioa, eta gutxienez ere 5 puntu lortu beharko dira, bakoitzean, hurrengo ariketa egin ahal izateko.

Bigarren ariketa: III. eranskineko "Finantza eta tributu-zuzenbidea" eta "Merkataritza zuzenbidea, zuzenbide zibila eta administrazio zuzenbidea" izeneko arloetako lau gai -bi arlo bakoitzetik- zozketaz bereizi, eta epaimahaiak horietako bi proposatuko ditu, lau orduan idatziz garatu beharko direnak.

0tik 10 puntura bitartekoa izanen da gai bakoitzaren kalifikazioa, eta gutxienez ere 5 puntu lortu beharko dira, bakoitzean, hurrengo ariketa egin ahal izateko.

Hirugarren ariketa: epaimahaiak proposaturiko kasu praktiko bat ebatzi beharko da idatziz, gehienez ere lau orduan. II. eta III. eranskinetako edozein gairi buruzko kasua izanen da.

Kasuaren ebazpen edo aurkezpen osoa edo zati bat euskarri informatikoan egitea eskatzen ahalko da, Microsoft Word edo Excel programen bitartez.

0tik 40 puntura bitartekoa izanen da kalifikazioa eta gainditzeko, gutxienez ere, 20 puntu beharko dira.

6.3. Oposizioaldiko ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, ariketa egiten den tokian eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean, azterketa gainditu duten izangaien zerrenda, atera duten kalifikazioarekin, eta hurrengo probetarako iragarkiak.

6.4. Izangaiak epaimahaiari irakurriko dizkio oposizioaldiko ariketak, jendaurreko ekitaldi batean. Ariketa bakoitzaren irakurketa amaitutakoan, epaimahaiko kideek izangaiarekin hitz egiten ahalko dute, gehienez ere hamabost minutuan.

Irakurketari uko egiten badio, izangaia deialditik bazterturik geldituko da.

6.5. Hautapen probak egiterakoan, denbora edo baliabide aldetik ahal diren egokitzapenak ezarriko dira hala eskatua duten ezinduentzat, eskabidean adierazitakoari jarraikiz.

7.-Gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren emaitza emandakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan, hura gainditu dutenen zerrenda, atera duten puntuazioaren hurrenkeran, izangaiek oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta 30 egun naturalean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udaleko Langileria Departamentuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena.

c) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazirik.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

7.2.2. Izangaiak minusbaliotasunen bat alegatzen badu, kreditazio bat aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baitu bateragarriak direla hura eta deialdi honetako xede den lanpostua.

7.3. Epe horretan, eta behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia ezin izanen da izendatu, halako eran non haren egintza guztiak baliogabeturik geldituko baitira, beti ere, haren eskabideko faltsutasunarengatik legokiokeen erantzun beharra ezertan galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, alkateak gainditu dutenen zerrendan, hots, 7.1. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko ataletan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.

8.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

8.1. Alkateak, ebazpen bidez, Iruñeko Udaleko diruzain izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.

8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, deialdiko 7.3. atalean ezarritakoari lotuko zaio.

9.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita bere oinarri eta aplikazio egintzen aurka ere, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahai kalifikatzailearen egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, alkateari zuzendurik, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bostean. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

...................... J/A, adinez nagusia, ........... Nortasun Agiri Nazionala duena, 19...(e)ko .........aren .....(e)an sortua, .............koa (........), helbidea .............(e)n (........) .......... kaleko ..... zk.an duena (......... posta kodea) eta .............. telefonoa duena.

Zure aitzinera agertzen da eta ondokoa azaltzen du:

Iruñeko Udaleko diruzain lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian, hots, .........(e)ko .......... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, onartua izatea eskatzen duela.

Ez duela karguaren eginkizunetarako eragozten dion akats fisiko, psikiko edo eritasunik.

Ez duela xedapen indardunek ezarritako ezgaitasun bakar bat ere.

Ez dela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ere.

Badela deialdiaren 2. oinarrian aipatzen den titulazioaren jabe.

Azterketarako eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan, eta horren gordekina eransten duela.

Eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean.

Minusbaliatua dela eta, horrenbestez, egokitzapena eskatzen duela, erantsitako orrian behar bezala zehaztu eta arrazoitua (beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

Horrenbestez:

Eskatzen dizu honako eskabide hau ontzat eman eta, beraz, Iruñeko Udaleko diruzain lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian onar dezazula.

Iruñean, 2002ko .........aren ........(e)an.

(Sinadura)

IRUÑEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Kontabilitatea. Aurrekontua eta diruzaintza

1.-Kontabilitatearen Plan Orokorraren kontabilitate eredua. Kontabilitatearen Plan Orokorraren ezaugarriak, helburuak eta egitura. Kontabilitatearen printzipioak eta balorazio arauak. Urteko kontuak Kontabilitatearen Plan Orokorraren baitan.

2.-Sektore publikoa eta kontabilitatea. Kontabilitate publikoa eta sektore publikoaren kontabilitatea. Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra: historia, bilakaera eta egungo egoera. Kontabilitate publikoaren ingurune juridiko-ekonomikoa. Kontabilitate publikoaren xedeak. Kontabilitate publikoaren informazioaren baldintzak. Sektore pribatuaren kontabilitatearekin bateratu beharra. Kontabilitatearen normalizazioa eta erakunde normalizatzaileak.

3.-Toki Korporazioen Kontabilitatea (I). Kontabilitate jarraibidea toki administraziorako eta erregulazioa Nafarroan: kontabilitateko tresnak. Kontabilitateko agiriak. Kontabilitate liburuak.

4.-Toki Korporazioen Kontabilitatea (II). Gastuen aurrekontuko eragiketak. Irekitzea, aldaketak, aurrekontuaren kudeaketa: aurrekontu arrunt eta itxiak, urte anitzeko gastuak, aurrekontu arrunta ixtea eta etorkizuneko aurrekontuak. Dirusarrerei lotutako gastuak.

5.-Toki Korporazioen Kontabilitatea (III). Dirusarreren aurrekontuko eragiketak. Irekitzea, aldaketak, dirusarreren aurrekontuaren kudeaketa: aurrekontu arrunt eta itxiak, etorkizuneko dirusarrerak, indarrean dagoen aurrekontua erregularizatu eta ixtea eta etorkizuneko aurrekontuak.

6.-Toki Korporazioen Kontabilitatea (IV). Ibilgetu ez finantzarioa eta haren kontabilitatea. Kontzeptua eta ezaugarriak. Ibilgetuaren osaketa Toki Korporazioetan. Amortizazioa: kontzeptua eta metodoak. Amortizazio kuoten eragina.

7.-Toki Korporazioen Kontabilitatea (V). Ibilgetu finantzarioa eta haren kontabilitatea. Kontzeptua eta ezaugarriak. Zorpetze eragiketen kontabilitatea.

8.-Toki Korporazioen Kontabilitatea (VI). Diruzaintzako eragiketak. Administrazio Publikoen diruzaintzako egitura. Diruzaintzako eragiketen sailkapena eta kontabilizazioa. Kobrantza eta ordainketak aplikatzea. Justifikatu beharreko ordainketak eta kutxa finkoko aurrerakinak.

9.-Toki Korporazioen Kontabilitatea (VII). Ekitaldia ixtea: aurrekontuaren emaitza, hura zehazteko beharra. Diruzaintzako gerakina.

10.-Toki Korporazioen Kontabilitatea (VIII). Urteko kontuak: egoeraren balantzea. Ekonomia eta ondareko emaitzen kontua eta bere garrantzia. Urteko egoerak. Memoria eta kudeaketa txostenak.

11.-Kontu-ikuskapena eta kontrol ekonomiko-finantzarioa Toki Korporazioetan. Kontu-ikuskapenerako arauak sektore publikoan. Barne eta kanpo kontrolerako organoak Toki Korporazioetan.

12.-Aurrekontua: kontzeptua eta metodologia. Aurrekontuaren eginkizuna. Aurrekontuen sailkapena. Aurrekontua kudeaketarako tresna den aldetik.

13.-Aurrekontuaren prozesua. Aurrekontu klasikoa. Aurrekontu klasikotik "Planing Programing Budgetin System" (PPBS) delakora. Aurrekontua zuzentzea eta jardueren aurrekontua.

14.-Programatan planifikaturiko aurrekontua: baliabideak esleitzeko formula eraginkorra. Oinarrizko kontzeptuak. Programatan planifikaturiko aurrekontuaren abantailak eta arazo nagusienak.

15.-Aurrekontu publikoa eta bere garrantzia. Aurrekontuaren printzipioak. Nafarroako Toki Korporazioen aurrekontuak. Aurrekontuen egitura. Aurrekontuaren zikloa. Aurrekontuko aldaketak. Urte anitzeko gastuak.

16.-Toki entitateetako diruzaintza (I). Likideziaren kudeaketa. Likidezia kudeatzea xede. Diruzaintzako adierazle ekonomiko-finantzarioak.

17.-Toki entitateetako diruzaintza (II). Kobrantzaren prozesua. Dirusarrera motak, dirubilketa organoak eta entitate laguntzaileak. Kobrantza deszentralizatua. Kobrantza bideak. Nahitaezko kobrantza nola gauzatu.

18.-Toki entitateetako diruzaintza (III). Ordainketaren plangintza. Ordaintzeko moduak. Ordainketari lotutako finantzaketa moduak.

19.-Toki entitateetako diruzaintza (IV). Diruzaintzako punten errentabilizazioa. Likideziaren aldi baterako defizitaren finantzaketa.

Finantzetako matematika eta estatistika

1.-Aldagai estatistikoak. Posizio-neurriak, zentralak eta ez zentralak. Sakabanatze neurriak, absolutuak eta erlatiboak. Asimetriako neurriak eta kurtosia. Kontzentrazio neurriak.

2.-Zenbaki indizeak. Zenbaki indize bakun eta konplexuen esanahia. Serie estatistikoen deflaktazioa. Loturak eta oinarri aldaketak. Gehien erabiltzen diren indizeak. K.P.I.aren aipamen berezia.

3.-Denborazko serieak: ezaugarriak eta autokorrelazioa. Denborazko serieen osagaiak. Joera sekularra. Urtaroko aldakuntzak. Fluktuazio ziklikoak. Aurresatea.

4.-Inferentzia estatistikoa. Laginketa. Populazioa eta lagina. Zenbatespena eta hipotesiaren egiaztapena. Laginketarako metodoak. Laginketako ezaugarrien batezbestekoa eta bariantza.

5.-Metodo ekonometrikoak. Bi aldagaien eredu lineala. Karratu txikienen bidezko zenbatesleak. Korrelazio koefizientea. Bariantzaren azterketa. Aurresatea.

6.-Eragiketa finantzario bakunak: kapitalizazioa eta deskontua. Eragiketa finantzario konposatuak: kapitalizazioa eta deskontua.

7.-Errentak. Kontzeptuak eta sailkapenak. Errenta benetakoak, konstanteak eta aldakorrak. Errenta zatikatuak. Betirako errentak.

8.-Maileguak. Amortizazio sistemak: ordainketa bakarra, amortizazio kuota konstantea, urteroko konstantea, urteroko aldakorrak, bai progresio aritmetikoan bai geometrikoan. Korritu zatikatuak dituen amortizazio metodoa. Kapital bat eratzeko eragiketak.

9.-Jesapen normal klasikoak eta ezaugarri komertzialak dituztenak. Jesapen normalizakorrak: amortizazio saridunak, amortizazio idorrekoak, lotedunak, korrituen ordainketa zatikaturik dutenak, aldizkako administrazio gastuak dituztenak.

III. ERANSKINA

Finantza eta tributu-zuzenbidea

1.-Finantzen Zuzenbidea, bere edukia. Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra, printzipio orokorrak. Ogasun publikoaren pribilegioak. Ogasun Publikoaren araubidea: eskubide ekonomikoak eta exiji daitezkeen betebeharrak. Ogasun publikoaren aldeko eta kontrako interesen araubidea.

2.-Gastu publikoa: kontzeptua, sailkapena; horri buruzko printzipio konstituzionalak. Zor publikoa. Dirusarrera publikoak: kontzeptua, ezaugarriak eta sailkapenerako irizpideak.

3.-Tributu arloko printzipio konstituzionalak. Nafarroaren tributu arloko autonomia. Estatuaren eta Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa. 13/2000 Foru Lege Orokorra, Tributuei buruzkoa: haren aplikazioa Nafarroako toki entitateen tributuetan. Printzipio orokorrak eta tributupekoen eskubideak: bereziki, oker egindako zerga bidezko dirusarrera berreskuratzeko eskubidea.

4.-Tributuak: kontzeptua, izaera eta motak. Zerga: kontzeptua eta oinarria. Zergen sailkapena. Zergapetzearen printzipioak.

5.-Erlazio juridiko-tributarioa. Kontzeptua, izaera eta elementuak. Zergagaia: kontzeptua eta motak. Zerga oinarria: kontzeptua eta bera zehazteko araubideak. Likidazio oinarria. Karga-tasa eta tributu-zorra.

6.-Subjektu pasiboa. Tributuaren erantzuleak. Erantzukizuna. Erantzunbeharra besterenganatzeko prozedura. Ondorengoak tributu zorretan. Tributu gaietan jarduteko gaitasuna. Helbide fiskala. Zerga ordaintzetik salbuestea.

7.-Tributu zorraren ordainketa: ordaintzeko moduak, epeak eta errekarguak. Preskripzioa. Tributu zorra iraungitzeko bestelako moduak. Tributu-kredituaren bermeak.

8.-Tributuen aurkako arau-hausteak: kontzeptua, izaera eta motak. Tributu zehapenak. Tributuen gaineko zehapen prozedura.

9.-Tributu arloko kudeaketa. Tributu arloko kudeaketaren prozedura. Tributu arloko likidazioak: kontzeptua, motak eta jakinarazpen araubidea.

10.-Dirubilketa (I). Borondatezko dirubilketa eta nahitaezkoa. Dirubilketan laguntzaile gisa jarduten duten entitateen bidezko dirusarrerak. Premiamenduzko prozedura. Premiamenduzko eta bahiturako probidentziak.

11.-Dirubilketa (II). Bahitura. Lehentasun-ordena. Entregatu edo gordailatutako ondasunen bahitura. Ondasun eta eskubideak egiaztatu eta ikertzea. Bahitura gauzatzea. Hirugarrengotzak. Bahitutako ondasunak besterentzea. Administrazio-bahiturak eta bahitura judizialak batera. Bahituraren aurreneurrizko idatzoharra.

12.-Toki ogasunak: printzipio konstituzionalak. Estatuko, autonomiako eta tokiko ogasunen arteko koordinazioa. 2/1995 Foru Legea, Nafarroako toki ogasunei buruzkoa. Ordainarazpen guztientzako xedapenak: bereziki, ordenantza fiskalak.

13.-Nafarroako toki ogasunen tributuz besteko baliabideak: berezko dirusarrerak edo zuzenbide pribatukoak. Herri ondasunetako aprobetxamenduak. Prezio publikoak. Urbanizazio kuotak. Isunak. Bestelako prestazioak.

14.-Nafarroako toki ogasunen tributu bidezko dirusarrerak: kontzeptua eta motak. Zergak: kontzeptua eta motak. Tasak: kontzeptua eta motak. Prezio publikoen aldean dituzten ezberdintasunak. Kontribuzio bereziak.

15.-Nafarroako toki ogasunen bestelako dirusarrerak: kreditu eragiketen bidezko dirusarrera finantzarioak. Zor publikoa. Beste entitate publikoen tributuetan duten partaidetza. Dirulaguntzak.

16.-Nafarroako toki ogasunen zergak (I). Lurraren gaineko kontribuzioa. Jarduera ekonomikoen gaineko zerga. Lurren balio igoeraren gaineko zerga.

17.-Nafarroako toki ogasunen zergak (II). Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga. Luxuzko gastuen gaineko zerga. Etxebizitza hutsen gaineko zerga.

18.-Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga: atxikitzeko betebeharra, toki entitateen kargura. Balio erantsiaren gaineko zerga. BEZaren eragina Nafarroako toki entitateen jardueran. BEZa Nafarroako kontratazio publikoan.

Merkataritza zuzenbidea, zuzenbide zibila eta administrazio zuzenbidea

1.-Merkataritza zuzenbidea. Kontzeptua eta edukia. Iturriak. Merkataritzako egintzak. Merkataritza-enpresa. Banako merkataria.

2.-Merkataritza sozietateak, oro har. Merkataritza sozietatearen legezko kontzeptua. Sozietate zibilarekiko desberdintasunak. Motak. Sozietate irregularrak eta sortze bidean daudenak. Merkataritza erregistroa.

3.-Erantzukizun mugatuko sozietatea. Partaidetza sozialak. Bazkideen eskubide eta betebeharrak. Sozietatearen organoak.

4.-Sozietate anonimoa (I). Bere araubide juridikoaren oinarrizko ezaugarriak. Sozietatearen eskritura eta estatutuak. Sozietateko organoak. Sozietatearen ondarea eta kapitala. Akzioak. Handitzea eta txikitzea. Obligazioen jaulkipena.

5.-Sozietate anonimoa (II). Eraldaketa, bat-egitea eta zatiketa. Desegitea, likidatzea eta iraungipena.

6.-Balore-titulua. Kontzeptua eta motak. Kanbio-letra: letraren izaera eta eginkizun ekonomikoak. Ordainketa-agindua, endosua, onarpena eta abala. Ordaintzeko aurkeztea, ordainketa eta letra ordaindu gabea. Protestoa. Edukitzaileak bere eskubideen defentsan erabil ditzakeen bideak.

7.-Ordaindukoa. Txekea: kanbio-letrarekin zertan den berdina zertan desberdina. Baldintzak. Txeke bereziak.

8.-Merkataritzako obligazioak. Merkataritza kontratuak. Merkataritzako salerosketa. Komisio-kontratua. Leasing-a.

9.-Banku-kontratuak. Sailkapena. Bankuetako kontu korronteak. Banku-gordailua. Banku-maileguak. Kreditua irekitzea: kontzeptua, izaera eta motak. Kreditu-irekierako kontratuen araubidea. Bankuko deskontua.

10.-Porrota (I). Kontzeptua eta motak. Organoak. Zordunaren, hartzekodunen eta kredituen gaineko eragina. Masa aktiboa: berrezarpena eta murrizketa. Porrotaren atzerako eragina.

11.-Porrota (II). Masa pasiboa: kredituen azterketa, aitorpena eta graduazioa. Lehentasunezko kredituak eta abstentziorako eskubidea. Porrotaren konponbidea. Sozietateen porrota.

12.-Ordainketen etendura. Ordainketen etenduraren aurrekontuak, eraginak eta organoak. Ordainketen etenduraren deklarazioaren eraginak. Hitzarmena. Administrazio publikoen esku-hartzea lehiaketetan.

13.-Eskubide errealak. Bermeko eskubide errealak. Ondasun higiezinen hipoteka eta Jabetzaren erregistroarekin duen zer ikusia.

14.-Hipotekei buruzko printzipioak Espainiako Zuzenbidean. Jabetza erregistroan inskriba daitezkeen titulu eta egintzak. Erregistro-fede publikoa. Hirugarren hipotekarioa.

15.-Administrazio-zuzenbidearen iturriak. Konstituzioa: kontzeptua, ezaugarriak eta balio juridikoa. Legea. Legegintza dekretuak. Lege dekretuak. Erregelamenduak.

16.-Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta baldintzak. Administrazio ebazpen eta egintzen jakinarazpena. Administrazio egintzaren deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Administrazioaren isiltasuna.

17.-Administrazio prozedura eta dagokion lege arau-emailea. Aplikazio eremua eta printzipio orokorrak. Interesdunak. Administrazio prozeduren gaineko xedapen orokorrak: hasiera, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

18.-Egintzen berrikuspena administrazio bidean. Administrazio-errekurtsoak. Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

19.-Administrazio-kontratuak Nafarroan (I). 10/1998 Foru Legea, Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuei buruzkoa: aplikazio eremua eta araubide juridikoa; Administrazioaren kontratuen xedapen amankomunak. Administrazio kontratu ohikoenak. Administrazioaren prerrogatibak.

20.-Administrazio-kontratuak Nafarroan (II): Administrazioarekin kontratuak egiteko bete behar diren baldintzak: gaitasuna eta kaudimena, sailkapena eta bermeak. Kontratua prestatzeko jarduketa administratiboak: kontratazio espedientea; kontratuaren prestaketa; pleguak. Interesdunen proposamenak. Kontratazio mahaia. Lizitazioen publikotasuna.

21.-Administrazio-kontratuak Nafarroan (III): adjudikaziorako prozedurak eta moduak. Burutzea, formalizatzea eta jakinaraztea. Kontratuak betearaztea: xedapen orokorrak; obra kontratuaren betearazpena.

22.-Administrazio-kontratuak Nafarroan (IV): kontratuen aldaketa. Kontratuen iraungipena: betetzea eta onarpena; suntsitzeko arrazoiak eta bere ondorioak. Lagapena eta azpikontratazioa. Nafarroako toki entitateen kontratuetarako arau berariazkoak.

23.-Funtzio publikoa: harreman juridiko funtzionarialaren izaera eta edukia. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutua. Hautapena. Funtzionario izaera lortzea eta galtzea. Administrazio-egoerak. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak.

24.-Udal administrazioa. Udal organoak. Alkatea. Osoko bilkura. Gobernu batzordea. Bestelako organo erabaki hartzaile eta informazio emaileak. Udal organoen eskumenak eta eskurantzak, oro har. Iruñeko Udalaren Erregelamendu Organikoa.

25.-Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileak. Idazkaritza, kontu-hartzailetza eta diruzaintza. Nafarroako Kontuen Ganbara: eskumenak eta eginkizun fiskalizatzailea.

26.-Zerbitzu publikoaren jarduera: kontzeptuaren bilakaera. Zerbitzu publikoak kudeatzeko moduak. Administrazioak jarduera pribatuak bere gain hartzea: tresnak. Sustapen jarduera. Dirulaguntzak: kontzeptua, izaera eta araubide juridikoa.

27.-Nafarroako toki entitateen ondasunak (I): kontzeptua, sailkapena eta araubide juridikoa. Kalifikazio juridikoa. Aldatzea. Atxikitzea. Eskuratzea. Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea.

28.-Nafarroako toki entitateen ondasunak (II): erabilera eta aprobetxamendua; bereziki, administrazio kontzesioak. Besterentzea eta karga.

29.-Europako erkidegoak: aurrekariak, helburuak eta izaera juridikoa. Jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Itunak, erregelamenduak, zuzentarauak, erabakiak eta bestelako iturriak. Europar Batasuneko zuzenbideak barne antolamenduaren gainean duen eragin zuzena eta lehentasuna.

30.-Europar Batasunaren sistemaren oinarrizko askatasunak: salgaien zirkulazio librea eta merkataritza politika. Langileen zirkulazio librea eta gizarte politika. Kokatze-eskubidea eta zerbitzuak emateko askatasuna. Kapitalen askatasuna eta zirkulazioa. Europar erkidegoen finantzaketa.

31.-Europar Batasunaren politika ekonomikoa eta moneta politika. Estatu kideen bateratze ekonomikorako irizpideak; Batasunaren eskualde-politika. Egiturazko funtsak. Kohesio ekonomiko eta soziala. Euroa: jatorria eta ezarpen progresiboa. Euroaren eragina Toki Administrazioan.

Iragarkiaren kodea: A0208569