111. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

374/2002 FORU AGINDUA, uztailaren 12koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxe eta instituturi baimena ematen dio hizkuntzak irakasteko, Bigarren Hezkuntzako atzerriko hizkuntzen eta euskal hizkuntza eta literaturaren curriculumak Hizkuntzen Urrutiko Irakaskuntza Ofizialaren curriculumarekin bateratuz, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren koordinaziopean.

Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du, Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxe eta instituturi baimena eman dakion hizkuntzak irakasteko, Bigarren Hezkuntzako atzerriko hizkuntzen eta euskal hizkuntza eta literaturaren curriculumak Hizkuntzen Urrutiko Irakaskuntza Ofizialaren curriculumarekin bateratuz, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren koordinaziopean.

Honako hauek kontuan izanik: Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikulua (1982-08-16ko "EAO"); abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua, irakaskuntza ez-unibertsitarioaren arloan Estatuak Nafarroako Foru Komunitateari eginbehar eta zerbitzuak eskualdatzea onesten duena (1990-09-1eko "EAO"); Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 50.6, 51.5 eta 53.3 artikuluak (1990-10-4ko "EAO"); hizkuntzen irakaskuntza espezializatuen lehen mailako ikasketen antolamenduari buruzko irailaren 2ko 967/1988 Errege Dekretuaren 1.2 artikulua (1988-9-10eko "EAO"); uztailaren 16ko 196/2001 Foru Dekretua, hizkuntzen irakaskuntza espezializatuen oinarrizko zikloa antolatu eta haren curriculuma ezartzen duena; Urrutiko Hezkuntzari egokitutako hizkuntzen irakaskuntza espezializatuen lehen mailako oinarrizko zikloko curriculuma ezartzen duen 1993ko azaroaren 2ko Agindua (1993-11-13ko "EAO"), eta azaroaren 15eko 339/1993 Foru Dekretua, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofiziala eratu zuena (1993-11-24ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) eta c) artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Baimena ematea I. eranskinean ageri diren Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuei hizkuntzak irakasteko 2002/2003 ikasturtetik aurrera, Bigarren Hezkuntzako atzerriko hizkuntzen curriculumak Urrutiko Hezkuntzari egokitutako hizkuntzen irakaskuntza espezializatuarekin bateratuz, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek atzerriko hizkuntzak eta euskara irakasteko egin duten laguntza programaren arabera.

2. Baimena ematea II. eranskinean ageri den Bigarren Hezkuntzako institutuari hizkuntzak irakasteko 2002/2003 ikasturtetik aurrera, Bigarren Hezkuntzako euskal hizkuntza eta literaturaren curriculumak Urrutiko Hezkuntzari egokitutako hizkuntzen irakaskuntza espezializatuarekin bateratuz, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek atzerriko hizkuntzak eta euskara irakasteko egin duten laguntza programaren arabera.

3. Foru Agindu honen 1. eta 2. puntuetan aipatzen diren Bigarren Hezkuntzako institutuek baimena izanen dute, beraz, dagozkien hizkuntzak irakasteko, Bigarren Hezkuntzako atzerriko hizkuntzen eta euskal hizkuntza eta literaturen curriculumak Hizkuntzen Urrutiko Irakaskuntza Ofizialekoarekin bateratuz, Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak koordinaturik. Hori eginen da Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren antolaketa eta jarduna arautzen duten jarraibideek kurtso bakoitzerako ematen dituzten arauetan ezarri mailen arabera.

4. Baimena duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuetako ikasleak, nahi izanez gero, beren borondatez sartuko dira programan, eta matrikula egin beharko dute bai Bigarren Hezkuntzako ikastetxean edo institutuan, bai eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialean ere. Ikasleen ebaluazioa era desberdinekoa izanen da ikasketen balio akademikoaren arabera: alde batetik, Atzerriko Hizkuntza eta/edo Euskal Hizkuntza eta Literatura gainditzea Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzan, bere ebaluazio prozesuarekin, eta beste aldetik, Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren agiria lortzea, dagokion hizkuntzan.

5. Programa honetan hasten diren ikasleei Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek bermatuko diete bertan segituko dutela, harik eta Hizkuntzen Irakaskuntza Espezializatuen ikasketak burutu arte, gai horri buruz indarra duen arautegia kontuan harturik.

6. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak bukatutzat eman dezake Foru Agindu honen 1. eta 2. puntuetan aipatzen den baimena, ondoko kasu hauetan:

-Ikastetxe edo institutuak modu arrazoituan eskatzen duenean, betiere Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren txostena kontuan hartuta.

-Gorabeherak direla medio, baimenari bukaera ematea komeni denean, horretarako kontuan harturik Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialak egindako ebaluazioa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Hezkuntza zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio Foru Agindu honetan agindutakoa aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu hau eta eranskinak igortzea Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Inbertsio Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Ikastetxeen eta haien Finantzaketaren Atalera, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Hizkuntzen Unitate Teknikora, Ikastetxeak Baimendu eta Erregistratzeko Bulegora, ikastetxe interesatuetara eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek eta eranskinek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hamabian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

I. ERANSKINA

Iruñeko "Cuatrovientos, I.T.C." Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatua: ingelesa eta frantsesa.

Iruñeko "Iturrama" Bigarren Hezkuntzako institutua: frantsesa.

II. ERANSKINA

Burlatako "Askatasuna/Libertad" Bigarren Hezkuntzako institutua: euskara.

Zangozako "Sierra de Leyre" Bigarren Hezkuntzako institutua: euskara.

Iruñeko "Julio Caro Baroja-La Granja" Bigarren Hezkuntzako institutua: euskara.

Iruñeko "Biurdana" Bigarren Hezkuntzako institutua: euskara.

Iragarkiaren kodea: A0208168