111. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

193/2002 FORU DEKRETUA, irailaren 2koa, Tuterako Osasun Barrutiko Eskualdeko Onkologia Unitatea sortzen duena.

Nafarroako Gobernuak 2001eko ekainaren 11ko bilkuran, Nafarroako Plan Onkologikoa onesteko Erabakia hartu zuen.

Plan horren bidez kalitatezko eskaintza ziurtatu nahi da Foru Komunitate osoarentzat bere eskualde guztietan, tratamendu onkologikoetarako irispidea erraztuz herritar guztiei.

Bestetik, Plan Onkologikoak zainketa aringarriak ziurtatu nahi dizkie, etxean bertan edo ospitalean egitekoak, haietaz behartzen diren eri guztiei, bereziki mina kontrolatzeko laguntza. Halaber, behar diren baliabide espezifikoak sortu nahi ditu eskualdeetako ospitaleetan.

Laguntza onkologikorako antolamendu berriak argi nabarmentzen du beharrezkoa dela ziurtatzea eskualdeetako ospitaleetan diagnostiko eta tratamendurako erabiltzen diren irizpideak eta gero bateko Zentro Onkologikoan erabiliko direnak berdinak izanen direla.

Helburu horiek erdiesteko asmoz, osasun zerbitzuetarako antolamendu berria pentsatu da, eta antolamendu berri horretako elementuetako bat hauxe da: Tuterako Reina Sofía ospitalean Minbiziaren Eskualdeko Unitate bat sortzea, behar bezala definitua.

Hori horrela, Osasun kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko irailaren bian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Tuterako Osasun Barrutian Onkologiako Eskualdeko Unitatea eratzea.

1. Onkologiako Eskualdeko Unitatea sortzen da Tuterako Osasun Barrutian, Tuterako Reina Sofía ospitalearen menpean. Tuterako Osasun Barrutian minbizia duten erientzako laguntza integrala hartuko du bere gain, betiere osasun sistemak laguntzeko dituen gainerako baliabideekin batera. Zuzenean emanen ditu Plan Onkologikoak eskatzen duen kalitate maila ziurtatzeko moduko zerbitzu onkologiko guztiak.

2. Reina Sofia ospitaleko Onkologiako Eskualdeko Unitateak zerbitzu sail hau eskainiko du:

Diagnostiko goiztiar espezializatua, Osasun Publikoaren Institutuak ezarritako programen araberakoa. Kontsulta espezializatuak eta tumore mota bakoitzaren diagnostikoa berresteko azterketa osagarriak.

Maizenik izaten diren tumoreen tratamendu kirurgikoak.

Modu deszentralizatuan eman daitezkeen tratamendu kimioterapikoak, teknikoki posible denean.

Tumore mota guztien segimendu espezializatua egiteko kontsulta mediko-kirurgikoak, Zentro Onkologikoaren Diziplina Anitzeko Unitatearekin elkarlanean.

Zainketa aringarriak eta minaren tratamendua.

Laguntza psikosoziala.

Ohiko ospitalizazioa.

Eguneko ospitalea.

Ospitaleetako Tumoreen Erregistroa.

2. artikulua. Tuterako Osasun Barrutiko Onkologiako Eskualdeko Unitatearen egitura eta antolamendua.

1. Reina Sofía ospitaleko Onkologiako Eskualdeko Unitateak baliabide hauek izanen ditu:

Onkologia Medikoko espezialista bat.

Zainketa aringarrietarako fakultatibo espezialista bat.

Ospitaleko Zuzendaritzak izendatutako espezialistak, laguntza onkologikoarekin zerikusia duten arloetakoak.

Unitatearen eginkizunak garatzeko behar diren erizainak eta administrariak.

2. Reina Sofía ospitaleko Onkologiako Eskualdeko Unitateak Iruñeko Zentro Onkologikoaren gidaritza tekniko iraunkorraren pean arituko da lanean, eta tumore mota bakoitzerako Nafarroako Zentro Onkologikoak diagnostikorako, tratamendurako eta segimendu klinikorako ezarritako prototoloak aplikatuko ditu.

3. artikulua. Onkologiako Diziplina Anitzeko Batzordea.

Tuterako Osasun Barrutiko Zuzendaritzak Onkologiako Diziplina Anitzeko Batzorde bat eratuko du, profesional klinikoak osatua. Batzordea astean behin elkartuko da gutxienez eri bakoitzari zer plan terapeutiko jarri erabakitzeko, betiere Nafarroako protokoloari jarraikiz eta kasu bakoitzaren egoera kliniko espezifikoaren arabera. Betiere zehaztu beharko dira planaren faseak, baita zer zentrotan eginen den eta nor den profesional arduraduna ere.

Halaber, batzordeak eri onkologikoari laguntzeko prozesua arintzeko zirkuitu espezifikoak ezarri beharko ditu, eta baita historia kliniko informatizatua betetzeko eta Ospitaleko Minbiziaren Erregistrorako datuak biltzeko arauak ere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Ondotik adierazten diren lanpostuak amortizatzea. Lanpostu horiek zuzkidura ekonomikoa dute gastuen aurrekontu indarduneko kontusailetan.

Tuterako Osasun Barrutian:

-Lan Osasunaren Unitateko burutza, plantilla organikoan 65.951 zenbakia duena, Tuterako Osasun Barrutiko Langileri Zerbitzuari atxikia.

Prestazio eta Itun Zerbitzuan:

-Administrazioko teknikari lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, A maila. Plantilla organikoan 62.307 zenbakia du.

Zerbitzu Zentraletan:

-Zainketa eta garbiketa arduradun lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, D maila. Plantilla organikoan 61.868 zenbakia du.

Bigarrena.-Honako lanpostu hauek sortzen dira:

Tuterako Osasun Barrutian:

-BFE/Onkologia medikoko alboko lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, A maila. Plantilla organikoan 68.289 zenbakia du.

-BFE/Zainketa aringarrietarako alboko lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, A maila. Plantilla organikoan 67.610 zenbakia du.

-Lau OLT/EDU lanpostu huts, funtzionarioen araubidekoak, B maila. Plantilla organikoan zenbaki hauek dituzte: 67.611, 67.612, 67.614 eta 67.615.

-Erizaintzako laguntzaile lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, D maila, Plantilla organikoan 67.615 zenbakia du.

-Administrari laguntzaile lanpostu huts bat, funtzionarioen araubidekoa, D maila. Plantilla organikoan 67.616 zenbakia du.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Zentro Onkologikoa sortu bitartean, Foru Dekretu honek aipatzen dituen zuzendaritza teknikoko eginkizunak Nafarroako Ospitaleko Zerbitzu Onkologikoek hartuko dituzte beren gain.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Indarrik gabe uzten dira Foru Dekretu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Bigarrena.-Ahalmena ematen zaio Osasun kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

Hirugarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: a0209586