11. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

346/2001 FORU DEKRETUA, abenduaren 17koa, Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala interes orokorrekoa dela deklaratzen duena.

Nafarroako Gobernuak uztailaren 2an harturiko Erabakiaren bidez Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala onetsi zen. Erabaki hori irailaren 10eko 110. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 66. artikuluak hauxe xedatu zuen:

Izaera publikoko azpiegitura, dotazio eta instalazioak eraiki eta konpontzeko lanak, hala nola haiek abian jartzekoak, obra egiteko edo zerbitzua emateko aukeratzen den kudeaketa modua gorabehera, ez dira tokian tokiko lizentzia edo beste inolako prebentzio kontrolen menpe izanen, betiere obra horiek Udalez gaindiko Plan edo Proiektu Sektorial batean aurreikusita baldin badaude eta Nafarroako Gobernuak interes orokorrekoak deklaratzen baditu.

Interes orokorraren deklarazioa Udalez gaindiko Plan edo Proiektu Sektorialaren behin betiko onespenarekin batera egin daiteke edo, bestela, geroago argitaratzen den Nafarroako Gobernuaren Foru Dekretu baten bitartez.

ANECOP-REAM, S.L.k, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial horren sustatzaileak, 2001eko azaroaren 27an proiektua interes orokorrekoa deklaratzea eskatu du, 10/1994 Foru Legearen 66. artikuluan araututakoaren arabera.

Nafarroako Gobernuak uste du eztabaidaezina dela Udalez gaindiko Proiektu Sektorial horren helburua interes orokorra deklaratzea, hondakinak kudeatzeko politika egokia eta, horrenbestez, garapen orekatuan oinarrituriko ingurumen politika egokia garatuko bada. Gizarte moderno eta garatuei dagokien zerbitzua ematea da xedea, izan ere, gizarte horrek sortzen dituen hondakin inerteak biltzea ezinbestekoa baita eraikuntzaren jarduera ekonomikoari eusteko, baina ingurumena hondatu gabe. Hondakinen kokapena aukeratzeko erabakiak udalez gaindikoak dira. Politika koherente orokor baten barrenean hartu behar dira, Foru Komunitateko eskualde guztiak kontuan harturik. Horregatik da egokia horrelako erabakiak foru erakundeek hartzea, gai inerteen hondakindegien kokagunea hautatu eta lur horiek berreskuratzeko arrazoizko erabakiak ez hipotekatzeko; horrela, gainera, tokian tokiko prebentzio kontrolen menpe egotea saihestuko da, izan ere horrek arrisku bat sor lezake, hots, biztanleria osoaren interesei lagundu beharrean, udalerri bateko ustezko interes partikularrei laguntzeko jokabide subjektiboa nagusitzea.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko abenduaren hamazazpian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala interes orokorrekoa dela deklaratzea, uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 66. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Iruñean, bi mila eta bateko abenduaren hamazazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A0200007