109. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 9a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

G A R E S

Euskara teknikari lanpostu bat lanaldi partzialean eta oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia

1. oinarria.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea Garesko Udaleko euskara teknikari lanpostu bat lanaldi erdian eta oposizio-lehiaketa bidez betetzea da.

1.2. Kontratazioaren zehaztapenak Nafarroako Gobernuarekin horren gainean sinatzen ahal diren hitzarmenen iraupenak eta horien baldintzek baldintzapetuko dituzte.

1.3. Deiadi honen bidez izendatzen dena Garesko Udaleko lan-kontratudun bilakatuko da eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatu eta alta emanen zaio, araubide horretan aurreikusitako babespean.

1.4. Lanpostuak B mailari dagozkion lansariak izanen ditu, kontratatzen duten denbora partzialaren proportzioan, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Lansarien behin-behineko Erregelamenduan eta hura garatzen edo aldatzen duten gainerako xedapenetan xedatu bezala. Titulazio handiagoa duen izangaia izendatuz gero, lanposturako eskatzen den titulazioari dagokiona izanen da lansaria.

1.5. Lanaldia zerbitzuko beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.6. Izendatzen den izangaiak Garesen bizi beharko du, eta horretarako udal mugape horretan ezarriko du bere bizilekua.

2. oinarria.-Bete beharreko eginkizunak.

Alkateak edo hark eskuordetzen duen administrazio instantzia eskudunak esleitzen dizkionak izanen dira bete beharreko eginkizunak, betiere euskara udal mugapean eta indarra duen legezko araudiarekin bat garatzearen gainekoak badira.

Horrenbertzez, hauek izanen ditu eginkizun:

a) Urteko jarduera programa prestatu eta horren segipena eta abaluazioa egitea, Udalak osoko bilkuran onets dezan, eta programa horren ondoriozko kontratazio proposamenak egitea, Udalaren organo eskudunak kontratazioa egin dezan.

b) Manatzen zaizkion itzulpenak egitea, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara.

c) Euskararen eta haren garapenaren gainean eskatzen zaizkion txostenak eta azterlanak egitea.

d) Dagokion arduradun administratiboak eskatuta, aholku ematea galdatzen zaizkion gai eta jardueretan.

e) Udal mugapean euskara garatzeko manatzen zaizkion jarduerak egitea.

f) Herritarren entitateei laguntza teknikoa ematea euskara sustatzeko beren jardueretan, erregelamenduaren ariora eskatzen badute eta Alkatetzak aldez aurretik baimena ematen badio.

g) Alkateak edo administrazio instantzia eskudunak manatzen dioten bertze edozein.

3. oinarria.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Nazionalitate espainiarra izatea edo, bertzenaz, abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legearen 1. artikuluak aipatzen dituen Estatuetarik edonongoa, beti ere artikulu horretan zehazten diren baldintzak betetzen baditu.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Unibertsitateko diplomatuaren titulua, ingeniari teknikoarena, arkitekto teknikoarena, Lanbide Heziketako hirugarren maila edo titulu balokideren baten jabe izatea edo eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen borzgarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, Unibertsitateko diplomatu tituluaren baliokidetzat jotzen da lizentziaturako hiru ikasturte oso gainditu izana.

d) Euskaraz jakitea, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatutako gaitasun agiriaren bidez nahiz ofizialki horren baliokidetzat jotzen den titulazio baten bidez frogatu beharko dena edo, bertzenaz, behar adinako hizkuntz gaitasun maila duen ala ez zehazteko, izangaiak gainditu beharko duen proba baten bidez.

Izangaiek aurkezten dituzten titulazioei buruzko txostena, haien onespen ofizialaren gainekoa, eginen du Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak.

e) Dagozkion egitekoak betetzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta edozein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

3.2. Baldintza horiek deialdiko hamargarren oinarrian ezarritako epean eta moduan beharko dira frogatu. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean bete beharko dira aipatutako baldintzak, baita hautapen prozedurak dirauen bitartean eta izendapena iritsi arte ere.

4. oinarria.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Garesko Udalaren erregistro orokorrean beharko dira aurkeztu, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, azken eguneko, egun balioduna bada, edo hala den hurrengoko 13:00ak arte. Eskabide horiek deialdi honetan argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu. Ereduak eskura egonen dira, Garesko Udaleko bulego nagusietan.

4.2. Eskabideekin batera ondorengo agiriak aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo horren baliokide den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Euskaraz jakitea frogatzen duen gaitasun agiriaren edo tituluaren fotokopia konpultsatua. Dakitela agiri bidez frogatzen ez duten izangaiek zehaztuko diren gaitasun probetan parte hartzeko konpromisoa aurkeztuko dute.

c) Lehiaketara aurkeztutako merezimenduak frogatzen dituzten jatorrizko ziurtagiriak, edo, bide horretaz baliatuz aurkeztu ezin dituen merezimenduen kasuan, titulu, ziurtagiri eta baloratzea nahi lukeen beste agirien kopia kautotua edo fotokopia (konpultsatua izateko, jatorrizkoarekin batera ekarriko dena).

4.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, alkateak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

5.2. Izangai baztertuek, behin behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta akatsik izan baldin bada, horiek zuzendu.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea akiturik, eta horiek ebatzirik, alkateak onartu eta baztertuen behin-betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

6. oinarria.-Epaimahaia.

6.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

-Mahaiburua: Eva Erro Ochoa andrea, Garesko Udaleko alkatea.

-Ordezkoa: Garesko Udaleko zinegotzi bat.

-Mahaikidea: Garesko Udalak izendatu beharreko teknikaria.

-Ordezkoa: Garesko Udalak izendatu beharreko teknikaria.

-Mahaikidea: Garesko Udaleko zinegotzi bat.

-Ordezkoa: Garesko Udaleko zinegotzi bat.

-Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko ordezkari bat.

-Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko ordezkari bat.

-Mahaikidea: sindikatuek Garesko Udalean duten ordezkaritza organoen ordezkari bat.

-Ordezkoa: sindikatuek Garesko Udalean duten ordezkaritza organoen ordezkari bat.

-Mahaikide-idazkaria: Fco. Javier Sánchez-Ostiz jauna, Garesko Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Nafarroako toki administrazioko idazkari bat.

6.2. Epaimahaikideen izenen zerrenda baldintza hauen 5.1 atalak aipatzen duen izangaien behin-behineko zerrendarekin batean argitaratuko da.

6.3. Epaimahaia eratzeko, mahaiburuak deia egin beharko du, probak hasi baino lehen.

6.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen agertu gabe.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.6. Epaimahaikideek parte hartzeari uko eginen diote eta honela jakinaraziko diote deialdia egin duen organoari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aipatzen dituen abstentzio arrazoiak direnean.

Orobat, izangaiek epaimahaikideak errefusatzen ahalko dituzte, arrazoi horiek izanez gero.

6.7. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahalko ditu proba guztietarako edo batzuetarako bakarrik. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. oinarria.-Lehiaketa nola eginen.

7.1. Lehiaketaldiak gehienez ere 3 puntuko balorazioa izanen du, gisa honetan banaturik:

a) Titulazio akademikoak:

Lortutako titulazio akademikoak, behar bezala frogatuak, ondoko irizpideen arabera baloratuko dira:

-Aurkeztu ahal izateko eskatu ez bezalako goi mailako titulazioak: puntu 1.

-Doktore titulua: puntu 1.

-Hizkuntza Eskola Ofizialaren tituluak (erdi maila/goi mailakoak), Europako Batasuneko hizkuntza ofizialetan: 1,5 puntu.

b) Esperientzia:

Administrazio publikoetan, euskara teknikari lanpostuan edo euskararekin ikusteko duten lanpostuetan (irakasle, itzultzaile, etab.) lan egin izana: 0,5 puntu urte bakoitzetik eta gehienez ere 2.

7.2. Lehiaketaldia amaitu ondotik, Garesko Udaleko iragarki oholean jarriko da izangai bakoitzak fase honetan lortutako puntuazioa.

8. oinarria.-Oposizioaldia.

8.1. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua. Gero, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu erregelamenduari jarraikiz.

8.2. Oposizioaldiko ariketen gehieneko balorazioa 8 puntukoa izanen da. Ariketa bakoitzean ezarritako puntuazioaren erdia lortzen ez duten izangaiak baztertuta geldituko dira.

8.3. Oposizioa ondoko ariketek osatuko dute:

Lehen ariketa: gehienez ere 4 puntu.

Zozketa bidez II. eranskinetik hartutako bi gairi buruzkoa. Gai bakoitzaren balorazioa 2 puntukoa izanen da gehienez, eta beharrezkoa izanen da bakoitzean gutienez puntu 1 lortzea baztertuta ez gelditzeko.

Probak 3 ordu iraunen du bi gaietarako eta euskaraz izanen da.

Izangaiek nahitaez irakurri beharko dute beren ariketa eta bertzerik gabe bazterturik geldituko dira beren ariketa irakurtzen ez dutenak.

Irakurketa bitartean epaimahaia eztabaidan aritzen ahalko da izangaiekin, baita komenigarri iruditzen zaizkion argibideak eskatu ere.

Bigarren ariketa: gehienez ere 4 puntu.

Zozketa bidez III. eranskinetik hartutako bi gairi buruzkoa. Gai bakoitzaren balorazioa 2 puntukoa izanen da gehienez, eta beharrezkoa izanen da bakoitzean gutienez puntu 1 lortzea baztertuta ez gelditzeko.

Probak 3 ordu iraunen du bi gaietarako eta euskaraz izanen da.

Izangaiek nahitaez irakurri beharko dute beren ariketa eta bertzerik gabe bazterturik geldituko dira beren ariketa irakurtzen ez dutenak.

Irakurketa bitartean epaimahaia eztabaidan aritzen ahalko da izangaiekin, baita komenigarri iruditzen zaizkion argibideak eskatu ere.

Hirugarren ariketa: gehienez ere 5 puntu.

Garesko egoera soziolinguistikoan oinarrituta, euskara normalizatzeko plan bat prestatzea.

Izangaiak aitzineko bi ataletako ariketak hasi baino lehen ekarri beharko du aipatu dokumentua.

8.4. Oposizioaldiko probak euskaraz eginen dira. Ez da utziko azterketara kontsultatzeko materialik ekartzen, ezta ariketetako bakar batean ere.

8.5. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Iragarritako egun, ordu eta tokietara, edozein arrazoi dela bide, azaltzen ez diren izangaiak baztertuta geldituko dira.

9. oinarria.-Probak baloratzea.

9.1. Epaimahaikide bakoitzak bere aldetik emanen du kalifikazioa, eta kalifikazio guztien banaz-bertzeko aritmetikoa izanen da ariketa horren puntuazioa.

Epaimahaikideek emandako puntuaziorik handienaren eta tikienaren arteko aldea ariketa horretarako baldintzetan aurreikusitako puntuazioaren ehuneko 30 baino handiagoa bada, muturreko bi puntuazio horiek ez dira kontuan hartuko eta banaz-bertzeko aritmetikoa lortzeko gainerako puntuazioak baizik ez dira erabiliko.

9.2. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Herriko Etxeko iragarki oholean eta probak egin diren lokaletan, probak gainditu dituztenen zerrenda, erdietsitako kalifikazioak barne. Bertan zehaztuko da hurrengo ariketa non, noiz eta zein ordutan hasiko den.

10. oinarria.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

10.1. Azken ariketaren kalifikazioa akiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udaletxeko iragarki oholean gainditzen dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, hots, izangai bakoitzak ariketetan erdietsitako kalifikazioak batuz.

10.2. Epaimahaiak puntuaziorik handiena lortutako izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio alkateari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emanen da.

10.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko 30 egun naturalean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udaleko Erregistro Orokorrean:

a) Deialdiko 3.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua.

b) Txosten medikoa, karguari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten ahal dion eritasunik edo akats fisiko zein psikikorik ez duela egiaztatzen duena. Udalak zehaztuko du zein osasun zentrok luzatuko duen txosten hori.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan dioena.

d) Zin egitea edo hitz ematea, Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela dioena.

10.4. Aipatu epearen barnean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbertzeko kasuak salbu, agiri horiek aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu, eta bere jarduketa guztiak baliorik gabe geratuko dira, eskabidean egin faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna galarazi gabe.

10.5. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, alkateak probak gainditu dituztenen zerrendan, 10.1. oinarrian aipatutakoan, ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

11. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Alkateak, ebazpen bidez, Garesko Udaleko funtzionario izendatuko du aurreko oinarrian ezarritako izapidea betetako izangaia, euskara teknikari gisara aritzeko.

Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

11.2. Izendatzen den izangaiak hilabeteko epearen barnean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan eta ezinbertzeko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Garesko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, aurreko oinarrian ezarri bezala jokatuko da.

12. oinarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, haren oinarri eta aplikazio agintzen aurka, administrazioarekiko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion Sailari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazten denetik bi hilabeteko epean, eta, aukeran, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hilabeteko epearen barnean.

Garesen, bi mila eta biko abuztuaren hamalauan. Alkatea, Eva Erro Ochoa.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................................., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia: ............., bizitokia: ..................., karrika: .............. zk. posta kodea: ............., telefonoa: ...............

Azaltzen dut:

Garesko Udalean lanaldi partzialean eta funtzionario moduan euskara teknikari lanpostu bat betetzeko deialdian, ........ko .........garren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratutakoan, eskaturiko baldintza guztiak betetzen ditudala.

Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua eransten dudala.

Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eransten dudala, eta euskararen ezagutza frogatzen duen gaitasun agiriaren fotokopia, edo euskaraz dakidala frogatzeko ezartzen diren gaitasun frogetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dudala (ezabatu bi aukeretako bat, ez dagokiona).

Horrenbertzez,

Eskatzen dut eskabide hau behar den epean eta moduan aurkeztutzat hartzea eta deialdiko probetan onartua izatea.

(Data eta eskatzailearen sinadura)

GARESKO UDALEKO ANDRE ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

1.-Euskararen gaineko legeria: Espainiako 1978ko Konstituzioa. Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko 1982ko Lege Organikoa.

2.-Euskararen gaineko legeria: Euskarari buruzko 1986ko Foru Legea eta hura garatzen duten legezko xedapenak.

3.-Nafarroako toki entitateak. Udalerriak: antolaketa eta eskumenak. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanak.

4.-Udal ordenantzak eta euskara.

5.-Parlamentua edo Nafarroako Gorteak: antolaketa eta funtzionamendua. Foru legeak.

6.-Foru Diptazioa edo Nafarroako Gobernua. Eginkizunak. Lehendakaria. Kontseilariak. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa.

7.-Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea.

8.-Europako Elkartearen antoleketa. Batzordea. Parlamentua. Kontseilua. Justizi Auzitegia.

9.-Europako Elkarteko zuzenbidea. Itunak, erregelamenduak, zuzentarauak, erabakiak.

10.-Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia. Antolaketa eta eginkizunak.

III. ERANSKINA

1.-Soziolinguistikako oinarrizko kontzeptuak.

2.-Hizkuntza plangintza: definizioa. Plangintza formala, funtzionala eta hizkuntza bat eskuratzekoa.

3.-Hizkuntza plangintza eta gizarte aldaketa.

4.-Hizkuntza politikak Europar Batasuneko herri eleanitzetan: lege eredu juridikoak.

5.-Hizkuntza politikak Espainian: autonomi elkarteetako eredu juridikoak.

6.-Euskara eta Nafarroako euskalkiak: ezaugarriak, bilakaera historikoa eta gaur egungo egoera.

7.-Euskararen gaur egungo egoera Nafarroan.

8.-Euskara eta hizkuntza ereduak Nafarroako irakaskuntzan: euskararen curriculumen azterketa eredu horietan.

9.-Euskara garatzeko planak: xedeak, osagaiak eta diseinua.

Iragarkiaren kodea: A0209262