109. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 9a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

MIRANDA-ARGA

Eraikinak edertzeari buruzko ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Miranda-Argako Udalak, 2002ko martxoaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eraikin eta etxebizitzak edertu eta apaintzeko sariak emateari buruzko ordenantzaren aldaketa.

Hasiera bateko onespenaren iragarkia 2002ko 60. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, maiatzaren 17an argitaratu ondoren, jendaurreko epean ez baita alegaziorik egin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legeko 325. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ordenantzaren aldaketa behin betikoz onesten da eta argitaratzen da, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Miranda-Argan, bi mila eta biko uztailaren bostean. Alkatea, María Teresa Iradiel Ibáñez.

ERAIKIN ETA ETXEBIZITZAK EDERTU ETA APAINTZEKO SARIAK EMATEARI BURUZKO ORDENANTZA

Zioen azalpena

Miranda-Argako Udalaren nahia da, alde batetik, herriko arau subsidiarioetako I. eremu homogeneoaren barruan (hirigune historikoa) sartzen diren etxebizitza eta eraikinak, bai eta eremu horretatik kanpo egonagatik arauetan katalogatuta daudenak ere, kanpo aldetik edertzen eta apaintzen laguntzea, eta, beste aldetik, bide ematea hirigune historikoan ongi txertatuko diren etxebizitza berriak eraiki daitezen eremu homogeneo horretan, inguruneari egokitzeko baldintza estetiko batzuk beteta.

Ildo horretan, etxebizitza eta eraikinen jabe partikularren ekintzak bultzatzearren, Miranda-Argako Udalak, ordenantza honen bitartez, mota horretako obrak egiten dituztenei urtero sariak ematea arautzen du, baldin eta obra horiek interes historiko-arkitektonikoa duten multzoak eta eraikinak benetan mantendu eta aberasten badituzte.

1. artikulua. Miranda-Argako Udalak urtero hiru sari emanen dizkie mota hauetako obren sustatzaileei:

a) Herriko arau subsidiarioetako I. eremu homogeneoaren (hirigune historikoa) barruan sartzen diren etxebizitza eta eraikinak kanpo aldetik edertzeko eta apaintzeko obrak.

b) Arauetan katalogaturiko etxebizitza eta eraikinak, nahiz eta eremu horretatik kanpo egon, kanpo aldetik edertzeko eta apaintzeko obrak, baldin eta obra horiek interes historiko-arkitektonikoa duten multzoak eta eraikinak benetan mantendu eta aberasten badituzte.

c) Aipatutako I. eremu homogeneo horretan etxebizitza berriak eraikitzeko obrak, hirigune historikoan ongi txertatzen direnak, inguruneari egokitzeko baldintza estetiko batzuk beteta.

2. art. Hauek dira hiru sari horien zenbatekoak. Dena den, hurrengo urteetan Udalak zenbateko horiek eguneratzen ahalko ditu:

-Lehenengo saria: 1.202,02 euro.

-Bigarren saria: 601,01 euro.

-Hirugarren saria: 300,51 euro.

3. art. Baldintza orokorrak. Sariketara aurkezten diren pertsonek beteak eduki beharko dituzte Miranda-Argako Udalarekiko zerga-betebeharrak, eskabidea aurkezten duten unean edo, bestela, froga bidea eskatzen zaienean, zeren, borondatez ordaintzeko epea amaitzen denean zerga-betebeharren bat bete gabe dutenek ezin izanen baitute 2. artikuluan aipatzen diren sarietako bakar bat ere jaso.

4. art. Eskabideak. Sarien urteroko lehiaketan parte hartzeko interesa duten jabeek hartan parte hartzeko eskabidea egiten ahalko dute Udaleko bulegoetan emanen zaien eskabidea aurkeztuz. Eskabide hori obra lizentziaren eskabidearekin batera edo zein bere aldetik aurkez dezakete, urte bakoitzeko uztailaren bata (1a) arte.

5. art. Agiriak. Ordenantza honetan ezarritako sariak eskuratu nahi dituztenek edertu nahi den fatxadaren argazkia aurkeztu beharko dute, bai eta edertu ondokoa ere, obrak bukatutakoan. Zein urtetako lehiaketan parte hartu, urte horretako abuztuaren 1a baino lehen aurkeztu beharko dira argazkiak.

Obren sustatzaileak Udalari jakinarazi beharko dio obrak zein egunetan jotzen diren bukatutzat.

6. art. Sariak eskuratu ahal izateko ezinbesteko baldintza izanen da obrak dagokien obra lizentziarekin egitea eta urte bakoitzeko abuztuaren 1a baino lehen bukatzea.

7. art. Sariketa urtero antolatuko da, ohiko bideak erabiliz ezagutaraziko da eta sariak urtero herriko festetan emanen dira, jendaurrean.

8. art. Ordenantza honetan ezarritako sarien lehiaketan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Miranda-Argako Udalari egindako obrak behar den guztietan ikuskatzeko eta saritutako eraikinen argazkiak Udalaren Informazio Aldizkarian argitaratzeko.

9. art. Hauek osatuko dute hiru sariak emanen dituen epaimahaia:

-Udaleko alkatea.

-Udalaren Hirigintza Batzordeko burua.

-Udaleko arkitektoetako bat.

10. art. Epaimahaia, urtero, abuztuaren 1etik herriko jaiak hasi arte bilduko da, instruitutako espedienteak eta lehiaketako obrak aztertu eta behar diren epaiak emateko.

Epaimahaiak eskubidea du edertu eta apaintzeko sariak emateko urteroko lehiaketako sari guztiak edo sarietakoren bat eman gabe uzteko.

Sarietakoren bat eman gabe gelditzen bada, sari horri dagokion zenbatekoa beheragoko kategoriaren batean sarituta gertatzen direnen artean banatzen ahalko da, saria bi lehiakide edo gehiagoren artean banatu behar den kasuetan.

11. art. 2002an, sariak eskuratzen ahalko dituzte 2000ko urtarrilaren 1etik 2002ko uztailaren 31 bitartean hasi eta bukatutako obren sustatzaileek.

Aldiz, ondoko urteetan sariak eskuratzen ahalko dituzte abuztuaren 1etik eta hurrengo urteko uztailaren 31 bitartean hasi eta bukatutako obren sustatzaileek, baldin eta eskabidea 3. artikuluan ezarri bezala egiten badute.

12. art. Ordenantza honek indarra izanen du 2002ko ekitaldian eta hurrengo urteetan.

Iragarkiaren kodea: A0208083