108. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A R A N G U R E N

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez lorezain izateko bi lanpostu betetzeko

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Aranguren ibarreko Udalerako lorezain izateko bi lanpostu betetzea oposizio-lehiaketa bidez.

1.2. Izendatzen diren izangaiak lan-kontratudun finko bihurtuko dira eta Gizarte Segurantzan afiliatu eta alta emanen zaie.

1.3. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren D mailari dagozkion ordainsariak izanen dira urteko ordainsari gordinak.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta Udalak edonoiz aldatu ahalko du.

1.5. Bere eskumenen arabera manatzen zaizkion zeregin guztiak beteko ditu, bere mailaren eta kategoriaren barnean.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea eta Espainiako nazionalitatea edota Europako Batasuneko bertze estatu batekoa edukitzea.

b) Gutxienez, Eskola Graduatuaren titulua edota Lanbide Heziketako 1. mailako titulua edo baliokidea izatea.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik inoiz baztertua ez izana.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hogeita hamar egun naturaleko epean eta azken eguneko eguerdiko ordu bata baino lehen. Azken eguna balioduna izan ezean, epea hurrengo egun baliodunean bukatuko da. Eskabideak deialdian argitaraturiko ereduari jarraikiz egin beharko dira eta bertan izangaiek adieraziko dute eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

3.2. Eskabide orriarekin batera, deialdi honetako 2.1 puntuan eskatutako betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak, jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak, eta NANaren fotokopia aurkeztu beharko dituzte.

3.3. Izangaiek curriculum vitaea eta baremoan alegatu nahi dituzten merezimendu guztien egiaztagiriak, jatorrizkoak edo notario nahiz administrazio bidez kautotuak erantsiko dituzte.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Udaleko alkateak, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

4.2. Bazterturiko izangaiek, onartu eta baztertuen zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak egiteko eta, eskabidean eta aurkeztutako agirietan okerrik badago, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioen epea amaitutakoan eta behin horiek ebatzi ondoren, Udaleko alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Bertan, probak noiz hasiko diren adieraziko da.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahai kalifikatzaileak honako kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Manuel Romero Pardo jauna, Aranguren ibarreko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Rubén Ibero Goñi jauna, zinegotzia.

Mahaikidea: Javier Cía Aldaba, Raquel Asiáin Valencia.

Mahaikidea: Berta Oroz Torrea, Jesús Sucunza Lazcano.

Mahaikidea: Luis Muriel Santesteban, Luis Antonio Dos Anjos Marques.

Mahaikidea: Martín Esparza Nuin, Josetxo Loriente Murillo.

Idazkaria: Udalekoa, edo haren ordez legez diharduena.

5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi baino lehen eratuko da, eta gutxienez kide guztien gehiengo osoa beharko da, horren eraketak eta jarduketak balioa izan dezaten.

5.3. Deialdiko oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen auzi guztiak gehiengo bidez erabakiko ditu epaimahaiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekarri ahalko ditu proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkulari horien lana beraien espezialitate teknikora mugatuko da.

6.-Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehendabizi lehiaketaldia eta ondoren oposizioaldia.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak ondotik ematen den merezimendu baremoaren arabera baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak. Izangaiek agiri bidez alegatu eta frogatu beharko dituzte merezimendu guztiak, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztearekin batera. Horretarako, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak aurkeztuko dira, bestelakoan ez aurkeztutzat joko baitira.

7.2. Lehiaketaldiaren balorazioa.

Lehiaketaldian 10 puntu eskuratu ahalko dira gehienez ere. Puntuak era honetara eskuratuko dira:

a) Lorezain edo gisako langile gisa emandako urte bakoitzeko, puntu bat, baldin eta Gizarte Segurantzan alta emana izan bada. 5 puntu gehienez ere.

b) Lorezaintza alorreko 1. graduko Lanbide Heziketako tituluarengatik, 5 puntu.

8.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu:

a) Lehenbiziko ariketa.

Ariketa teorikoa izanen da, test modukoa izan daitekeena, bete beharreko lanpostuari edo lanbideari buruzkoa. 40 puntu lortu ahalko dira gehienez ere, eta bazterturik geratuko dira 20 puntura iristen ez direnak.

b) Bigarren ariketa:

Ariketa praktikoa izanen da, bete beharreko lanpostuari edo lanbideari buruzkoa. 40 puntu lortu ahalko dira gehienez ere, eta bazterturik geratuko dira 20 puntura iristen ez diren izangaiak.

8.2. Elkarrizketa

Epaimahaiak elkarrizketa bat eginen du arestiko probak gainditu dituzten izangaiekin, deialdi honetako lanpostuarekin zerikusia duen edozein gairi buruzkoa izan daitekeena.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

8.3. Mahaikideek nork bere aldetik jarriko ditu puntuazioak, eta horiekin batez besteko aritmetikoa eginen da ariketa bakoitzaren puntuazioa jakiteko.

8.4. Probak deialdi bakarrean eginen dira eta izangaiak Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela bertaratuko dira. Agertzen ez diren izangaiak baztertuta geratuko dira.

9.-Gainditu dutenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak, aditzera emanen du Udaletxeko iragarki oholean gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntu gehien lortu duten izangaiak izendatzeko proposamena eginen dio deialdia egin duen organoari.

9.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barnean, proposaturiko izangaiek ondoko agiriak ekarri beharko dituzte:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Interesatuak karguan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisikorik ez duela egiaztatzen duen agiri mediko ofiziala.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua izan ez dela dioena.

9.3. Finkatu epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbestekoak salbu, interesatuak agiri horiek aurkezten ez baditu, ezin izanen da lan kontratua sinatu eta baliorik gabe geldituko dira jarduketa guztiak, hasierako eskabidean faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna deusetan galarazi gabe.

9.4. Arestiko atalean ezarritakoa gertatuz gero, Udalak 9.1. oinarrian aipatzen den zerrendako izangaiekin beteko du hutsunea.

10.-Izendapena eta lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Hautabidea bukaturik, Aranguren ibarreko Udalak proposatutakoak izendatuko ditu, Aranguren ibarreko Udaleko lan kontratatu finko izan daitezen.

10.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izangai izendatuek izendapena jakinarazten denetik hilabetearen barrenean hartuko dute lanpostuaren jabetza. Aipatu epearen barrenean eta behar adina frogaturiko ezinbestekoak salbu, jabetza hartzen ez badute, eskubide guztiak galduko dituzte eta deialdi honen aurreko oinarrian adierazi bezala jokatuko da.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, bere oinarri eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, errekurtsoa jarri zaion egintza argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina bi hilabeteko epean, edo hori baino lehen eta nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa, eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa jarri zaion egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean errekurtsoa jarri zaion egintza argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Gainera, epaimahaiaren erabakien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, alkate jaunari zuzendua, hilabeteko epean errekurtsoa jarri zaion egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Mutiloabeitin, bi mila eta biko uztailaren hamabostean. Alkatea, Manuel Romero Pardo.

I. ERANSKINA

Izena: ................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ..........., jaioteguna: ............., jaioterria: .......... (........), bizilekua: ............, helbidea: ................, posta kodea: ..........., telefono zenb.: .............

Azaltzen dut:

Aranguren ibarreko Udaleko lorezain lanpostu bi oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Deialdian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Horrenbestez,

Eskatzen dut eskabide hau onar dezazun eta, hortaz, lorezain lanpostu bi oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdira onartua izan nadin.

Aranguren ibarrean, 2002ko ...aren ...(e)an.

Iragarkiaren kodea: A0208148