108. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A B A R T Z U Z A

Eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak ematea arautzen duen udal ordenantza

@@@

Abartzuzako Udalak, 2002ko martxoaren 22an egin osoko bilkura arruntean, Abartzuzako eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak ematea arautzen duen udal ordenantza onetsi zuen, hasiera batean eta bertan zirenek boz batez erabakita.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.B artikuluari eta apirilaren 21eko 11/1999 Legearen 29.B artikuluari jarraikiz, aipatu erabakia 2002ko 61. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 20an, eta jendaurrean egon zen 30 egun baliodunean, ofizialki argitaratu eta biharamunetik hasita.

Jendaurrean egoteko epea bukaturik inork inolako erreklamazio edo alegaziorik egin gaberik, behin betikoz onetsi zen 2002ko uztailaren 8an egin bilkuran. Hori horrela, argitara emanen da ofizialki delako ordenantzaren testu osoa, horrela agintzen baitu uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluak, arau honek indarra har dezan, aipatu argitalpenaren ondotik. Hona hemen:

Xedea

1. artikulua. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 221. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza honek eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak emateko baldintzak eta prozedura ezartzeko xedea du.

Eraikinak

2. art. Ordenantza honetan eraikintzat hartuko dira etxe berriak, baita handitu zein egituraz berritu direnak ere, hirigintzako lizentziaren baten babesean eginak.

Helburua

3. art. Lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak honako helburu hau baizik ez du:

a) Zutitutako eraikina eta aldi berean egin den urbanizazioa, halakorik bada, proiektu teknikoaren eta bere garaian eman hirigintzako lizentziako baldintzen arabera egin diren egiaztatzea.

b) Eraikitakoak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituela ziurtatzea.

c) Eraikina erabilera jakin baterako izan daitekeela baieztatzea.

d) Eraikitzaileak, hirigintzako ekipamenduari zein elementuei kalte egin badie, berriro jarri dituela ziurtatzea.

Lizentziarako eskaera

4. art. 1. Obrak amaituta, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratu nahi dutenek eskaera bat aurkeztuko dute, Abartzuzako Udalari zuzendua; eskaerak hurrengo datu hauek izanen ditu:

a) Interesatuaren edo, hala bada, ordezkatzen duenaren izen-abizenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe adierazi beharko da zehatz-mehatz.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo haren ordezkariaren sinadura.

2. Interesatuek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Etxe berria egiteko, hura handitzeko edo egitura berritzeko obretarako aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obrak bukatu direla dioen ziurtagiria, eta, hala bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren arabera; hura teknikari eskudunak igorriko du eta bertan higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen dituela adierazi beharko da.

c) Hirilurretako ondasunen gaineko zergan alta eskatu dela dioen ziurtagiria.

Lizentzia emateko organo eskuduna

5. art. Lizentzia emateko eskumena alkateak eta, bertzenaz, Hirigintza alorreko zinegotzi eskuordeak izanen dute.

Prozedura

6. art. Interesatuak eskaturik prozedura hasita, Alkatetzak edo Hirigintza arduradunak honela jokatuko dute:

1. Udalaren zerbitzu teknikoei txostena eskatuko zaie, eta hartan adieraziko da: obrak proiektu teknikoaren eta eman hirigintzako lizentziaren arabera egin diren; obren ondorioz ukituta geratu ahal izan diren hirigintzako elementuak eta hiri ekipamendua berriro jarri diren; segurtasunaren, higienearen eta apainketa publikoaren baldintzak betetzen dituen; eta eraikinak eman nahi zaion erabilera izaten ahal duen.

2. Txostenak gehienez ere hamabortz eguneko epean ebaluatuko dira.

3. Aipatu txosten horren ondorioz, onetsitako proiektuaren gaineko aldaketak daudela egiaztatzen bada, egin den arau-hauste mota eta, ahal bada, horren legeztatzea adierazi beharko dira txosten teknikoan.

Era berean, lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko, eraikinak bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituen zehaztuko da; halaber, ur, gas, elektrizitate eta antzeko zerbitzuak kontratatzeko baimena emateko baizik ez bada ere, aurkitutako akatsak zuzentzea ukatu gabe. Horrela baldin bada, bakarrik higiezina okupatzeko baimentzearren luzatuko da lehen aldiz okupatzeko lizentzia, higiezinak aipatu baldintzak betetzen baititu.

Ebatzi beharra

7. art. 1. Alkateak edo Hirigintzako arduradunak hilabeteko epean ebatzi beharko dute eskaera, udal bulegoetan sarrera duenetik hasita.

2. Onartutako txostenak eta irizpenak ebazpenaren testuari gehitu edo erantsiko zaizkio, izan ere haien onarpena ebazpenerako arrazoitzat hartuko da.

Ustezko egintza

8. art. Ebazpenerako epea agortuta, alkateak edo Hirigintzako arduradunak hura eman ez badu, ebazpena baietsitzat hartuko da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturakoarekin bat.

Eraikinaren titularren betebeharrak

9. art. 1. Lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia eskuratu aurretik eraikinaren titularrek ez dute eraikina okupatzen ahal.

2. Eraikinaren zati bat edo osorik besterentzean, hartzaileei espreski adieraziko zaie lehen aldiz okupatzeko lizentziarik ez duela, hura besterentzerakoan eskuratu ezean.

Argindarra eta ura banatzen duten enpresen betebeharrak

10. art. 1. Argindarra banatzen duten enpresek, hornidura horri dagokionez, aplikatzen ahal zaizkien legezko arauei men eginen diete, obretarako behin-behineko kontagailuez eta etxebizitzak lehen aldiz okupatzeko lizentzia aldez aurretik eskuratu beharraz den bezainbatean.

2. Obretarako ur-hornidura, hirigintzako aginduzko lizentzia eskuratu ondoren, zerbitzu publikoaren titularra den enpresa hornitzaileari dagokio, eta behin-behinekoz emanen da, hirigintzako lizentziak indarra duen denboran bakarrik.

3. Lizentzian obrak bukatzeko emandako epea eta, halakorik bada, bidezko luzapena edo luzapenak agorturik, alkateak edo Hirigintzako arduradunak hornidura eteteko eskatuko die konpainia hornitzaileei eta interesatuei hamar egun lehenago jakinaraziko.

4. Obretarako eman ur-hornidura ez da bertzelako jardueretan erabiltzen ahal, etxean, batez ere.

5. Enpresa hornitzaileak ez ditu etxerako urez hornitzen ahal lehen aldiz erabiltzeko lizentziarik ez duten eraikinak.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. art. Hirigintzako arau-haustea izanen da lehen aldiz okupatzeko aginduzko lizentziarik gabe eraikinak lehen aldiz okupatzea, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Legearen 247. artikuluak eta hurrengoek, Lege beraren 221. artikuluari eta 1978ko ekainaren 23ko Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluari dagokienez, xedatutakoarekin bat.

13. art. 1. Aurreko artikuluan aipatu arau-hausteagatik zehapena egindako obraren balioaren ehuneko batetik bortzera bitarteko isuna izanen da, eta gehienez ere mila bortzehun eta bi euro, egindako jarduera legeztatzen ahal bada, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 90. artikuluak xedatutakoarekin bat.

2. Aurreko artikuluan jasotako jarduera legeztatzerik ez bada, zehapena izanen da okupatutako eraikinaren, oinaren, lokalaren edo haren atalen balioaren ehuneko bortzetik hamarrera bitarteko isuna, eta gehienez ere milioi bat pezeta, Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduaren 79. artikuluak xedatutakoarekin bat.

3. Udalak inoiz ere ez dio uzten ahal hirigintzako ordena hautsia zuzentzeko neurriak hartzeari, eta jarduera berehala bertan behera utz dadila xedatuko du, badaezpadako neurri gisa.

Erantzuleak

14. art. Lizentziarik gabeko eraikinak lehen aldiz okupatzean, erantzuleak obren sustatzailea eta okupatzailea izanen dira, pertsona ezberdinak badira, eta ezarriko den isuna bakoitzarentzat izanen da.

Organo eskuduna

15. art. Zehapen prozedura ebazteko organo eskuduna alkatea da, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluak xedatuarekin bat, betiere hark Hirigintzako arduraduna eskuordetzen ez badu eskumen honetarako.

Zehapen prozedura

16. art. Zehapen ahalmena erabiltzeko, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez horren gainean onetsi zen Erregelamenduan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Araubide juridikoa

17. art. Ordenantza honetan aurreikusi gabeko orotan hona hemen indarra izanen duten aginduak: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea; apirilaren 3ko 85/1995 Foru Dekretua, zeinaren bidez Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi baitzen; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea; Hirigintzako Diziplinaren Erregelamendua, 1978ko ekainaren 23koa; eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua.

Abartzuzan, bi mila eta biko martxoaren hogeita batean. Alkate udalburua, Isaac Díez Alvarez.

Abartzuzako eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentziak emateko aurkeztu beharreko dokumentazioa

Eraikintzat hartuko dira etxe berriak, baita handitu zein egituraz berritu direnak ere, hirigintzako lizentziaren baten babesean eginak.

Obrak amaituta, eraikinak lehen aldiz okupatu edo erabiltzeko lizentzia eskuratu nahi dutenek eskaera bat aurkeztuko dute, Abartzuzako Udalari zuzendua; eskaerak hurrengo datu hauek izanen ditu:

a) Interesatuaren edo, hala bada, ordezkatzen duenaren izen-abizenak.

b) Lizentzia zein eraikinetarako eskatzen den, huraxe adierazi beharko da zehatz-mehatz.

c) Tokia, data eta eskatzailearen edo haren ordezkariaren sinadura.

2. Interesatuek eskabidearekin batera hurrengo agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Etxe berria egiteko, hura handitzeko edo egitura berritzeko obretarako aginduzko lizentziaren fotokopia.

b) Obrak bukatu direla dioen ziurtagiria, eta, hala bada, urbanizazioarena, onetsitako proiektu teknikoaren arabera; hura teknikari eskudunak igorriko du eta bertan higiezinak okupatzeko beharrezko baldintzak betetzen dituela adierazi beharko da.

c) Hirilurretako ondasun gaineko zergan alta eskatu dela dioen ziurtagiria.

d) Harremanetan jartzeko laguna (izena eta telefonoa).

Lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateak xede bakarra du, alegia, higiezina okupatzeko aukera ematea bizigarritasun eta higiene baldintzak betetzen dituelakoan, eta ondorio bakarra izanen du, alegia, ur, gas, argindar eta gisako zerbitzuak kontratatu ahal izatea, aurkitutako akatsak zuzentzea ukatu gabe.

Iragarkiaren kodea: A0207895