108. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

399/2002 FORU AGINDUA, abuztuaren 6koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, 2002/2003 ikasturterako Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak emateko deia egiten duena.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, 2002-2003 ikasturterako Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak emateko deialdia onestea proposatzeko. Deialdi honen xedea honakoa da bekei dagokienez: Hezkuntza Bereziko Ikastetxeetan ikasketak egiteak sor ditzakeen gastuak ordaintzen laguntzea. Laguntzei dagokienez, berriz, helburu hauek dituzte: Haur Hezkuntzaren, Lehen Hezkuntzaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren mailetako ikasleek ikastetxetik kanpo sortzen dituzten gastuak ordaintzen laguntzea, beren ikastetxean laguntzea ezinezkoa den hezkuntza premia berezien kasuetan, hala nola adimenaren urritasun edo supergaitasunaren kasuetan.

Horren ondorioz eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluaren c) eta d) idatz- zatiek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2002/2003 ikasturterako Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak emateko deialdia onestea, Eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.

2. Deialdi hau Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak ebatz dezala eta ematen diren Beka eta Laguntzen ordainketaren lehenbiziko zatia (72.122 euro gehienez ere), 2002. urtera luzatutako 2001eko Gastuen Aurrekontuaren "Hezkuntza Berezirako Beka eta Laguntzak" izeneko 421000-41510-4809- 422500 kontusailaren kargura egin dadila baimentzea. Orobat, baimendu egiten da bigarren zatiaren ordainketa (72.122 euro gehienez ere) 2003ko aurrekontuetan horrexetarako gaituko den kontusailaren kargura.

3. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza eta Kulturakoan duen kontu-hartzaile delegatu jaunari, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Dibertsitate eta Kulturaniztasuna Kontuan hartzeko Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Hezkuntza Bereziko Unitate Teknikora, Eskola Orientazioaren Unitate Teknikora eta Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren seian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

E R A N S K I N A

Oinarriak

Lehena.-Deitutako beka eta laguntza motak.

1. Deialdi honetan agertzen diren Hezkuntza Bereziko Beken xedea hau da: hala behar duten eskatzaileei, 2002/2003 ikasturtean Hezkuntza Bereziko Ikastetxeetan, herrietako Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatiboetan edo entzuteko nahiz mugitzeko urritasuna duten ikasleentzako Lehentasunezko Integrazio Zentroetan (Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko ekipoek gomendatuta badira) edozein maila edo gradutako ikasketak hartzeagatik sortzen diren gastuak ordaintzen laguntzea.

Beka hauek ondoko kontzeptuengatik eskatzen ahal dira:

a) Jantokia.

b) Garraioa.

c) Egoitza.

Betiere zerbitzu hauek beste Entitate edo Erakunde Publikoren batek osorik ordaintzen ez baditu.

2. Deialdi honetan agertzen diren Hezkuntza Bereziko Laguntzen xedea honakoa da: hala behar duten izangaiei Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko mailetan eskolatutako eta, bai urritasun psikiko, fisiko, zentzumenezko edo mugitzeko nabaria, edo jokabide nahaste larria dutelakoz, bai adimenaren supergaitasuna dela medio hezkuntza arautuaren jarduera osagarriak behar dituztelakoz, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei ikastetxetik kanpo eta 2002-2003 ikasturtean zehar sortutako gastuak ordaintzen laguntzea. Ikastetxean bertan curriculuma moldatuz tratatzeko aukerak dituen arazo oro deialditik kanpo gelditzen da.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoko hauek:

-Lehen Hezkuntzako lehen zikloko teknika instrumentalak ikasteko laguntzak.

-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako logopediakoak.

-Ahotsaren eta erritmoaren nahasteen laguntza logopedikoa (disfoniak, disfemiak...).

-Psikoterapiako tratamenduak.

-Psikomotrizitateko tratamenduak.

Laguntza hauek ondoko kontzeptuengatik eskatzen ahal dira:

a) Adimenaren urritasunari edo supergaitasunari lotutako hezkuntza premia berezietarako laguntza.

b) Garraioa.

Bigarrena.-Deitutako Beka eta Laguntzen hartzaileak.

1. Jantoki eta garraiorako Hezkuntza Bereziko Bekak ezgaitatasun fisiko, psikiko nahiz sentsoriala duten ikasleendako eskatzen ahalko dira, betiere hurrengo baldintza hauek betez gero:

a) Eskabidea egiten denean egoitza Nafarroan izatea.

b) Hiru urte beteak izan eta 2002ko urtarrilaren 1ean hogleita batetik gora ez edukitzea.

c) Hezkuntza Bereziko Ikastetxe batean edo Hezkuntza Bereziaren Gela Alternatibo batean barneko, pentsio-erdiko edo kanpoko plaza izatea.

2. Egoitzarako bekak eskatzen ahalko dira ondoko baldintza hauek betetzen dituzten ikasleentzat:

a) Entzuteko ezgaitasuna izatea.

b) Entzuteko ezgaitasuna duten ikasleentzako lehentasunezko integrazio zentro batean eskolaturik egotea, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak hala aholkaturik.

c) Hezkuntza eta Kultura Ministerioari beka eskaturik izatea.

3. Hezkuntza Bereziko Laguntzak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko mailetan eskolatutako ikasleendako eskatzen ahalko dira, betiere honako baldintza hauek betez gero:

a) Eskabidea egiten denean familiaren egoitza Nafarroan edukitzea.

b) Hiru urte beteak izan eta 2002ko urtarrilaren 1ean hemezortzitik gora ez edukitzea.

c) Ezindua izateari loturiko hezkuntza premia bereziak izatea, adituek lagundu beharrekoak eta eskolatuta dagoen ikastetxean ezin direnak burutu.

d) Adimenaren supergaitasunerako laguntzak emateko honela jokatuko da:

-Mota honetako eskabide guztiak Hezkuntza Berezirako Laguntzetarako Batzordeak aztertuko ditu, gero, bidezkoa bada, laguntza emateko proposamena egiteko bildutako elementu guztiak eta, bereziki, izangaiak behar dituen zerbitzuak dohainik jasotzeko aukera kontuan hartu ondotik.

-Mota honetako laguntzak jasotzeko eskabideek ondoko agiriak ekarriko dituzte berekin:

-Ikastetxeko orientatzailearen txostena, beharrezko jotzen den hezkuntzako laguntza eta zenbat iraunen duen adieraziko duena.

-Zerbitzua ematen duen zentro edo erakundearen egiaztagiria zerbitzuaren kostua zenbatekoa izanen den adieraziko duena.

e) Laguntza hori ikastetxetik kanpo jasotzea.

f) Eskatu den laguntza ez jasotzea aldi berean ikastetxean.

4. Bai beketarako, bai laguntzetarako nahitaezko baldintza izanen da 2001/2002 ikasturtean eskatutako ziurtagiriak aurkeztuak izatea deialdi horretan beka edo laguntza jaso bazen, eta aurreko ikasturteetako beketako edo laguntzetako zenbatekoak itzuli beharrean ez izatea.

Nolanahi ere, eskatzailearen famili unitateko kide guztiek beteak beharko dituzte izan zergei buruzko eginbeharrak.

Hirugarrena.-Baldintza ekonomikoak.

1. Beka edo Laguntza eskatzeko baldintza izanen da eskatzailearen famili unitatearen 2001eko per capita errenta 7.513 eurotik beheitikoa izatea, edo, bestela, 2001. urteari dagokion Pertsona Fisikoen gaineko Errentaren Zerga aitortzera behartuta ez egotea.

Betebehar hori ez zaie eskola garraio eta egoitzarako bekei aplikatuko.

2. Per capita errenta ateratzeko, famili unitateko partaideen errenta aitorpenen zerga-oinarrien batura eginen da, eta, hala behar izanez gero, epailearen erabakiaz ezkontideari ordaindutako konpentsazio-pentsioak kenduko zaizkie; gero, famili unitatea osatzen duten kideen artean zatituko da. Famili unitateko beste kideen kasuan (hau da, eskatzailearen ezkontidea, adin txikiko beste seme-alabak nahiz beka edo laguntza jaso duen ikaslea ez besteak), haien errenta aitorpenaren zerga-oinarriaren % 50 baizik ez da batuko.

3. Aitortu beharrari dagokionez eta aurreko atalak aipatzen dituen kontzeptuetarako, indarra duen legerian xedatutakoari lotuko zaio.

4. Eskabidea aurkezterakoan deklaratu diren 2001. urteko sarrera ekonomikoak asko murriztu baldin badira, famili unitatearen kideren bat hil edo lanerako ezintasun nahiz langabezi egoeran sartu delako, eskatzaileak espresuki adieraziko du eskabideari erantsitako orri batean eta, horrekin batera, egoera hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, deialdia ebazteko izendatuko den Batzordeak baloratu ahal izateko.

Laugarrena.-Beka eta Laguntzen gehieneko zenbatekoak.

Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak, kontzeptu eta gehieneko zenbateko hauetan ematen ahalko dira:

1. Hezkuntza Bereziko Beketarako:

a) Jantokia (pentsio erdiko erregimenean): gehienez ere 300,50 euro.

b) Garraioa eta egoitza: zerbitzu honen erabileraren ondorioz sortutako gastuaren arabera zehaztuko da.

Ikastetxera joateko garraiobidea erabiltzen duten ikasleendako garraio beka eskatzen ahalko da.

2. Hezkuntza Bereziko Laguntzetarako:

a) Adimenaren urritasunari lotutako hezkuntza premia berezietarako laguntza: gehienez ere 1.202 euro.

b) Adimenaren supergaitasunari lotutako laguntza: gehienez ere 781 euro.

c) Garraioa: gehienez ere 510 euro.

Ikasleek, laguntza zer zentrotan hartzen duten, haraino joateko garraio laguntza eskatzen ahalko da, betiere zentroa familiaren egoitza dagoen herritik kanpo eta gutxienez 8 kilometrotara baldin bada.

Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko Ekipoek agindutako CREENAko laguntza anbulatorioen kasuan, bereziak baitira, garraio laguntzetarako ez da aurreko atalean ezarritakoa aplikatuko, eta laguntzaren zenbatekoa benetako gastuaren arabera finkatuko da.

Onartutako beka eta laguntzek aurrekontuan deialdi honetarako jarritako kontusaileko dirua baino zenbateko handiagoa egiten badute, aipatu kopurua zenbat izan den handiago, hainbatean gutxituko dira beken eta laguntzen kopuruak.

Bosgarrena.-Eskabideen aurkezpena.

Hezkuntza Bereziko Bekak nahiz Laguntzak eskuratzeko eskabideak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide Bulegoan (Santo Domingo aldapa, z.g.) banatuko dira, eta eskatzen diren zehaztasun guztiak eman beharko dira eskabidea kontuan hartua izan dadin.

1. Hezkuntza Bereziko Bekak nahiz Laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera hurrengo agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Laguntzaren ordainketa zein banku edo aurrezki kutxatako libretan egin nahi den, haren lehenengo orriaren fotokopia. Libreta horrek familiaburuaren izenean egon behar du.

b) Ordainketa eginen den banku edo aurrezki kutxako libretaren titularraren N.A.N.aren fotokopia.

c) Famili Liburuaren fotokopia osoa. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, eskabidea egin duenaren menpe dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

d) Eskatzailearen famili unitateko kide guztiek aurkeztu dituzten 2001eko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenen fotokopia osoa.

e) Eskabide egilearen famili unitateak, legez beharturik ez egoteagatik, 2001. urteari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egin ez badu, eskabideari ondokoa erantsi beharko zaio:

-Besteren menpeko langileen, pentsiodunen edo langabetuen kasuan, 2001ean jasotako sarreren egiaztapena, behar den enpresa edo erakundeak emandakoa.

-Enpresari, nekazari eta lanbide liberalen kasuan, 2001ean izandako sarrera gordinen aitorpena.

2. Jantoki, egoitza ala garraio, laguntza zer kontzeptutarako eskatzen den, bakoitzagatik familiak urtero eta hilabetero ordaintzen duena agertzen duen egiaztagiria erantsi beharko zaie bekak eskuratzeko eskabideei.

3. Laguntzak eskuratzeko eskabideei, gainera, honakoa erantsi beharko zaie:

a) Eskabide egilearen ikastetxeak eskola orientatzailea edukiz gero, ikastetxeko orientatzailearen txostena, ondoko datu hauek zehaztuko dituena: laguntza zein hezkuntza premia berezitarako eskatu den, laguntza zein helburuk bideratu behar duten eta hura ohiko ikastetxetik kanpo egiteko arrazoiak zein diren.

Eskabide egilearen ikastetxean eskola orientatzailerik ez baldin bada, txostena behar bezala kreditaturiko edozein psikologok edo pedagogok eginen du. Era berean, bigarren kasu honetan, ikastetxearen txostena gehituko da, tratamendua handik kanpo egin beharra egiaztatzeko.

b) Eman beharreko laguntzaren aurrekontua, emanen duen zentroak egiaztatua.

c) Laguntza eman behar duen zentroko txostena. Bertan programaren laburpena eta dagokion ikastetxearekiko koordinazioa aipatuko dira.

d) Laugarren oinarriaren 2.b) idatz-zatian aipatzen den garraio laguntza eskatzen bada, zerbitzu horren hileroko kostua, erabili behar den egun kopuruaren arabera.

4. Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroko ekipoek agindutako laguntza anbulatorioen kasuan, honakoa erantsi beharko da:

a) Agindua ematen duen ekipoko orientatzailearen txostena, laguntzarako beharra arrazoitzen duena.

b) Garraioaren aurrekontua eta haren hileroko kostua, erabili behar den egun kopuruaren arabera.

5. Eskatzaileei, betebeharrak justifikatzeko beharrezko jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie.

Seigarrena.-Eskabideen aurkezpena: lekua eta epea.

1. Eskabideak eta bosgarren oinarrian zehazten diren agiriak hurrengoetan aurkeztu ahalko dira: Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren Erregistroan (Santo Domingo aldapa, z.g., 31001 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorb., 2, 31002 Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako moduan (Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).

2. Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak emateko deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea irailaren 13an hasiko da eta urriaren 10ean amaituko, biak barne.

Zazpigarrena.-Deialdia ebaztea.

1. Hezkuntza Bereziko Bekak eta Laguntzak Hezkuntza zuzendari nagusiak adjudikatuko ditu, Hezkuntza Bereziko Laguntzetarako Batzordeak aztertu, baloratu eta proposamenak egin ondotik. Batzordeko kideak ondokoak dira:

a) Batzordeburua: Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendaria edo honen eskuordea.

b) Batzordekideak:

-Dibertsitate eta Kulturaniztasuna Kontuan hartzeko atalburua.

-Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoko burua.

-Hezkuntza Bereziko koordinatzailea.

-Eskola Orientazioaren Unitate Teknikoko burua.

-Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoari atxikitako gizarte laguntzaile bat.

-Hezkuntza Bereziaren Unitate Teknikoari atxikitako eskola orientatzaile bat.

-Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko ordezkari bat.

2. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak eskabide espedienteen ikuskaketa xedatzen ahalko du edozein unetan, haietan agertu eta Beka edo Laguntza emateko oinarri gisa erabilitako datuak benetakoak ote diren egiaztatzeko.

3. Bekadunaren familiak ikerketan lagundu nahi ez badu, edo eskatutako informazioa eta agiriak aurkezten ez baditu, onuradunari baja emanen zaio berehala eta Beka edo Laguntza gisa jasotako diru kopuruak itzuli beharko ditu.

4. Eskabide egile bati deialdi honen bidez beka edo laguntza ematen bazaio eta, kontzeptu berberengatik zenbateko bereko edo handiagoko beste beka edo laguntza bat jaso badu beste erakunde publiko nahiz pribatu batengandik, deialdi honen bidez eskuratutakoan onuradunari baja emanen zaio berehala. Zenbatekoa txikiagoa izanez gero, diferentzia emanen zaio.

Zortzigarrena.-Erreklamazioak.

Hezkuntza zuzendari nagusiak deialdia behin-behinekoz ebatziko du ebazpen arrazoitu baten bidez. Emandako eta ukatutako beka eta laguntzen zerrenda Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan paratuko da (Santo Domingo aldapa, z.g.). Prentsa bitartez iragarriko da noiztik paratuko den zerrenda jendaurrean.

Deialdia behin-behinekoz ebazten duen Ebazpena Hezkuntza eta Kultura Departamentuan paratzen den egunetik kontaturik, 15 egun naturaleko epea izanen da, eskatzaileren batek deialdi honen arauak gaizki aplikatzeagatik bere eskubideak baztertu egin direla iritziz gero, Hezkuntza Bereziko Laguntzen Batzordean ukatutako beka eta laguntzak eta haien zenbatekoak berraztertzea eskatzeko.

Hezkuntza zuzendari nagusiaren Ebazpenez, eskabideak behin betikoz ebatziko dira; Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

Emandako edo ukatutako beka eta laguntzen behin betiko zerrenda Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoko iragarki oholean paratuko da jendaurrean.

Bederatzigarrena.-Beka eta laguntzen ordainketa.

Hezkuntza Bereziko beken eta laguntzen ordainketa zuzenean eginen zaio onuradunaren familiaburuari bi epetan: % 50 behin betiko ebazpena eman ondotik, eta gainontzekoa 2003ko uztailean, urte horretako ekainaren 14a baino lehen honako frogagiri hauek aurkeztu badira:

-Beken kasuan, ikastetxean ikasturtea amaitu arte egon eta behar diren zenbatekoak ordaindu izanaren ziurtagiria.

-Laguntzen kasuan, behar bezalako kreditazioa duen zentroak edo profesionalak luzatutako ziurtagiria, bertan azalduko delarik zein laguntza eman den, zenbat saio egin diren, saio bakoitzak zenbat iraun duen, zenbat hilabetez luzatu den eta kontzeptu horrengatik zenbat ordaindu behar den.

Aipatu ziurtagiria ez aurkezteak bigarren zatia jasotzeari uko egitea ekarriko du, eta jasotako zenbatekoak, justifikatu gabeak, itzuli beharra.

Lehenbiziko epean ordaindutako zenbatekoari dagokion gastua ez justifikatzeak justifikatu gabeko zenbatekoa itzuli beharra ekarriko du, eta bigarren zatia ordaintzeari uko egitea.

Laguntzaren xedea den jarduera egiten ez bada, familiaburuak jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu.

Justifikatzen den gastua emandako laguntzaren zenbatekoa baino txikiagoa baldin bada, justifikatu gabeko kopurua kenduko zaio laguntzari.

Hamargarrena.-Laguntzak kentzea.

Bekadunek edozein unetan gal ditzakete hartutako laguntzak; horretarako, eskabidean laguntza horiek emateko oinarritzat adierazitako datuen benetakotasuna frogatzeko espedientea ireki beharko da. Espediente horri Hezkuntza eta Kultura Departamentuak emanen dio hasiera eta ebazpena.

Espedientearen ondorioz laguntza kentzeak berarekin ekarriko du hartutako diru kopuruak itzuli beharra, eskabide egileak izan litzakeen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak galarazi gabe.

Laguntzak kentzen dituen ebazpena interesatuei banaka jakinaraziko zaie.

Hamaikagarrena.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita haren oinarri eta aplikazio egintzen kontra ere, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: a0208823