108. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2002ko uztailaren 2koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "N-121-A errepidea moldatzea, 65 k.p.tik Bera bitartean" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onesten duena.

2002ko urtarrilaren 14an, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen "N-121-A errepidea moldatzea, 65 k.p.tik Bera bitartean" izeneko obrarako alternatiba guztien Proiektua, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratu eta espediente hori jendaurrean jartzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean ezarritako ondorioetarako eta, halaber, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozeduraren ondorioetarako. Erabaki hori 2002ko apirilaren 11ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen (18. zk.).

I.-Aurkezturiko alegazioak.

Jendaurreko aldian lau alegazio-idazki aurkeztu dira. Hona hemen haien edukia eta eman zaien erantzuna:

1. Berako alkate jaunak aurkeztua, Udalaren izenean.

Edukia:

1. Matxain baserriari kalte larriak eragingo zaizkio, errepidez inguratutako irla batean geldituko bailitzateke, nekazaritza eta abeltzaintzako lanak egiteko finka eta lurzatietatik deskonektatua. Gainera, inpaktu estetiko larria eragingo da eta kutsadura handia, bai akustikoa, bai ibilgailuen gasena. Afekzio horien ondorioz, baserriaren bizigarritasun-maila oso nabarmen jaitsiko da, ez bakarrik bertan bizitzeari dagokionez, baizik eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien bideragarritasunari dagokionez.

2. Ardanbide baserrietako sarbideak mantentzea eskatu du, bai bizilagunentzat, bai baso-makineriarentzat eta kamioientzat.

3. Zentral Hidroelektrikoan eragin daitezkeen afekzioak kontuan hartzea, ondoko hauek hain zuzen:

-Kargarako kameraren eta presio-hodiaren gaineko afekzioa.

-Berarako ur-hartunearen kontrol-kutxeta eta instalazioen gaineko afekzioa.

-Langileak kargarako kameraren eta kamera zentralaren artera sartzeko zailtasunak.

-Ibilgailuak zentralera iristeko zailtasunak.

4. Nabasturen baserriari ondoko afekzio hauek eragin ahal zaizkiola adierazi du:

-Errepiderainoko distantziak aldatzen badira, bertako jarduera sailkatuaren lizentzia ukitua izan daiteke.

-Ibilgailu arin eta astunen sarbideak ez dira zehaztu.

-Errepidearen ezker-eskuin dagoen ustiategiko finka batetik bestera igarotzeko bide alternatiborik ez da aurreikusi.

-Baserri horretan nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa lantzen da, Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak (CPAEN) gainbegiratua. Errepide berria eginez gero, kolokan jarriko da Kontseilu horren eskakizunak betetzea.

-Egungo galtzadaren eta Bidasoa ibaiaren artean dauden lurzatiak, BIL deklaratuak baitira, ukituko lirateke.

-Kutsadurak (akustikoa, gasak, alde estetikoa) kalte larriak eragingo dizkio baserriari.

5. Ondoan dagoen autoen tailer-kontzesionarioan sartzeko bide eroso eta funtzionalak egin beharko dira.

6. Bustiola eta Mendi-Alde baserrietara eta Txanburneko belardietara iristeko bideak aurreikustea.

Hori guztia kontuan harturik, bidezko neurri zuzentzaileak eta trazadura aldaketak aztertzeko eskatu eta honako aldaketa hauek proposatu ditu:

-Lesakako zubiarekin lotzeko tunel bat egitea.

-Trazaduran ondoko aldaketak egitea: Lesakako Telleria baserritik hurbil dagoen mendi-magaletik abiatuta zubi edo bidezubi bat egitea, lehengo burdinbidea, Bidasoa ibaia, egungo errepidea eta zentral hidroelektrikoaren ubidea gurutzatuko dituena. Listirketa mendiaren magalean tunel gisa sartu eta harrobiaren ingurutik aterako da, handik Berako herrigunean sartu ahal izateko. Egungo galtzadaren zati batzuk baserrietara, mendira, auto-tailerrera eta zentral hidroelektrikora joateko erabiliko dira.

-Proiektuaren barrenean, Lesakatik N-121-A errepidean sartzeko egun dauden bideak hobetzeko lanak sartzea.

Erantzuna:

a) Lesakako zubian proposatzen den lotunea hauxe da: tunel bat egitea zubiaren egungo lur-mailatik abiatuta. Zubiaren sarreran dagoen errepide-puntuan hasiko litzateke eta, arau teknikoek baimentzen duten maldarik handiena (%3) emanda, proposaturiko puntu berean elkartuko litzateke errepidearekin, baina 7 metro gorago gutxienez, gurutzaketa sestra ezberdinean egiteko modua izan dadin. Tunel horren trazadurak 75 metroko diametroko planta zirkularra izanen du, %3ko malda eta 235 metroko luzera. Beste alde batetik, errepidea, zubiaren ondoko aldean, 7,00 metro igo beharko da egungo mailatik, sestra ezberdineko gurutzea egin ahal izateko. Lotune horren ezaugarriak eta bide hori kamioi askok erabiliko luketela kontuan harturik, ezetsi da, Azterlanean proposatu diren beste alternatiben aldean, segurtasunagatik, funtzionaltasunagatik eta kostuagatik.

b) 5. bide-tartearen trazaduran proposatu den aldaketari dagokionez, hots, Listirketa mendiaren magalean tunel bat egitea, zilegi bada ere, eragozpen hauek izanen lituzke:

-Iparreko ahoa egiteak afekzio asko eragingo ditu, inguruko larre ugari okupatu behar direlako. Gainera, obrak zailtasun geometriko asko ditu eta horrek ekialdeko magaleko sarbideak lehengoratzea galaraziko luke.

-Hegoaldeko ahoan, egungo errepidea eta Zentral Hidroelektrikoaren Ubidearen afekzioa lehengoratzeko zailtasun geometrikoak daude.

c) Bestalde, eragingo diren afekzioak azterturik eta irizpide askotan oinarrituriko azterketan hobekien baloratu den alternatiban, afekzio horiek saihesteko, egin beharreko aldaketa puntualak kontuan harturik, honako hau ondorioztatu da:

-Matxain baserriaren gaineko afekzioa: 4. bide-tartearen trazadura zertxobait aldatuta, hau da, tunelaren Iparraldeko ahoa ekialderantz eramanez, errepidea Matxainerrekaren ekialdetik igarotzeko, "irla" batean gelditzea saihestuko litzateke, izan ere, Matxain baserria errepidearen eta bertan sartzeko bidearen mendebaldean geldituko litzateke. Gainera, kontuan hartu behar da autobiaren enborra lur-mailaren gainetik doala eta, horrenbestez, zilegi dela errepidea azpitik igarotzea. Hortaz, baserriko sarbideei dagokienez, ez dago inolako afekziorik.

-Azterketan, 5. bide-tarterako proposatu den 2. hautabidea aukeratuz gero, hau da, Bidasoa gainditzeko zubitik aurrera errepidea egungo mailatik gora eramatea 1,50 metro inguru eta, horrekin batera, Nabasturen baserriaren eta auto-tailer kontzesionarioaren artean azpiko pasabide bat egitea, 4,0 metroko galiboa izanen duena, 2. alegaziotik 5.era bitartean adierazitako afekzioak saihestuko lirateke, honexengatik:

Ardanbide baserrietako bidea:

Ardanbide aldeko bidea egungo errepidean abiatzen da, Matxain baserria igaro ondoren, Berako bidean, errepidearen eskuinaldean.

Proposaturiko errepideak mendebaldera jiratzen du eta Bidasoa gurutzatzen. Hortaz, aipatu baserrietako bidearen eta egungo errepidearen arteko lotunea ez da inola ukituko.

Beraz, etorkizunean, bide hori errepide berriarekin lotzeko, egungo errepidea eta errepide berria lotzeko konexio berberak erabiliko dira, ederki diseinatuak baitira.

Zentral Hidroelektrikoaren gaineko afekzioak:

Zentral hau, gutxi gorabehera 72+900 k.p.an dago, egungo errepidearen ezker aldean. Bide-tarte honetarako hobekien baloratu den alternatibak egungo plataforma zabaldu besterik ez du egiten, hodien aldean beste errei bat jarriz, zentralaren aldetik egitea zailagoa baita, edo ezinezkoa. Errei hori, 0,7 km inguruko luzerakoa, egungo errepidean oinarrituko da, izan ere, errepide-tarte hori, plantan neurtua, eskatzen diren gutxieneko erradio-neurrietara iristen den bakarretariko bat baita.

Egungo plataforma goratu eta ekialdera zabalduko litzateke, presio-hodia ukitu gabe. Galtzadaren azpitik, oinezkoen pasabide bat jarriko litzateke, zentralaren eta kargatzeko kameraren artean, egungo sarbideak hobetzeko. Errei bat ibilgailuak zentralean sartzeko izanen da, norabide bakarrean. Eraikuntza proiektuan ur-hartunean eragin litezkeen afekzioak lehengoratzeko neurriak aurreikusiko dira.

Nabasturen baserriaren gaineko eragina:

Bide-tarte honetarako proiektuak egungo errepidearen plataforma aprobetxatzen du, eta mendi aldera zabaltzen (ekialdera), hirugarren erreia egiteko.

Autoen tailer-kontzesionarioaren eta Nabasturen baserriaren artean azpiko pasabide bat (galiboa 4,0 metrokoa) eta errepidean sartzeko erreiak bi norabideetan eginez gero, errepidearen ezker-eskuin dauden finkak komunikatzeko arazoak konponduko lirateke, hala nola errepidetik tailerrera eta baserrira joateko bideen afera.

Alegatu diren gainerako afekzioei dagokienez (baserriko distantziak, kutsadura,...), adierazi beharra dago ezen hirugarren erreia egiteko -ekialderantz-, ez dela lur gehiagorik okupatuko, ez baserrirantz, ez BIL deklaratutako tokirantz, baserrira iristeko beharrezkoak direnez gainera.

Hortaz, proiektuak ez du egungo egoera okertuko.

Auto tailer-kontzesionarioko sarbidea:

Azpiko pasabide bat eta hirugarren erreia eginez gero, bi norabideetatatik sartzea ahalbidetuko da.

Bustiola eta Mendi-Alde baserrietara eta Txanburneko belardietara bidea: azpiko pasabidean barna toki horietara iristeko bidea izanen da.

Horren ondorioz, bidezkoa da alegazioan proposaturiko aldaketak (Lesakako zubiko tunela eta Listirketako tunela) ezestea eta jendaurrean jarritako azterlanean egokientzat jo ziren alternatibak onestea (3. aukerabidea 4. bide-tarterako eta 2. aukerabidea 5. bide-tarterako). Hala ere, alegaturiko afekzioak arintzearren, honako aldaketa hauek eginen dira ukituriko bide-tarteetan:

-Matxain baserri aldean, 4. bide-tartearen trazadura ekialdera eramanen da, errepidea eta bertan sartzeko adarra baserritik alde batera uzteko.

-5. bide-tarteari dagokionez, Nabasturengo zentral elektrikoaren eta auto tailer-kontzesionarioaren artean, errepidearen sestra igoko da, 4,00 metroko galiboa izanen duen azpiko pasabide bat egiteko. Horri esker, errepidean bi aldeetatik sartu ahalko da eta errepidearen ezker-eskuin dauden belardiak elkartzeko bidea izanen da. Horrez gainera, oinezkoendako pasabide bat eginen da errepidearen azpitik zentral hidroelektrikoaren inguruan. Errepidea mendialdera zabalduko da, ekialdetik alegia.

2. Begoña Errandonea andreak eta beste zortzik aurkeztua.

Alegazio-idazki honen edukia 1. alegazio-idazkia bezal-bezalakoa da. Hortaz, hari emandako erantzunetara jo.

3. Etxalarko alkate jaunak aurkeztua, Etxalarko Udalaren izenean.

Edukia:

a) 3. alternatibaren alde agertzen da.

b) Etxalarko bidegurutzearen eta Lesakako bidegurutzearen arteko egungo bide-tarteari dagokionez, eskatzen du tarte horretan dauden baserrietatik Etxalarrera joateko aukera ematea, Lesakaraino joan behar izan gabe.

c) Etxalarko bidegurutzearen erradioa ibilgailuek egoki maniobratzeko adinakoa izatea.

d) Etxalarko eta Igantziko bidegurutzeen arteko zatian, Arrakoitz aldean zehazki, errepidea Arrakoizko industrialdearen ikuspegia mantentzeko modukoa izatea.

e) Aurreko puntuan adierazitako bide-tartea Nafarroako Errepide Sarearen barrenean mantentzea.

Erantzuna:

a) puntuari: bidezkoa da alegazioa baiestea, izan ere, 3. eta 4. bide-tarteetarako (Etxalarko bidegurutzea) irizpide askotan oinarrituriko azterlanean 3. alternatiba izan da hobekien baloratu dena.

b) puntuari: proiektuaren arabera, Etxalarko eta Lesakako bidegurutzeen arteko tartea, egungo errepidearena, zerbitzu-biderako erabiliko da, bi norabideetan. Egungo sarbideak mantenduko ditu. Hortaz, bidezkoa da alegaturikoa onartzea.

c) puntuari: bidezkoa da alegaturikoa onartzea, izan ere, eraikuntza proiektuan Etxalarko bidegurutzea baimendurik dauden ibilgailu mota guztientzako lotune gisa proiektatuko da.

d) eta e) puntuei: egungo errepidearen tarte bat, Lesakako bidegurutzearen eta Arrakoitz artekoa, zerbitzu-bide gisa erabiltzeko utziko da, bi norabideetan, eta, hortaz, Nafarroako Errepide Sarean izanen da. Horrenbestez, bidezkoa da errepideari buruz alegaturikoa onartzea.

4. Miguel Ballarena jaunak aurkeztua, Electra Navasturen, S.L.ren izenean.

Alegazio-idazki honetan Nabasturengo Zentralean eragingo diren afekzioak jorratzen dira, 1. alegazio-idazkian bildu diren berberak. Hortaz, idazki horri emandako erantzunean Zentralari buruz adierazitakora jo.

II.-Egokitzeko eta behin betikoz onesteko proposatzen den trazadura.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak egokitzeko eta behin betikoz onesteko proposatzen duen trazadura, Erabaki honen xedapen zatian azaltzen dena, tramitatzen ari den proiektuan egokientzat jo diren hautabideetan oinarritzen da funtsean, eta espedientea jedaurrean egoteko aldian proposatu diren aldaketak erantsi zaizkio, aurreko idatz-zatian azaldu direnak hain zuzen.

III.-Nafarroako Gobernuaren 2002ko urtarrilaren 14ko erabakiaren determinazioak.

Erabaki horrek "N-121-A errepidea moldatzea, 65 k.p.tik Bera bitartean" izeneko proiektua Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala deklaratu zuen eta hainbat determinazio ezarri zizkion. Hona hemen determinazio horien edukia eta noraino bete diren:

A) Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari adieraztea aukeratzen den trazaduraren eraikuntza proiektua Erabakiaren azalpen zatiko VI. atalean, "Ingurumen arloko zehaztapenak" izenekoan, biltzen diren irizpideen arabera gauzatu beharko dela, eta betiere Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioan ezartzen diren zehaztapenen arabera.

Proiektuari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioaren prozeduran, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, onesteko proposatu den trazadurari den bezainbatean, adierazi du izapidatze-aldian aurkezturiko dokumentazioa azterturik, Proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela. Hortaz, bidezkoa da Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea eta, ingurumenaren ondorioetarako bakar-bakarrik, proiektua gauzatu daitekeela adieraztea. Deklarazioan ingurumenaren arloan aplikatu behar diren neurri zuzentzaileak finkatu dira, hala hautaturiko trazaduraren proiektu fasekoak nola exekuzio fasekoak. Neurri horiek aplikatu beharrak ez du proiektuan inolako aldaketarik eragingo.

B) Adieraztea, halaber, aukeratzen diren hautabideen eraikuntza proiektuan Erabakiaren azalpen zatiko V. atalean, "Lurralde eta Hirigintzako zehaztapenak" izenekoan, azaltzen diren alderdiak aintzat hartu beharko direla.

Atal horretan adierazten da, funtsean, onartzen diren hautabideak zein diren ere, "Bidasoa" antzinako burdinbidearen trazadura behar bezala lehengoratu beharko litzatekeela ("Bide berde" gisa berrerabiltzeko zenbait azterketa egin dira).

Determinazio hori bete beharrak onartzen diren hautabideen Eraikuntza proiektuan izanen du eragina. Hortaz, bidezkoa da Erabaki honetan biltzea.

C) Espedientea onetsi aitzin, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren txostena aurkeztu beharko da, ondare historikoari eragin ahal zaizkion ukipenei buruzkoa.

Espedienteari bi txosten erantsi zaizkio, 2002ko urriaren 19koa eta 23koa, proiektuen erredakzio taldeak aginduta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologi Atalak eginak. Txosten horietan etnografiaren eta ondare arkeologikoaren inguruko alderdiak aztertzen dira eta hartu beharreko neurriak adierazten.

Bestalde, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariaren txostena aurkeztu da, 2002ko maiatzaren 27koa, 2000ko urriaren 19ko txostenaren antzeko edukia duena. Laburbilduz, azterketa arkeologiko bat egin beharra azaltzen du, hautatzen den trazadura osoan prospekzio arkeologiko sakon bat egiteko. Orobat, azterketa hori erredaktatu ondoren, Ondare Historiko-Arkeologikoa babesteko segitu beharreko prozedura finkatzen da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko ekainaren 19an hartutako Erabakiarekin bat etorriz, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusirik, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkezturiko alegazioak ebaztea, Erabaki honen azalpen zatian adierazi moduan.

2. "N-121-A errepidea moldatzea, 65 k.p.tik Bera bitartean" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, onestea. Behin betiko trazadura ondoko alternatiba eta onartu diren aldaketa hauen gainean eginen da:

-1. bide-tarterako, 3. alternatiba.

-2. bide-tarterako, 2. alternatiba.

-3. bide-tarterako, 3. alternatiba.

-4. bide-tarterako, 3. alternatiba.

-5. bide-tarterako, 2. alternatiba.

-Matxain baserriaren inguruan, Berako mugapean, 4. bide-tartearen trazadura ekialdera eramanen da, errepidea eta bertan sartzeko bidea baserritik alde batera uzteko.

-5. bide-tarteari dagokionez, Nabasturengo zentral elektrikoaren eta autoen tailer-kontzesionarioaren artean, errepidearen sestra igoko da, 4,00 metroko galiboa izanen duen azpiko pasabide bat egiteko adina. Horri esker, errepidean bi aldeetatik sartu ahalko da eta errepidearen ezker-eskuin dauden belardiak elkartzeko bidea izanen da. Horrez gainera, oinezkoendako pasabide bat eginen da errepidearen azpitik zentral hidroelektrikoaren inguruan. Errepidea mendialdera zabalduko da, ekialdetik alegia.

3. Trazaduraren Eraikuntza proiektuan "Bidasoa" antzinako burdinbidea behar bezala lehengoratu beharko da.

4. Ondare etnografikoaren eta ondare arkeologikoaren babesari dagokionez, Museo, Ondasun Higigarri eta Arkeologia Atalak eta Vianako Printzea Erakuntzea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendariak, hurrenez hurren, 2002ko urriaren 23an eta 2002ko maiatzaren 27an egindako txostenetan adierazitakoari segituko zaio.

5. Onartzen den trazaduraren Eraikuntza proiektua eta obra horien exekuzioa, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioan ezarritako baldintzen arabera eginen dira.

6. Edozein modutan, egin gogo den azpiegiturak ukitzen dituen edo obren trabagarri diren azpiegitura eta zortasunei dagokienez (ubide publikoak eta beste), Departamentu sustatzaileak behar dituen baimen guztiak kasuan-kasuan eskumena duten organoei eskatu eta lortu beharko ditu, obrak egin aitzin.

7. UPS horri dagozkion obren onura publikoa eta interes soziala deklaratzea, desjabetzapenaren ondorioetarako, eta interes orokorra ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 66. artikuluan eta horrekin bat datozen xedapenetan ezarritako ondorioetarako.

8. Adieraztea Erabaki honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz, edo bestela, Administrazioarekiko Auzien Arlo Jurisdikzionalean aurkatu daiteke zuzenean, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluak xedatu bezala.

9. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Igantzi, Etxalar, Lesaka eta Berako udalei eta alegazio-egileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0207848