108. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2000ko abuztuaren 12koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko Nekazaritzako ingeniari tekniko izateko 4 lanpostu, oposizio bidez, betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak 2000ko abuztuaren 12an emandako Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko Nekazaritzako ingeniari tekniko izateko 4 lanpostu, oposizio bidez, betetzeko deialdia onetsi da.

1.-Arau orokorrak.

1.1. Arloari buruz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia), hura garatu eta burutzeko Erregelamenduan, gainerako aplikazio arauetan eta deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraituz eramanen da aurrera deialdi hau. Bere xedea Nekazaritzako ingeniari teknikoendako 4 lanpostu oposizio bidez betetzea da. Lanpostuok Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari atxikiak daude, funtzionario araubidekoak dira eta txanda hauetan daude banaturik:

a) 2 lanpostu txanda irekian.

b) 2 lanpostu igoera txandan.

1.2. Hauek dira deialdian sartutako lanpostuak:

-2 Lizarran lan egiteko, 2310 eta 2313 zenbakikoak plantillan.

-2 Iruñean lan egiteko, 2522 eta 5914 zenbakikoak plantillan.

1.3. Izangaiek hautapen probak gainditzeko ezarrita dagoen gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, igoera txandako lanposturen bat eman gabe gelditzen bada, txanda irekikoari gehituko zaio.

Bestalde, igoera txandan oposizioa gainditzen duten izangaien kopurua haientzat erreserbatutako lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa bada, txanda horretan probak gainditu eta lanposturik gabe gelditzen direnek txanda irekiko lanpostuen aukera izanen dute, txanda horretako izangaiekin lehian baldintza berberetan, lortutako azken puntuazioaren arabera.

Orobat, deialdiaren 7.2 atalean aipatzen den epea, dokumentuak aurkeztekoa, amaitzen den egunean igoera txandan parte hartzeko behar diren baldintza berariazkoak betetzen ez dituzten izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsetan, aurreko lerroaldean aipatu moduan.

1.4. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatuak, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostuek B mailako lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera.

1.6. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, erregimen horretan aurreikusitakoaren babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatu eta eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren erregimenean, hots, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, jada afiliaturik dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratzen ahalko dute, edo Gizarte Segurantzan afiliatzea.

1.7. Izendatutako izangaiek destinoko herrian bizi beharko dute, eta horretarako bizilekua udalerri horretan eduki. Destinoa administrazio organo eskudunek aldatzen ahalko dute.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epearen barrenean (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) eta lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte, f) letran eskatutakoa izan ezik, zeina 7.2 atalean aipatu epean bete beharko baita:

a) Espainiarra izatea edo Europako Batasuneko kide den Estatu batekoa edo Europako Elkarteak hitzartu eta Espainiak berretsi nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako Estaturen batekoa, langileek libre zirkulatzea badute; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste Estatukoen ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez dauden bitartean, baita haien ondorengoek eta ezkontidearenek ere, 21 urtetik beherakoek edo gorakoek, gurasoen gain bizi badira.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Nekazaritzako Ingeniari teknikoaren titulua edo beste bat, baliokidea, izatea edo deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean hura eskuratzeko moduan egotea.

d) Dagozkion eginkizunak betetzeko behar den gaitasun fisiko zein psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta Administrazio Publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

2.2. Igoera txandako izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta dokumentuak aurkezteko epearen barrenean (deialdiaren 7.2 atalean aipatua) eta lanpostuaren jabetza hartu arte, aipatu diren baldintzez gain, honakoak bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publiko bateko langile finkoa izatea, eta borondatezko edo behartutako eszedentzian ez egotea, honako igoera lortu aurretik betetzen duen lanpostuan.

b) Deialdiko lanpostuen maila berekoa edo beherago dagoen batekoa izatea.

c) Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasuna egiaztatzea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuz, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartzen ahalko dute igoera txandan, baldin eta txanda horretan parte hartzeko behar diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.

2.3. Hirugarren oinarrian xedatutakoa salbu, aurreko betebeharrak egiaztatu beharko dituzte lanpostua lortzen duten izangaiek, deialdiaren 7.2 atalean aurreikusitako epean eta moduan.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Karlos III.a etorbidea, 2; Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduetako baten bidez, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean. Eskabideek deialdi honetan argitaratutako ereduaren araberakoak izan beharko dute, eta Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoan eskuratuko dira (Karlos III.a etorbidea, 2-ataria); haietan, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean baldintza guztiak betetzen dituztela adieraziko dute izangaiek.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. 100eko 33ko edo gehiagoko ezgaitasun frogatua dutenek denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte ariketak egiteko haien beharra dutenean. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko dute zer ezgaitasun duten eta zein den eskatutako egokitzapena, eta eskabideari erantsi erakunde eskudunek ezgaitasunari buruz emandako egiaztagiria.

3.3. Eskabideari erantsi beharko zaio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 18 euro sartu izanaren frogagiria, espedientea formalizatu eta azterketa eskubideak izateko, edo ordaintzetik salbu dela frogatzen duen dokumentazioa.

Salbuetsita dagoela frogatu ezean, azterketarako eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Tasa ordaintzetik salbu daude:

a) 100eko 33ko edo gehiagoko ezgaitasuna frogatzen dutenak.

b) Deialdia argitaratu baino hilabete lehenago bederen, enplegu eskatzaile gisa inskribatuta daudenak. Betiere, inskribatuta dauden bitartean, ez diote uko eginen enplegu egokiko eskaintzei, ezta lanbideko promozio, prestakuntza edo birmoldaketei ere, non ez den arrazoi ongi frogaturik.

3.4. Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, gainera, 2.2. atalean aipaturiko betebeharren egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen Ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

4.2. Bazterturiko izangaiek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barrenean, erreklamazioak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzen ahalko dituzte.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea amaiturik eta haiek ebatzitakoan, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak Ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Kide hauek osatuko dute Epaimahai kalifikatzailea:

-Mahaiburua: Luis María Santos Odériz jauna, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Gerardo Maestrojuán Sáez de Jáuregui jauna, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Ustiategiak Hobetzeko Laguntzen Ataleko burua.

-Mahaikidea: José Luis San Agustín Marco jauna, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Landareen Ekoizpen eta Osasun Ataleko burua.

-Ordezkoa: Fernando Santafé Aranda jauna, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Europako Aferetarako eta Europako Batasunaren Nekazaritza Politika Begiratzeko Ataleko burua.

-Mahaikidea: Paz Martínez Martínez andrea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Merkatuen Erregulazio eta Esku-hartze Ataleko burua.

-Ordezkoa: José Javier Echarte Echarte jauna, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Elikagai Industriak Sustatzeko Ataleko burua.

-Mahaikidea: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileri Batzordeko ordezkari bat, horrexek hautatua.

-Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Langileri Batzordeko ordezkari bat, horrexek hautatua.

-Mahaikide idazkaria: Marta Alvarez Alonso andrea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Araugintza eta Koordinazio Juridikoaren atalburua.

-Ordezkoa: María José Arozarena Gómez andrea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erakunde Pagatzaileari Laguntza Juridikoa emateko Bulegoko burua.

Epaimahaia hautapen probak egin baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo absolutua, behintzat, biltzen ez bada.

Organo kolegiatuaren eraketak balioa izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo horien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epamahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote eta deialdia egiten duen organoari hala jakinarazi, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean horretarako aurreikusiak dauden arrazoiak suertatzen direnean.

Halaber, izangaiek ere errefusa ditzakete epaimahaikideak, aipatu arrazoiak daudenean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak proba batzuetarako edo guztietarako aholkulari espezialistei dei egin ahalko die. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta horietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioaren nondik norakoa.

6.1. Oposizioa 2003ko urtarrilean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean oposizioko ariketak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.

Ondoren, epaimahaiak aditzera emanen ditu gainerako probei buruzko iragarkiak, erregelamenduak dioenaren arabera.

6.2. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

Lehenengoa: plikaren sistema erabiliko da; gehienez ere ordu eta erdian hirurogei galderez osatutako test bati erantzun beharko zaio, idatzita, deialdiaren gai-zerrendako kontuei buruz.

Bigarrena: bi gairi buruz idatzi beharko da eta gero idazlana jendaurrean irakurri. Gaiak zozketan aterako dira; bata gai-zerrendaren lehen partetik eta bestea bigarrenetik. Gaiak idazteko, gehienez ere, lau orduko denbora emanen da.

Hirugarrena: bi gairi buruz idatzi beharko da eta gero idazlana jendaurrean irakurri. Gaiak zozketan aterako dira; bata gai-zerrendaren hirugarren partetik eta bestea laugarrenetik. Gaiak idazteko, gehienez ere, lau orduko denbora emanen da.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez ere 100 puntukoa izanen da, honela banaturik:

Lehen ariketa: 30 puntu bitarte.

Bigarren ariketa: 30 puntu bitarte. Gai bakoitzak 15 puntu izanen ditu, gehienez ere.

Hirugarren ariketa: 40 puntu bitarte. Gai bakoitzak 20 puntu izanen ditu, gehienez ere.

6.4. Oposizioko ariketak baztertzaileak izanen dira, eta haietako bakoitzean bazterturik geldituko dira ariketari emandako gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, erdiesten ez duten izangaiak. Era berean, eta ariketa guztietan, edozein gai edo probatan 0 puntuko kalifikazioa jasotzen duen izangaia ere bazterturik geldituko da.

6.5. Bigarren eta hirugarren ariketetan, mahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da parte horren puntuazioa.

Mahaikideek emandako puntuazio handienaren eta txikienaren arteko aldea probaren puntuazio osoaren 100eko 30ekoa edo gehiagokoa bada, puntuazio handiena eta txikiena baztertuko dira. Betiere, hiru mahaikideren puntuazioa beharko da batez bestekoa ateratzeko.

6.6. Ariketa bakoitzeko kalifikazioa amaiturik epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean edo ariketak egin diren tokietan, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste nortasun agiriren bat eraman beharko dute aldean. Aurkezten ez diren izangaiak edo nor diren frogatzen ez dutenak kanporaturik geldituko dira.

Orobat, ariketa baten jendaurreko irakurraldira agertzen ez direnak.

6.8. Hautapen probak egiteko, hala eskatu duten izangai ezinduentzat, denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak jarriko dira, eskabidean adierazitakoaren arabera.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta dokumentuen aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian, probak gainditu dituztenen zerrenda, izangai bakoitzak ariketetan izandako kalifikazioak batu ondoren lortutako puntuazio osoaren arabera ordenaturik, eta Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio espediente osoarekin batera, baita probak gainditu eta deialdiko lanpostuen kopuruan sartzen diren izangaien aldeko izendapen proposamena ere. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Hautapen proben azken emaitzetan berdinketarik gertatuz gero, oposizioko lehen ariketan puntuazio handiena atera dutenen alde eginen da; berdindurik jarraituz gero, gainerako ariketak hartuko dira kontuan, bata bestearen ondoren eta ordenaren arabera.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian ondoko dokumentuak aurkeztu beharko dituzte:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo bere erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen balio bereko dokumentuarena.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordainduak daudela egiaztatzen duen ordezkagiriarena. Orobat, B motako ibilgailuak gidatzeko baimenarena.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Atalak emandako txostena, interesatuak karguari dagozkion eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko zein psikikorik ez duela adierazten duena.

Ezgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, horretaz gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientabiderako talde eskudunek egina.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik ez dela bereizia izan adierazten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Izangaiak Nafarroako beste Administrazio Publiko bateko -deialdi egilea ez den bateko- langile finkoak baldin badira, aurrekoez gainera, beste agiri hau aurkeztu beharko dute: beste Administrazio horretan izangaiak duen espedientean jasotako inguruabar eta aurrekari guztien ziurtagiria, sarbidea, antzinatasuna, maila, egoera administratiboak eta abar zehazteko.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo bere erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak baldin badira izangaiek:

a) Deialdiko 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordainduak daudela egiaztatzen duen ordezkagiriarena. Eskabideari titulua eransten dioten igoera txandako izangaiek ez dute horrelakorik aurkeztu beharko.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako funtzionario egiteko, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen duen dokumentazioa.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

Izangaiak ezgaitasunen bat alegatu baldin badu, aurrekoaz gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela frogatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientabiderako talde eskudunek egina.

7.3. Aipatu epearen barruan, eta behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, dokumentu horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta beren jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galdu gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 oinarriak aipatzen duen horretan, hurrengoa den izangaia aukeratuko du Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak hutsunea betetzeko, eta aurreko ataletan adierazitako modu berean jokatuko da.

8.-Lanpostu hutsen hautaketa.

8.1. Aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duten izangaiek, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak ezartzen duen epean, zer lanpostu huts nahiago duten adieraziko dute, edo zerbitzuaren beharrak ikusita haien ordez aditzera ematen zaizkienetatik zein.

8.2. Hautapen probak igoera txandaren bidez gainditzen dituzten izangaiek, edozein kasutan, lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak betetzerakoan, txanda horretakoak ez diren izangaien aurretik.

8.3. 100eko 33ko ezgaitasun frogatua edo gehiagokoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzeko, txanda irekiko izangaien aurretik.

Aipatu ezgaitasuna duen izangairik bada eta ezgaitasun horrek eragina badu hutsik dauden lanpostuetan jarduteko, haiek hautatu aurretik ezgaitasunarekin hobekien moldatzen direnak esleituko zaizkie, horren gaineko txostena ikusi ondoren.

9.-Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Foru Komunitateko Administrazioko eta bere erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu, Nekazaritzako ingeniari teknikoen lanpostuak betetzeko, eta lanpostuak esleituko dizkie, Ebazpen bidez.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiek lanpostuaren jabetza hartuko dute hilabeteko epean, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badute, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan 7.4. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzeko egunetik beretik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, lanpostu huts hori ere deialdiko 7.4. atalak agintzen duen moduan beteko da.

9.5. Aurreko bi ataletako kasuetan ez da aldatuko izendapena baino lehen egindako lanpostu hutsen hautapena, eta zuzenean esleituko zaizkie funtzionario berriei egoera horietatik sortzen diren lanpostuak.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua) 114. eta 115. artikuluek agintzen dutenaren arabera.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren hamabian.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

................. jaun/andreak, adinez nagusia, ...... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidearen) jabe, ........... (e)n (............) 19....(e)ko .........aren ...(e)an jaioak, nazionalitate ................, egungo helbidea ........(e)ko (..........) ............... kalean duenak, ...... posta kodea, ......... telefonoa eta lantokiko .......... telefonoa.

Zure aurrean agertu eta honako hau dio:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko ................ izateko .... lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian, .........(e)ko .....zk.ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, onartua izatea eskatzen duela, honako txandan:

f Txanda irekia

f Igoera txanda*

f Ezgaituendako txanda murriztua*

Karguan aritzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko zein psikikorik ez duela.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezgaitasunik ez duela.

Ez dela diziplina espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatutako titulazioa baduela.

Azterketa eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan eta horren gordekina erantsi duela.

Eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

Ezgaitasuna baduela, eta horregatik eskatzen duela ondoko egokitzapena, adierazitako arrazoiengatik. (Beste orri batean zehaztuko dira ezgaitasunaren nondik norakoak eta eskatzen diren egokitzapenak)

Ezgaitasunaren gaineko egiaztagiriak, erakunde eskudunak eginak, aurkeztu dituela

Euskara gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkeztu duela*

Euskara maila jakiteko proba egitea eskatu duela*

Horrengatik guztiagatik,

Eskatzen du eskabide hau onar dadila eta, horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko ............ izateko .....lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian onar dezatela.

Iruñean, ...(e)ko .........aren ......(e)an.

(Sinadura)

(*) Deialdian agertzen denean bakarrik.

NAFARROAKO GOBERNUA. LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

Lehenengo partea

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak; horien bermea eta etendura. Konstituzioaren erreforma.

2. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Prestaketa prozesua. Izaera eta esanahia. Egitura eta sistematika. Bereziki, atariko titulua.

3. gaia.-Nafarroako Foru Erakundeak (I). Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaketa, antolaketa eta eginkizunak. Parlamentuak Nafarroako Gobernuaren gainean duen kontrola. Kontuen Ganbara.

4. gaia.-Foru erakundeak (II). Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua: osaketa eta eginkizunak. Nafarroako Gobernuko lehendakaria: bere hautaketa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Foru Dekretu eta Aginduak. Egintzak eta errekurtsoak.

5. gaia.-Nekazaritzako Administrazioa. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentua: antolaketa eta eginkizunak. Departamentuarekin elkartutako sozietate publikoak. FEOGA-Bermearen laguntzen Erakunde Ordaintzailea Nafarroako Foru Komunitatean.

6. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua; edukiaren azterketa.

7. gaia.-Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea. Printzipioak eta aplikazio eremua. Administrazio Publikoen jarduera. Xedapen eta egintza administratiboak. Administrazio prozedura orokorra. Administrazio errekurtsoak: kontzeptua, helburua eta motak.

8. gaia.-Sustapen jarduera. Dirulaguntzei buruzko 8/1997 Foru Legea: printzipio orokorrak eta laguntzak emateko prozedurak eta kontrola. Nekazaritzako finantzaketari buruzko lege mailako xedapenen testu bategina: egitura eta edukia.

9. gaia.-Europako Batasunaren Zuzenbidea: kontzeptua eta ezaugarriak. Jatorrizko itunak eta aldatuak. Europako Akta Bakarra. Europako Batasunaren Ituna. Amsterdameko Ituna.

10. gaia.-Europako Elkartearen antolakuntza. Europako Batzordea. Europako Parlamentua. Europako Elkartearen Kontseilua. Europako Elkartearen Justizi Auzitegia.

11. gaia.-Europako Batasunaren eskualde politika. Fondo estrukturalak. Europako Batasunaren aldez aurreko kontrola Estatuko laguntzen gainean. Estatuak nekazaritzari emandako laguntzen gaineko jarraibideak.

Bigarren partea

1. gaia.-Espainiako nekazaritzaren oinarrizko ezaugarri makroekonomikoak. Nekazaritzako hondarreko produkzioa: garrantzia, osaketa eta banaketa. Nekazaritzako errenta: bilakaera eta banaketa. Biztanleria aktiboa. Gastuak sektoretik kanpo. Nekazaritzako balantza komertziala. Nekazaritzako elikagaien sektorea Espainiako ekonomian.

2. gaia.-Espainiako nekazaritza arloko antolaketa administratiboa. Estatuko Administrazio Orokorraren eta Autonomia Erkidegoen zeregina Batasuneko, nazioko eta autonomietako nekazaritza politika diseinatu eta gauzatzerakoan. Konstituzioko eta estatutuetako printzipioak eta horiek koordinatzeko baliabideak. Oinarrizko administrazio eraketa: zentrala eta periferikoa.

3. gaia.-Europako Batasuneko Nekazaritza Politikaren (EENP) eraketa. Printzipioak. Xedeak. Baliabideak: E. Batasuneko merkatu erakundeak, finantzazio fondoak, beste tresna batzuk, EENP eta nazioetako nekazaritza politikak.

4. gaia.-EENPren finantzazioa. Europako Batasunaren aurrekontu politika: dirusarrerak eta haien iturriak, gastuak. EENP finantzatzeko baliabideak: FEOGA-Bermea, FEOGA-Orientabidea. Finantzaziorako beste erakunde batzuk: FEDER, FSE, BEI, IFOP eta kohesio fondoa. EENParen finantzazioa eta aurrekontuaren defizita.

5. gaia.-Prezio eta merkatuen arloko politika: Europako Batasuneko merkatu erakundeak (EBME): motak eta mekanismoak. Prezioen politika, kanpo merkataritzaren politika, laguntzen politika.

6. gaia.-Prezio eta merkatuen sektoreko politikak (I). belarkien laboreak. Belar-bazka idortuen sektorea. Arrozaren sektorea. Fruta eta barazki freskoen sektorea. Fruta eta barazki eraldatuen sektorea.

7. gaia.-Prezio eta merkatuen sektoreko politikak (II). Olioaren eta koipe begetalen sektorea. Ardoaren sektorea. Tabakoaren sektorea.

8. gaia.-Prezio eta merkatuen sektoreko politikak (III). Esnearen sektorea. Haragi eta arrautzen sektorea.

9. gaia.-Nekazaritza eremuak garatzeko politika. Kontseiluaren 1999ko maiatzaren 17ko 1257/1999 Erregelamendua, nekazaritza garatzeko FEOGAren kargura. Nafarroan nola aplikatzen den: nekazaritza eremuak garatzeko 2000-2006 programa.

10. gaia.-EENP eta munduko nekazaritza. EEE eta nekazaritzako elikagaien munduko merkataritza. EENP eta egungo prozesua, EB handitzekoa.

Hirugarren partea

1. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko lurraldea, nekazaritza jardueraren oinarri gisa. Azaleraren banaketa, jardueraz jarduera. Klima. Erliebea. Hidrografia. Nafarroako Nekazaritza Eskualdeak: ekoizpen orientazioak eta ezaugarri nabarienak.

2. gaia.-Nafarroako nekazaritza sektorea. Makromagnitudeak. Azpisektorekako azterketa. Jarduera adierazgarrienen azalerak eta produkzioak. Nafarroako nekazaritza sektorea zertan den: alderik indartsuenak eta ahulenak gaur egun. Bilakaera eta joerak.

3. gaia.-Nafarroako biztanleria aktiboa. Sektoreen eta populazio estratuen araberako azterketa. Azterketa konparatiboa Espainiako eta Europako Batasuneko inguruneen artean. Nekazari profesionala edo nagusiki nekazaria dena.

4. gaia.-Nekazaritzako ustiategia Nafarroan. Nekazaritzako ustiategiak: tamaina, antolaketa, bilakaera eta joerak. Lurraren jabetzaren araubidea. Nekazaritzako ustiategia, enpresa gisa. Nafarroako nekazaritza enpresaren tipologia: enpresa paratzeko aplikatzen diren parametro ekonomikoak (etekin gordina, Tamaina Ekonomikoko Unitateak (TEU). Nafarroako Ustiategien Erregistroa. Hobetsitako ustiategiak.

5. gaia.-Nekazaritzako elkartegintza. Nekazaritzako kooperatibak: araubide juridikoa eta gobernu-organoak. Nekazaritzako kooperatibak Nafarroan: haien garapena produkzioko azpisektoreen arabera. Kooperatiben integrazioa. Makineria batera erabiltzeko kooperatibak (CUMA). Eraldaketarako nekazaritzako sozietateak (ENS): araubide juridikoa eta gobernu-organoak. ENSak Nafarroan.

6. gaia.-Nekazaritzako elikagaien industria Nafarroan. Sektore inportanteenak eta horien inplikazioa lehengaiak ekoizten dituen sektorean. Nekazaritzako elikagaien industriei buruzko azterketa ekonomikoa eta haren eragina Nekazaritzako Hondarreko Produkzioan. Nekazaritzako elikagaien industriarekin loturiko enplegua eta teknologia.

7. gaia.-Nafarroako nekazaritza sektorearen produkziorako baliabideak. Kontsumo egitura eta motak. Bilakaeraren azterketa. Energiaren aurrezpena. Energia alternatiboak. Energia berriztagarrien joerak eta etorkizunerako itxaropideak nekazaritzan.

8. gaia.-Ureztalurrak, Nafarroako nekazaritza sektoreko ekoizpen egitura. Ezaugarriak. Sistemaren alde indartsuenak eta ahulenak. Hornidura, kontsumoa eta urtaroak. Horniduraren antolaketa eta kontsumoa. Ura aurreztea. Uraren kostua.

9. gaia.-Lurzatien berrantolamendua. Lurzatien berrantolamendua, Nafarroan ekoizpen egituraren erreformarako tresna gisa. Eragiten duten baldintzak: legezkoak, sozialak, finantzakoak. Lurzatien berrantolamendua eta naturgunearen babesa.

10. gaia.-Nekazaritzako enpresaren teknologia. Nekazaritzako enpresaren ekoizpen estrategietan duen garrantzia eta eragina. Ikerketa, esperimentazioa, zabalkundea, aholkularitza eta prestakuntza Nafarroako nekazaritza arloan.

11. gaia.-Nekazaritza arloko merkaturatzea. Nekazaritzako produktuen merkaturatzea baldintzatzen duten alderdirik nabarmenenak. Merkaturatze bideak. Nekazaritzako produktuen normalizazioa eta tipifikazioa. Merkaturatzea, jatorrian eta destinoan. Jatorrian diren erakundeak merkaturatze eginkizunetan: nekazaritzako ekoizleen elkarteak (NEE) eta fruta eta barazki ekoizleen erakundeak (FBEE). Horien ezarpena Nafarroan.

12. gaia.-Nekazaritzako naturgunea babesteko EENPren neurri lagungarriak. Nekazaritzako ingurumenerako neurriak eta haien aplikazioa Nafarroan. Ohiko nekazaritza praktika egokiak eta animalien ongizatea. Haien aplikazioa Nafarroan.

13. gaia.-EENPren beste neurri lagungarri batzuk. Jubilazioa eta nekazaritza tenorea baino lehen uztea. Nekazaritzako lurrak basoberritzea. Kalte-ordaina eremu andeatuentzat eta ingurumen aldetik neurri berariazkoak dituzten eremuentzat. Haien aplikazioa Nafarroan.

14. gaia.-Nekazaritzako ustiategien etekina hobetzearekin zerikusia duten garapen neurriak. Nekazaritzako ustiategietako inbersioak eta nekazari gazteen jarduera. Haien aplikazioa Nafarroan.

15. gaia.-Nekazaritzako aseguruak. Eginkizuna. Oinarrizko elementuak. Aplikazio moduak. Horien aplikazioa Nafarroan: ezarpena eta bilakaera.

16. gaia.-Nekazaritzako finantzaketa. Nafarroako Foru Administrazioaren sustapen lerroak: ekoizpen sektorera zuzenduriko lerroak, nekazaritza-industriara zuzenduriko lerroak, elkartegintzara zuzenduriko lerroak.

17. gaia.-Landalurraren Katastroa. Kontzeptua eta motak. Onura eta xedeak. Aplikazio fiskalak eta ez-fiskalak. Dokumentazio grafikoa eta literala. Eraketa eta kontserbazioa. Katastroaren berrikuntza. Datu-basetan informatizatzea. Nafarroako Lurraldeko Informazio Sistema (SITNA).

18. gaia.-Nekazaritzako kontabilitatea. Kontabilitate orokorra eta analitikoa: kontzeptua, erabilgarritasuna eta funtzioak. Kontabilitate bikoitza: ondarea eta balantzea, kontu motak, nekazaritzako enpresaren kontu bereziak, nekazaritzako kooperatiben kontu bereziak. Balantzearen azterketa. Gehien erabiltzen diren finantza ratioak: haien interpretazioa. Kontabilitateko ekitaldien arteko konparazioa.

19. gaia.-Estatistika orokorra. Aldagai baten kokaera, dispertsio eta simetriaren parametroak. Batez bestekoa, mediana eta moda. Ordena desberdineko momentuak. Bariantzas eta desbideratze tipikoa. Bariazio koefizientea.

Laugarren partea

1. gaia.-Lurra, ekoizpen faktore gisa. Lurrari buruzko nekazaritza azterketarako teknikak. Lur motak. Lurraren eta landarearen arteko lotura. Lurraren erabilpenak: izan daitezkeen erabilpenen definizioa.

2. gaia.-Laborantza. Laborantza motak, lurraren eta helburu teknikoaren arabera. Laborantza minimoa. Laborantza eza. Lurrak zaintzea. Higadura arazoak. Higaduraren eragina Nafarroako lurretan.

3. gaia.-Ura, ekoizpen faktore gisa. Ura-lurra-landarearen arteko lotura. Ur balantzea. Ureztatzeko uraren kalitatea. Ureztaketa. Ureztatzeko teknika eta sistema nagusiak. Gazitzearen arazoa.

4. gaia.-Zereal hazien ekoizpena Nafarroan. Sektore horren garrantzia Nafarroan. Ernaltze autogamako zereal hazien kontrola eta ziurtapena egiteko Erregelamendu Teknikoa. Ugalketarako ekoizlea zer den: eskubideak eta betebeharrak. Zereal hazien ziurtapena eta merkaturatzea. Alearen prestaketa gero ereiteko.

5. gaia.-Ugaltze begetatiboaren bidezko landare produkzioa. Sektore horren garrantzia Nafarroan. Hazitarako patataren produkzioa, frutarbola landareen produkzioa eta baratzeko landareen produkzioa: kontrolatzeko eta ziurtagiriak emateko erregelamendu teknikoak. Landaretza autoktonoa: duen balioa baliabide gisa. Hura kontserbatzeko ekintzak Nafarroan.

6. gaia.-Ongarriak nekazaritza enpresaren produkzio faktore gisa. Sektore horren garrantzia. Ongarri motak eta haien ezaugarriak. Ongarritzeko teknikak: dosi optimoen definizioa eta ongarritzeko unerik egokienak. Ongarritze arrazionala. Ongarritzeko sistemak. Lehorreko lurren sistema estentsiboetan ongarritzea. Ureztalurren sistema intentsiboetan ongarritzea. Fertirrigazioa. Berotegietan ongarritzea.

7. gaia.-Hondakin organikoak ongarritarako erabiltzea. Simaurra, Minda, araztegiko lohia eta konposta: horien ezaugarriak eta ongarritarako balioa. Horiek erabiltzeak ekar ditzakeen arriskuak ingurumenean eta osasunean. Erabilpenerako gomendio teknikoak. Abeltzaintzako ustiategietan izaten diren hondakin organikoak direla-eta ingurumenaren aldetik galdatzen dena. Nafarroako Foru Komunitateko legezko xedapenak.

8. gaia.-Ongarritzeak ingurumenari dakarzkion arriskuak. Lurren eta uraren kutsadura. Kontseiluaren 91/676/EEE zuzentaraua, 1991ko abenduaren 12koa, nekazaritzan erabilitako nitratoen kutsaduratik ura babesteari buruzkoa. Kaltea jasan dezaketen eremuak. Arauen aplikazioa Nafarroan.

9. gaia.-Fitosanitarioak nekazaritza enpresaren produkzio faktore gisa. Sektore horren garrantzia. Motak eta ezaugarriak. Aplikatzeko teknikak. Izurri, gaitz eta belar txarrei dagokienez, Nafarroan diren arazo larrienen deskripzioa. Haiek kontrolatzeko teknikak. Babes fitosanitarioa, beste lurralde batzuetatik heldu diren organismo kaltegarrien aurrean: Espainiako araudia. Pasaporte fitosanitarioa. Nafarroan diagnostikatutako berrogeialdiko gaitzen arazoak: eragileak, arazoaren munta, desagertazi eta kontrolatzea.

10. gaia.-Fitosanitarioak erabiltzearen ondorioz ingurumenak eta osasunak izan ditzaketen arriskuak. Arriskuen sailkapenak. Etiketa. Piktogramak. Arriskua adierazteko esaldiak. Produktu fitosanitarioak aplikatzeko karneta. Establezimendu eta zerbitzuen Erregistro Ofiziala. Fitosanitarioen hondakinak nekazaritzako produktuetan. Hondakinen gehienezko muga. Horien jarraipena eta kontrola, eremu nazionalean.

11. gaia.-Makineria, nekazaritza enpresaren produkzio faktore gisa. Sektore horren garrantzia. Nafarroako nekazaritza sektorearen mekanizazioa. Nekazaritzako makineriaren Nafarroako Erregistro Ofiziala. Mekanizazio ekipoetan makineria batera erabiltzea: horren sustapena Nafarroan.

12. gaia.-Nekazaritzaren mekanizazioa. Trakzioko makineria, laborantzako makineria, ereiteko eta landareak sartzeko makineria, fitosanitarioak aplikatzeko makineria, ongarria aplikatzeko makineria, ureztatzeko ekipoak, uzta biltzeko makineria, abeltzaintzako instalazioetarako makineria: ezaugarriak eta joerak. Mekanizazioaren kostu murriztea.

13. gaia.-Nekazaritzako produktuen biltegiratze eta kontserbazioa. Produktu eta sistemarik nagusienak. Instalazioak eta teknologia. Aipamen berezia ale, haragi eta barazki-fruten kontserbazioaz.

14. gaia.-Nekazaritzako produkzio ekologikoa. Produkzio ekologikoaren ezaugarriak. Alde nabarmenenak beste produkzio kontrolatuekin alderatuta. Hura erregulatzen duen araudiaren funtsezko alderdiak. Produkzio ekologikoa Nafarroan: bilakaera eta joerak sektoreka. Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseilua. Produkzio ekologikoaren aldeko laguntza eta sostengua Nafarroan.

15. gaia.-Produkzio integratua. Produkzio integratuaren ezaugarriak. Beste produkzio kontrolatuekiko alderik nabarienak. Produkzio mota hori Nafarroan erregulatzen duen araudia. Erregelamendu teknikoak edo arau tekniko berariazkoak. Ustiategien koadernoak. Ziurtapen eta kontrolerako entitateak. Nafarroako produkzio integratua: bilakaera eta joerak sektoreka. Produkzio integratuaren aldeko laguntza eta sostengua Nafarroan.

16. gaia.-Zerealen produkziorako teknikak Nafarroan. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Ibilbide teknikoak. Lehorreko lurreko produkzioa. Ureztalurreko produkzioa. Laboreen alternatibaren kokaera. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak zerealen produkzioan.

17. gaia.-Lekariak, olio-landareak, proteaginosoak, ehungintzako landareak eta elikagai ez diren bestelako laboreak ekoizteko teknikak Nafarroan. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Ibilbide teknikoak. Laboreen alternatibaren kokaera. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak multzo honetako laboreetan.

18. gaia.-Barazkigintzako teknikak Nafarroan. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Ibilbide teknikoak. Baratzeko laboreen alternatibak eta txandakatzeak. Barazkigintza intentsiboa eta barazkigintza estentsiboa. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak barazkigintzaren produkzioan.

19. gaia.-Frutagintzako teknikak Nafarroan. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Landatze berrien diseinua. Ibilbide teknikoak. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak frutagintzaren produkzioan.

20. gaia.-Almendrondo eta olibondoen produkzio teknikak Nafarroan. Barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Ibilbide teknikoak. Landatze berrien diseinua. Labore horiek ingurumenaren ikuspuntutik eta marginaltasunetik dituzten ezaugarriak. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak almendrondo eta olibondoen produkzioan.

21. gaia.-Mahastigintzako teknikak Nafarroan. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Barietateak eta industriarako orientazioa. Ibilbide teknikoak. Landatze berrien diseinua. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak mahastigintzaren produkzioan.

22. gaia.-Estalpeko produkziorako teknikak Nafarroan. Berotegiak eta tunelak. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Oinarrizko teknologia berotegietan: eraikuntzarako materialak eta estalkia, ureztaketa, nutrizioa, substratuak, bero-laguntza pasiboa, berokuntza. Lurrik gabeko laborantza: kontzeptua, abantailak eta eragozpenak. Txandatzeak eta alternatibak Nafarroako berotegi eta tuneletan. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak estalpeko barazkigintzaren produkzioetan.

23. gaia.-Larreak eta belar-bazkak ekoizteko teknikak Nafarroan. Espezieak, barietateak eta merkataritzako orientazioa. Produkzio eremuak, azalerak eta emaitzak. Ibilbide teknikoak. Lehorreko lurren produkzioa. Ureztalurren produkzioa. Laboreen alternatibaren kokaera. Merkaturatzeko bideak. Kalitate faktoreak multzo honetako laboreetan.

24. gaia.-Esnetarako eta haragitarako behi, ardi eta ahuntz azienden produkzio teknikak Nafarroan. Arrazak eta produkzio horien merkataritzako orientazioa. Abeltzaintzako eremuak, produkzio baliabideak, emaitzak eta produkzioak. Ekipoak eta instalazioak. Produkzio intentsiboa eta estentsiboa. Abere-zamaren eragina laguntzak jasotzeko: Nafarroan duen aplikazio berariazkoa. Merkaturatzeko bideak. Produkzio horien kalitate faktoreak.

25. gaia.-Zaldi eta zerri azienden eta untxi eta hegaztien produkzio teknikak Nafarroan. Arrazak eta produkzio horien orientazioa merkataritzan. Abeltzaintzako eremuak, produkzio baliabideak, emaitzak eta produkzioak. Ekipoak eta instalazioak. Merkaturatzeko bideak. Produkzio horien kalitate faktoreak.

26. gaia.-Nafarroako nekazaritzako produktuen eraldaketa eta industrializazioa (I). Ardoaren industria: lehengai nagusien ezaugarriak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuen ezaugarriak eta haiek merkatuan jartzea. Olioaren industria: lehengai nagusien ezaugarriak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuen ezaugarriak eta haiek merkatuan jartzea.

27. gaia.-Nafarroako nekazaritzako produktuen eraldaketa eta industrializazioa (II). Zerealen industriak: lehengai nagusien ezaugarriak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuen ezaugarriak eta haiek merkatuan jartzea. Landare-kontserben industria freskotan, eraldatuta eta izoztuta: lehengai nagusien ezaugarriak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuak eta haiek merkatuan jartzea.

28. gaia.- Nafarroako nekazaritzako produktuen eraldaketa eta industrializazioa (III). Haragiaren industria: lehengai nagusien ezaugarriak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuen ezaugarriak eta haiek merkatuan jartzea. Esnearen industria: lehengai nagusien ezaugarriak, elaborazio prozesuak, teknologia, lortutako produktuak eta haiek merkatuan jartzea. p.29. gaia.-Interbentzioa zerealetan. Interbentziorako eskubidea duten produktuak. Kalitate estandarra. Erosketa prezioak interbentzioan: hasierakoa, hileko igoera eta erosketa prezioa. Epealdia. Erosteko moduak. Interbentziorako kualitate baldintza gutxienekoak. Hobariak eta balio-galerak.

30. gaia.-Interbentzioa behi okelan. Erosgaiak. Gutxieneko baldintzak interbentziorako. Behi okela interbenitua izoztea. Biltegian gorde eta kontserbatzea. Behi okela interbenituaren salmenta.

31. gaia.-Merkatuen Antolamendu Bateratua barazkigintzako produktu freskoetan. Arautzen dituen produktuak. Merkatutik kentzea: kendu beharreko produktuak, onuradunak, merkaturatzeko kanpainak. Ordain finantzarioa merkatutik kentzeari. Gutxieneko kalitatea merkatutik kentzeko. Merkatutik kendutako produktuen destinoa.

32. gaia.-Merkatuen Antolamendu Bateratua barazkigintzako produktu eraldatuetan. Batzordearen (EE) 449/2001 Erregelamendua: arautzen dituen produktuak, produktu amaituak, merkaturatzeko kanpainak, kontratuak, laguntzeko eskaerak, kontrolak eta zehapenak.

33. gaia.-Merkatuen Antolamendu Bateratua belar-bazka idortuen sektorean. Zein produktutan duen eragina. Belar-bazka idortua eraldatzen duten industriendako laguntza. Landutako produktuari eskatzen zaizkion gutxieneko baldintzak. Ekoizlearen eta industria eraldatzailearen arteko kontratazioa.

Iragarkiaren kodea: A0208995