93. ALDIZKARIA - 2001eko abuztuaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

243/2001 FORU AGINDUA, ekainaren 26koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, abenduaren 15eko 1027/2000 Ebazpena eta apirilaren 4ko 134/2001 Foru Agindua hein batean aldatzen dituena. Ebazpen eta agindu horien bitartez, hurrenez hurren, behin-behinekoz eta behin betikoz ebatzi zen testu-liburuak erosteko 2000/2001 ikasturteari dagozkion laguntzetarako deialdia.

Abenduaren 15eko 1027/2000 Ebazpenaren eta apirilaren 4ko 134/2001 Foru Aginduaren bidez, hurrenez hurren, behin- behinekoz eta behin betikoz ebatzi zen testu-liburuak erosteko 2000/2001 ikasturteari dagozkion laguntzetarako deialdia, eta bietan, laguntzak ukatu zitzaien I. eranskinean ageri ziren eskatzaileei, 4.4. araua ez betetzeagatik. Honela dio 4.4. arau horrek: "Eskatzailea eta famili-unitateko kide guztiak P.F.E.Z.aren zergadunak izanen dira, baldin eta Nafarroako Foru Ogasunean horretara beharturik badaude. Zerga arloko betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte denek".

Eskatzaileek egoera hori konpontzeko tramiteak egin zituzten Ekonomi eta Ogasun Departamentuan. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko Beka Bulegoak eta Ikasketetarako Laguntzen Atalak, Ekonomi eta Ogasun Departamentuari bidezko kontsultak egin ondoren, akatsa zuzendu zela egiaztatu zuten, eta beraz, eskatzaileek aipatu 4.4 araua betetzen zituztela.

Halaber, II. eranskineko eskatzaileei laguntza ukatu zitzaien, 4.1 araua ("maila errepikatzen ari diren ikasleei ez zaie bekarik emanen") ez betetzeagatik. Ikastetxeek emandako ziurtagiriak azterturik, egiaztatu da akatsa izan zela II. eranskineko ikasleak errepikatzailetzat hartzea.

Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak adostasun txostena eman du I. eta II. eranskinetako eskatzaileei dirulaguntzak ordaintzeko eta III. eranskineko ikasleen datuak zuzentzeko bekaren espedientean.

Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 105.2 artikuluari jarraikiz, Administrazio Publikoek zilegi izanen dute beren ekintzetan egiten dituzten akatsak, egitatezkoak edo aritmetikoak, edozein momentutan zuzentzea, ofizioz edo interesatuek eskatuta. Horrelako kasuan gaude oraingo honetan, izan ere, espedientean dauden datuen zuzenketa baita, doktrina juridikoak agindutako tramitea, alegia, kasuan aplikatu beharreko arauen azterketa edo legezko interpretazioa, bete gabe.

Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluaren c) eta d) ataletan emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Abenduaren 15eko 1027/2000 Ebazpena eta apirilaren 4ko 134/2001 Foru Agindua hein batean aldatzea, I., II. eta III. eranskinetako eskatzaileei dagokienez. Ebazpen eta agindu horien bitartez, hurrenez hurren, behin- behinekoz eta behin betikoz ebatzi zen testu-liburuak erosteko 2000/2001 ikasturteari dagozkion laguntzetarako deialdia.

2. Testu-liburuak erosteko 2000/2001 ikasturteari dagozkion laguntzen kontzesioak eta ukapenak behin betiko egitea. Laguntza horietarako deialdiaren behin-behineko ebazpena abenduaren 15eko 1027/2000 Ebazpenaren bidez eman zen eta behin betikoa, apirilaren 4ko 134/2001 Foru Aginduaren bitartez. Behin betikotzat hartzeko agindu horretatik salbuetsi behar dira I., II. eta III. eranskinetako salbuespenak, aipatu ebazpenean eta foru aginduan ageri direnak aldatzen dituztenak.

3. Foru Agindu honen I., II. eta III. eranskinetako kontzesioak eta zuzenketak ere behin betikoak dira. Eranskin horiek jendaurrean jarriko dira ondoren aipatzen diren tokietan:

-Nafarroako Gobernuaren Argibide Bulegoa, Karlos III.a, 2, Iruña.

-Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Argibide eta Agiri Bulegoa, Santo Domingo, z.g., Iruña.

4. IV. eranskinean ageri diren ikastetxeei, zuzenketa honen eragina dutenei, 378.000 pezeta ordaintzeko agindua ematea.

5. Ekonomi eta Ogasun Departamentuari behar diren ordainketa-aginduak eman ditzala eskatzea, indarra duen gastuen aurrekontuaren "Testu-liburuak eta eskolako materiala erosteko laguntzak" izeneko 41620-4800-422200 kontusailaren kargura.

6. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

7. Foru Agindu hau Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Ikasketetarako Laguntzen Atalera, Beka Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora igortzea.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hogeita seian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0106927