93. ALDIZKARIA - 2001eko abuztuaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

239/2001 FORU AGINDUA, ekainaren 22koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, maila ertain eta unibertsitarioetan 2001/2002 ikasturteko beketarako deialdi orokorra onesten duena.

Ikusirik, Departamentu honetako Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuko zuzendariak 2001/2002 ikasturteko beketarako deialdi orokorrari dagokionez aurkeztutako txostena.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2.c) eta d) artikuluan esleitutako ahalmenak erabiliz,

XEDATU DUT:

1. Maila ertain eta unibertsitarioetarako 2001/2002 ikasturteko beketarako deialdi orokorra onestea. Testua Foru Agindu honekin batera doan eranskinekoa da.

2. Aipatu deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

3. Deialdi hau finantzatuko da Nafarroako 2001eko Aurrekontuetan sortutako kredituen kargura, hots, "Irakaskuntza ertainetarako eta goi ikasketetarako beka eta dirulaguntzak" deitutako 41620-4800-425100 kontusaila, bai eta 2002. urterako Nafarroako Parlamentuak ezarriko duenaren kargura ere.

Ematen diren beka guztiak ordaintzeko aurrekontu krediturik aski ez badago, familiaren per capita errentaren arabera ordainduko dira, txikienetik handienerako ordenan, kreditua bukatu arte. Kreditu ezagatik ordaintzen ez diren eskabideak ukatutzat hartuko dira.

4. Foru Agindu hau eta bere eranskina igortzea Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza eta Kulturakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzura, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Euskara Zerbitzura eta Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Ikasketetarako Laguntzen Atalera eta Beka Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoarenera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hogeita bian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: a0106888