86. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

19/2001 FORU LEGEA, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, NAFARROAKO POLIZIA KIDEGOEI BURUZKO OTSAILAREN 13KO 1/1987 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 51. artikuluan ezarritakoaz baliatuz, Nafarroari dagokio Foruzaingoaren araubidea erregulatzea, bai eta Nafarroako udaltzaingoak koordinatzea ere.

Eskumen hori betetzeko, Nafarroako polizia kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legea aldarrikatu zen. Arau horren zioen azalpenean arrazoitzen zenez, komeni da, behin Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoa onetsirik, Foruzaingoari buruzko ordura arteko arauen eskasiek eta gaurkotasun ezak eragindako hutsune normatiboa zuzentzea; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutua arautzen duen martxoaren 30eko 13/1983 Foru Legeak bere esparrutik kanpo uzten ditu, gainera, Foruzaingoko kideak. Bestalde, Foruzaingoko kideak eta udaltzaingoetakoak parekatzen ziren haien estatutuaren arautzean, horren bitartez azken hauen arteko koordinazioa bermatzeko eta arautzeko Nafarroako Administrazio Publikoen gainerako funtzionarioengandik bereizten zituzten alderdiak, azken hauek ezinbestekoak eginkizun polizialen berezitasuna dela-eta.

Foru lege hura onetsi zenetik hamalau urte iraganik, agerian gelditu da egoki eta komeni dela haren eduki batzuk aldatzea. Aipatutako arauaren indarraldian, Foruzaingoa eta Nafarroako udaltzaingoak nabarmen handitu dira, kide kopurutan nola jarduketa esparrutan. Hazkunde hori eta foru legearen aplikaziotik heldu den esperientzia bera nahiko arrazoi badira zenbait aldaketa egiteko. Are gehiago, Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak, 1994an Foruzaingoaren Antolaketaren eta eginkizunen plan zuzendaria onartu zutenean, adierazi zuten beharrezkoa zela langileen estatutuaren alderdi batzuk planean ageri ziren helburuetara moldatzea. Beste alde batetik, Nafarroako polizia kidegoetan ere eragina duten aldaketak gertatu dira Foru Komunitateko administrazioaren antolaketan eta langileen estatutuan; hori dela-eta, komeni da zenbait xedapen egokitzea.

Artikulu bakarra.-Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legearen idatz-zatiak eta aginduak, ondotik aipatzen direnak, aldatu egin dira. Hauxe da testu berria:

4. artikulua.

4. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"4. artikulua. Nafarroako Foruzaingoaren egiturari buruzko arauek adieraziko dute Foru Komunitateko administrazioaren zein departamentutan dagoen kokaturik, organigramaren aldetik."

6. artikulua.

6. artikuluko 2. idatz-zatiari erredakzio berria ematen zaio:

"6. artikulua. 2. Foruzaingoko kideak lanpostu hauetan banatuko dira:

-Ofiziala

-Inspektorea

-Inspektoreordea

-Sarjentua

-Kaboa

-Foruzaina

Erregelamenduz ezarriko dira idatz-zati honetan aipatzen diren lanpostuetako bakoitzari dagozkion eginkizunak."

7. artikulua.

7. artikuluko 1.-idatz-zatiari erredakzio berria ematen zaio:

"7. artikulua. 1.-Foruzaingoko kideak uniformea jantzirik arituko dira beti zerbitzuan daudenean. Kontseilari eskudunak emanen du baimena, zerbitzuak hala eskatzen duenean, uniformea jantzi gabe jardun dezaten zenbait kidek."

9. artikulua.

9. bis artikulu berri bat gehitzen da.

"9 bis artikulua. 1.-Nafarroako Gobernuak, Foruzaingoaren egitura organikoaren barruan, polizia judizialeko unitateak antolatu ahal izanen ditu, eta epaitegi edo auzitegiei eta Ministerio Fiskalari esleitu ahal izanen dizkie.

2.-Polizia judizialeko unitate horiek Nafarroako Foruzaingoko Kidegoko kideek osatuko dituzte, behar den prestakuntza espezializatua jaso ondoren.

3.-Artikulu honetan aipatutako unitateei aplikatuko zaizkie Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzko martxoaren 13ko 2/1986 Lege Organikoaren 31, 33, 34 eta 35. artikuluetan dauden xedapenak."

12. artikulua.

12. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"12. artikulua. Udaltzaingorik ez duten toki entitateek albientearen lanpostu bat edo batzuk sartu ahal izanen dituzte plantilla organikoan, udaltzaingoen kidegoek dituzten eginkizun berberak bakarrik beteko dituen agente armaduna izateko, foru lege honen xedapenen menpean."

14. artikulua.

14. artikuluko 1. idatz-zatiari erredakzio berria ematen zaio:

"14. artikulua. 1. Nafarroako toki entitateetako udaltzaingoek antolaketa hierarkikoa izanen dute, eta haien kideek lanpostu hauetakoren bat:

-Ofiziala

-Inspektorea

-Inspektoreordea

-Sarjentua

-Kaboa

-Udaltzaina edo agentea."

15. artikulua.

15. artikuluko 2.-idatz-zatiari erredakzio berria ematen zaio:

"15. artikulua. 2.-Udaltzaingoaren Kidegoko buruaren izendapena alkateak edo Mankomunitateko buruak eginen du."

16. artikulua.

16. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"16. artikulua. 1.-Ofizialaren lanpostua izanen da laurogei kide, gutxienez, dituzten udaltzaingo kidegoetan soilik.

2.-Inspektorearen lanpostua izanen da berrogei kide edo gehiago dituzten udaltzaingo kidegoetan soilik.

3.-Inspektoreordearen lanpostua izanen da hogei kide edo gehiago dituzten udaltzaingo kidegoetan soilik.

4.-Sarjentuaren lanpostua izanen da hamabi kide edo gehiago dituzten udaltzaingo kidegoetan soilik.

5.-Kaboaren lanpostua kasu guztietan izanen da udaltzaingo kidegoetan."

27. artikulua.

27. artikuluko 3.-idatz-zatiari erredakzio berria ematen zaio:

"27. artikulua. 3.-Foruzaingoaren buruaren izendapena Nafarroako Gobernuak eginen du, kontseilari eskudunak proposaturik."

30. artikulua.

30. artikuluko 2.-idatz-zatiari erredakzio berria ematen zaio:

"30. artikulua. 2.-Hautaketa proben artean, betiere, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da. Ikastaro hori gainditzea ezinbestekoa izanen da Nafarroako Polizia Kidegoetako funtzionario egiteko."

32. artikulua.

32. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"32. artikulua. Nafarroako Polizia Kidegoetako lanpostuak eskuratzeko eskatuko den titulazioa 37. artikuluak ezarritako mailei dagokiena da.

2.-Nafarroako polizia kidegoetako plantillako langileek aurreko enpleguan emandako urteak baliatu ahalko dituzte eskatzen den titulazioaren ordez barne sustapenean."

34. artikulua.

34. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"34. artikulua. 1.-Polizia kidegoetako lanpostu hutsak Polizia Kidegoetan sartzeko hautaketa probak eginez beteko dira.

Sartzeko prozeduran honako proba baztertzaile hauek eginen dira:

a) Egoera fisikoaren probak

b) Kultura orokorreko probak, eskatutako ikasketa mailarekin bat heldu direnak.

c) Proba psiko-teknikoak izangaiak lanpostuaren ezaugarri profesiografikoari egokitzen zaizkion neurtzeko.

d) Proba medikoak

e) Prestakuntza ikastaroa.

Nafarroako Gobernuak udaltzaingoen kidegoetan sartzeko deialdia onartu eta hautapen prozedura eginen du, haien borondatez hala eskatzen dioten toki entitateen kasuan.

2.-Kabo eta inspektoreordearen lanpostu hutsak barne igoeraren bidez beteko dira, beheragoko lanpostutik eta lehiaketa baten bidez. Lehiaketa horretan merezimenduen balorazioa, izangaiak lanpostuaren ezaugarri profesionaletarako egokiak diren neurtzeko proba psikoteknikoak eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak lanpostura gaitzeko emanen duen ikastaro bat gainditu beharko dira.

3.-Sarjentu eta inspektorearen lanpostu hutsak barne igoeraren bidez beteko dira, beheragoko lanpostutik eta oposizio-lehiaketa baten bidez. Lehiaketa horretan merezimenduen balorazioa, jakintza probak, izangaiak lanpostuaren ezaugarri profesionaletarako egokiak diren neurtzeko proba psikoteknikoak eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak lanpostura gaitzeko emanen duen ikastaro bat gainditu beharko dira. Oposizio-lehiaketa horretan parte hartzeko, lanpostu zuzenki beheragokoan bi urteko antzinatasuna, gutxienez, eta lanpostuari dagokion titulu akadamikoa izatea eskatuko da.

4.-Aurreko bi idatz-zatietan aipatutako lanpostu hutsak betetzeko deialdietan barne igoerako txanda bat ezarriko da polizia kidego bereko kideentzat eta beste txanda bat, deitutako gainerako lanpostuekin, Nafarroako polizia kidego guztietako kideek parte har dezaten, ezarritako beharkizunak betetzen badituzte. Txanda irekian betetzen ez diren lanpostuak barne igoerako txandari gehituko zaizkio. Idatz-zati honetan ezarritako portzentajea aplikatzeko, hiru lanpostu hutsetatik lehendabizikoa eta hirugarrena barne igoera txandakoak izanen dira eta bigarrena txanda irekikoa."

35. artikulua.

35. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"35. artikulua. 1.-Udaltzaingoen kidegoetako ofizialaren lanpostu hutsak oposizio-lehiaketaren bidez beteko dira, bi txandatan, bata barne igoerakoa eta bestea irekia. Barne igoerako txandan Nafarroako edozein polizia kidegotako kideak lehiatu ahalko dira, inspektore lanpostuan, egiaz emandako zerbitzuetan, hiru urteko antzinatasuna badute. Txandetako batean betetzen ez diren lanpostuak beste txandakoei gehituko zaizkie. idatz-zati hau aplikatzeko gertatzen diren bi lanpostu hutsetatik lehendabizikoa barne igoerako txandari atxikiko zaio eta bigarrena txanda irekiari.

2.-Foruzaingoko ofizialaren lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bidez beteko dira, hiru txandatan:

a) Lanpostu hutsen ehuneko berrogei barne igoera txandan, Nafarroako polizia kidegoetako kideentzat, inspektorearen lanpostuan, egiaz emandako zerbitzuetan, hiru urteko antzinatasuna badute.

b) Lanpostu hutsen ehuneko hogeita hamar txanda irekian, Estatuko Segurtasuneko Indar eta Kidegoen buru, ofizial eta agintarientzat, A edo B taldeko lanpostu batean, egiaz emandako zerbitzuetan, bost urteko antzinatasuna badute.

c) Lanpostu hutsen ehuneko hogeita hamar txanda irekian, A mailari dagokion ikasketa titulazioa badute.

3.-Aurreko idatz-zatian ezarritako portzentajeak aplikatzeko, gertatzen diren hamar lanpostu hutsetatik lehendabizikoa, bigarrena, bosgarrena eta zortzigarrena barne igoera txandakoak izanen dira; hirugarrena, seigarrena eta bederatzigarrena Estatuko Segurtasuneko Indar eta Kidegoen buru, ofizial eta agintarientzako txanda irekikoak eta laugarrena, zazpigarrena eta hamargarrena txanda irekikoak.

4.-2. idatz-zatiko a) eta b) letretan aurreikusten diren txandetan betetzen ez diren lanpostu hutsak txanda irekikoei gehituko zaizkie."

36. artikulua.

36. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"36. artikulua. 1.-Nafarroako polizia kidegoetako funtzionario izaera eskuratu eta galtzeko baldintzak Nafarroako Administrazio Publikoetako gainerako funtzionarioei aplikatzekoak zaizkien xedapen orokorretan ezarritakoak arautuko ditu, ondoko idatz-zatiak xedatutakoa baztertu gabe.

2.-Nafarroako polizia kidegoetan sartzeko izangaiak prestakuntzako ikastaroa egiteko onartuak izan badira, praktikaldiko funtzionarioak izanen dira hura egin bitartean. Egoera horretan dituzten eskubideak eta betebeharrak erregelamenduz arautuko dira."

37. artikulua.

37. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"37. artikulua. Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioak maila hauetan banatuko dira:

a) Ofiziala eta inspektorea: A maila.

b) Inspektoreordea eta sarjentua: B maila.

c) Kaboa eta polizia edo agentea: C maila."

39. artikulua.

39. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"39. artikulua. 1.-Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioek gora eginen dute lanpostuko mailan igoz, 34 eta 35. artikuluetan ezarritako prozeduraren bidez, bai eta gradua igoz ere, 41. artikuluan ezarri bezala.

2.-Nafarroako polizia kidegoetako kideek barne igoerako prozesuetan Nafarroako Administrazio Publikoen langileendako txanda murriztuan parte hartu ahal izanen dute, egiazko zerbitzuan 8 urte betetzen dituztenetik aitzina."

40. artikulua.

40. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"40. artikulua. Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioak izendatu ahal izanen dira, bitarteko izaeraz, goragoko lanpostu baterako, betiere lanpostu hutsik badago eta kasuan kasuko igoera-prozeduran onartuak izateko baldintzak betetzen badituzte. Bitarteko izendapena urte baterako, gehienez, izanen da, baina luzatu ahal izanen da, betiere goragoko lanpostura igotzeko deialdia onarturik badago eta lanpostu hutsa behin betikoz bete arte."

42. artikulua.

2.-idatz-zati berri bat gehitzen da eta oraingo 42 artikulua 1. idatz-zatia izatera pasatzen da:

"42. artikulua. 2.-Polizia kidegoko funtzionario bakoitzaren lanpostuaren errendimenduaren balorazio objektiboa eginen da urtero, eta espediente pertsonalari erantsiko zaio. Balorazio horrek emanen du igoera prozedura guztietan ezarriko diren lehiaketa baremoen puntuazioaren 100eko 50."

44. artikulua.

44. artikuluko 1. idatz-zatiari d) letra berri bat gehitzen zaio:

"44. artikulua. 1. d) Beren zereginetan jardutean egindakoengatik erantzukizunak eskatzen zaizkien jarduketa judizial orotan, Nafarroako polizia kidegoetako kideek eskubidea izanen dute kide diren administrazio publikoaren kargura eta hark izendatutako profesionalek defendi eta ordezka ditzaten."

45. artikulua.

45. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"45. artikulua. Nafarroako polizia kidegoen funtzionarioek kontzeptu hauengatik baizik ez dituzte lansariak jasoko:

1.-Oinarrizko lansari pertsonalak, Nafarroako Administrazio Publikoen gainerako funtzionarioei oro har aplikatzekoak zaizkien arauen arabera.

2.-Lansari osagarriak.

a) Osagarri berariazkoa.

b) Lanpostuko osagarria.

c) Burutzako osagarria.

3.-Bestelako lansariak, Nafarroako Administrazio Publikoen gainerako funtzionarioei oro har aplikatzekoak zaizkien arauen arabera."

46. artikulua.

46. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"46. artikulua. 1.-Osagarri berariazkoa Nafarroako polizia kidegoetako kide guztiei ordainduko zaie. Gehieneko zenbatekoa dagokion mailako hasierako soldataren ehuneko 55 izanen da.

2.-Lanpostuko osagarria eginkizun espezializatuak betetzen dituzten unitateak dauzkaten polizia kidegotan aplikatuko da, unitate bakoitzari atxikitako eginkizunek eskatzen duten zailtasun, dedikazio, erantzukizun edo prestakuntza tekniko bereziaren mailaren arabera. Gehieneko zenbatekoa dagokion mailako hasierako soldataren ehuneko 75 izanen da.

3.-Burutzako osagarria unitate organiko baten burutza atxikia duten lanpostuei aplikatuko zaie. Gehieneko zenbatekoa dagokion mailako hasierako soldataren ehuneko 30 izanen da.

4.-Nafarroako Gobernuak, Nafarroako udaltzaingoak koordinatzeko batzordeak aldeko txostena eman ondoren, erregelamenduz zehaztu ahalko du zein diren Nafarroako udaltzaingoen kidegoetako kideei ordaindu beharreko lansari osagarriak, foru lege honen xedapenekin bat."

47. artikulua.

47. artikuluko 2. idatz-zatiari erredakzio berria ematen zaio:

"47. artikulua. 2. Baimena kontseilari eskudunak emanen du Foruzaingoaren kasuan, eta alkateak edo Mankomunitateko buruak udaltzaingoen kasuan."

56. artikulua.

56. artikuluari erredakzio berria ematen zaio:

"56. artikulua. 1.-Zehapenak ezartzeko eskumena arau hauei lotuko zaie:

a) Foruzaingoan, Nafarroako Gobernuaren esku dago zerbitzutik bereiztea dakarren zehapena ezartzeko eskumena, eta kontseilari eskudunari hutsegite larri edo oso larrien kasuan gainerako zehapenak ezartzeko eskumena.

Foruzaingoko buruak du hutsegite arinengatiko zehapenak ezartzeko eskumena.

b) Udaltzaingoetan alkatearena da hutsegite oso larri edo larriengatiko zehapenak ezartzeko eskumena, eta Kidegoko buruarena hutsegite arinengatikoak ezartzekoa.

2.-Diziplina edo zigor prozedurari hasiera eman ondoren, organo eskudunak erabaki ahal izanen du eginkizunak kentzea behin-behinekoz, kautelazko neurri gisa. Egoera dela-eta komeni denean, behin-behineko gabetze hori polizia kidegoko buruak erabaki ahal izanen du prozedura hasi aurretik."

XEDAPEN GEHIGARRIA

45 eta 46. artikuluetan jasotzen diren ordainsari osagarrien aldaketek ez dute inolaz ere ekarriko Nafarroako polizia kidegoetako funtzionarioen egungo ordainsariak jaistea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru lege honetan ezarritakoaren kontra doazen arau guztiak indarrik gabe gelditu dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehendabizikoa.-Hiru hilabeteko epean Nafarroako Gobernuak Nafarroako polizia kidegoei buruzko testu bategina prestatu eta onetsiko du legegintzako foru dekretu baten bitartez.

Bigarrena.-Sei hilabeteko epean Nafarroako Gobernuak foru lege honen xedapenak garatu eta aplikatzeko behar diren erregelamenduzko arauak emanen ditu, eta gai hauei buruzko berariazkoak:

-Sartu eta mailaz igotzeko prozedurak.

-Lanpostuak betetzea eta destinoak.

-Prestakuntza etengabea eta espezializaziokoa, eta prestakuntza jardueretan parte hartzeko baldintzak.

-Nafarroako polizia kidegoetako lan arrisku berariazkoen prebentzioa, haien ezaugarri berezien legedi indarduna egokituz.

Hirugarrena.-Erregelamenduz ezarriko da zein kasutan igaroko diren langileak bigarren jarduerarako gorderiko lanpostuak betetzera, lan mota bakoitzaren gehieneko adinera ailegatzeagatik edo ezgaitasun partziala dela-eta. Plantilla organikoetan adierazi beharko dira bigarren jarduerako multzoan sartu ahal izanen diren lanpostuak, eskatzen duten ahalegin fisiko, arrisku edo zailtasun txikiagoan oinarriturik.

Laugarrena.-Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: a0107237