86. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

16/2001 FORU LEGEA, uztailaren 5ekoa, 2001-2003rako toki azpiegituren hiru urteko plan bereziari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, 2001-2003RAKO TOKI AZPIEGITUREN HIRU URTEKO PLAN BEREZIARI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak (Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa) bere 61. artikuluan agintzen du Nafarroako Gobernuak, hartarako gaitasuna ematen dion Foru Lege bat oinarri, inbertsio planak ezarriko dituela toki entitateekin lankidetzan aritzeko tresnatzat, eta plan horien helburu nagusia izanen dela Nafarroako lurralde osoan segurtatzea nahitaezko udal zerbitzuak egon daitezen.

Hori betetzeko, bada, zenbait arau onetsi dira bata bestearen ondotik; haietako berriena 2001-2003rako toki azpiegituren hiru urteko planari buruzko uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legea da, orain garatzen eta betearazten ari dena.

Tresna horiei esker, kontsignatutako kapital transferentzien partiketa objektiboa lortu da, nahiz eta aurrekontuaren gutxiegitasunak ezindu duen eskatutako inbertsio guztiak asetzea. Plan horiek betearazteak agerian utzi du zenbait eremuren egoera, beren kokaera geografikoagatik edo populazio gutxi eta barreiatua izateagatik edo bestegatik, makurtu dela, haien inbertsioak ezin izan baitira sartu hiru urteko planetan, beste herrietan lehentasun handiagoko obrak zeudelako, edo haien finantzen egoera oso larria zelako. Inbertsioetarako dirutzak arrazionalki igotzeak ere ez luke egoera hau konponduko.

Aipa dezagun, adibidez, Presio Handiko Ur-horniduraren Plan Zuzentzailearen kasua, irispide handikoa delako. Plan hori 2001- 2003rako toki azpiegituren hiru urteko planari buruzko uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legean ageri zen, zeinaren finantzazio arrunta, kapital transferentzien bidezkoa, inbertsio kostuaren 100eko 90era iristen den. Parte-hartze portzentajea handia bada ere, defizita egoten da halako azpiegituretan Nafarroako zenbait puntutan, batez ere kasuko toki entitateak hartarako finantzazioa bere gain hartu ezin eta ez direlako atxikitzen.

Bestalde, toki programazioko inbertsioei dagokienez, toki entitate guztiek aurkeztutako eskaerak hautatu eta lehenesteko formulak aukera ematen du konprobatzeko badirela zenbait obra, entitate bakoitzak erabiltzen duen defizit kontzeptuaren arabera laburrera begira beharrezkotzat hartuak baina hala ere inbertsio planetan sartzen ez direnak, zeren aplikatzen diren gainerako aldagaiek, inbertsioak biztanleko duen errentagarritasuna ere barne, nabarmen gutxitzen dutelako obra hautatu eta lehenesteko koefizientea.

Uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 34. artikuluak (Nafarroako toki administrazioari buruzkoa) agintzen du ekintza publikoaren sektoreak arautzeko Foru Komunitateko legeetan zilegi izanen dela araubide bereziak ezartzea zenbait udalentzat, baldin beren kokaera geografikoagatik, jarduera nagusiagatik, ondare historikoagatik edo beste edozein berezitasunengatik komeni bada haien antolamenduan edo finantzazio sisteman tratamendu banakatua ematea.

Lortutako esperientzia ikusita, honelako azpiegitura oinarrizkoak finantzatu, hautatu eta lehenesteko irizpideak moldatu behar dira, berdin direnek elkarrekin lehiatzeko aukera izateko moduan.

Nafarroako lurraldearen antolamenduaz eta hiri sistemaz egin diren ikerketek agertu dute badirela garapen sozioekonomiko txikiagoko zenbait udal, eta horren ondorioz heldu zaizkiela gainbehera demografikoa, populazioaren zahartzea, euskarri produktibo atzeratua, garapen ekonomikoaren eta dotazioen maila apala eta beste hainbat aldagai esanguratsu.

Kontzeptu horiek parametro harturik, bada, herri zerrenda bat ateratzen da, Nafarroako eremu deprimitutzat jotzeko modukoena; horiei eman nahi zaie finantza tratamendu berezia eta horiek dira foru lege honen helburu.

Oinarrizko azpiegiturez hornitzera bultzatzeko asmoan, ezin ahaztu da eginahalean lortu behar dela baliabideen aprobetxamendurik handiena. Hortaz, eta erdietsi behar den efikazia helburu, baliteke zenbait ekintzatarako toki entitateen borondatezko elkarteak sortu behar izatea.

Nafarroako eremu deprimituek dituzten premia gero eta handiagoak asetzeko, araubide berezi bat ezarri behar da 2003. urtera arte, indarrean den hiru urteko plana osatzeko, eremu horiek oinarrizko azpiegituretan izaten duten defizita berdintzeko funts eta finantzazio sistema banakatua ezarriz, aukera emango diena horko herritarrei gainerako nafarrek eskura izaten dituzten oinarrizko zerbitzuak haiek ere izateko.

Aurreko guztia gogoan, lagundu behar zaie toki entitate horiei inbertsio behinenak egiteko: Presio Handiko Ur-horniduraren Plan Zuzentzailea, ura banatzeko eta saneamendurako sare lokalak eta zoladurak ere barne, 2001-2003rako toki azpiegituren hiru urteko planerako eskaerak oinarri hartuta eta funtsak aplikatzeko arau honek erasaten dien entitateetarako erdietsi diren hautatu eta lehenesteko irizpideak aintzat hartuta.

Finantzazioari dagokionez, Presio Handiko Ur-horniduraren Plan Zuzentzaileari 100eko 10 emanen zaio 2001-2003rako toki azpiegituren hiru urteko planaren Foru Legeak agintzen duenaren osagarri; toki programazioko obretarako eutsi eginen zaio arau hori aplikatuta tokatzen den finantzazioari.

Foru Lege honen ondoriozko dotazioak osagarriak dira 2001- 2003rako toki azpiegituren hiru urteko planari buruzko uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legeak agintzen dituenen aldean; biek batera osatzen dute toki ogasunek kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoan Nafarroako tributuetan parte hartzeko fondotik toki entitateek jaso behar duten kapital transferentzien bidezko aportazioa.

Azkenik, arau honek toki azpiegituren sistemarekiko duen osagarritasuna aitorturik, uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legeak eta bera garatzeko araudiak agintzen duen prozedura erabiliko da foru lege honek espreski aurreikusten ez dituen ekintzetarako.

1. artikulua. Foru Lege honen helburua da 2001-2003rako plan berezi bat ezartzea toki azpiegituren gaietarakoa, 2001- 2003rako toki azpiegituren hiru urteko planari buruzko uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legeak agintzen duenaren osagarri. Planak eranskinean ageri diren herriak izanen ditu helburu, foru lege honek agintzen dituenetarako horiek hartzen baitira eremu deprimitutzat.

2. artikulua. Finantzatu beharreko inbertsioak honakoak izanen dira, hurrenez hurren eta inbertsio mota bakoitzari funtsak aplikatuz, behin aurrekoa osatu ondoren: Presio Handiko Ur- horniduraren Plan Zuzentzailea eta 2001-2003rako hiru urteko planean sartu ez diren zoladurari buruzko toki programazioko lanak, baldin eta delako planean sartu ziren ura banatzeko eta saneamendurako sare lokaletarako inbertsioekin lotuta badaude, ura banatzeko eta saneamendurako sare lokalen lanak eta bai, halakorik bada, lan horiek erasandako kale-zoladurako lanak, bi inbertsio motak eskatu badira, eta azkenik zoladura lanak 2001-2003rako toki azpiegituren hiru urteko planari buruzko uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legeko 2. eta 3. artikuluek zehazten duten moduan.

3. artikulua. Plan berezi honi egiten zaizkion aportazioak, Nafarroako aurrekontu orokorretik kapital transferentziak egitearen bidezkoak, urte bat baino gehiagotan eginen dira, honela:

A P O R T A Z I O A K

(Pezetak. Milakoak)

2001 2002 2003 GUZTIRA

350.000 650.000 650.000 1.650.000

4. artikulua. Presio Handiko Ur-horniduraren Plan Zuzentzailea gauzatu eta betearazteko, aintzat hartuko da 2001- 2003rako toki azpiegituren hiru urteko planari buruzko uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legeak eta haren garapeneko araudiek agintzen dutena.

5. artikulua. Toki programazioko lanak hautatu eta lehenesteko, aintzat hartuko da foru lege honek aipatzen dituen toki entitateek 2001-2003rako hiru urteko planaren formazio prozesuan aurkeztutako eskaerek izan duten hautatze eta leheneste koefizientea. Zehaztu diren klaseko lanetatik laburrera begira beharrezkotzat kalifikatu direnak baizik ez dira aintzat hartuko, azpiegituretan bakoitzak duen defizitaren arabera.

6. artikulua. Presio Handiko Ur-horniduraren Plan Zuzentzaileko lanetarako aportazioa 100eko 10ekoa izanen da, 2001- 2003rako toki azpiegituren hiru urteko planari buruzko Foru Legeak inbertsio horietarako aurreikusten dituen aportazioen osagarri.

7. artikulua. Toki programazioko lanetarako aportazio araubidea 2001-2003rako toki azpiegituren hiru urteko planari buruzko Foru Legeko 9. eta harekin bat datozen artikuluek agintzen dutena izanen da.

8. artikulua. Foru Lege honetan jasotzen den Plan Berezia sortu, garatu, kudeatu eta betearazteko prozedura, 2001-2003rako toki azpiegituren hiru urteko planari buruzko uztailaren 3ko 7/2000 Foru Legeak eta lege hori garatzeko erregelamendua onesten duen azaroaren 20ko 36/2000 Foru Dekretuak ezartzen dutena izanen da, arau honetan aurreikusten diren berezitasunen arabera moldatua.

9. artikulua. 1.-Ekitaldi ekonomiko batean erabiltzen ez diren baliabideak, hurrengo ekitaldikoei erantsiko zaizkie.

Kreditu bat erantsi eta eranste horri baimena eman zaion ekitaldi ekonomikoan aplikatzen ez bada, hurrengo ekitaldiko aurrekontuetako gastu egoerari erantsiko zaio, ekitaldi horretan aplikatzeko.

2.-Emaitzen kontuetako aurrerapenak aurreko ekitaldietako lanen kostu soberakinak berdintzeko erabiliko dira eta bai, hala behartzen bada, lan berriak egiteko ere, 2, 4 eta 5. artikuluetan agintzen diren modu eta baldintzetan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Presio Handiko Ur-horniduraren Plan Zuzentzaileko inbertsioak, foru lege honek aipatzen dituenak, toki entitate bat baino gehiagok elkar hartuta egitea beharrezkoa bada, hartarako elkartea sortzea izanen da baldintza; elkarte bakoitzak arau honen eranskinean ageri diren herriek osatua beharko du eta zilegi izanen da beste entitate batzuk ere elkartekide izatea, betiere populazioaren gehiengoa beste herri horietakoa bada.

Bigarrena.-Aldatzen da 2001. ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko abenduaren 29ko 19/2000 Foru Legeko 18. artikulua, eta honela uzten:

"1. Toki Ogasunek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan parte hartzeko fondoaren zenbatekoa, 2001eko ekitaldirako, 27.013.811.000 pezetako izanen da.

2. 2001eko ekitaldirako esleitutako parte-hartzearen zenbatekoa honela banatuko da:

I. Transferentzia arruntak: 16.916.502.000 pezeta.

II. Kapital transferentziak: 7.046.261.000 pezeta

III. Bestelako Laguntzak.

A) Iruñeko Udalari, Iruñaren hiriburutasunaren agiriaren aldera: 2.138.691.000 pezeta.

B) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari: 30.000.000 pezeta.

C) Nafarroako udalentzako diru konpentsazioa: 882.357.000 pezeta; haietatik 172.940.000 pezeta zenbait udali emanen zaizkie "gastu aplikatuaren arabera ponderatutako biztanlea" delako aldagaiaren alderako konpentsazio gisa, eta 709.417.000 pezeta 4001etik 40.000 biztanlera bitarteko populazioa duten udalei, finantza efizientziaren arabera.

3. Kapital transferentziei dagozkien zenbatekoa banatzeko, 2001-2003rako toki azpiegituren hiru urteko planari buruzko Foru Legeak eta 2001-2003rako plan bereziaren Foru Legeak toki azpiegituren gaietan agintzen dutena hartuko da aintzat."

Hirugarrena. Nafarroako Gobernuak 2002. urtean, plan berezi berriaren onespena bultzatu baino lehenago, eremu deprimituetan sarturiko toki entitateen zerrenda berri bat zehazten duen ikerketa sozioekonomiko berri bat eginen du.

AZKEN XEDAPENA

Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren bostean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

E R A N S K I N A

2 ABARTZUZA

3 ABAURREGAINA

4 ABAURREPEA

8 AGUILAR KODESKOA

11 ALLIN

AMILLAO

ARAMENDIA

ARBEITZA

ARTABIA

ETXABARRI

EULTZ

GALDIO

LARRION

MUNETA

ZUBIELKI

13 AMESKOABARREN

ARTATZA

BAKEDAO

BARINDAO

EKALA

GOLLAO

SAN MARTIN-AMESKOA

ZUDAIRI

19 AGOITZ

21 ARANARATXE

24 ARANO

26 ARAS

28 ARTZIBAR

ARRIETA

ARTOZKI

AZPARREN

LAKABE

NAGORE

SARAGUETA

URITZ

HIRIBERRI-ARTZIBAR

31 ARESO

33 ARIA

34 ARIBE

43 AZUELO

52 BELASKOAIN

55 BETELU

58 AURITZ

59 BURGI

63 CABREDO

71 GAZTELUBERRI

81 DONAMARIA

82 ETXALAR

87 ELGORRIAGA

90 ERATSUN

91 ERGOIENA

LIZARRAGA

DORRAO

UNANU

92 ERROIBAR

AINTZIOA

ZILBETI

ERRO

ESNOTZ

AURIZBERRI

LINTZOAIN

MEZKIRITZ

ORONDRITZ

BIZKARRETA-GERENDIAIN

93 EZKAROZE

94 ESLABA

95 ESPARTZA

99 ETAIU

102 EZKURRA

103 EZPOROGI

AIESA

110 GALIPENTZU

111 GALOZE

IZIZE

ITZALLE

USKARTZE

112 GARAIOA

113 GARDE

115 GARRALDA

116 GENEVILLA

118 GOÑERRI

AIZPUN

AZANTZA

GOÑI

AMUNARRITZ

URDOTZ

119 GORZA

GORZA

IGARI

120 GESALATZ

ARGIÑAO

ESTENOTZ

GARISOAIN

GENBE

IRURRE

ITURGOIEN

IZURTZU

LERATE

MUETZ

MUNIAIN-GESALATZ

BIDAURRE

121 GIRGILLAO

ETXARREN-GIRGILLAO

GIRGILLAO

124 IBARGOITI

ABINTZAO

IDOTZIN

IZKO

GETZE-IBARGOITI

128 IZABA

132 ITZAGAONDOA

ARDATZ-ITZAGAONDOA

133 ITZALTZU

134 JAURRIETA

135 XABIER

137 LABAIEN

139 LANA

GALBARRA

GASTIAIN

NARKUE

ULIBARRI

BILORIA

141 LAPOBLACION

LAPOBLACION

MEANO

143 LARRAGOA

146 LEATXE

147 LEGARDA

150 LEOTZ

ARTARIAIN

IRATXETA

LEOTZ

OLETA

151 LERGA

154 LEZAUN

156 LIZOAIN

158 LONGIDA

AOS

ARTAXO

EKAI

MURELU-LONGIDA

BILLABETA

162 MARAÑON

170 MIRAFUENTES

175 MUES

181 NABASKOZE

AIZPURGI

NABASKOZE

USTAIZE

182 NAZAR

185 OTSAGABIA

187 OITZ

190 OLEXUA

192 OLORITZ

ETXAGUE

MENDIBIL

OLORITZ

SOLTXAGA

195 ORBAITZETA

196 ORBARA

197 ORISOAIN

198 ORONTZE

199 OROTZ-BETELU

203 PETILLA DE ARAGON

204 PIEDRAMILLERA

209 ERROMANTZATUA

ARBONTZE

BIOTZARI

DOMEÑU

MURILLO-BERROIA

210 ERRONKARI

211 ORREAGA

213 SALDIAS

214 JAITZ

217 SAN MARTIN UNX

222 SARTZE

IBILTZIETA

SARTZE

225 SORLADA

230 TORRALBA DEL RIO

OTIÑANO

TORRALBA DEL RIO

235 UXUE

237 UNTZITIBAR

ALTZORRITZ

ARTAITZ

ZENBORAIN

NAXURIETA

UNTZITI

ZABALTZETA

238 UNTZUE

241 URRAULGOITI

AIETXU

IMIRIZALDU

IRUROZKI

ONGOTZ

243 URROTZ

244 URROTZ

245 URZAINKI

247 UZTARROZE

248 LUZAIDE

252 BIDANKOZE

255 VILLAMAYOR DE MONJARDIN

256 HIRIBERRI-AEZKOA

261 ESA

262 ZABALTZA

ARRAITZA

UBANI

ZABALTZA

263 ZUBIETA

264 ZUGARRAMURDI

Iragarkiaren kodea: A0107235