8. ALDIZKARIA - 2001eko urtarrilaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1454/2000 FORU AGINDUA, abenduaren 20koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, industri jarduerak ingurugiroaren gainean duen eragina galarazi, zuzendu eta kontrolatzeko inbertsioetarako dirulaguntzen 2000ko deialdia onesten duena.

Ekainaren 23ko 168/97 Foru Dekretuak industri jarduerak ingurugiroaren gainean duen eragina dela eta, aurrea hartu, zuzendu eta kontrolatzeko inbertsioetarako dirulaguntzak arautu zituen. 4. artikuluko 1. atalean hauxe dio: "Deialdia urtero eginen da, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren Foru Aginduaren bidez, bertan ezarriko delarik eskabideak aurkezteko epea".

Ingurugiro Kalitatearen Zerbitzuaren txostena eta Ogasun Ekonomi Departamentuko kontuhartzaile delegatuak aurrekontuko kontusailari emaniko oniritzia ikusirik, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 artikuluaren bidez eskuordeturik dauzkadan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Industri jarduerak ingurugiroaren gainean duen eragina dela eta, aurrea hartu, zuzendu eta kontrolatzeko inbertsioetarako dirulaguntzen 2001erako deialdia onestea.

2. Deialdi hori arautuko duten oinarriak onestea, Foru Agindu honen eranskin gisa ageri direnak, hain zuzen ere.

3. Gastuaren finantzazioa honela eginen da: 100 milioi pezeta, gehienez ere, 2001eko gastu-aurrekontuko "Kutsadura galarazi eta zuzentzea" izeneko 31100-7709-4421 kontusailaren kontura eta 50 milioi, gehienez, 2002ko gastu-aurrekontuen kontura, horretarako dirurik baldin badago aurrekontuan.

4. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Aditzera ematea, Foru Agindu honen aurka, errekurtso arrunta paratzen ahal dela Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo, hala bada, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean gehienez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan xedaturikoarekin bat.

6. Foru Agindu hau Ingurugiro Kalitatearen Zerbitzura, Kontrol Administratiboaren Atalera eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Departamentu honetan duen kontu-hartzaile delegatuagana igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi milako abenduaren hogeian.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

O I N A R R I A K

1. artikulua. Xedea.

1. Foru Agindu honen xedea da, industri jarduerak ingurugiroaren gainean duen eragina dela eta, aurrea hartu, zuzendu eta kontrolatzeko inbertsioak 2001eko ekitaldirako arautzea.

2. Foru Agindu honetan aipatzen diren dirulaguntzak, onuradunak eginiko inbertsio edo jardueraren arabera, sei motatakoak izan daiteke:

A mota: zuzentze inbertsioak, ingurugiroari buruz indarra duen arauteriara egokitzeko, bai prozesua aldatuz, bai gauzazko baliabideak (aktibo finkoak) bereganatuz, kutsadura gutxitzeko. Onuradunek ingurugiroari buruzko arau berriek indarra hartu baino gutxienez ere bi urte lehenagotik diharduten instalazioetarako bakarrik eskatzen ahalko dituzte dirulaguntzak, ingurugirorako dirulaguntza publikoetarako Europako Batasunean indarra duen arauteriarekin bat. Mota honetako proiektuen artean, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legeko 13. artikuluan ezarririko baldintzak betetzeko ontzigileek sustaturikoak ere sartzen dira.

B mota: inbertsioak, kutsadura eta ingurugirorako bestelako eragin kaltegarriak gutxitu edo kentzeko, ekoizpen metodoak helburu bererako egokitzeko, teknologia berriak edo minimizatu, birziklatu, berriro erabili edo balioztatzeko prozesuak sartzeko, ingurugiroari buruz indarra duen legerian xedaturikoa hein haundi batean gainditu nahi denean. Mota honetako proiektuen artean, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legean ezarririkoarekin bat, ontziak edo ontzien hondakinak minimizatu, birziklatu edo balioztatzeko enpresek sustatzen dituztenak ere sartzen dira.

C mota: industri ikerketarako proiektuak, hura, ikerketa planifikatu edo ikerketa kritiko gisa ulerturik, gehiago jakitea dutela xede, ekoizpen prozesu berriak sortzeko erabilgarria izateko, kutsadura eta jardueraren bestelako eragin kaltegarriak gutxitzearren.

D mota: ingurugiroko auditoretzak, ingurugiroa kudeatzeko sistemak ezartzea, industri jarduerak ingurugiroaren gainean izaniko eragina baloratzeko azterlanak eta haiek sustaturiko prestakuntza jarduerak.

E mota: informazio eta sentsibilizazio proiektuak.

F mota: kutsaturiko lurzoruak karakterizatzeko proiektuak eta horiek beren onera itzultzeko inbertsioak.

3. Dirulaguntza mota bakoitzaren zehaztapen partikular eta espezifikoak Oinarri hauen eranskinetan agertzen dira.

4. Xedeagatik Nafarroako hondakin uren saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legea aplikatzeko ezartzen diren dirulaguntza espezifikoak har ditzaketen proiektuak Foru Agindu honetan ezarririko araubidearen barruan sartzen ahalko dira, kasuan kasuko erakundeek, elkarrekin ados daudela, jarduketa programen arabera, hala erabakitzen dutenean.

5. Erabiltzen den erregaiaren ordez gutxiago kutsatzen duen beste erregai bat paratzeko proiektuak ez dira deialdi honen xede izanen, helburu horretarako Industria Departamentuak kudeatzen duen deialdi berariazko bat dagoelako.

6. Ekoizpen jarduera berriak abiarazteko edo lehendik daudenak zabaltzeko instalazioak A eta B motetako dirulaguntzetatik at geldituko dira, 5.5 artikuluan agindutakoa ezertan ukatu gabe.

7. Hozteko instalazioak edo haiek biltzen dituzten gasak aldatzeko ezin izanen da dirulaguntza eskatu.

2. artikulua. Onuradunak.

Foru Agindu honetan ezarririko dirulaguntzak enpresa publikoek edo pribatuek, enpresa horien taldeek eta arestiko artikuluan aipaturiko pertsona fisiko eta erakundeek hartzen ahalko dituzte.

3. artikulua. Eskabideak.

1. Dirulaguntzetarako eskabideak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura igorriko dira eta agiri hauek bilduko dituzte:

a) Dirulaguntzen eskabidea bera.

b) Agiri teknikoak, Foru Agindu honen Eranskinetan dirulaguntza mota bakoitzerako ezarririkoaren arabera.

c) Jarduketaren aurrekontu zehaztua, hala bada, ekoizteko ahalmena gehitzeko diren zatiak aipatuz.

d) Jardueragatik eskura daitezkeen baimenen kopia, hala nola, jarduera sailkatuaren lizentziarena, hondakin urak isurtzeko baimenena, ur kontzesioarena eta abarrena.

e) Jarduera bererako Foru Komunitateko Administrazioko edo beste Administrazio Publiko batzuetako beste Departamentuetan aurkezturiko eskabideen bestelako aitorpen erantzulea.

f) Dirulaguntza eskatzen duen enpresa taldea osatzen duten enpresen zerrenda, hala bada.

g) 5.2 artikuluko irizpideen arabera, enpresa txikitzat edo ertaintzat jo daitekeela arrazoitzea.

h) Jarduerak hasteko eta bukatzeko aurreikusiriko epeak. Zehazki azaldu beharko da aurrekontu-ekitaldi bakoitzean gauzatu behar direnak, bakoitzaren zenbatekoa adierazita.

2. Eskabideak proiektuak edo inbertsioak burutzen hasi aitzin aurkeztu beharko dira.

4. artikulua. Eskabideak aurkezteko eta dirulaguntzak onartzeko prozedura.

1. Aurrekontu-ekitaldi honetarako deialdiak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra eta egun horretatik aurrera hurrengo bi hilabeteetan izanen da irekita.

Epe horren ondoren, eskabideak onartuko dira, baina aurrekontua aski bada bakarrik.

2. 6.8 artikuluan agindutakoa ezertan ukatu gabe eta kontrakoa espreski adierazten ez bada, aurreko ekitaldietan aurkeztu eta dirulaguntza espreski onartua duten eskaerak deialdi honen barrenean sartuko dira, betiere ordaindu ez bada edo gerakinen kontu batean sartu ez bada.

3. Eskaerak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebatziko ditu, 1. puntuan adierazi epea amaituta.

Dirulaguntzen ematea haiek onartzeko administrazio ebazpena luzatzen denean aurrekontu-kreditua izatearen baldintzapean dago.

4. Eskabidea aurkezten denetik Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egintzarik eman gabe hiru hilabete pasatzen direnean, eskatzaileak ulertzen ahalko du eskabidea ukatu zaiola, ustezko egintzagatik.

5. Deialdi honetako eranskinetan ezartzen denaren araberako dokumentazio teknikoa aurkezten ez duten eskaerak ez dira onartuko. Izan ere, proiektuak teknikari eskudun batek sinatuak aurkeztu beharko dira, oso-osorik landuak.

6. Aurkezten den dokumentazio teknikoan konpon daitezkeen akatsak atzematen badira, dela 3. artikuluko 1. puntuan adierazitako agiriren bat falta delako, dela dagokion dirulaguntza kalkulatzeko behar den informazio guztia ez dagoelako, 5. artikuluarekin bat, Ingurugiro Departamentuak beharrezkoa den dokumentazio osagarria aurkezteko eskatuko du eta horretarako hilabeteko epea ezarriko.

5. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.

1. Foru Dekretu honetan aurreikusiriko jarduketen mota bakoitzerako, dirulaguntzen gehienekoak, eginiko inbertsio gordinaren ehunekoetan, hauexek izanen dira:

ENPR. TXIKIA

ENPR. HANDIA EDO ERTAINA

A Mota % 15 % 25

B Mota % 30 % 40

C Mota % 40 % 50

D Mota % 50 % 50

E Mota % 75 % 75

F Mota % 15 % 25

Irizpide horiek enpresaren edo enpresa taldearen tamainaren araberakoak dira: txiki edo ertaina izan eta horrela.

Eskari guztiei adierazitako gehieneko muga horiek aplikatzeko aurrekontu-kreditu aski ez badago, eskari guztiei beheranzko portzentajea berbera aplikatuko zaie, denei erantzun ahal izateko.

A eta B motetako dirulaguntzak % 15 gehitzen ahalko dira nekazaritza eta abeltzaintzako gaiak eraldatzen diharduten industrietan.

D motako dirulaguntzak -ingurugiroa kudeatzeko sistemak ezartzekoak- PYMEtzat hartzen ez diren enpresei bakarrik ematen ahalko zaizkie baldin eta lagundu beharreko eskualdeen multzoan sartuak dauden Foru Komunitateko zonetan kokatuak baldin badira.

D motako jardueretarako dirulaguntza jasotzen duten enpresek ezin izanen dituzte sartu beren langileen gastuak eskabidean.

Jarduketak beste Administrazioren baten dirulaguntzarik hartuz gero, eman beharreko ehunekoak harena osatuko du, eta guztien baturak goian aipaturiko gehieneko zenbatekoa ezin gaindituko du.

2. Ondorio horietarako, Estatuek enpresa txiki eta ertainei eman diezazkieketen laguntzei buruz Europako Batasuneko zuzentarauetan (DOCE 96/C213/04) ezarririko baldintzak betetzen dituztenak joko dira enpresa txiki edo ertaintzat. Alegia, aldaketarik ez dagoen bitartean, baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) 250 pertsonari baino gutxiagori lana ematea.

b) Finantza irizpide hauetariko bat betetzea.

-Urtean 40 milioi euro baino gutxiagoko negozio bolumena.

-27 milioi eurotik beheitiko balantza orokorra izatea.

c) Enpresa txiki edo ertainen definizioarekin bat ez datorren enpresek edo enpresa taldeek ez dute kapitalean eta bozkatzeko eskubidean % 25 edo gehiago izanen, Europako Batasuneko zuzentarauek baimenduriko salbuespenezko kasuetan izan ezik.

3. Dirulaguntza kalkulatzeko abiapuntuko aurrekontuan ez dira sartuko ekoizteko ahalmena gehitzea xede duten kontzeptuak, ezta kutsadura zeharka soilik murrizten dutenak ere.

4. Instalazio berriak sortzen direnean edo instalazio batzuk beste batzuekin ordezten direnean, ez da sorosten ahalko ekoizteko ahalmena sortu edo ordezteko hasierako inbertsioaren kostua, ingurugiroaren gaineko emaitzak hobetzen direnean izan ezik.

5. Dauden instalazioetan eginiko inbertsioak ekoizteko gaitasuna gehitzen badu eta, horrekin batera, ingurugiroarekiko portaera hobetzen badu, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen kostuak hasieran ekoizteko zegoen gaitasunarekiko proportzionalak izanen dira.

6. Bi urte baino gehiagoko instalazioak ingurugiroari buruz indarra duen arauteriara egokitu beharrean berriagoak diren eta arauteria hori betetzen duten beste batzuekin ordezten dituzten enpresak inbertsiorako laguntzen onuradunak izaten ahalko dira, baldin eta horiek instalazio zaharrak eginbehar haietarako egokitzeko beharko litzatekeena gainditzen ez badute.

7. Egindako inbertsioak jardueran emaitza ekonomiko positiboak baditu eta, era berean, bere inguruarekiko jarduna hobetzea badakar, diruz lagungarri den zatia honela aterako da:

Inbertsioa berreskuratzeko aldia <=3 urte >=10 urte

Diruz lagungarria den inbertsioaren % 0 100

Tarteko birgertatze aldietan, hainbatekoa tartekatuz eginen da kalkulua.

8. Eman beharreko laguntza, beti ere, ingurumenari dagokionez, lortutako hobekuntzaren araberakoa izanen da. Kasu guztietan, diruz laguntzen ahal den aurrekontua zehaztuko da.

6. artikulua. Ordaintzeko modua.

1. Baimenduriko dirulaguntza eskatu ondoren ordainduko da, aurreikusiriko inbertsio eta gastuak ikusirik. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Txosten teknikoa, proiektua eta hori burutzean gertaturiko jarduketa, datu eta gorabeherarik adierazgarrienak zehaztuko dituena. Ingurumen arloko Kudeaketa Sistema ezartzen denean, entitate eskudunak emandako ziurtagiria.

b) Guztira eginiko inbertsioaren ziurtagirien zerrenda. Agiri horiek agiriak luzatzeko arauak ematen dituen 85/1993 Foru Dekretuan xedaturikoari jarraiki beharko zaizkio eta jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako kopiak izanen dira.

c) Gutxienez ere ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoan eginiko gastuak ordaindu direla frogatzen duen agiria.

d) Inbertsio beretarako beste Administrazio Publikoek emaniko dirulaguntzak edo haiei aurkezturiko eskabideak adieraztea.

e) Jarduera sailkatuaren lizentziaren kopia.

f) Instalazioek ongi dihardutela proba eta neurketa egokien bidez frogatzea.

g) Foru Ogasunarekiko zerga eginbeharrak ordaindu direla frogatzea.

2. Ordainketa kasuan kasuko urteko abenduaren 31 baino lehen eskatuko da, kontzesioan behar bezala arrazoiturik, beste epe bat ezartzen denean izan ezik.

3. Onuradunek, obrak burutzen ari direla, kasuan kasuko aurrekontu-ekitaldiko abenduan, onarturiko dirulaguntzaren puska bat ordain diezaietela eskatu ahalko dute, egiaztapen partzialei dagokiena, baldin eta inbertsioaren % 50 baino gehiago egina dutela frogatzen badute.

4. Onuradunek, obrak burutzen ari direla, emaniko zenbatekoaren % 50 ordain diezaietela eskatzen ahalko dute, baldin eta inbertsioaren % 25 baino gehiago egina dutela frogatzen badute. Berme gisa, aurreraturiko zenbatekoaren adinako banku abala gauzatuko da horretarako.

5. Instalazioek ongi dihardutela frogatzeko proba eta neurketak luzaz egin behar badira, onuradunek, inbertsioak bukatu ondoren, dagokien dirulaguntzaren % 100 ordain dakiela eskatzen ahalko dute, zenbateko horren adinako banku abala eta artikulu honetako 1. atalean aipatzen diren gainerako ziurtagiriak aurkeztu ondoren.

6. Aipaturiko banku abalak instalazioak ongi eginak daudela eta dihardutela frogatzen denean utziko dira bertan behera.

7. Dirulaguntza dagokion ehunekoan emanen da, egiazki eginiko inbertsioaren gainean aplikaturik, hala bada, beste Administrazio Publiko batzuetatik harturiko dirulaguntzak kendurik, eta dagokion gehieneko zenbatekoa gainditu gabe.

8. 2001eko abenduaren 31rako aurreikusitako jarduketa edo proiektua hasi ez bada, eta, horrenbestez, inbertsiorik bat ere ezin bada justifikatu, onuradunak onarturiko dirulaguntzari uko egiten diola ondorioztatuko da. Gainera, hurrengo bi urteetako deialdietan, ekainaren 23ko 168/98 Foru Dekretuan araututako dirulaguntzak proiektu edo jarduketa horretarako eskatzeko eskubidea galduko du.

7. artikulua. Onuradunaren eginbeharrak.

Hona hemen onuradunaren eginbehar bereziak:

a) Beti ere Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak datuak eta lanak ikuska ditzala onartzea, hark eskatzen dizkion agiriak aurkeztu behar dizkiolarik.

b) Proiektuak garatzen ari direla edukiaren aldaketa adierazgarriak eragin ditzakeen edozein gorabehera Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gertatzen denean jakinaraztea. Jakinarazpen horrek ez du esan nahi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere gain inolako konpromisorik hartzen duenik, espreski adierazten ez badu.

c) I+G jardueretarako dirulaguntzen onuradun diren enpresak beharturik daude buruturiko proiektuen emaitzak bereizkeriarik gabe eta merkatuko baldintzetan zabaldu eta ustiatzera.

8. artikulua. Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi hau ekainaren 9ko 8/1997 Foru Aginduan xedatutakoaren menpe egonen da, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

9. artikulua. Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka errekurtso arrunta jarriko ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 117. bitarteko artikuluen arabera.

E R A N S K I N A K

Dirulaguntza mota bakoitzerako zehaztapen espezifikoak

1. Eranskina.-A motako dirulaguntzak.

A motako dirulaguntzen eskabideekin batera, agiri tekniko hauek aurkeztu beharko dira:

A) Jardueraren memoria orokorra, kontu hauek bildu beharko dituena:

-Ekoizpen prozesuaren deskripzioa.

-Kutsagarriak izan litezkeen guneen inbentarioa eta, hala bada, ezarriak dauden neurri zuzentzaileak.

-Jaulkipen edo isurketen kontrolaren datuak eta, hala bada, neurketa ekipoak.

-Hondakinen ekoizpenen datuak.

-Kutsaduraren aurkako programa osatua, epe luzera aurreikusia, egin beharreko inbertsioen plana eta programako fase eta epeak aipatuz.

B) Eskudun teknikariak izenpeturiko proiektua, agiri hauek edukiko dituena:

-Instalazioa eta lortu nahi diren helburuak arrazoitzen dituen memoria.

-Instalazioen proiektu teknikoa.

-Inbertsioen ekonomi azterlana eta finantza plana. 5.7 artikuluan aurreikusiriko kasuetan inbertsioen birgertatze aldien ebaluazioa erantsiko da.

-Egin nahi diren instalazioez eta gune kutsagarriez arduratzen diren eta horiek kontrolatzen dituzten langileak.

-Kontrolatzeko baliabideak eta kutsaduraren neurria.

2. Eranskina.-B motako dirulaguntzak.

Behar diren agiri teknikoak A motako dirulaguntzetarako Foru Lege honen 1. eranskinean ezarririkoak izanen dira.

Ematen den laguntzaren maila ingurugiroan lorturiko hobekuntzarekiko eta beharrezkoa den inbertsioarekiko proportzionala izanen da.

Foru Agindu honen ondorioetarako, industria bateko ekoizpen prozesuko hondakin eta jaulkipenen minimizatzea da azkenean tratamendua edo deuseztatzea behar duten azpiproduktu eta kutsagarri sortuen (hondakinen edo airera edo uretara jaulkitzen direnen) kopurua eta arriskua gutxitzea ahalbidetzen duten antolamenduzko eta eragiketazko neurriak hartzea. Hori jatorrian gutxituz lortu da eta, posible ez denean, azpiproduktuak birziklatuz, prozesu berean edo beste batzuetan, edo dauzkaten osagarri batzuk berreskuratuz.

3. Eranskina.-C motako dirulaguntzak.

Eskabideekin batera proiektu tekniko bat aurkeztu beharko da, eduki hau izanen duena:

1.-Proiektua garatuz lortu nahi diren helburuen deskripzioa.

2.-Prozesuaren garapen teknikoaren gaur egungo egoera, beste estatu batzuetan, Espainian eta enpresan berean aplikazioaren esparruan ezagutzen diren aurrerapenak aipatuz.

3.-Burutzeko programa, proiektuko etapak eta funtsezko jomugak aipatuz eta mugatuz, lana faseetan banatzeko, haietariko bakoitzean emaitzak neurtu eta ondorengo garapena zehaztu ahal izateko.

4.-Egutegia, fase bakoitza burutzeko aurreikusiriko egunekin.

5.-Proiektuaren aurrekontu osoa, faseetan banatua, inbertsioaren garaia zehazteko, proiektuaren finantza programa lortuko delarik. Aurrekontua kapitulu hauetan banatuko da:

a) Langileen kostua, kategoria eta lanaldia aipatuz.

b) Erabiliriko material suntsikorra.

c) Prototipoak, instalazioak eta makinak egin eta aldatzea.

d) Neurtzeko instalazio eta ekipoak, erabilera horretarako bakarrik izanen den ala bestelako helbururik ere izanen duen esanez.

e) Beste ikerketa zentro edo laboratorio batzuei esleituriko lanak.

f) Bestelako gastuak: bidaiak, planoak, liburuak, patenteak, etab.

6.-Proiektua eginen duen giza taldea. Zerrenda osoa aurkeztuko da, kategoria eta ikerketa esparruko jarduera aipatuz.

7.-Ekoizpen prozesuak kontu hauetan izanen duen oihartzunaren aurreikuspena:

a) Ekoizteko ahalmenean.

b) Produktuaren ekoizpenaren kostua.

c) Barne eta kanpo kudeaketako isurkien edo hondakinen tratamenduaren kostuak.

d) Langileen beharrak.

8.-Proiektua finantzatzeko modua, horretarako beste erakunde batzuei laguntzarik eskatu zaien edo horietatik laguntzarik hartu den esanez.

9.-Enpresak beste ikerketa proiektu batzuetan duen esperientzia.

10.-Enpresaren ikerketaren erakusleak:

a) I+G gastuaren bilakaera.

b) I+G jardueretan aritzen diren langileen bilakaera.

c) I+G gastua/salmenta harremana.

4. Eranskina.-D motako dirulaguntzak (Ingurugiroko auditoriak).

1.-Ingurugiroko auditoriek eduki hau izan beharko dute:

A) Industrien egoeraren ebaluazioa kontu hauei buruz:

a) Kasuan kasuko jarduerak ingurugiroko osagaietan duen eragina ebaluatu, kontrolatu eta galaraztea.

b) Energia kudeatu, aurreztu eta aukeratzea.

c) Lehengaiak kudeatu, aurreztu, aukeratu eta garraiatzea; ura kudeatu eta aurreztea.

d) Hondakinak gutxitu, birziklatu, berriro erabili, garraiatu eta deuseztatzea.

e) Zentroan berean eta hortik kanpo zarata ebaluatu, kontrolatu eta gutxitzea.

f) Ekoizpen prozesu berriak hautatu eta horiek aldatzea.

g) Produktuak planifikatzea (marraztu, ontziratu, garraiatu, erabili eta deuseztatzea).

h) Kontratisten, azpikontratisten eta hornitzaileen ingurugiro emaitza eta praktikak.

i) Ustekabean ingurunera isurtzea saihestu eta gutxitzea.

j) Ingurugiroko istripuak gertatuz gero, presako prozedurak.

k) Langileak ingurugiroko gaietan argibideak eman eta haiek prestatzea.

l) Ingurugiroko gaiei buruz kanpoko argibideak.

B) Teknologia egokitzeko, prozesuak aldatzeko eta ingurugiroari buruz gaur egun indarra duen edo geroan indarra izan lezakeen arauteriara egokitzearren instalazioak eta ekipoko ondasunak biltzeko behar diren neurriak zehaztea.

C) Eskura dagoen teknologiarik hoberenerako egokitze maila ebaluatzea, industriaren sektorean, ekoizpen berari dagokionez, ingurugiroaren gainean duen eragina minimizatzeko.

D) Proposaturiko neurriak ezartzeko bideragarritasun ekonomikoa ezartzea.

E) Industriaren barne antolamendurik hoberena ezartzea, ingurugiroko helburuak lortu ahal direla bermatzeko.

2.-Ingurugiroko auditoretzak ingurugiroko sektoreko enpresa espezializatuek prestatu beharko dituzte, espreski erabili beharreko giza eta gauzazko baliabideak eta lanen egutegia aipatuz.

3.-Ingurugiroa kudeatzeko sistemak ezarri ondoren egin eta horren ondorioz eskatu diren aldizkako auditoretzetarako ezin izanen da dirulaguntzarik eskatu.

5. Eranskina.-D motako dirulaguntzak (Ingurugiroa Kudeatzeko Sistemak ezartzea).

Eskabidean, kontu hauek zehaztu beharko dira:

-Ezartzeko programa.

-Bere langileek haren garapenean parte hartzea.

-Kanpoko enpresa aholku-emaileek parte hartzea.

-Ziurtatze erakundeek parte hartzea.

-Jarduketen aurrekontu zehaztua.

6. Eranskina. D motako dirulaguntzak (ingurugiroko jarraipena).

1.-Isurkiak edo industri jardueren hondakinak igorri, erabili edo deuseztatzeak ingurugiroan duen eragina neurtzea eta horiek zaindu eta kontrolatzeko sistemak ezartzea xede duten proiektuei dirulaguntzak ematen ahalko zaizkie.

2.-Proiektuak agiri hauek eduki beharko ditu:

-Arrazoitzea eta lortu nahi diren helburuak.

-Erabili beharreko giza eta gauzazko baliabideak.

-Burutzeko egutegia.

3.-Proiektuaren memoria orokorrak Foru Dekretu honen 1. Eranskineko A) letrako kontuak bildu beharko ditu.

7. Eranskina.-D motako dirulaguntzak (Prestakuntza jarduerak).

1.-Profesional liberalek eta enpresa edo administrazio publikoetako teknikariek industri ingurugiroari buruz duten teknika edo legezko jakintza handitzeko ikastaroak dauzkaten jarduerak sorosten ahalko dira.

2.-Prestakuntza jarduera egin nahi duenak aurkeztu beharko du eskabidea, ikastaroaren gorabehera guztiak (programa, irakasleak, kostu ekonomikoa) biltzen dituen memoriarekin eta ikastaroko matrikula ordaindu duela frogatzen duen agiriarekin batera.

8. Eranskina.-E motako dirulaguntzak (Informazio eta sentsibilizazio proiektuak).

1.-Informazio eta sentsibilizazio jardueratzat hartuko dira enpresek edo elkarteek industri sektoreari edo orotariko jendeari industri ingurugiroaren arazoen berri jakinarazteko egiten dituztenak.

2.-Eskabideekin batera memoria bat aurkeztuko da, eduki hau izanen duena:

a) Lortu nahi diren helburuak.

b) Egin beharreko jarduerak, haien programa zehaztuz.

c) Haiek egiteko aurreikusiriko egutegia.

d) Proiektuaren aurrekontu osoa, kapituluka, langileen gastuen, behar den materialaren eta abarren arabera.

e) Jarduerak burutuko dituen giza taldea, bakoitzaren partaidetza zehaztuz.

3.-Profesional edo enpresendako prestakuntza ikastaroak ez dira Informazio eta sentsibilizazio jardueratzat hartuko.

9. Eranskina.-F motako dirulaguntzak (kutsaturiko lurrak karakterizatu eta lehengoratzea).

1.-Kutsaturiko lurrak lehengoratzeko lanak egiteko proiektuak soresten ahalko dira.

2.-Eskabidearekin batera, proiektu tekniko bat aurkeztuko da, eduki hau izanen duena:

A) Kutsaturiko lurzorua identifikatzea, lurzoruaren kutsaduraren zabalera eta ezaugarriak zehazteko moduan.

B) Lurrak lehengoratzeko proiektua, honakoa zehaztuz:

a) Egin beharreko lanak.

b) Lurrak lehengoratzeko erabili behar den prozedura, egokitasun teknikoa arrazoituz.

c) Proiektuko kontusailetako aurrekontua.

d) Prozesua eta haren ondorengo egoera kontrolatu eta zaintzeko plana.

Iragarkiaren kodea: A0011911