I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Agintariak eta Langileak
DEIALDIA, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko bi legelari lanpostu huts lekualdatze-lehiaketaren bitartez betetzekoa.
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2001eko ekainaren 4an egindako bilkuran, hurrengo Erabakia hartu zuen, besteak beste:
Lehena.-Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko legelarien bi lanpostu huts lekualdatze-lehiaketaren bitartez betetzeko deialdia onestea.
Bigarrena.-"Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.
Iruñean, 2000ko ekainaren 4an.-Lehendakaria, José Luis Castejón Garrués.
Deialdia, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko bi legelari lanpostu huts lekualdatze-lehiaketaren bitartez betetzekoa
Deialdi honen oinarriak ondoko hauek dira:
1. oinarria.-Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Parlamentuko bi legelari lanpostu huts lekualdatze-lehiaketaren bitartez betetzea.
1.2. Deialdi honen bidez izendatutako izangaiek Biltzarreko funtzionarioentzat, eta bereziki legelarien kidegokoentzat ezarritako eginkizunak bete eta horien eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.
Hauexek izanen dira haien eginkizunak:
Biltzarreko organoei aholkularitza juridiko eta teknikoa ematea, eta ebazpenak, txostenak, irizpenak eta aktak egitea; Parlamentua ordezkatu eta defenditu organo jurisdikzionaletan eta Konstituzio Auzitegian, eta halaber goi mailako azterketa eta proposamenak egiteko eginkizuna.
1.3. Lanpostuak A mailakoak dira eta lansariak maila horri dagozkionak izanen dira, eta Nafarroako Parlamentuaren plantilla organiko indardunean zehazten diren osagarriak gehituko zaizkie.
1.4. Deialdi honetako lanpostu kopuruari geroago beste zenbait gehitzen ahalko zaizkio, alegia, epaimahai kalifikatzaileak lehiakideen zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa, deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean hutsik daudenak.
2. oinarria.-Hautagaien betebeharrak.
2.1. Nafarroako Parlamentuko Langileriaren Estatutuko 26. artikuluan xedatutakoaren arabera, lanpostu horiek lekualdatze-lehiaketaren bidez beteko dira. Lehiaketa horretan parte hartu ahal izanen dute jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian dauden Kontuen Ganbarako eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioek, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitzean honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) A mailako funtzionarioa izatea.
b) Zuzenbideko lizentziatu tituluaren jabe izatea.
c) Kontu Ganbarako legelariaren edo Nafarroako Gobernuko aholkulari juridikoaren izendapena hartu izana eta aholkulari juridikoaren kargua hiru urtez, gutxienez, egiaz bete izana, aholkulari juridikoaren izendapena dutenen kasuan.
Lanpostua gorderik izan gabe, nahitaezko edo borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartu ahalko dute, baldin eta deialdian eskatutako baldintzak betetzen badituzte, eta, horrela, jarduneko zerbitzuan berriz sartu eta lanpostua behin betikoz adjudikatuko zaie.
2.2. Aurreko baldintzak deialdi honen 3. oinarrian ezarritako epe eta eran egiaztatu beharko dira. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko direla ulertuko da. Era berean, izangaiek 2. oinarri honetako 1. atalean esaten diren baldintza guztiak bete beharko dituzte hautapen prozesuak diraueino. Hautapen-prozesua izendapenarekin bukatuko dela ulertuko da.
3. oinarria.-Eskabideak.
3.1. Lekualdatze-lehiaketan parte hartu nahi dutenek behar den eskaera aurkeztu beharko dute, eskabide gisa, eredu ofizialarekin bat (deialdi honen II. eranskina). Bertan jarriko dituzte izen-deiturak, adina, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea eta telefonoa, halakorik badute.
3.2. Hurrengoak erantsi behar zaizkio eskabideari:
-Deialdi honen 2. oinarrian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituztelako ziurtagiriak.
-Alegatutako merezimenduen zerrenda ordenatua, I. eranskinean aipatzen den baremoari jarraikiz sailkatuak, eta berauen egiaztagiriak, behar bezala kautotuak.
3.3. Eskabideak Nafarroako Parlamentuko lehendakari zuzenduko zaizkio, eta egun eta ordu baliodunetan aurkeztuko dira Parlamentuko Erregistro Orokorrean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost egun naturaleko epearen barruan.
Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.
4. oinarria.-Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, Parlamentuko Lehendakariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du. Zerrenda "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitaratuko da eta onartutako izangaien izen-deiturak erakutsiko ditu.
4.2. Interesatuek egoki deritzeten erreklamazioak aurkeztu ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren aurka eta akatsik izan bada, zuzendu, zerrenda hori Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun naturaleko epearen barruan.
4.3. Aipatu epearen barruan eskabiderik aurkeztu ezean, Parlamentuko lehendakariak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazten duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitaratuko da.
4.4. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzita, Parlamentuko lehendakariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, eta "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitaratuko da. Hautagai bakarra ere onartu ez bada, lehiaketa hutsik gelditu dela joko da.
5. oinarria.-Epaimahai kalifikatzailearen osaketa, eraketa eta jarduketa.
5.1. Merezimenduen lehiaketa epaitu behar duen epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Isabel Beriain Luri andrea, Nafarroako Parlamentuko lehen idazkaria.
Ordezkoa: José María Aierdi Fernández de Barrena jauna, Nafarroako Parlamentuko bigarren idazkaria.
Mahaikidea: María Asunción Erice Echegaray andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Hirugarren Saileko burua, Nafarroako Parlamentuko Langileri Batzordeak izendatua.
Ordezkoa: María Jesús Balana Asurmendi andrea, Nafarroako Administrazio Auzitegiko kidea, Nafarroako Parlamentuko Langileri Batzordeak izendatua.
Mahaikidea: Pablo Díez Lago jauna, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia.
Ordezkoa: Adolfo Morales Gordo jauna, Nafarroako Parlamentuko legelaria.
5.2. Epaimahai kalifikatzailea izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitara eman ondoko bost egunetako epearen barruan eratu beharko da.
Horretarako, kideen gehiengoak bertan egon beharko du.
5.3. Jardun ahal izateko, kideen gehiengoak bertan egon beharko du.
Erabakiak gehiengoz hartuko dira eta mahaiburuak kalitatezko botoa izanen du.
5.4. Deialdi honen oinarriak ulertu edo aplikatzean sor daitezkeen zalantzak edo erreklamazioak, bai eta aurreikusita ez dauden kasuetan egin beharrekoa ere, epaimahaiak ebatziko ditu.
6. oinarria.-Merezimenduen kalifikazioa.
6.1. Izangaiek alegatu eta egiaztaturiko merezimenduak deialdi honen I. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
6.2. Alegatutako merezimendu guztiak agirien bidez frogatu beharko dira, izangaiek lekualdatze-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean.
Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak eskatu ahalko ditu epaimahaiak.
6.3. Epaimahaiak ezin izanen du, inolaz ere, alegatu eta agirien bidez frogatu ez den merezimendurik baloratu, ez eta atal bakoitzean zehaztu gehieneko puntuazioa baino altuagorik eman ere.
6.4. Lehiakideen puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoei zerbitzuak ematen antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Horrela ere berdinketak irauten baldin badu, lehiakide zaharrenaren alde ebatziko da.
6.5. Merezimenduak kalifikatu ondoren, epaimahaiak partaideek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Nafarroako Parlamentuko iragarki oholean, eta bost eguneko epea irekiko du interesdunek beren eskubidearen mesedetan balorazio horri buruz komeni zaiena alega dezaten.
7. oinarria.-Gainditu dutenen zerrenda ordenatua eta lanpostuaren esleipena.
7.1. 6.5 oinarrian aipatzen diren erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa, igorriko dio Nafarroako Parlamentuko Mahaiari. Horrek, hala behar izanez gero, hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeko behar den erabakia hartuko du. Halaber, Mahaiak zerrenda hori "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitara dadin aginduko du.
7.2. Biltzarreko Mahaiak puntuaziorik altuena lortu duten izangaiei emanen dizkie lanpostuak, eta haien izendapenak "Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizial"ean argitara daitezen aginduko du.
8. oinarria.-Lanpostua hartzea.
8.1. Izangaiek izendatu eta hamar egun naturaleko epearen barruan hartu beharko dute lanpostua, izendapenari buruzko erabakia jakinarazten zaienetik hasita.
8.2. Aipatu epean eta aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duen lehiakideak lehiaketaren jardunetatik sortutako eskubideei uko egiten diela ulertuko da, eta hala izanik, aurreko oinarrian adierazi zerrendan hurrengoa den izangaiarekin beteko da lanpostua.
9. oinarria.-Errekurtsoak.
Deialdi honen, deialdi honetako oinarrien, izendatzeko erabakiaren eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, aukera aurkeztekoa, Biltzarreko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunetik hilabeteko epean.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizi Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzibideetarako Salari zuzendua, egintza edo erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.
Parlamentuko lehendakariak edo epaimahai kalifikatzaileak deialdi hau aplikatzeko burutzen dituzten gainerako egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Parlamentuko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
I. ERANSKINA
Merezimenduen baremoa
a) Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak:
1) Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdian eskaintzen den lanpostua bezalakoetan edo antzekoetan: puntu bat urte bakoitzeko.
2) Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdian eskaintzen den lanpostua bezalakoetan edo antzekoetan: 0,75 puntu urte bakoitzeko.
3) Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, arestikoa ez beste lanpostuetan: 0,25 puntu urte bakoitzeko.
4) Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, arestikoa ez beste lanpostuetan: 0,20 puntu urte bakoitzeko.
-Oharrak:
1go. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.
2gn. a) idatz-zati honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da.
3gn. Lanaldi ez osoz emandako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.
4gn. Deialdia argitaratu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.
5gn. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon deneko edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu deneko aldietako zerbitzuak egoera horietan sartzean zuen lanpostuan eman izan balitu bezala kontatuko dira.
b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa
1) Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolaturiko prestakuntza ekitaldietan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo haren baliokideko (10 ikastordu), gehienez ere 7 puntu.
-Oharrak:
1go. Baloratu beharreko prestakuntza ekitaldien ikastordu zatikiak hainbanatuko dira.
2gn. Ikastorduen iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak kreditu batekoak izanen bailiren baloratuko dira.
3gn. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukoak bailiren baloratuko dira.
4gn. Erakunde antolatzaileari buruzko betebeharrak betetzen ez badituzte ere, Administrazioak agindurik edo oniritzirik eginak diren prestakuntza ekitaldietan parte hartzea puntuazio berarekin puntuatuko da. Horien artean, espresuki, sindikatuek Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Itunen barruan antolatuak sartuko dira.
2) Kongresu edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka jasotako edo sarituriko zientzia edo ikerketa lanak egitea, aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea, baita itzulpenak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, Epaimahaiak baloratu beharrekoak, lana edo jarduera bakarka edo taldean egina den eta biltzarrak edo argitalpenak herri, eskualde, Estatu edo nazioarteko maila duen kontuan hartuz.
3) Sektore publikoan prestakuntza ekitaldiak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea, gehienez ere, puntu bat, Epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.
-b) atal osoko oharrak:
1go. Deialdiko lanpostuarekin zerikusirik duten merezimenduak bakarrik baloratuko dira atal honen barruan.
2gn. b) atal honetako gehieneko puntuazioa 10 puntukoa izanen da.
II. ERANSKINA
Izen-deiturak: ......................, adina: ........., NAN zenbakia: ............., helbidea (kalea, zenbakia, solairua eta posta kodea): .............................., telefono zenbakia: ............,
Azaltzen dut:
Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren .......(e)ko ...........ren ........(e)ko erabakiaren berri izan dut -haren bidez, bi legelari lanpostu huts betetzeko dei egin da- eta hartan parte hartu nahi dut:
Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditut eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean.
Horiek horrela,
Eskatzen dut:
Eskaera honetan aipatzen den lekualdatze-lehiaketan onartua izatea. Deialdian eskatutako agiriak eta alegatzen ditudan merezimenduen egiaztagiriak gaineratu ditut.
Iruñean, 2001eko ............(ren) ...(e)an.
NAFARROAKO PARLAMENTUKO LEHENDAKARIA.
Iragarkiaren kodea: A0106628