79. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 29a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

Z A R R A K A Z T E L U

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi publiko honen xedea da Zarrakazteluko Udalerako zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena lan-kontratu mugagabeko langilea izanen da, ondorio guztietarako, kontratua sinatzen denetik, lan arloko legerian xedatutako probaldia pasa beharko badu ere, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartu eta alta emanen zaio.

1.3. Lanpostua E mailari dagozkion lansariez hornituko da, 251/1993 Foru Dekretuan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako lege aplikagarrietan ezarritakoaren arabera, eta, Zarrakazteluko Udaleko lan-kontratu mugagabeko enplegatuendako indarra duten xedapenetan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu.

1.4. Lanaldiaren araubidea zerbitzuko beharrei egokituko zaie, eta administrazio organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

1.5. Izendatutako izangaiak Zarrakaztelun bizi beharko du.

2.-Eginkizunak.

Izendatuak ondoko eginkizunak eta Udalaren berezko beste edozein bete beharko ditu:

-Argiteria publikoaren zein Udalaren hornidura eta saneamendu sareen mantentze-lana eta kontserbazioa.

-Udalaren instalazioen nahiz ondasun higigarrien garbiketa eta mantentze-lana.

-Karrika zein plazetako lorategiak eta arbolak zaintzea.

-Karrika eta plazak ureztatu eta garbitzea.

-Beste langileekin egin beharreko lanak.

-Agintzen ahal zaizkion beste betebehar batzuk, espezialitate jakinik behar ez badute ere, lanbidea ezagutzea eta horretan trebea izatea eskatzen dutenak. Horiek denak beren eskumenen esparruan eta beren maila eta kategoriaren barrenean.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio honetan parte hartu ahal izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Europako Batasuneko hiritarra izatea eta 18 urte beteak edukitzea.

b) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa izatea.

c) Eskola-ziurtagiria edo baliokidea izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izana.

e) B mailako gidabaimena edukitzea.

3.2. Lanpostua lortzen duen izangaiak, deialdi honen 9. oinarriak xedatzen duen moduan eta epean egiaztatu beharko ditu arestiko baldintzak. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako, baita oposizioaren prozedura osoan eta izendapen eguna arte ere.

4.-Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Zarrakazteluko Udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean.

4.2. Izangaiek, onartuak izateko, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Eredu ofizialeko eskabidea, goitik behera beteta, deialdi honetako 1. eranskinaren arabera, eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo identifikazio agiri baliokidea.

b) Eskatzen den tituluaren eta gidabaimenaren kopia kautotua edo fotokopia (jatorrizkoarekin batera aurkeztu behar dena, konpultsa egiteko). Gidabaimenaren kasuan, aurkez daiteke 3.2 atalean ezarritako epean hura eskuratzeko baldintzak betetzen direla dioen egiaztagiria edo, bestela, aitorpen bat, zeinetan hitz eman edo zin egiten baita esandakoa hala dela.

4.3. Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea luzaezina da.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

5.2. Baztertutako izangaiek, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barrenean, egokiak iruditzen zaizkien erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta, okerrik bada, zuzendu.

5.3. Erreklamazioak egiteko epea amaiturik, eta horiek ebatzita, alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

6.-Epaimahaia:

Mahaiburua: Constantino Alfaro Cortés jauna, Zarrakazteluko Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Javier Igal Iguaz jauna, Zarrakazteluko Udaleko alkateordea.

Mahaikidea: Juan Antonio Jiménez Gabari jauna, Zarrakazteluko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: María Angeles Cortés Compains andrea, Zarrakazteluko Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: Zarrakazteluko Udaleko zinegotzi bat, U.P.N. alderdiak hautatua.

Ordezkoa: Zarrakazteluko Udaleko zinegotzi bat, U.P.N. alderdiak hautatua.

Mahaikidea: María Mar Valdemoros Remón andrea, Zarrakazteluko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: mahaikideak berak hautatzen duena.

Mahaikidea: Mariano Bonel Laguardia jauna, Udaleko ordezkari sindikala.

Ordezkoa: Alberto Sanz Sopeña jauna, Udaleko enplegatua.

Idazkaria: Begoña San Martín Amor andrea, Zarrakazteluko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: idazkariak berak hautatzen duena.

6.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bederen bertan ez bada.

6.3. Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako arauen interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

6.5. Epaimahaikideek ez dute parte hartuko eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legean aurreikusitako abstentzio arrazoiak tartean baldin badira, organo dei egileari jakinarazi beharko diote.

Orobat, izangaiek epaimahaikideak errefusatzen ahalko dituzte, aipatu gorabeherak gertatzen direnean, lege horretan berean ezarritako moduak eta baldintzak betez.

Errefusatze, abstentzio edo bestelako zioak direla- eta, ordezkoekin ere ezin bada epaimahaia eratu, alkateak eskumena izanen du honelako egoera bat gainditzeko beharrezkoak diren epaimahaikideak eta haien ordezkoak izendatzeko, osoko bilkurak dena egitea ukatu gabe.

6.6. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta esparru horretan baino ez diete lagunduko epaimahaikoei.

7.-Oposizioaren hasiera eta garapena.

7.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduko 16.J artikuluari jarraikiz, deialdia argitaratu eta bi hilabete igaro beharko dira, gutxienez, oposizioa hasi baino lehen. Onartu eta baztertuen zerrenda onesteko ebazpenean zehaztuko da hautaprobak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.

7.2. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa: bi proba eginen dira, eta bertan, epaimahaiak propio prestatutako galdera sortei erantzungo zaie idatziz. Hona hemen probak:

a) Diktaketa, 200en bat hitzekoa.

Probaren balioa: 10 puntu. Ortografia mailako akats bakoitzeko 0,50 kenduko da. Azentuazio akats bakoitzeko, 0,10 puntu. Hurrengo ariketa egin ahal izateko 4 puntu atera behar dira, gutxienez.

b) Oinarrizko matematika ariketak ebaztea, 5 izanen baitira. Proba hau egiteko ezin izanen da kalkulagailurik erabili.

Probaren balioa: 10 puntu. Ongi planteatzen bada, nahiz eta soluzioa gaizki egon, puntu bat lortuko da. Berriz, ongi planteatua bada eta soluzio egokia ematen bazaio, bi puntu. Hurrengo ariketa egin ahal izateko 4 puntu lortu behar dira.

Bigarren ariketa. Bi proba praktiko egin beharko dira eta beste bat teorikoa, egin beharreko lanarekin zerikusia izanen dutenak. Hona hemen:

a) Proba praktikoa, igeltserotza, elektrizitate, iturgintza eta soldaduraren alorretakoa. Probaren balioa, guztira: 20 puntu, eta gehienez ere 5 puntu espezialitate bakoitzean. Hurrengo ariketa egin ahal izateko gutxienez ere 2,5 puntu lortu behar dira espezialitate bakoitzean.

b) Proba praktikoa, atzerakako hondeamakinarekin. Mantzentze lanak eta hura erabiltzea. Probaren balioa, 10 puntu. Hurrengo ariketa egin ahal izateko 5 puntu lortu behar dira.

c) Jardingintzaren eta zuhaitzen gaineko ezagupenak. Probaren balioa, 5 puntu. Hurrengo ariketa egin ahal izateko 2,5 puntu lortu behar dira.

Hirugarren ariketa. Proba psikoteknikoak, lanpostua eskuratzeko izangaien gaitasuna eta egokitasuna aztertzeko. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuko langileek eginen dute, Alkatetzak aldez aurretik erabakitzen dituen ezaugarrietan oinarriturik. Puntuazioa, gehienez: 25 puntu.

Laugarren ariketa. Zarrakazteluko udalerriaren ezagutzari buruzko 20 galderari erantzutea. Probaren balioa, 20 puntu. Erantzun bakoitzeko, gehienez ere, puntu bat lortzen ahal da.

7.3. Probak zein egun, ordu eta tokitan eginen diren ez da nahitaez Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko, baina bai Zarrakazteluko Udaletxeko iragarki oholean, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago, edo hogeita lau ordu lehenago, hasitako proba baten jarraipena baldin bada.

Ariketa bakoitzeko deialdi bakarra eginen da, eta baztertuta geldituko dira iragarritako egun, ordu eta tokian azaltzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Batera iragartzen ahalko da proba bat baino gehiago, baita egun berean bat baino gehiago egin ere.

7.4. Izangaiek N.A.N.a aldean dutela azaldu beharko dute eta, hala eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute; bestela, kanporatu eta baztertuak gertatuko dira, salbu eta zuzenbidean onarturiko beste moduren batean nortasuna kreditatzen badute egintza horretan bertan.

Probetan kopiatzeak zein beste edozein iruzur egiteak berehala kanporatzea ekarriko du, jarduketa penalak deusetan galarazi gabe, hala behar badu.

7.5. Espezialistek eginen dituzte probak, eta horiek baloratu eta puntuatu ondoren epaimahaiari igorriko dizkiote lortutako puntuazioak. Epaimahaiak, berriz, haiek berrikusten ahalko ditu, egoki baderitzo.

7.6. Ariketa bakoitza bukatu eta baloratu ondoren, epaimahaiak jendaurrean paratuko du izangaien zerrenda, Udaletexeko iragarki oholean eta probak egin diren tokian, baita hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua ere, egin baino 48 ordu lehenago, gutxienez ere.

8.-Puntuazioen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

8.1. Ariketen kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda jendaurrean paratuko du, Udaletxeko iragarki oholean, puntuazio handienetik txikienera ordenatuta.

8.2. Epaimahaiak puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena helaraziko dio organo eskudunari. Proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udaletxeko iragarki oholean argitaratu beharko da.

9.-Agiriak aurkeztea

9.1. Izendapen proposamena Udaletxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

a) Jaiotze aktaren ziurtagiria.

b) Eskatutako tituluaren eta gidabaimenaren kopia kautotua edo fotokopia (Udaletxeko bulegoetara eramanen den jatorrizkoarekin konpultsatu beharrekoa).

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion akats fisiko edo psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena.

9.2. Aipatu epearen barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbu, arestiko agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta ordura arteko egintzak deuseztatuak geldituko dira, deialdian parte hartzeko eskabidean egindako faltsukeria dela medio etor dakiokeen erantzukizuna galarazi gabe.

9.3. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 8.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko du utzitako hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Hautaketa prozesua amaiturik, eta izangaiak 9.1 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkezturik, Udalak, osoko bilkuran, Zarrakazteluko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izendatuko du.

Izendatutako izangaiak izendapenaren berri izan eta hilabeteko epearen barrenean sinatu beharko du kontratua, baita lanean berehala hasi ere. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean kontratua sinatzen ez badu eta lanean hasten ez bada, gaindituen zerrendako hurrengo izangaiak beteko du lanpostua.

11.-Errekurtsoak

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra, eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, honako errekurtso hauek aurkezten ahal dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko maila bereko Sail edo Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Zarrakaztelun, bi mila eta bateko apirilaren hogeita zazpian. Alkatea, Constantino Alfaro Cortés.

Iragarkiaren kodea: A0105094