79. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 2001eko ekainaren 18koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko A mailako goi mailako tituludun izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, 2001eko ekainaren 28an emandako Ebazpenaren bitartez, onetsi egin du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko A mailako goi mailako tituludun izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Deialdiak ondoko oinarri hauek ditu:

1.-Xedea.

Aditzera ematen da A mailako goi mailako tituludun izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia. Haren plantilla zenbakia 5412 da. Iruñean aritzekoa da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuan.

Hona hemen lanpostuaren egitekoak, besteak beste: gizarte zentro, zerbitzu eta entitateak ikuskatzea; gizarte zerbitzuak darabiltzaten entitate eta pertsonei aholkuak ematea; zentro, zerbitzu, entitate eta herritarrek aurkezturiko kexa eta salaketak aztertzea; eta gizarte zerbitzu eta prestazioak darabiltzatenen balorazio psikofisikoa egitea. Medikuntza, Psikologia, Pedagogia edo Soziologia dira ustez lanpostuaren ezaugarrietara hobekien egokitzen diren prestakuntza akademikoak.

2.-Lanpostu hutsen gehikuntza.

Deialdi honetako lanpostu kopurua geroago handitu ahalko da epaimahai kalifikatzaileak lehiatzaileen zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa, deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuekin.

3.-Arau aplikagarriak.

Lehiaketa hau ondoko arauek erregulatuko dute: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, hura garatu eta betearazteko lanpostuak betetzeko azaroaren 6ko 215/285 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamenduko 10. artikuluak eta aplikatzekoak diren beste manuek, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak merezimenduen baremoei buruz abuztuaren 12an emaniko 130/1998 Foru Aginduak, aplikatzekoak diren beste arauek, eta deialdiaren oinarriek.

4.-Betebeharrak.

Indarra duten legezko xedapenekin bat, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi duten izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta esleitzen zaien lanpostuaz jabetzean hurrengo baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoa izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) A maila edo taldekoa izatea.

c) Lizentziadun, ingeniari edo arkitektoen titulua edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzea.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatzeko asmoz, lekualdatze lehiaketa honetan deialdiaren baldintzak betetzen dituzten Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartu ahalko dute.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berean iraunen dute.

Aurreikuspen horretatik baztertuak dira Estatuko Administraziotik Foru Komunitatera transferituriko funtzionarioak, MUFACEn afiliatuak badira eta, beraz, Estatuko Klase Pasiboen Araubidean sartuak badira. Haiek, deialdi honen xede den lanpostua lortuz gero, araubide horretatik atera eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko dira.

5.-Lansariak.

Lekualdaketaren xede diren langileek, indarra duten xedapenek esleitzen dieten soldata jasoko dute.

6.-Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokorrean, Iruñeko Karlos III.a etorbideko 2an, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz- zatian aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio eta bertan, izangaiek adierazi beharko dute, kasu bakoitzean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabidea aurkezteko epea amaitzen den egunean. Eredu hori Nafarroako Gobernuko Argibide Bulegoan eskuratu ahalko da, Karlos III.a etorbideko atarian.

Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izango da.

b) Orobat, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak frogatzen dituzten agiriak, behar bezala kautotuak, erantsiko dira.

7.-Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du, adieraziz hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsik izanez gero, horiek zuzentzeko aukera izanen dutela.

Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak lehiaketa bete gabe deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Izangai bat ere baztertu ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

Erreklamazioak egiteko epea amaiturik eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak baztertuen eta onartuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

8.-Epaimahaiaren osaera.

Lehiaketa kalifikatzeko Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Gloria Bes Sevil, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Ikuskapen atalburua.

-Ordezkoa: María Luz Munárriz Desojo, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko idazkari teknikoa.

-Mahaikideak:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

-Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

2. Ignacio Iriarte Aristu, Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren atalburua, idazkari lanetan arituko dena.

-Ordezkoa: Agustín Oyaga Zalba, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuko Administrazio Publikoko teknikaria (Arlo Juridikoa).

Epaimahaia onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta hurrengo bost egunetan osatu beharko da.

Mahaikideek abstenitu egin beharko dute eta halaxe jakinararazi beharko diote deialdia eman duen organoari administrazioko prozedurari buruzko arauetan abstenitzeko aurreikusten diren arrazoiak gertatzen direnean. Halaber, izangaiek mahaikideak errefusatu ahalko dituzte gorabehera horiek gertatzen direnean.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak interpretatu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

9.-Merezimenduen kalifikazioa.

Kontu hauek baloratuko dira, bata bestearen ondoren eta hurrenkera honetan:

a) Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak: 35 puntu, gehienez ere.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak: 25 puntu, gehienez ere.

Alegatu eta justifikatutako merezimenduak Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu honako honi atxikitako baremoaren arabera.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta egiaztatuko dira izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ez du inolaz ere kontutan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du emanen merezimenduen atal bakoitzarendako adierazitako puntuazioa baino handiagorik.

Epaimahaiak, lehiatzaileek alegatu merezimenduen gainean ohar eta datu osagarriak eska ditzake.

c) Txosten psikoteknikoa: 15 puntu, gehienez ere.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuko Zerbitzuak, probak egin ondoren, txosten psikotekniko bat eginen du lehiatzaile guztiei buruz. Horretan baloratuko du deialdiaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara nola egokitzen diren. Zerbitzuak txosten psikoteknikoan lehiatzaile bakoitzari emanen dion puntuazioa loteslea izanen da Epaimahairako.

d) Lanpostuaren edukiari eta eginkizunei buruzko proba: 25 puntu, gehienez ere.

Lehiaketako epaimahaiak bidezkotzat jotzen badu, izangai bakoitzak proba praktikoa ahoz azaldu eta defendatuko du. Agerraldi horrek galderak bildu ahalko ditu aurkezturiko merezimenduei buruz eta lehiaketaren xede den lanpostuaren ezaugarrietara egokitzeko erari buruz.

Proba hori baztergarria izanen da. Gutxienez ere 12,50 puntu lortu beharko dira gainditzeko.

Izangai bat ahozko proba praktikoaren azalpen eta defentsara agertu ezik, berehala bazterturik geldituko da lehiaketatik.

Proba hau gainditzen duten izangaiek lorturiko puntuazioa lehiaketako gainerako ataletan lorturiko puntuazioari gehituko zaio, izangai bakoitzaren puntuazio osoa lortzeko.

Lehiaketako atalen kalifikazioa bukatu ondoren, Epaimahaiak argitara emanen du Nafarroako Gobernuko Iragarki Oholean izangai bakoitzak lortutako puntuazioa eta bost eguneko epea irekiko du izangaiek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten oro alega dezaten.

10.-Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera.

Epaimahaiak, erreklamazioak ebatzi ondoren, lehiatzaile guztien behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuko iragarki oholean, deialdiko 9. oinarrian aipatzen den proba praktikoa gainditu duten lehiatzaileen zerrenda igorriko dio deialdia eman duen organoari, agiri guztiekin batera, lehiaketako atal gutzietan lorturiko puntuazio osoari jarraituz, eta puntu gehien lortu dituena izenda dadila proposatuko du, deialdian 2. oinarrian aurreikusiriko lanpostu-gehikuntzagatik sartu behar direnak sartuta, hala bada.

Lehiaketako puntuazio osoan berdinketarik gertatuz gero, Administrazio Publikoetan emaniko zerbitzuetan aintzinatasun handiagoa aitorturik daukan izangaiaren alde joko da. Berdinketak badirau, lanpostuaren edukiari eta eginkizunari buruzko proba praktikoan puntu gehiago lortu dituenaren alde joko da.

11.-Lanpostu hutsen hautaketa.

Lehiatzaileek lanpostu hutsak aukeratu ahalko dituzte lehiaketan lortutako puntuazioaren arabera, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak antolatuko duen ekitaldi batean.

Aipatutako epean, eta behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, eskaera egiten ez duten lehiatzaileek lehiaketaren xedea diren lanpostuak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12.-Lanpostuak esleitu eta jabetza hartzea.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, dagokion ebazpenaren bidez, lehiaketan egokitu zaizkien lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

Lehiatzaileek esleitutako lanpostuak hartu beharko dituzte esleipenari buruzko Ebazpena jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean.

Behar bezala frogaturiko ezinbesteko arrazoiengatik izan ezik, epe horretan lanpostuaz jabetzen ez direnek horretan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Kasu horretan, hutsik gelditzen diren lanpostuak deialdiko 10. oinarrian aipatzen den zerrendan dauden lehiatzaileekin beteko dira.

13.-Errekurtsoak.

Deialdiaren eta haren oinarrien eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hemezortzian.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskaera, ................ izateko ..... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian, .......eko ......... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emandakoan, parte hartzekoa.

1.-Datu pertsonalak

Izen-deiturak

Noiz eta non jaioa:

N.A.N.: .....................

Helbidea:

P.K.: .....................

Etxeko telefonoa: ..................... Laneko telefonoa:

2.-Datu administratiboak

a) Egoera administratiboa:

Zer lanpostutarako izendaturik dagoen: ....................

f Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa

f Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa

f Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako langile estatutupekoa

f Lan-kontratudun finkoa

f Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa

f Jardunean

f Zerbitzu berezietan

f Eszedentzia berezian

f Borondatezko eszedentzian

f Nahitaezko eszedentzian

(X batez markatu dagokion kontzeptua)

b) Egungo destinoa:

Lanpostua:

Jabetza hartzearen eguna:

Departamentua:

Zerbitzua:

Atala:

Bulegoa:

Erakunde autonomoa:

c) Maila edo sailkatze taldea: ....................

3.-Izenpetzen duenak adierazten du, eskabideak aurkezteko azken egunean, eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.

4.-Eskabideari eransten zaizkion merezimendu alegatuen frogagiriak.

5.-f Adierazten du euskararen gaitasuna frogatzeko proba egin nahi duela *

Horrenbestez,

Eskatzen du deialdian onar dezatela, eskabide honetan dioen bezala.

Iruñean, ..........(e)ko ...............aren ..................(e)an.

(Sinadura)

(*) Bidezko denean bakarrik.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio Publikoei emandako zerbitzuak:

1.-Deialdi honetako maila edo talde eta tituluko lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan langile finko bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,50 puntu.

2.-Deialdi honetako maila edo talde eta tituluko lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan aldi baterako langile bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 1,12 puntu.

3.-Deialdi honetakoak ez bezalako lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan langile finko bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,37 puntu.

4.-Aurrekoak ez bezalako lanpostuetan, edozein Administrazio Publikotan aldi baterako langile bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,30 puntu.

Oharrak:

1. Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzu aldiko egunei proportzionalki dagokien puntuazioa jarriko zaie izangaiei.

2. a) idatz-zati honetako puntuazio gehienezkoa ez da izango 35 puntu baino gehiagokoa.

3. Lanaldi partzialean emandako zerbitzuen kasuan, dagokien zatia kenduko da.

4. Deialdia argiratatu ondoren emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioak zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian emandako aldiak, hala nola unitate organiko baten burutza edo zuzendaritzan emandakoak, horietan hasi zen egunean zuen lanpostuan emandako zerbitzu gisa baloratuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza, ikerketa eta bestelako merezimenduak.

1) Erakunde edo zentro publikoek eta Unibertsitateek prestakuntzarako antolatzen dituzten jardueretan parte hartzea: 0,10 puntu kreditu akademiko edo baliokide (10 irakastordu) bakoitzeko, gehienez 10 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko ikastaroen irakastorduen frakzioak hainbanatuko dira.

2. Irakastorduen kopurua zehaztu gabe duten ziurtagiriak kreditu batekoak balira bezala baloratuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena kreditatzen duten agiriak 12 kreditukoak balira bezala baloratuko dira.

4. Erakunde antolatzaileari buruzko baldintzak betetzen ez dituzten arren, puntuazio berarekin baloratuko dira Administrazioak aginduta edo berak baliozkoturik egiten diren prestakuntza jarduketak, berariaz sartuz horietan Administrazio Publikoen Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen barruan sindikatuek antolatzen dituztenak.

2) Kongresu edo jardunaldietan txosten edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jasotako lan zientifikoak edo ikerlanak eta aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak: gehienez 3 puntu, Epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoak, ondoko irizpide hauen arabera: lana edo jarduera banaka edo taldeka egin den eta kongresua edo argitalpena zein mailatakoa den (tokikoa, herrialdekoa, nazionala edo nazioartekoa).

3) Sektore publikoko prestakuntza jarduketak antolatu edo haietan parte hartzea: gehienez 2 puntu, haien iraupenaren arabera Epaimahai kalifikatzaileak baloratu beharrekoak.

4) Deialdian eskatu ez diren titulu eta espezialitate akademikoak: 4 puntu, gehienez ere.

5) Bestelako merezimenduak, Epaimahaiak baloratu beharrekoak, besteak beste: hizkuntzak, sektore pribatuan eginiko lanak, bekak edo prestakuntzarako egonaldiak eta kontsulta, aholku, partaidetza edo ordezkaritza organoetan parte hartu izana: 4 puntu, gehienez ere.

b) atal osorako oharrak:

1. Atal honen barruan deialdiko lanpostuari loturiko merezimenduak baloratuko dira bakarrik.

2. b) atal honetan 25 puntu aterako dira gehienez.

Hizkuntzak jakiteagatik gehitu beharreko puntuazioa.

-Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialak baitira, bina puntu gehienez ere.

Ondorio horietarako, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat hartutako titulua edukitzeagatik aurreko idatz-zatietan adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezik, Hizkuntza Eskola Ofizialean gaindituriko ikasmaila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren bosten bat emanen da.

Iragarkiaren kodea: A0106626