I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Legeak
14/2001 FORU LEGEA, ekainaren 20koa, abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzen duena.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:
FORU LEGEA, ABEREEN OSASUNARI BURUZKO AZAROAREN 16KO 11/2000 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA
Maiatzaren 24ko 11/2001 Foru Legeak abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatu du.
Foru Lege honen aurreikuspenek debekatu eta zehatzen dute kasu guztietan animali proteinak erabiltzea edozein motatako azpiproduktuak prestatzeko, gero beste animalia batzuei jaten emateko, laguntasuneko animaliak barne. Aurreikuspen horietan arazo larriak agertzen dira: batetik, arazo juridikoak, merkatuaren askatasuna eta salgaien zirkulazioa Europar Batasunean barna gobernatzen dituzten irizpenen zein Espainiako Konstituzioaren hainbat manuren kontrakoak baitira, baina batez ere, arazo praktikoak sortuko dira, oinarri zientifiko sendorik izan gabe debekatu duelako produktu sorta zabala, bai ekoizpenerako abereei bai laguntasuneko animaliei jaten emateko erabili ohi dena eta Europar Batasunean baimenduta dagoena.
Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatu zuen maiatzaren 24ko 11/2001 Foru Legea bere horretan aplikatzen bada, ondorio latzak izanen ditu, duten izaera biologikoa dela-eta, bere elikaduran animali proteinak behar dituzten animaliengan, esate baterako, arrain, orojale eta haragijaleengan, proteina horien ordez ezin baitituzte landare proteinak erabili.
Horiek horrela, beharrezkoa da Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen erredakzioa, maiatzaren 24ko 11/2001 Foru Legean emandakoa, lehenbailehen aldatzea, haren aplikazioak sortuko lituzkeen ondorio txarrak saihesteko.
1. artikulua. Abereen osasunari buruzko Foru Legearen 26. artikuluko 2. idatz-zatiaren erredakzioa, maiatzaren 24ko 11/2001 Foru Legeak emandakoa, aldatu da. Hona hemen testu berria:
"2. Ezin izanen da animalien gorpurik edo haien zatirik erabili, animali azpiproduktuak prestatzeko, gero beste animalia batzuei jaten emateko, laguntasuneko animaliak barne; guztiz debekatuta dago haiek erabili eta aprobetxatzea, Europar Batasuneko eta nazioko egungo araudi oinarrizkoek baimendutako salbuespenak ez badira.
Animali proteina eraldatuen erabilpena animaliendako elikagaiak prestatzeko, Europako komunitateko eta Espainiako osasun arau oinarrizkoei lotuko zaie.
Nolanahi ere, giza kontsumorako hil ez diren animalien gorpuak eta proteinak ezin izanen dira erabili ezein motatako azpiproduktu prestatzeko ez eta beste animalia batzuei, laguntasunekoak barne, jaten emateko, eta guztiz debekatuta dago haiek erabili eta aprobetxatzea, erregai gisa ez bada."
2. artikulua. Abereen osasunari buruzko Foru Legearen 56. artikuluko 8. idatz-zatiaren erredakzioa, maiatzaren 24ko 11/2001 Foru Legeak emandakoa, aldatu da. Hona hemen testu berria:
"8. Dekomisaturiko gorpuak, erraiak edo hondakinak tratatu eta aprobetxatzeko jarduerak."
3. artikulua. Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarria aldatu da. Hona hemen testu berria:
"Laugarrena.-Animalien pentsuak kontrolatu eta suntsitzea.
1. Foru lege honek indarra hartu eta hilabeteko epean, osagaien artean giza kontsumorako hil ez diren beste animalia batzuen gorpuen elementuak dauzkaten animalientzako pentsu konposatu guztiak sun- tsitu beharko dira.
2. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, foru lege honek indarra hartu eta hilabeteko epean, erregelamendu bidez garatuko du beste animalia batzuk elikatzeko pentsuen fabrikaziorako legean ezarritako baldintzak betetzen ez dituen animaliarik erabil ez dadin kontrolatzeko prozedura."
AZKEN XEDAPENA
Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.
Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hogeian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
Iragarkiaren kodea: a0106634