78. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 27a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

NOAIN (ELORTZIBAR)

Noain-Elortzibarko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onespena

2001eko 49. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, apirilaren 20koan, Noain-Elortzibarko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzaren hasierako onespenari buruzko iragarkia eman zen argitara.

Jendaurreko aldia bukatuta eta erreklamazio, kexa nahiz oharrik aurkeztu ez zaiola, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoa betez, behin betikoz onartu da. Jarraian, testua bere osotasunean emanen dugu argitara.

Noain-Elortzibarren, bi mila eta bateko ekainaren zazpian. Alkate udalburua, Miguel Elizari Reta.

NOAIN-ELORTZIBARKO UDALEKO EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ERREGISTROAREN ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAREN BEHIN BETIKO ONESPENA

1. artikulua. Noain-Elortzibarko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. art. Bikoteek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Noain-Elortzibarko udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ez ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren beste erregistroren batean.

3. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat emantzipatu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Horrelakoetan, medikuaren irizpena beharko dute, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diena.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

4. art. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak beren arteko elkartzeari buruz adierazten dituen argitasun guztiak agertarazi ahalko ditu. Hitzez hitz idatzi ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare harremanak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aitzineko lerrokadan aipatutako edukiak geroago ere inskribatu ahalko dira bikoteko biak bertara azaldurik.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

5. art. Erregistroa Udaleko Idazkaritza Orokorrean izanen da.

6. art. Aitzineko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

7. art. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den beste edozein idazpen agertaraziko da.

8. art. Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

9. art. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta erregistroaren ardura duen funtzionarioak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondoren.

10. art. Doakoak izanen dira, erabat, bai inskripzioak bai luzatzen diren ziurtagiriak.

11. art. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasuneko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Aranguren Ibarreko Udalean.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Ordenantza honen berrikuspena eginen da legegintzako aldaketarik sortzen bada gai honen inguruan.

I. ERANSKINA

Noain-Erlortzibarko Udaletxean, Udal Erroldako bulegoan, halako egunean: ......, honako hauek agertu gara:

Izena: ............, jaioterria: ........, helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) N.A.N. zenbakia: .........., eta

Izena: ..............., jaioterria: ............., helbidea (erroldakoa): .............., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu) N.A.N. zenbakia: ............

Eta honako hau azaldu nahi dugu:

"Ezkondu gabeko bikote egonkorren" Udal honetako erregistroan inskribatu gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Deklaratzen dugu:

Lehendabizi: aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ............... (gogorarazi behar zaio .......... jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraikiz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian.)

Bigarren: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarren: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko ahaidetasunik ere. Laugarren: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik, ez eta elkartzeko inolako ezgaitasunik ere.

Bosgarren: ez dugula nahi gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmena erregistroan inskribatzea.

Seigarren: baimena ematen dugula Noain-Elortzibarko Udal Erroldan honako datu hauek egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua ez Udal honetako erregistroan ez maila eta xede bereko inongo herritako erregistroan ere.

Horregatik guztiagatik, Noain-Elortzibarko ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskribatu gaitzatela eskatzen dugu.

Sin.: .................................. Sin.:

II. ERANSKINA

Noain-Elortzibarko Udalean, halako egunean ........... honako hauek agertu gara:

Izen-abizenak: ..............................., N.A.N.:

Izen-abizenak: ..............................., N.A.N.:

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren Udal Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat eman nahi dugula, izan ere horrelaxe inskribatuta baikaude aipatu Udalaren erregistroan.

Horiek horrela, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat eman dezazuela elkartzearen inskripzioa.

Sin.: .................................. Sin.:

Iragarkiaren kodea: A0106395