77. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 25a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

E D I K T U A

Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi delegatuak, 2001eko apirilaren 5ean, bertzeak bertze, honako ebazpen hau eman zuen:

"Ikusirik, Iruñeko San Lorentzo karrikako 23ko etxea aztertu ondotik, Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoko Udal Zerbitzu Teknikoek egindako ikuskapen txostena, 2001eko martxoaren 29koa, haren bidez frogatu baita honako matxura hauek dituela:

Zoladuretan desplazamenduak eta inklinazioak ageri dira, agian egituraren elementuen itxuraldaketa edota mugimenduen ondoriozkoak (elementu komunak), izan ere elementu horiek zoladuraren azpian izkutuan daude.

Eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 224. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, honako hau ebatzi dut:

1.-Iruñeko San Lorentzo karrikako 23 zenbakiko etxearen jabeei, hilabeteko epean, arkitekto bat kontrata dezatela agintzea, hain zuzen ere egituraren elementuen egungo egoera azter dezan (eskailera-kaxako habeak), eta behar den puska agerian utz dezan, itxuraldaketen eta desplazamenduen bilakaeraren jarraipen tekniko kontrolatua eraman ahal izateko eta, hala behar bada, proiektu bat egin dezan, haiek konpondu, sendotu eta bermatzeko.

Aipatu hilabeteko epean, arkitektoa kontratatu dutela frogatu beharko dute, eta Udalari jakinarazi beharko zein diren hark proposatzen dituen neurriak egoerari aurre egiteko (berehalako konponketak, eta patologiaren jarraipena eta ondoko moldaketa).

Jabetza Horizontalari buruzko Legearen 10.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, aginteak emaniko aginduak aurkatu edo haien betearazpena oztopatzen duten jabeak erantzule izanen dira administrazio bidetik ezar daitezkeen zehapenen aurrean.

2.-Etxe horietako jabeei ohartaraztea ezen, aipatu epean obrak egiten ez badira, zehapen espedientea abiaraziko dela, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 248.5 artikuluan sailkatutako hutsegite arinaren ustezko erantzule izateagatik. Hutsegite hori 50.000tik 1.000.000 pezeta bitarteko isunarekin zehaturik dago. Halaber, isun hertsatzaile jarraituak ezartzen ahal dira, hilabetekariak izanen direnak, alegia, 100.000 pezeta lehenbiziko hilabetean, 200.000 pezeta bigarrenean, 300.000 pezeta hirugarrenean, 400.000 pezeta laugarrenean eta 500.000 pezeta bosgarrenean eta ondoko hilabeteetan.

3.-Jabeei ohartaraztea, orobat, konponketa obra horiek eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnetarik direla. Egokitzapen hori etxebizitza arloko jarduketa babesgarriak finantzatzeko indarra duen Foru Dekretuan zehazten da.

Obra horiei ekiteko zaharberritzeko dirulaguntzak eskura daitezke, betiere eraikinaren egitura eta funtzionaltasunaren egokitzapena lortzeko beharrezkoak direnekin batera egiten badira; horretarako, Etxebizitzak Zaharberritzeko Udalaren Bulegoan, Eslava karrikako 1.ean, argibideak eska daitezke."

Ebazpen honen aurka, eta aukeran, errekurtso hauetatik bat paratzen ahal da:

-Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik; edo

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta hilabeteko epean.

Argitara ematen da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Administrazi Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio prozedurari buruz indarra duen Legearen 59.4 artikuluan eta 59.5 a) idatz-zatian (azaroaren 26ko 30/1992 Legea) eta aplikatzen ahal den gainerako legerian xedatutakoa betez, izan litezkeen bertze interesatu ezezagunentzat eta, legeak dioen bezala saiatuta ere, jakinarazi ahal izan ez zaienentzat, jakinarazpen balioa izan dezan.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren bederatzian. Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.

Iragarkiaren kodea: A0104913