I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
ERABAKIA, 2001eko maiatzaren 14koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "La Nava" industrialdea Tafalla eta Erriberriko mugapean handitzeko Proiektua, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzen duena.
2000ko ekainaren 26an, "La Nava" industrialdea Tafalla eta Erriberriko mugapean handitzeko Proiektua sartu zen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, izapidatu eta Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa onetsia izan zedin. 2001eko urtarrilaren 19an, behar bezalako errekerimendua eginda, espedienteko dokumentazioa osatu zen. Hortaz, horren edukia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legeko 64. artikuluaren zehaztapenen araberakoa dela ondorioztatu da.
Espedientearen sustatzailea Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentua da, eta Lurzoruaren Enpresa Entitate Publikoa (SEPES) izanen da aurreikusitako jarduketa burutuko duena, sinaturiko lankidetza hitzarmenak oinarri harturik. Lan horretan Tafalla eta Erriberriko udalek ere parte hartuko dute, jarduketa hango udal mugapeetan eginen baita.
Egungo "La Nava" industrialdea, Tafallan dagoena eta espediente honen bidez handitu nahi dena, "Tafalla-Erriberri aldea: Tafallako industrialdea" izenekoarekin bat dator, apirilaren 5eko 84/1990 Foru Dekretuko 1.3. artikuluan bildutako eskualdeko industrialdeen zerrendaren arabera. Foru Dekretu horrek industrialdeak eta industri jarduerak Nafarroan ezartzeko arauak ematen ditu.
I.-Jarduketaren interes publikoa eta onura soziala justifikatzeko arrazoiak.
Batetik, Tafalla eta Erriberri herrien kokapen estrategikoa -komunikaziobide garrantzitsuetatik hurbil eta Iruña eta Tutera arteko bide erdian, eta, hortaz, harremanetarako eskualde izateko hautatua-, aipatu 84/90 Foru Dekretuan atzeman eta agerian utzi bezala, izan ere, inguru horretan eskualdeko industrialde bat aurreikusi baitzuen, eta bestetik, inguru horri industri lurzoru urbanizatu gehiago eman beharra -izan ere "La Nava" industrialdea ia agortuta dago-, nahikoa arrazoi dira proiektaturiko zabalkuntza horren interes publikoa eta onura soziala deklaratzeko eta jarduketa hori antolatzeko baliabide gisa UPSa aukeratzeko (jarduketa horrek, gainera, bi udalerri ukitzen ditu).
II.-Jarduketaren kokapena eta oinarrizko ezaugarriak.
a) Proposaturiko jarduketak egungo "La Nava" industrialdea handituko du, hego-ekialderantz. Iruña-Zaragoza N-121 errepide zaharraren eta Cidacos ibaiaren artean kokatuko da eta Tafallako udalerria (117.618 m2) eta Erriberriko udalerria (93.889 m2) ukituko ditu.
Mugatutako esparru horretan zenbait herri-bide, tentsio ertaineko bi linea eta goi tentsioko linea bat daude. Gainera, familia bakarreko bi etxebizitza daude, Erriberriko mugapean, eta "La Nava" industrialdeko bi hirilur txiki sartzen dira, oraingo industrialdearen eta planteatzen den zabalkuntzaren arteko bideak egiteko ukituak izanen direnak. Lur horiek, egun, nekazaritzarako erabiltzen dira (ureztaketa lurrak, zerealak, mahastiak eta olibondoak), eta oro har lauak dira, Cidacos ibaitik N-121 errepiderantz malda txiki bat egiten badute ere.
b) Proposaturiko antolamendua "La Nava" industrialdeko bideei jarraipena ematearen baldintzapean dago, jarduketa hau haren zabalkuntza baita. Bestalde, industrialdean sartzeko egun dagoen sarbidea eremu osorako eskas izan daitekeela ikusirik, beste sarbide bat egitea aurreikusi da, egungo bideekin elkarzut, N-121 errepidearekin biribilgu baten bidez lotuko dena. Antolamenduan ageri den lurzatiketa gutxi gora-beherakoa da.
Berdeguneak N-121 errepide zaharraren frontearen lerroan azaltzen dira, errepidearen eta industrialdearen barreneko bide baten artean. Eremu librea izanen da, ikuspegirako iragazki eta pantaila, eta eraikuntzen fatxada nagusiak erakutsiko ditu. Bestalde, erabilera askotariko lurzati bakar bat aurreikusi da, sarbide berriaren eta berdegunearen ondoan. 1134 aparkatoki aurreikusi dira bide publikoan; eta "zerbitzu teknikoetarako eremu" izanen diren lur-zerrenda batzuk gordetzea aurreikusi da, azpiegitura orokorretarako.
c) Jarduketak, guztira, 211.507 metro koadro ukituko ditu, honela banatuak:
Industri zorua: 130.300 m2
-Gehieneko okupazioa: 92.372 m2
-Libre pribatua: 37.928 m2
Erabilera askotarako ekipamendua: 10.283 m2
-Gehieneko okupazioa: 5.142 m2
Zerbitzu teknikoetarako eremua: 3.709 m2
Gune libreak: 23.883 m2
Bideak: 43.332 m2
Gehieneko azalera eraikia 122.469 metro koadrokoa da. Horietatik 114.243 metro koadro industri erabileretarako dira eta 8.226 erabilera askotarako ekipamendurako.
d) Jarduketa eremuaren barruko lurrak lurzoru urbanizagarrien sailean daude eta sektore bakarrekoak dira, banaketa eremu bakarrekoak. Eremuak industri erabileretarako 0,6 m2/m2-ko probetxamendu tipoa du, eta exekuzio unitate bakarra osatzen du. Aurreikusi den jarduketa sistema desjabetzapenarena da.
e) Azpiegiturei dagokienez, ondokoa aurreikusi da:
-Argindarraren hornidura: egun dauden lineak desbideratu ondoren, goi tentsioko sare bat eginen da, behar diren eraldaketa zentroak elikatu eta lurzati handienetarako G.T.ko hornidura ematea ahalbidetuko duena, eta, orobat, behe tentsioko sare bat.
-Edateko ura banatzeko sarea: sare hori egungo industrialdeko sareari lotuko zaio eta Tafalla-Erriberriko hornidurarako hodi nagusiari. Sarea osatzeko, hidranteak jarriko dira, eta berdeguneak ureztatzeko sare bat.
-Euri-urak eta ur beltzak bereizteko sarea: euri-urak zuzenean Cidacos ibaira eramanen dira, eta ibaiko urek indarreko arauetan eskatutako purutasun maila dutela bermatuko da. Ur beltzak kolektore nagusitik hurbil dagoen puntu batera eramanen dira, hortik Erriberriko Hondakin uren Araztegira eramateko.
-Bestelako sareak: telefono sareak hornidura konpainiek erredaktatzen dituzten banaketa proiektuen arabera jarriko dira; gas naturaleko sarerik ez da aurreikusi, enpresa gehienek ez baitute eskatu.
f) Obrak burutzeko aurreikusi den epea, Urbanizazio proiektua onetsi ondoren, hiru urtekoa da. Exekuziorako zenbatetsi den kostu osoa 434 milioi pezetakoa da eta lurzorua erostekoa 105 milioikoa, hots, 500 pta/m2.
III.-Udal planeamenduaren erreferentzia.
Tafallako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, jarduketa esparruaren barreneko lurrak -"La Nava" industrialdeko hiri lurzoruko bi eremu txiki izan ezik- produktibitate altuko nekazaritza lur urbanizaezinak dira. Erriberriko mugapeko lurrei dagokienez, Arau Subsidiarioetan sailkapen horixe ematen zaie, nahiz eta Arau horien behin betiko onespenean zehaztapen bat sartu zen, Testu Bateginean bildu zena. Horren arabera, industri lurzoru bilakatzeko aurreikuspena egin zen, egungo "La Nava" industrialdeko zabalkuntza egiteko.
IV.-Hirigintza eta lurraldeko zehaztapenak.
1. Egungo "La Nava" industrialdean dauden hiri lurzoruen saileko bi puska txiki horiek egungo industrialdea eta planteaturiko zabalkuntza lotzeko bideek ukituko dituzte. Hortaz, jarduketak ukituriko jabeen zerrendan sartu beharko dira. Bestalde, sarbide berriko biribilguko azelerazio eta desazelerazio erreiei dagozkien lurrak bide berri horren diseinuari eta egiturari estu-estuki lotuta daude. Hortaz, lur horiek, jarduketa eremutik bazter utzi direnak, eremu horren barrenean sartu beharko dira.
2. Iruña-Zaragoza N-121 errepide zaharrarekin lotzeko, Planean proposaturiko konponbideak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena beharko du, hala diseinuari nola kudeaketari dagokionez.
3. Planteaturiko antolamenduan 1.134 aparkatoki aurreikusi dira bide publikoan, eta ezarri da lurzatiaren barrenean aparkatoki bat aurreikusi beharra dagoela industri erabilerarako eta erabilera askotarako eraikitzen den 150 metro koadroko. Horrek 761 aparkatoki gehiago ekarriko ditu. Horrenbestez, 1.895 aparkatoki izanen dira guztira, bide publikokoak eta lurzoru pribatukoak hartuta.
Dena den, indarreko xedapenek batez beste 1.500 metro koadrotik beheitikoak diren lurzatietan banatutako industri eremuetarako ezartzen duten aparkatokien erreserba honako hau da: aparkatoki 1 erabilera publikoko guneetan eraikitzen den 70 m2-ko, gutxienez. Parametro hori jarduketan aurreikusitakoaren arabera eraikiko den azalera osoari aplikatuz gero, 1.750 aparkatoki aterako lirateke. Horregatik, proposaturiko lurzatiketa gutxi gora-beherakoa denez, araudian atal bat sartzea aurreikusi da, non finkatuko baita, lurzatiren bat bereizi eta kategoriaz aldatzen bada eta aldaketa horrek aparkatokiak kontatzeari begira ondorioak baldin baditu, gune publiko bat gaitu beharko dela, haren azalera osoaren kontura, gehitu beharreko aparkatokiak bertan jartzeko. Dena den, baldintza hori ez da araudian bildu. Hortaz, araudia zuzendu beharko da beharkizun hori azaltzeko.
4. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/94 Foru Legeko 62. artikuluaren arabera, lurzoru urbanizagarrietarako Plan Sektorialetan aipatu beharreko zehaztapenak plan partzialetan bezain zorrotz ageriko dira. Horregatik, espedientea osatu beharra dagoela erabaki da, eta ondoko dokumentazioa ekarri:
-Antolamendu planoetan: eremu libreen, berdeguneen eta aurreikusitako dotazioen titulartasuna eta erabilera, publikoa edo pribatua, azaldu beharko da, eta oinezkoendako sarea eta oztopo arkitektonikorik gabeko ibilbideena.
-Urbanizazio obrak egiteko epeen Plana. Bakoitzean honako hauek aurreikusiko dira: a) urbanizatu ahala, ezarri beharreko ekipamenduei dagozkien lurzoru erreserbak abian jartzea; eta b) ur hornidura, hustuketa eta energia elektrikoaren hornidura zerbitzuei dagozkien mailak zehaztea, gero urbanizatzen diren lurrak erabili ahal izateko.
-Ebaluazio ekonomikoan: eraikuntza eta instalazioak suntsitzeagatik, landaketak kentzeagatik eta jarduketa egiteak dakartzan beste jarduketengatik datozen kalteordainak zerbatekoak diren kalkulatzea.
5. Proposamenaren hirigintza eta lurraldeko balorazioa osatzeko, sustatzaileak, espedientea behin betiko onetsi aitzin, honako txosten hauek aurkeztu beharko ditu:
-Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena, komunikaziobideen gaineko ukipenei buruzkoa eta eremuan sartzeko bideetarako aurreikusi diren konponbideei buruzkoa.
-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarena, ureztaketa lurren gaineko ukipenei buruzkoa.
-Hezkuntza eta Kultura Departamentuarena, ondare historikoaren babesaren ingurukoa.
-Tafalla eta Erriberri hartzen dituen Mankomunitatearena, ukitzen diren zerbitzu mankomunitatuei buruzkoa.
-Ebroko Ur Konfederazioarena, zaintzen duen ibilguaren eremuan aurreikusitako jarduketen gainekoa, baita uren azterlanari dagokiona ere.
V.-Ingurumen arloko zehaztapenak.
Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak honako txosten hau egin du:
Aurkeztu den Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterketak proiektuan atzemandako ukipen nagusiak azaltzen ditu. Nekazaritzarako gaitasun handiko 38 Ha kentzeak, Nafarroako Ubideko eremu ureztagarrien barrukoak, eragin handia, negatiboa eta konponezina izanen duela adierazten da, industri okupazioari ezinbestean loturiko ondorioa baita. Azterturiko gainerako eraginak garrantzi ertainekotzat, txikikotzat edo garrantzirik gabekotzat hartu dira.
Babes eta zuzenketa neurrien proposamenean adierazi da obrak iraun bitartean segimendu arkeologikoa egiteko kontratazio bat egin behar dela, aztarna historiko-arkeologikorik agertzea ez baita saihesten, jarduketa eremutik hurbil beste batzuk aurkitu baitziren, Nafarroako Inbertario Arkeologikoan katalogaturik daudenak. Azterlanak, azkenik, berdeguneak landareztatzeko proposamena biltzen du, industrialdearen inguruko eremuetarako.
Ukipenen azterlanarekin batera gehigarri bat aurkeztu da, "La Nava handitzeko Tafallan eta Erriberrin egin gogo den industri jarduketaren gainean Cidacos Ibaiak izan dezakeen eraginaren azterlana" izenekoa. Bertan, adierazten da beharrezkoa dela urak gainezka egiteko aukerei buruzko azterlan sakon bat egitea, izan ere, "egungo ibilgua, bai plantan, bai sekzioan, ez da inondik inora egokia uholdeetarako".
Hori guztia kontuan harturik, txostenean ondoko hau adierazi da:
Urak gainezka egiteko arriskua eta kolektorea goraino bete eta urak sotoak hartzekoa zuzentzeak ezinbestean Cidacosi eragin handia ekarriko dio, ibai-tarte handi batean, azterturikoa baino askoz handiagoa, industrialdetik ubidean gora zein behera. Aurkeztu den Ingurumenaren gaineko Ukipenen Azterlanean ez da hori aurreikusi, ez eta aztertu ere; hortaz, ez dira ebaluatu eta Cidacosen gaineko eragina garrantzi gabekotzat hartu da. Horrenbestez, halako zehaztasunik eza sortzen da, zuzendu behar dena, azkenean ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio egokia egiteko, ibaiaren inguruan izanen diren ondorio guztiak bilduz.
Beste alde batetik, Ingurumen Zuzendaritza Nagusia Arga eta Cidacos ibaien arroko Nafarroako ibaietako Eremu Ureztagarrien Mugaketaren eta Antolamendu Hidraulikoaren azterlan bat egiten ari da, 2001eko irailetik aurrera behar den informazioa izateko bidea eskainiko duena.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2001eko apirilaren 11n emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikagarri diren gainerako arauak ikusita, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. "La Nava" industrialdea Tafalla eta Erriberriko mugapean handitzeko Proiektua, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Foru Lege horren ondorioetarako.
2. Espedientea behin betikoz onetsi aurretik, departamentu sustatzaileak Erabaki honen azalpen zatiko IV.5 atalean aipatu diren departamentu eta erakundeen txostenak aurkeztu beharko ditu.
3. Sustatzaileari eskatzea, behin betikoz onetsi aurretik, Erabaki honetako azalpen zatiko IV. atalean, "Hirigintza eta Lurraldeko Zehaztapenak" izenekoan, aipatu direnak ekarri edo, kasua bada, zuzendu ditzala, eta, orobat, Cidacos ibaiaren gainean izanen diren Ingurumenaren arloko Ukipenen Azterlanean atzemandako akatsak zuzendu ditzala, Erabaki honetako azalpen zatiko V. atalean, "Ingurumen arloko zehaztapenak" izenekoan, agerian jarri direnak.
4. Sustatzaileari adieraztea, egin gogo diren instalazioak baldintzatu edo ukitu ditzaketen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, kasuan-kasuan eskumena duten organoen baimenak lortu beharko dituztela.
5. Espedientea jendaurrean jartzea eta jarduketak ukituko dituen udalerrietako toki entitateei entzunaldia ematea. Bi izapide horiek aldi berean eginen dira, Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen denetik hasita hilabete batez.
Hori helburu, espedientea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan izanen da aztergai (Alondegi kalea, 1-2.a, Iruña). Aipatu epean, interesatuek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahalko dituzte.
6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari, Ebroko Uren Konfederazioari eta Tafalla eta Erriberriko udalei jakinaraztea.
Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren hamalauan.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.
Iragarkiaren kodea: A0105399