77. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 25a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

R I B A F O R A D A

Kultur eta kirol koordinatzaile izateko deialdia

Udalak, 2001eko maiatzaren 7an egin osoko bilkuran, aho batez onetsi zituen kultur eta kirol koordinatzaile lanpostu bat, funtzionario izaerakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak. Hona hemen:

O I N A R R I A K

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Ribaforadako Udaleko kultur eta kirol koordinatzaile izateko lanpostu bat oposizio- lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Izendapenak funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, jabetza hartzen duen unetik.

1.3. Lanpostua, B mailari dagozkion lansariez hornituko da, Lansarien behin-behineko Erregelamendua onesten duen uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuari eta aplikatzen ahal diren gainerako xedapenei jarraikiz.

1.4. Lanaldiaren antolamendua zerbitzuaren beharretara egokituko da beti, eta hura noiznahi aldatzen ahalko dute administrazioko organo eskudunek.

1.5. Izendatzen denak esleitzen zaizkion eginkizun guztiak beteko ditu, deialdi honetan eskatzen den tituluaren mailari badagozkio eta kirol eta kultur jardueren antolaketari loturik badaude, baita oraingo eta geroko udal programak antolatu, koordinatu, jarraitu eta ebaluatuko ere.

1.6. Izendatzen denak Ribaforadako udalerrian bizi beharko du.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Hautapobretara onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Europako Elkarteko herritarra izatea.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Erdi edo goi mailako unibertsitate titulazioa edukitzea.

d) Bere eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea eta administrazio publikoen zerbitzutik bereizi ez izana.

f) Ibilgailuak gidatzeko baimena, B mailakoa bederen, izatea, bai eta ibilgailua ere.

2.2. Izangaiek deialdi honetako bederatzigarren oinarrian aurreikusten den epean eta eran frogatu beharko dituzte betebehar horiek. Ulertuko da betebeharrak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Ribaforadako Herriko Etxeko erregistro orokorrean aurkeztu behar dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturalen barnean, eta azken eguneko arratsaldeko ordu biak arte, balioduna bada, edo balioduna den hurrengo eguneko ordu berera arte.

3.2. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratzen den ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean.

3.3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiria edo haren baliokidea den agiria.

b) 2. oinarriko baldintzak betetzen dituela zin egin edo hitz ematea.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.-Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, ebazpena emanen da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko da.

Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hamar egun balioduneko epean, erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta eginiko akatsak zuzentzen, halakorik bada.

4.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatuta, horiek ebatzi ondoren, ebazpena emanen da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko da. Ebazpen horretan zehaztuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren probak.

Deialdia argitaratzetik probak hasten diren bitartean, bi hilabete igaroko dira, gutxienez.

5.-Epaimahaia.

5.1. Ondoko hauek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Ribaforadako Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: Ribaforadako Udaleko alkateordea.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Kurtur Departamentuak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Kultur Departamentuak izendatutako teknikaria.

Mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatutako teknikaria.

Mahaikidea: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak izendatutako teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak izendatutako teknikaria.

Mahaikidea: Tuterako Benjamín Institutuko irakaslea.

Ordezkoa: Tuterako Benjamín Institutuko irakaslea.

Idazkaria: Ribaforadako Udalekoa, bozarekin baina botorik gabe.

Ordezkoa: Buñuelgo Udalekoa.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da.

5.2. Epaimahaia ez da eratzen ahal, gutxienez bere kideen gehiengo osoa agertzen ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor litezkeen aferak.

5.4. Epaimahaiak kalifikazioak emateko bere kideen gehiengo absolutuak egon beharko du. Puntuazioak bertan daudenek emaniko puntuen batez besteko aritmetikoak izanen dira.

5.5. Epaimahaiak probetako arloetan adituei aholkuak eskatzen ahalko dizkiete. Aholkulariek ez dute botorik izanen.

6.-Lehiaketaldiaren puntuazioa.

Merezimenduen baremoa: lehiaketaldian gehienez ere 15 puntu lortu ahalko dira eta ez da baztergarria izanen. Gehieneko balorazioak izanen dira:

1.-Esperientzia.

a) Administrazio publikoetan deialdiko lanpostuaren antzeko batean aritzeagatik: lanaldi osoan urtebete egiteagatik 2 puntu; gehienez ere 10.

Gutxienez lanaldi erdian betetako lanpostuak baloratuko dira, betiere dagokien proportzioan.

b) Aurreko lerrokadan sartzen ez diren elkarte edo entitate pribatu edo publikoetan izandako esperientzia, kirol edota kultur kudeaketarekin zerikusia duten eginkizunetan: lanaldi osoan urtebete egiteagatik puntu bat; gehienez ere 10 puntu.

Gutxienez lanaldi erdian betetako lanpostuak baloratuko dira, betiere dagokien proportzioan.

2.-Prestakuntza osagarria.

a) Erakunde ofizialek emandako prestakuntza ikastaroengatik, bete beharreko lanpostuarekin zerikusia badute eta 40 ordukoak edo hortik gorakoak badira: 0,5 puntu; gehienez ere 3 puntu.

b) Bete beharreko lanpostuarekin zerikusia duten jardunaldi edo kongresuetan parte hartzeagatik: 0,25 bakoitzeko; gehienez ere 2 puntu.

7.-Oposizioaren garapena.

7.1. Oposizioari gehienez ere 70 puntu emanen zaizkio eta baztertuta geldituko dira parte bakoitzean zehazten diren puntuak lortzen ez dituztenak.

Oposizioak honako proba hauek izanen ditu:

a) Ribaforadako Udalaren kultur eta kirol plangintza, koordinazio eta kudeaketari buruz ariketa praktiko bat, epaimahaiak aukeratua. Gehienez ere 30 puntu emanen dira. 15 puntu baino gutxiago lortzen dutenak baztertu eginen dira. Hiru ordutan eginen da ariketa.

Izangaiek irakurri eta azaldu egin beharko dute ariketa hori epaimahaiaren aurrean eta baztertuak izanen dira hala egiten ez badute. Epaimahaiak egokitzat jotzen dituen galdera eta argibideak egiten ahalko ditu.

b) Ariketa teoriko idatzia, gehienez ere bi ordukoa. Epaimahaiak deialdi honetako II, III eta IV eranskinetatik aukeratutako hogei galdera erantzun beharko dira. Gehienez ere 20 puntu emanen dira galdera bakoitzeko eta 10 puntu baino gutxiago lortzen dituzten izangaiak baztertuak izanen dira.

Informatikako ezagupenak: Word, Excel eta Acces. Gehienez ere, 10 puntu. Proba teoriko bat, galderak eta proba praktiko bat egin beharko dira.

c) Test psikoteknikoa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko langileek egitekoa. Gehienez ere 10 puntu.

Mahaikide bakoitzak bere aldetik emanen du kalifikazioa eta kalifikazio guztien batez besteko aritmetikoa izanen da ariketa bakoitzaren puntuazioa.

Probak dei bakarraz eginen dira. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela azaldu beharko dute.

Agertzen ez diren izangaiak baztertuak izanen dira.

Azkeneko puntuazioa lortuko da gutxieneko kalifikazioak gaindituak dituzten izangaiek fase guztietan lorturiko puntuazio guztiak batuz.

8.-Puntuazio osoa.

Epaimahaiak aprobatu eta baztertuen zerrenda osatuko du, puntuazioen araberako hurrenkeran. Berdinketarik gertatuz gero, beste proba batzuk eginen dira oposizioan.

9.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien

aurkezpena.

Azken ariketa zuzendurik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina, emanen du argitara Herriko Etxeko iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean. Horretarako, izangai bakoitzak ariketetan lortutakoak batuko ditu. Zerrenda horrekin batera, puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du.

10.-Agirien aurkezpena.

Proposatutako izangaiak aurkeztu beharreko dokumentazioa eraman beharko du lanpostuaz jabetu baino lehenago, eta izendapenaren jakinarazpena jasotzen denetik 30 egun naturaleko epearen barrenean.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Jaiotza-agiria.

b) 2.c) oinarrian eskatzen diren tituluak frogatzen dituzten agiriak.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaituta edo gabetuta ez dagoela eta administrazio publikoen zerbitzutik berezi ez dela adierazten duen zinpeko aitorpena.

d) Gaitasun fisikoa frogatzen duen txostena, kolegiatu eskudunak osasun ziurtagiri baten bidez luzatua.

e) B mailako gidabaimena eta ibilgailua.

Epearen barrenean izangaiek agiri horiek aurkezten ez badituzte, eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan ukatu gabe, horrela behar badu, frogak aurkezterakoan egindako faltsukeriagatik letorkeen erantzunkizuna.

Aurreko idatz-zatiko kasuan, Ribaforadako Udalak probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengo dagoenarekin beteko du hutsunea.

11.-Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Udalak, erabaki baten bidez, kultur eta kirol koordinatzaile izateko Ribaforadako Udaleko funtzionario izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa bete duen izangaia.

Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

11.2. Izendatzen den izangaiak karguaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean. Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, karguaz jabetzen ez bada, Ribaforadako Udaleko lan araubideko langile finkoa izateko eskubideak galduko ditu. Halakoetan, aurreko oinarrian xedaturikoari jarraituko zaio.

12.-Errekurtsoak.

12.1. Deiadi honen, haren oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, bi errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean.

b) Aldez aurretik eta aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, argitaratu eta hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

................ j/a., ........ NANaren jabe, ......(e)an, .....(e)n jaioa, ..........(e)n bizi dena, ...... kalean, .... zenbakian, ...... posta kodea eta ..... telefonoa duena.

Zure aurrean agertzen naiz eta azaltzen dut:

Ez dudala gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik, karguan aritzea eragozten didanik.

Indarra duten aipatzen diren ezgaitasunetarik bat ere ez dudala.

Ez naizela administrazio publiko baten zerbitzutik bereizia izan diziplina espediente baten bidez eta ez nagoela ezgaiturik eginkizun publikoetan aritzeko.

Deialdiko 2.1 oinarrian aipatzen den titulazioa badudala.

Kultur eta kirol koordinatzaile izateko lanpostua betetzeko deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean. Deialdi hori ...(e)ko ... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Horregatik,

Eskatzen dut deialdi hau behar den epean eta eran aurkeztutzat eman dadila eta Ribaforadako Udaleko kultur eta kirol koordinatzaile izateko lanpostua betetzeko deialdiko probetan onar nazatela.

Ribaforadan, 2001eko .....aren ...(e)an.

II. ERANSKINA

1.-Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia: organigrama. Foru Komunitateko legedia kultur arloan.

2.-Kultura gizartearen eta udalerriaren garapen sozio- ekonomikoan. Kultur ondarea lurraldea garatzeko eragilea den aldetik.

3.-Kultur politiken prestakuntza. Esku hartzeko osagai eta jokabideak. Irizpideak eta joerak.

4.-Kultur erakundeen egitura eta funtzionamendua. Erakunde horien izaera juridikoa.

5.-Udalaren Kultur Zerbitzuaren antolamendua eta eginkizunak.

6.-Kultura gaur egun udalerrian.

7.-Gobernuaren kultur arloko deialdiak.

8.-Ribaforadako kultur azpiegitura. Garrantzia. Deskripzioa eta inbentarioa.

9.-Kultur ekonomia. Kultur marketina.

10.-Kultur politiken prestakuntza. Esku hartzeko osagai eta jokabideak. Irizpideak eta joerak.

III. ERANSKINA

1. gaia.-Kirol eta Gazteriaren Nafarroako Institutua: organigrama. Foru Komunitatearen legedia kirol alorrean.

2. gaia.-Kirolaren esanahi eta ikerkuntza soziala. Kirol ohiturak eta kontsumoa: denendako kirola eta kirol profesionala.

3. gaia.-Elkartezaletasuna eta bolondresgoa: kirol programen lagungarriak.

4. gaia.-Marketina: kiroleko gaiak.

5. gaia.-Udalerria eta kirola: eskumenak, parte hartzen duten elementuak. Udalerri txikiak kirol arloko lege autonomikoen markoan.

6. gaia.-Kirol arloko ikastetxeak. Funtzioa. Aplikazioa, Ribaforadako udalerrian.

7. gaia.-Kirolaren plangintza udal administrazioan.

8. gaia.-Kirola udalerriaren garapen sozioekonomikoan. Administrazioak eskuhartu beharra kirol munduaren errentagarritasunari begira.

9. gaia.-Kirolaren antolakuntza Ribaforadako udalerrian.

10. gaia.-Ribaforadako Udalaren kirol instalazioak: ezaugarriak, kudeaketa eta mantentze lanak.

IV. ERANSKINA

1.-Udalerria. Kontzeptua eta osagaiak. Eskumenak. Oinarrizko antolamendua eta osagarria. Nafarroako bestelako toki entitateak.

2.-Administrazio prozedura eta Administrazio Publikoen araubide juridikoa. Egintza administratiboak eta xedapen orokorrak. Egintza administratiboen ezaugarriak.

3.-Administrazio prozedura. Hastapena. Administrazioaren isilaldia. Instrukzioa, antolaketa eta bukaera. Jakinarazpenen araubidea. Gora jotzeko errekurtsoak.

4.-Administrazio Publikoekiko kontratuak. Arautegi aplikagarria. Kontratu administratibo motak. Aldez aurreko jarduketak. Esleitzeko prozedurak eta erak.

5.-Nafarroako toki entitateen zerbitzuko langileak. Motak. Arautegi aplikagarria. Aplikatzeko esparrua.

6.-Nafarroako toki entitateen baliabideak, Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen arabera. Haien nozio orokorrak.

7.-Udalen aurrekontuak. Kontzeptua eta edukia. Egitura. Prestatzeko eta onesteko prozedura.

8.-Toki entitateen ondasunak.

9.-Toki erakunde autonomoak.

10.-Herritarraren eskubideak administrazioarekiko.

Ribaforadan, bi mila eta bateko maiatzean. Alkate udalburua, Pascual Arriazu.

Iragarkiaren kodea: A0105020