77. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 25a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T U T E R A

Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen alorrerako

Alkatetzak apirilaren 11n eman 26/2001-P ebazpenaren bitartez onetsia.

1.-Xedea.

Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu huts bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen alorrerako.

Deialdiko lanpostuan bete beharreko eginkizunak hauek dira:

-Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen alorrarekin ikusteko duten gai guztiak bete, tramitatu eta horiei dagokienez laguntza ematea, bere kategoriaren araberako egitekoak diren neurrian.

-Bere esku utzitako espedienteetatik agiriak zuzen laburbildu eta informazio arrazoitua ematea zuzendariari.

-Hartutako dokumentu guztien berri ematea goragoko mailakoari eta bidezko den tramitea proposatzea.

-Tramiteko eginbide eta ofizioak egitea, ematen zaizkion aginduei jarraituz.

-Bere ardurapeko espedienteen kudeaketa, jarraipena eta kontrola; baita espedienteen tramite administratiboak osatzera laguntzea ere bere unitatera ailegatzen diren agiriak erantsiz.

-Espedienteak, dokumentazioa, etab. erregistratu eta artxibatzea.

-Txosten eta ebazpenak prestatzea udal organoentzat.

-Datuak lortu eta biltzera laguntzea, administrazio unitate bakoitzeko txosten, proposamen, espediente, denetariko lan eta abarretan.

-Terminalak, testu lanketak, kalkulagailuak, etab. erabiltzea.

-Jendeaz arduratu eta argibideak ematea, dagokion bulego edo unitateen gaineko galderei erantzunez, baita espedienteen nondik norakoaren berri ematea ere goragoko mailakoaren jarraibideei segituz.

-Gainera, goragoko mailakoak haren esku uzten dituen antzeko lan guztiak, betetzen duen lanpostuko egitekoekin ikusteko dutenak.

2.-Lanpostuak gehitzea.

Deialdi honen xede diren lanpostuak hutsik daudenekin osatzen ahalko dira geroago, epaimahaiak lehiatzaileen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkerari jarraikiko zaiona, deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean.

Lehiaketa honetan beteko diren lanpostuak ondokoak izanen dira: deialdian bertan hasieratik eskainia eta, hala badagokio, aurreko lerrokadak aipatzen duen gehikuntzaren ondoriozkoak, bai eta lehiaketan bertze lanpostu bat lortzen duten izangaiek hutsik uzten dituztenak ere.

3.-Arautegi aplikagarria.

Lekualdatze lehiaketa hau Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 33. artikuluan, Lanpostuak betetzeko Erregelamenduko II. kapituluan, 1998ko ekainaren 15eko 186. Foru Dekretuan, 283/200 Foru Dekretuan eta deialdiko oinarrietan xedaturikoarekin bat arautuko da.

4.-Betebeharrak.

Indarra duten legezko xedapenekin bat, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi duten izangaiek hurrengo baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Tuterako Udaleko edo Udalaren menpeko erakunde autonomoren bateko langile finkoak izatea, jardunean, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian.

b) C maila edo taldekoa izatea.

c) Tuterako Udaleko administrari-ofizialaren lanpostu baterako izendatua izatea.

Lanpostua gorderik izan gabe, nahitaezko edo borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen ahalko dute, baldin eta deialdian eskatutako baldintzak betetzen badituzte, eta, horrela, jarduneko zerbitzuan sartuko dira berriz, lanpostuaren behin betiko esleipenarekin.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

5.-Lansariak.

Indarra duten xedapenetan C maila edo taldeari dagozkionak izanen dira.

6.-Eskabidea aurkezteko epea eta lekua.

a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek behar den eskabidea aurkeztu beharko dute Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasi eta hamabortz egun naturaleko epean.

Eskabideak deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eta haietan izangaiek adierazi beharko dute, kasu bakoitzean, baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean.

b) Deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagiriak aurkeztuko dituzte, behar bezala kautotuak.

c) Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

7.-Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, jaun alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko, eta ohartaraziko, hurrengo bortz egun naturalen barrenean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta akatsik baldin badago horiek zuzendu. Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, jaun alkateak lehiaketa bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Aipatu ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu ondoren eta hauek ebatzitakoan, jaun alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

Izangai bazterturik ez bada, behin betiko zerrenda onetsiko da zuzenean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dena.

8.-Epaimahaiaren osaketa.

Lehiaketa kalifikatuko duen epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Luis Casado Oliver jauna, Hiri Antolamendu eta Ingurumen alorreko zinegotzi eskuordea.

Ordezkoa: María Victoria Castillo Floristán andrea, Langileriako zinegotzi eskuordea.

Mahaikidea: Alfonso Jiménez Marían jauna, Tuterako Udaleko Langileri Batzordearen ordezkaria.

Ordezkoa: José Javier Navarro Castell-Ruiz jauna, Tuterako Udaleko Langileri Batzordearen ordezkaria.

Mahaikide idazkaria: Alejandro Sánchez Ongay jauna, Zuzenbideko lizentziatua.

Ordezkoa: Ignacio López jauna, arkitekto teknikoa.

9.-Merezimenduen kalifikazioa.

Alegatu eta justifikatutako merezimenduak epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu honako honi atxikitako baremoaren arabera.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta egiaztatuko dira izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du emanen merezimenduen atal bakoitzarendako adierazitako puntuazioa baino altuagorik.

Lehiatzaileen puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, administrazio publikoetan antzinatasun handiena dutenen aldeko erabakia hartuko da. Horrela ere berdinketak irauten baldin badu, lehiatzaile zaharrenaren alde ebatziko da.

Epaimahaiak azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko ditu, lehiatzaileek alegatu merezimenduen gainean.

Lehiaketako merezimenduak kalifikatu ondoan, epaimahaiak partaideek lorturiko puntuazioak paratuko ditu Tuterako Udaleko iragarki oholean.

10.-Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Lehiatzaileen kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Tuterako Udaleko iragarki oholean eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda igorriko dio Tuterako Udaleko alkate udalburuari, honek behar den ebazpena eman dezan hasieran deitutako lanpostuen kopurua handitzeari dagokionez.

11.-Lanpostu hutsak hautatzea.

Lanpostu kopurua handitzen bada, lehiatzaileek lorturiko puntuazioaren arabera hautatzen ahalko dituzte lanpostu hutsak eta horretarako Langileri sailera joanen dira halako egun eta ordu batean. Behar bezala frogaturiko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, lanposturik hautatzen ez duten lehiatzaileek lehiaketako lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12.-Esleipena eta jabetza hartzea.

Tuterako Udaleko alkate udalburuak, behar den ebazpenaren bidez, izangaiei dagozkien lanpostuak esleituko ditu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.

Lehiatzaileek esleitutako lanpostuak hartu beharko dituzte esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean, ebazpenean deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko egun bat finkatzen duenean salbu, Lanpostuak betetzeko Erregelamenduaren 41.2 artikuluak aipatzen dituen inguruabarrak gertatzen badira.

13.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita horren oinarrien kontra ere, errekurtso hauetakoren bat para daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita betiere aldez aurretik berraztertzeko errekurtsoa paratzen ahalko delarik ebazpena eman duen organoari zuzendua, ebazpen edo erabaki hau jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Gainera, epaimahaiaren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, jaun alkateari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik.

Tuteran, bi mila eta bateko apirilaren hogeita lauan. Tuterako Udaleko alkate udalburua, sinadura ulertezina.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Eskaria, administrari-ofizial izateko lanpostu bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian, data honetako ..... eta zenbaki honetako ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen hartan, parte hartzeko.

1.-Norberaren datuak:

Izen-abizenak

Non eta noiz sortua

N.A.N.

Helbidea

Etxeko telefonoa ........... Lantokiko telefonoa

2.-Administrazio datuak

a) Egoera administratiboa:

Zein lanpostutarako izan zen izendatua

f Jardunean

f Zerbitzu berezietan

f Eszedentzia berezian

f Borondatezko eszedentzian

f Nahitaezko eszedentzian

(X batez adierazi bakoitzari dagokiona)

b) Oraingo destinoa:

Lanpostua

Lanpostuaz jabetu zeneko eguna

3.-Sinatzaileak aditzera ematen du eskabideak aurkezteko ezarrita dagoen epea amaitzen den egunean baldintza guztiak betetzen dituela.

4.-Alegatutako merezimenduen egiaztagiriak, eskabidearekin batera aurkeztuak.

Tuteran, ........(e)ko..........aren .........(e)an.

(Sinadura)

TUTERAKO UDALEKO JAUN ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak:

1) Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdian eskatzen den lanpostuan edo horren antzekoetan: 2 puntu urte bakoitzeko.

2) Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdian eskatzen den lanpostuan edo horren antzekoetan: 1,9 puntu urte bakoitzeko.

3) Edozein administrazio publikotan, langile finko gisa, deialdikoa ez bertze lanpostuetan: 1,8 puntu urte bakoitzeko.

4) Edozein administrazio publikotan, aldi baterako langile gisa, deialdikoa ez bertze lanpostuetan: 1,7 puntu urte bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2. a) idatz-zati honi dagokion puntuazioa gehienez ere 30 puntukoa izanen da, azaroaren 6ko 215/85 Foru Dekretuak, 186/98 Foru Dekretuak aldatu zuen horrek, bere 9. artikuluan xedatu bezala.

3. Lanaldi partzialean egindako zerbitzuen kasuan, behar den zatia kenduko da.

4. Deialdia argitaratu ondoan emandako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5. Funtzionarioa zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian egon deneko edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan aritu deneko aldietako zerbitzuak egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

b) Prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa

1) Unibertsitateko titulu bakoitzagatik.: 2 puntu.

2) Erdi mailako titulu bakoitzagatik: puntu 1.

3) Prestakuntza ekintzetan parte hartzeagatik: 0,50 puntu kreditu akademiko edo haren baliokide bakoitzeko (10 irakastordu), eta gehienez ere 7 puntu.

Oharrak:

1. Baloratu beharreko prestakuntza ekitaldien ikastordu zatikiak hainbanatuko dira.

2. Ikastorduen iraupena agertzen ez duten ziurtagiriak kreditu batekoak izanen balira bezala baloratuko dira.

3. Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriak 12 kreditukoak balira bezala baloratuko dira.

4) Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo komunikazioak aurkeztea, beka edo saria jasoriko zientzia edo ikerketa lanak egitea eta aldizkari espezializatuetan lanak argitaratzea: 2 puntu, gehienez ere, epaimahaiak baloratu beharrekoak, lana edo jarduera bakarka edo taldeka egina den eta biltzarra edo aldizkaria herrian, eskualdean, nazioan edo nazioartean argitaratu den kontuan hartuz.

5) Sektore publikoan prestakuntza ekitaldiak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea, gehienez ere, puntu 1, epaimahaiak baloratu beharrekoa, haien iraupenaren arabera.

b) idatz-zati honetako gehieneko puntuazioa 10 puntukoa izanen da.

Iragarkiaren kodea: A0104950