61. ALDIZKARIA - 2019ko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

23/2019 FORU DEKRETUA, martxoaren 13koa, zeinaren bidez Aurelio Sagaseta Aríztegui jaunari ematen baitzaio Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea.

Aurelio Sagasetak (Ituren, 1935) Apaizgaitegian egin zituen ikasketak, eta 1960an apaiztu zen; musika erlijiosoan espezializatu zen une hartatik beretik. Haren lehen kargua izan zen Kapera Maisu-Kalonjearena, Iruñeko Katedralean (1962). Handik urteetara musika ikasketak egiten jarraitu zuen Erroman. Han estreinatu zuen bere Natale Vasco obra (1968), eta Institutu Pontifikalean lizentziatu zen Musika Sakroan (1970), Gregorianoan (1970) eta Musikologian (1970).

Iruñera itzuli ondoren, irakasle lanpostua lortu zuen, 1971n, Nafarroako Pablo Sarasate Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, eta, ondoren, katedra ere bai 1985ean. Hango zuzendaria izan zen 1986tik 1988ra bitarte, eta lehendakaria da, 1992az geroztik, Eliza Musikologoen Espainiako Elkartean. “Musika Iruñeko katedralean” izeneko papereko bildumaren zuzendaria ere bada, zeinetan jasotzen baitira Iruñeko Katedralaren alderdi musikalei buruzko ikerketak eta zeinetan beti gehitzen baita katedralaren artxibo musikal historikoko zenbait partitura argitara gaberen transkribapena.

Bere ibilbidea dela eta, musikari askoren aitortza jaso du belaunaldiz belaunaldi, konpositore eta zuzendari aparta den aldetik, eta gogotik lan egindakoa izaki nola Kontserbatorioan hala katedraleko musika kapera betierekoan; azken horrek, gainera, oso maila handia mantentzen du Aurelio Sagasetaren ahalegin nekaezinari esker. Aurelio Sagaseta gogotik saiatu da hura bizirik mantentzen, Nafarroako konpositore ezezagunen errepertorioa argitara emanez eta errepertorio hori programatuz Erdi Arotik gaurdainoko erlijio obra handiekin batera. Hori guztia alde batera utzi gabe katedraleko artxiboak zaintzen egindako lana eta bere konpositore jarduera.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Abesbatza Elkartearen Urrezko Domina jaso zuen, ikertzaile gisa egindako lanagatik eta musika korala zabaltzen egindako ekarpenagatik.

Gisa honetan, Aurelio Sagaseta luzaz saiatu da Nafarroako musika eta kultura ondarea sortzen, bultzatzen eta zabaltzen.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak bidezkotzat jo du Aurelio Sagaseta Aríztegui jauna saritzea Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea emanez; izan ere, horretarako sortu zen kondekorazio hau apirilaren 14ko 104/1997 Foru Dekretuaren bidez: Foru Komunitatea garatu, ezagutarazi eta hari ospea ematen –nor bere jardueraren esparruan– nabarmendu diren entitateek eta pertsonek egindako lana eskertzeko.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuak 2019ko martxoaren 13an egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Aurelio Sagaseta Aríztegui jaunari Nafarroako Karlos III.a Noblearen Gurutzea ematea.

2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea.

3. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2019ko martxoaren 13an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

Iragarkiaren kodea: F1903734