III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
B A R A Ñ A I N
Deialdia, Barañaingo Udalerako aktetako idazkari elebidun bat oposizio-lehiaketaren bidez hartzeko
Gobernu Batzordeak 2001eko martxoaren 28an egin bilkuran harturiko erabakiaren bitartez, Barañaingo Udalerako aktetako idazkari elebidun bat oposizio-lehiaketaren bidez hartzeko deialdia onetsi da.
1.-Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da aktetako idazkari elebidun bat, administrari-ofizialaren kategoriarekin eta lan araubide finkoan, oposizio-lehiaketaren bidez hartzea. Izendatua gertatzen den izangaia Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartuko da.
1.2. Lana Barañaingo Udalean egin beharko da.
1.3. Lanpostuak plantilla organikoan eta enpresako hitzarmenean ezarritako lansariak izanen ditu. Langileak bere kategoriakoentzat ezarrita dauden eginkizun orokorrak eta espreski agintzen zaizkion gainerakoak bete beharko ditu.
1.4. Lanaldiaren antolamendua zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahal dute.
2.-Izangaien baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean:
a) 18 urtetik goitikoa izatea.
b) Europako Elkarteko hiritarra izatea.
c) Eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
d) Batxilergoko edo Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua edo horien baliokidea izatea.
e) E.G.A. titulua edo horren baliokidea izatea (Hizkuntza Eskola Ofiziala).
f) Estatuko, probintziako edo udalerriko inongo kargutik baztertua ez izana, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea.
2.2. Aipatu baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako eta izendapena bitarteko prozedura osoan zehar bete beharko dituzte.
3.-Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Barañaingo Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, honako hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko arratsaldeko ordu biak arte. Azken eguna balioduna ez bada, hurrengo egun balioduna hartuko da azken eguntzat.
3.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) N.A.N.aren fotokopia konpultsatua.
b) Deialdi honetako 2.1 idatz-zatian eskatzen diren baldintzen jabe dela ziurtatzen duten agirien fotokopia konpultsatua.
c) Lehiaketan baloratzen ahal diren merezimenduen fotokopia konpultsatuak, deialdiko baremoan zehazten denaren arabera. Horretarako aurkeztutako agirien aurkibidea prestatuko dute.
3.3. Agirien kopia guztiak udal bulegoetan konpultsatu beharko dira.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Barañaingo alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.
4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahal dituzte, eta akatsik baldin bada, haiek zuzendu.
4.3. Erreklamazioetarako epea iraganik eta haiek ebatzi ondoan, alkate jaunak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.
5.-Epaimahaia.
5.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Mahaiburua: Barañaingo Udaleko alkatea.
Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.
Mahaikidea: Nafarroako Gobernuak izendatzen duen euskara teknikaria.
Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.
Mahaikidea: Barañaingo Udaleko Giza Baliabideen zuzendaria.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Mahaikidea: Barañaingo Udaleko euskara teknikaria.
Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.
Mahaikidea: langileen ordezkaria, Enpresa Batzordeak hautatzen duena.
Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.
Mahaikide idazkaria: Udalbatzakoa (boturik gabe).
Ordezkoa: titularrak hautatzen duena.
Epaimahaia hautapen probak hasi aitzin eratu beharko da.
5.2. Epaimahaiak, eratzeko eta jarduteko, kideen erabateko gehiengoa bederen beharko du.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen afera guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izaten ahalko du, proba guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haiei buruz soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen.
6.1. Lehiaketaldia.
6.1.1. Alegatzen diren merezimenduak, agirien bidez egiaztatuko baitira, Barañaingo Udalean konpultsatutako fotokopiak aurkeztuz, honako baremo honi segituz kalifikatu eta puntuatuko dira, gehienez ere 8 puntu izanik:
A) Emandako zerbitzuak:
Kategoria bereko edo antzeko lanpostuan administrazio publikoan emandako zerbitzuak. Urte bakoitzagatik puntu bat.
Administrari-ofizial izan ez baina kategoria altuagoko lanpostuan administrazio publikoan emandako zerbitzuak. Urte bakoitzagatik 0,75 puntu.
Enpresa pribatuan emandako zerbitzuak, administrari- ofizial gisa edo antzeko lanpostuetan. Urte bakoitzagatik 0,5 puntu.
Epigrafe honetan gehienez ere 5 puntu emanen dira.
B) Prestakuntza ikastaroak: gehienez ere 3 puntu.
Bete gogo den lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroak baloratuko dira, betiere 20 ordu baino gehiago irauten badute. Irakaskuntzako kreditu bakoitzagatik (10 ordu) 0,1 puntu emanen da. Epaimahaiak neurtu ahalko du informatika ikastaroei, lanpostuarekin zerikusia dutenean, emandako puntuazioa, haien erabilgarritasuna eta egin zirenetik zenbat denbora iragan den kontuan hartuz.
6.1.2. Lehiaketa amaitu ondotik, Udaleko iragarki oholean jendaurrean paratuko da izangaiek atera duten puntuazioa.
6.2. Oposizioa:
Deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hirugarren hilabetearen bukaeran hasiko da oposizioa. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko duen ebazpen berean probak hasteko tokia, eguna eta ordua zehaztuko dira.
6.2.1. Oposizioan proba hauek egin beharko dira:
1.-Ariketa teorikoa: idatziz erantzun beharko zaie II. eranskineko gaien gaineko galdera motz edo test moduko batzuei. Oker erantzundako galdera bakoitzagatik zuzen erantzundako galdera baterako ezarritako puntuazioaren heren bat kenduko da.
Epaimahaiak erabakiko du ariketaren iraupena, gehienez ere 2 ordukoa izanen dena.
2.-Ariketa praktikoa: bi proba izanen ditu.
2.1. Praktikoa: lau agiri prestatu beharko dituzte. Lehenean euskarazko testu labur bat gaztelaniara itzuli beharko da. Bigarrenean gaztelaniazko testu labur bat euskarara itzuli beharko da. Azkenik diktaketa bat eginen da, bilera bat balitz bezala. Izangaiek gaztelaniaz eta/edo euskaraz (grabaketan entzundakoaren arabera) prestatu beharko dute agiri bat, alderdi garrantzitsuenak laburbiltzen dituena. Ondoren, laburpen/eskema horretan oinarriturik, entzundakoa errepikatuz akta sortu beharko dute, gaztelaniaz idatziko dena. Ariketaren iraupena 2 ordukoa izanen da, gehienez ere.
Baloratuko dira itzulpenen zuzentasuna, kalitatea eta argitasuna, nola datuak bildu, eratu eta laburbiltzeko gaitasuna, akta prestatu ahal izateko, honek zehatz eta zuzen jasoko baititu entzundako bilerako eritzi eta puntu garrantzitsuenak.
Puntuazioa 20 puntukoa izanen da, gehienez ere.
2.2. Informatika: ordenagailuz egin beharko dira epaimahaiak proposatzen dituen zenbait dokumentu, betiere Office 97 osatzen duten programetan.
Baloratuko dira tresna informatikoen erabilera zuzena, dokumentuak egiteko arintasuna eta haien aurkezpena. Epaimahaiak erabakiko du ariketaren iraupena, gehienez ere ordu eta erdikoa izanen dena.
Puntuazioa 20 puntukoa izanen da, gehienez ere.
Ariketa hauek egiteko epaimahaiak testu batzuk prestatuko ditu aldez aurretik, eta haietatik bat aukeratuko da, zozketa bidez.
3.-Proba psikoteknikoa. Nafarroako Gobernuko Psikologia Aplikatuaren Institutuak eginen du.
4.-Buruz buruko elkarrizketa.
Elkarrizketan galderak eginen dira, bete gogo den lanpostuaren eginkizunei eta kurrikulumaren nola gaitegiaren gaineko alderdiei buruz.
6.2.2. Oposizioko ariketen balorazioa gehienez ere 85 puntukoa izanen da, honela banaturik:
Lehenbiziko ariketa: 30 puntu gehienez.
Bigarren ariketa: 40 puntu gehienez.
Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez.
Laugarren ariketa: 5 puntu gehienez.
6.2.3. Lehenbiziko eta bigarren ariketak pliken sistemaren bidez eginen dira.
6.2.4. Oposizioko lehen eta bigarren ariketak baztergarriak izanen dira. Haietako bakoitzean ariketari ezarritako puntuaziotik gutxienez ere erdia eskuratzen ez duten oposiziogileak baztertuak geratuko dira. Bigarren ariketako proba bakoitza baztergarria izanen da. Haietako bakoitzean probari ezarritako puntuaziotik gutxienez ere erdia eskuratzen ez duten izangaiak baztertuak geratuko dira.
6.2.5. Epaimahaiko kide bakoitzak bere aldetik emanen du bere kalifikazioa, eta guztien banaz bestekoa izanen da ariketa-zati bakoitzaren puntuazioa.
7.-Probetarako deialdia
7.1. Ariketa bakoitza amaiturik, epaimahaiak, hamar eguneko epean, Udaleko iragarki oholean argitaratuko du gainditu duten izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioekin batean, eta han berean adieraziko ere oposizioaren hurrengo ariketa egiteko eguna eta tokia, gutxienez 48 ordu lehenago.
7.2. Probetarako deialdi bakarra egonen da, eta hara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela joan beharko dute. Probetara edo, kasua bada, dagozkien ariketen irakurketara, agertzen ez diren izangaiak baztertuak geratuko dira.
8.-Epaimahaiaren proposamena.
8.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Udaleko iragarki oholean, erdietsitako puntuazioaren hurrenkeran, oposizio-lehiaketan izangai bakoitzak lorturiko kalifikazioak batuz.
8.2. Epaimahaiak Gobernu Batzordeari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
9.-Lanpostuaz jabetzea.
9.1. Izendatua gertatzen denak lanpostuaz jabetu beharko du, hilabeteko epean, izendapenaren jakinarazpenetik hasita.
9.2. Epe horretan jabetzarik hartzen ez badu eskubidea galduko du eta puntuazio zerrendako hurrengo izangai onartua proposatuko da.
9.3. Froga epea, bi hilabetekoa, iragan ondoren izendatua lan-kontratudun finkoa bihurtuko da.
10.-Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarrien eta egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkeztu ahalko da, aukeran:
1.-Jakinarazpenaren ondoko hilabetean, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa, hori egin duen udal organoari zuzendua (azaroaren 25eko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua). Berraztertzeko errekurtsoa aurkezten bada, ezin izanen dira aurkeztu gora jotzekoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, lehenbizikoaren ebazpena edo ustezko ezespena izan arte. Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren aurka ezin izanen da berriro errekurtso hori aurkeztu.
2.-Hilabeteko epean, jakinarazpenetik hasita, eta aukeran, gora jotzekoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua (uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea). Errekurtso hau aurkezten bada, ezin izanen da administrazioarekiko auzi- errekurtsoa aurkeztu, gora jotzekoaren ebazpena edo ustezko ezespena izan arte.
3.-Bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, administrazioarekikoa, arlo horretako organo eskudunari zuzendua (uztailaren 13ko 29/1998 Legea).
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena: .............., adinez nagusia, N.A.N. zk.: ......, jaioteguna: ........., sorlekua: ........... (........), bizilekua: ........... (.......), telefonoa: ........
Azaltzen dut:
Aktetako idazkari elebidun bat, lan-kontratu finkoan, oposizio-lehiaketa bidez hartzeko deialdian, denbora nahiz forma aldetik eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.
Horiek horrela, eskatzen dut onartua izatea aipatu deialdiko oposizio-lehiaketan, eta horretarako, eskabide honekin batera, dokumentazio hau aurkezten dut:
Barañainen, 2001eko .....aren ...(e)an.
(Sinadura)
II. ERANSKINA
1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: sorrera eta ezaugarriak. Printzipio orokorrak. Europako Batasuna: Kontseilua. Europako Biltzarra edo Parlamentua. Batzordea. Justizia Auzitegia. Araugintzarako balioa.
2. gaia.-Legea: kontzeptua eta motak. Lege-dekretuak. Legegintzako dekretuak. Nazioarteko Itunak. Dekretuak. Erregelamendua: kontzeptu orokorra. Ordenantzak eta udal erregelamendua: baldintzak eta motak.
3. gaia.-Autonomi erkidegoen antolamendua: ideia orokorra. Nafarroako Foru Komunitatearen antolamendua. Udala: kontzeptua eta elementuak. Haiei buruzko ideia orokorra. Nafarroako kontzejuak.
4. gaia.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea. Ideia orokorra. Udal organoak. Erabakiak nola hartzen diren. Horren aplikazioa Barañaingo Udalean. Udalen autonomia, ahalmenak eta eskumenak. Eraketa, ondasunak eta zerbitzuak eta Toki Ogasunak
5. gaia.-Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legea eta udalak. Organoak eta eskumenak. Funtzionamendurako araubidea. Administrazioen arteko harremanak. Herritarren informazioa eta partaidetza udal bizian. Toki korporazioetako kideen estatutua.
6. gaia.-Administrazio prozedura: oinarriak. Ezaugarriak eta printzipio orokorrak. Haren tramiteak. Legitimazioa. Txostenak eta txosten motak. Alegazioak: motak, kasuak eta formak. Interesatuak.
7. gaia.-Administrazio egintza: administrazio egintzen jakinarazpena. Epeak eta formak. Argitalpena: sinadura eta kasuak. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Ebazteko beharra.
8. gaia.-Administrazio publikoen jarduera: herritarren eskubideak prozeduretan. Administrazioaren erregistroak eta artxiboak.
9. gaia.-Administrazio egintzen indar betearazlea. Etendura. Atzera jotzeko kasuak: baldintzak. Administrazio- errekurtsoak. Araubide orokorra, udalei begira. Nafarroako berezitasunak.
10. gaia.-Nafarroako Kontratazio Administratiboari buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea: kontratazio publikoaren gaineko ideia orokorra. Esleipen moduak. Kontratu motak. Kontratuak suntsiaraztea.
Oharrak: gaiak eta kontzeptuak honela emanik, epigrafe orokorren bidez, ezagupenak libreki eta modu irekian sistematizatu eta antola daitezke. Izangaien lanetan, epaimahaiak baloratuko du alderdi garrantzitsuenen hautapena, bai eta edukien eskematizazioa eta egiturapena ere, betiere udal ikuspegitik eta lanpostuaren ezaugarriak eta maila kontuan hartuz.
Barañainen, bi mila eta bateko martxoaren hogeita bederatzian. Sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea: a0103533