Iragarkia
69. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 6a
III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
C A S C A N T E
Udal ordenantzen behin betiko onespena
Cascanteko Udalak, 2000ko abenduaren 29ko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zituen ondoko ordenantza hauek: agiriak luzatu eta tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza; Cascanten enpresak paratu eta handitzeko, industria jardueretan ingurumeneko eraginari dagozkion aurreneurriak, zuzenketak eta kontrolak egiteko eta enplegu egonkorra sustatzeko inbertsioetarako dirulaguntzak arautzen dituen udal ordenantza; eta Cascanteko udal mugapean animaliak edukitzearen gaineko Udalaren osasun ordenantza.
2001eko otsailaren 26ko 26. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean agertu iragarkien bidez, hasiera batean onetsitako ordenantza horiek jendaurrean jarri ziren hogeita hamar eguneko epean.
Jendaurreko epe hori alegazio, kexa edo erreklamaziorik gabe iragan denez, behin betikoz onetsita gelditu dira. Hona hemen ordenantza horietako testuak:
AGIRIAK LUZATU ETA TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
Oinarri juridikoa
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoari jarraikiz, eta haren 12. artikuluan emandako baimenaren babesean.
Zergagaia
2. art. Ordainarazpen honen xedea da agiriak luzatu edo horien gain ardura duten udal organo eta agintariek burutzen duten jarduera administratiboa, alderdi batek eskatua:
Fotokopiak.
Ziurtagiriak.
Konpultsak.
Lurzati-zedulak
Sortzapena
3. art. Ordenantza honetan ezarritako tasak agiria luzatu edo tramitatzeko eskabidea aurkeztean sortuko dira, eta agiri hori ez da emanen, edo, hala behar badu, ez da tramitatuko, baldin eta lehenago ordaindu ez bada, eta hori egiaztatu behar duen ordainagiria eman ez bada.
Subjektu pasiboak
4. art. Ordaintzeko beharra dute tasa honen xedea diren agiriak luzatu edo tramitatzeko eskatzen dutenek.
Tarifak
5. art. Ordaindu beharreko tasak Ordenantza honen eranskinean azaltzen dira.
Kudeatzeko arauak
6. art. Hona hemen dirubilketarako arau bereziak:
Ziurtagiriak luzatzeko tasak erregistroaren arduradunari ordainduko zaizkio, eskaera aurkezten denean.
TARIFEN ERANSKINA
Fotokopiak: 26 pezeta.
Ziurtagiriak: 150 pezeta.
Konpultsak: 200 pezeta.
Lurzati-zedulak: 300 pezeta.
CASCANTEN ENPRESAK PARATU ETA HANDITZEKO, INDUSTRIA JARDUERETAN INGURUMENEKO ERAGINARI DAGOZKION AURRENEURRIAK, ZUZENKETAK ETA KONTROLAK EGITEKO ETA ENPLEGU EGONKORRA SUSTATZEKO INBERTSIOETARAKO DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA
Zioen azalpena
Espainiako Konstituzioaren 35. artikuluak aldarrikatzen du espainiar guztiek eskubidea dutela lan egin, lan horren bidez hobetu eta beren beharrei eta beren familiarenei erantzuteko behar adinako lansaria jasotzeko.
Administrazio publiko bat bera ere ez daiteke utzi hiritarren ongizatearekin hain lotura estua duen eskubide hau egiaz gauzatzeko aukerak emateko eginbeharretik kanpo. Toki entitateek eta bereziki Cascanteko Udalak, beren eskumenak eta baliabideek bide ematen dieten neurrian, lagundu dezakete eta laguntza eman behar dute eskubide hau gauzatzean, herritarren behar eta nahi guztien artean garrantzizko papera jokatzen baitu, dudarik gabe. Are gehiago ekonomia eta lan merkatuaren egungo egoeran, enpleguaren ez-egonkortasunak eta lana herri handietan biltzeak langileak -gazteak, batez ere- beren bizitokietatik urrun eramaten dituen garai honetan.
Bestalde, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legearen 25.2 f) artikuluak ingurumena babesteko eskumenak aitortzen dizkie udalerriei, eta ildo horri jarraikiz, bidezkoa dirudi udalerriek, ahal den heinean, ekintza suspergarriak abiaraz ditzaten industrietan neurri egokiak ezar daitezen, eguratsaren, uren eta giroaren kutsadura ekiditeko.
Ordenantza honen xedea da, oro har, enpresak Cascanten kokatzen eta daudenak handitzen laguntzea, bai eta lanpostu egonkorrak sortzen laguntzea ere. Horretarako dirulaguntzak emanen zaizkie bai Cascanten kokatzeko erabakia hartzen duten enpresei bai bizilagunendako lan eskaintza egonkorra handitzen laguntzen dutenei, eta, era berean, saritu eginen dira industria jardueraren ingurumeneko eraginari dagozkion aurreneurriak, zuzenketak eta kontrolak ezartzeko eta botakinen kalitatea hobetzeko inbertsioak egiten dituzten enpresak.
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen oinarri juridikoa.
Ordenantza hau ezarri da Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen Legearen 4-1-a) artikuluan toki entitateei, orohar, onartzen zaien erregelamendu ahalmena erabiliz. Ordenantzaren arrazoia: bizilagunen interes publikoa kudeatu beharrez, Nafarroako Toki entitateek eskumena badute erakunde publiko nahiz pribatuekin eta partikularrekin elkarlanean aritzeko, laguntza ekonomikoak emanez Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 221.etik 223.era bitarteko artikuluetan ezarri moduan.
2. art. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honen xedea da dirulaguntzak arautzea Cascanten enpresak paratu nahiz handitzeko eta industria jardueretan ingurumeneko eraginari dagozkion aurreneurriak, zuzenketak nahiz kontrolak ezartzeko eta enplegu egonkorra sustatzeko inbertsioetarako.
3. art. Lurralde esparrua.
Ordenantza hau aplikatzekoa izanen da industria jarduera Cascanteko udal mugapean burutzen duten enpresei edo bertan kokatzeko asmoa dutenei.
4. art. Onuradunak.
Industria jarduera Cascanteko udal mugapean burutzen duten enpresak edo bertan kokatzeko asmoa dutenak izanen dira laguntza araubide honen onuradunak, betiere plantillan gutxienez ere bost langile finko badituzte.
Ordenantza honetako onurak baliatu ahalko dituzte soil-soilik Cascanteko udal mugapean berritik ezartzen diren enpresek, enpresaren instalazioak berreraikitzen dituztenek edo bertako instalazioak handitzen dituztenek, eta ez dira onuradunak izanen besterik gabe enpresaren helbidea aldatzen duten enpresak, Cascanteko udal mugapean inolako presentziarik, jarduerarik edo ekoizpen errealik izan gabe.
5. art. Laguntza edo dirulaguntza motak.
Cascanteko Udalak, araubide honen babesean, honako laguntza mota hauek ematen ahal ditu:
a) Fondo galdurako dirulaguntzak enpresak ezarri edo handitzeko inbertsioetarako, betiere eskaera eta deialdi publikoa burutu aurreko urtean egindako inbertsioetarako. Dirulaguntzen kopurua gehienez ere ondoko portzentajeen adinakoa izan daiteke:
Eraikin, obra eta instalazioak gauzatzeko aurrekontuaren ehuneko bi, enpresak berritik ezarri edo daudenak handitzeko.
Eraikin, obra eta instalazioen ehuneko lau, industria jardueretan ingurumeneko eraginari dagozkion aurreneurriak, zuzenketak eta kontrolak ezartzeko, eta baita botakinen kalitatea hobetzeko.
b) Enplegu egonkorra sortzeko dirulaguntza, plantillako lanpostu finkoen kopurua handitzen bada, aurreko urteko plantillako lanpostu finkoen kopuruaren aldean.
Dirulaguntza hauei begira, kontratu mugagabeak hartuko dira kontuan, bai lanaldi osokoak bai lanaldi partzialekoak, gutxienez ere ohiko lanaldiko ehuneko 50ekoak, eta langile autonomoen araubide bereziko altak, betiere eskaera eta deialdi publikoa burutu aurreko urtean gutxienez ere halako bi egiten badira.
Kontuan hartzen ahal den epean egindako aldi baterako kontratuak epe hori amaitu aitzin kontratu mugagabe bihurtzen badira kontuan hartuko dira dirulaguntza honen ondorioetarako.
Eraberean, lanaldi partzialeko kontratu mugagabeak ere lagunduko dira diruz, betiere ohiko lanaldiaren ehuneko 50ekoak badira.
Enplegua sortu dela ulertuko da baldin eta plantillako batez besteko mailari eusten bazaio eta honela kalkulatuko da maila hori:
Aintzat hartuko da kontuan hartzen ahal den epearen aurreko urtea edo, data hori baino beranduago eratutako enpresen kasuan, lehenengo kontratua egin zenetik kontuan hartzen ahal den epearen hasiera bitarteko denbora.
Bazterketak.
Bazter geldituko dira kontuan hartzen ahal den epea hasi aurreko hamabi hilabeteetan enpresa eskatzailean edo hari lotutako enpresetan zerbitzu egin duten langileei egindako kontratuak.
Dirulaguntzen ondorioetarako ez dira aintzat hartuko enpresen ondorengotzak ekarritako kontratazioak ez eta forma juridikoaren aldaketaren ondoriozkoak ere.
Dirulaguntzen ondorioei begira, bazter geldituko dira langile autonomoen araubide berezian enpresa-buruaren ahaideei egindako kontratazioak eta altak, bigarren maila arteko odolkidentasun edo ezkontza bidezko ahaideei egindakoak barne, baita bazkideen edo zuzendaritzako karguak dituztenen edo organoetako kideen ahaideei egindakoak ere.
Laguntza honen zenbatekoa ondokoa izanen da:
-Gehienez ere 150.000 pezetakoa, lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko edo langile autonomoen araubide bereziko alta bakoitzeko.
-Gehienez ere 75.000 pezetakoa, lanaldi partzialeko kontratu mugagabe bakoitzeko, lanaldi hori gutxienez ere ohikoaren ehuneko 50ekoa bada.
Enplegua sortzeko laguntzak baldintzapekoak izanen dira, hots, haiek lortzeko baldintzak bete beharko dira eta sortutako lanpostua gutxienez ere bi urtez iraunarazi beharko da, behar den kontratua burutzen denetik kontatzen hasita.
c) Industriarako lurzorua eskuratzeko honelako pizgarriak finkatzea: industriarako udal lurrak zuzenean saltzea merkatuko prezioetan baino merkeago, edo lur horien prezioa ordaintzeko gerorapenak onartzea.
d) Enpresa berriak ezartzeko beharrezkoak diren azpiegiturak sortzen edo hobetzen laguntzea. Laguntza hori gauzatzeko bana-banako hitzarmenak sinatuko dira Cascanteko Udalaren eta interesa duten enpresen artean.
e) Hirigintzako jarduera modu eraginkorrean burutu dadin hirigintzako hitzarmenak sinatzea, ahal den heinean, udal planeamendua behar den moduan kudeatu eta betearazi ahal izateko, industriarako lurzoru erabilgarria sortzearren.
6. art. Laguntzak pilatzeko arauak.
Aurreko artikuluan zehaztu laguntza horiek pilatu ahalko dira baldin eta aurrekontuan horretarako diru aski bada. Diru erabilgarriak eta eskaeren kopurua kontuan izanik laguntzak pilatzea ezinezkoa bada, eskatzailearendako mesedegarriagoa den dirulaguntza mota aplikatuko da.
7. art. Aurrekontuaren muga.
Ordenantza honen babespean onartzen diren dirulaguntzen muga kuantitatiboa izanen da Cascanteko Udalak urteko aurrekontuan horretarako aurreikusten duen kontusailaren muga bera, eta Udalak obligaziorik ez du ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan dagoen diru-muga horretatik goiti.
8. art.
Beharkizunak eta baldintzak.
Araubide honetako laguntzak baliatu ahal izateko, ondoko beharkizun eta baldintzak beharko dira bete:
a) Dirulaguntzaren xede diren inbertsioak Cascanten egitea.
b) Inbertsioa zein ondasunetan eginen den, enpresa onuraduna haien jabe izatea eta ondasun horien kudeaketa ekonomikoaz zuzenean arduratzea.
c) Enpresa onuradunak tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea.
d) Enpresa onuraduna kaudimenduna izatea, alderdi ekonomikoei, finantzarioei eta teknikoei dagokienez.
9. art. Onuradunaren betebeharrak.
Onuradunak ondoko betebehar hauek izanen ditu:
a) Dirulaguntza eskaeran ezarritako epean eginen ditu inbertsioak, eta Cascanteko Udalari jakinarazi beharko dio noiz bukatu eta noiz jarri diren abian, hori gertatu eta hilabeteko epean, eta dirulaguntzak emanen direla jakinarazi aitzin bukatu eta abian jarri badira, jakinarazpen hori hartu eta hilabeteko epean.
b) Udalari igorriko dizkio, Udalak berak ezarriko duen moduan, egindako inbertsioen eta sortutako lanpostuen egiaztagiriak, eta inbertsioak benetan egin diren eta hartutako konpromisoak bete ote diren ziurtatzeko behar diren ikuskapen eta egiazpenak ahalbidetuko ditu.
c) Dirulaguntzaren xede diren ondasunak Cascanten eta enpresaren jarduerari atxikiak edukiko ditu, gutxienez ere 5 urtez edo ondasunaren erabilpen denborak iraun bitartean, laburragoa bada. Ondasunen erabilera ez zaie hirugarrenei eskualdatuko, ez errentan emanen, ez lagako. Instalazioak abian jartzen direnean hasiko da zenbatzen epe hori.
d) Enpresa onuradunek lanposturen bat sortu eta gutxienez bi urtez eduki beharko dute plantillako batez besteko maila hori gehi dirulaguntzaren xede den lanpostua, eta hori hala dela egiaztatu beharko dute modu fede-emailean.
Diruz lagunduriko langileen artean bajarik bada, onuradunek kontratazio berriak burutuko dituzte, eta kontratazio horien balorazio ekonomikoak dirulaguntzaren zenbatekoa berdindu beharko du.
e) Inbertsioak abian jarri eta hiru urtez, urtero igorriko dizkio Cascanteko Udalari aurreko ekitaldiko egoera-balantzea eta ustiapen-kontua, bai eta plantillaren frogagiri fede-emailea ere.
f) Cascanteko Udalari datu, agiri eta egiaztapenak eman beharko dizkio, Udalak, emandako dirulaguntzen segimendua eta kontrola egiteko, beharrezkotzat jotzen dituen guztiak, alegia.
II. KAPITULUA
Prozedura
10. art. Prozedura.
a) Aurrekontuko dirua.
Udalak, osoko bilkuran, urtero erabakiko du udal aurrekontuan egonen den diru-kopuru egokia, ordenantza honen helburuak betetzeko.
b) Deialdi publikoa.
Ordenantza honetako 5. artikuluko a) eta b) idatz-zatietako dirulaguntza motak emateko, Cascanteko Udalak deialdi publikoa prestatuko du urtero eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Cascanteko Udalaren iragarki oholean argitaratuko, interesa duten enpresek, baldin eta onuradun izateko beharrezkoak diren beharkizunak betetzen badituzte, deialdiko epearen barnean eskabidea aurkez dezaten.
Gainerako dirulaguntza motei dagokienez, interesa duten enpresek noiznahi aurkeztu ahalko dute eskabidea eta horren ondotik eta, nolanahi ere, Cascanteko Udalarekin dirulaguntzaren baldintzak negoziatu ondotik, Cascanteko Udalak dirulaguntzak zehazteko hitzarmenak sinatu ahalko ditu.
Interesa duten enpresekin burutu beharreko negoziazioetan alkate udalburuaz gain, Industria eta Ingurumen Batzordeko kideak eta Hirigintzako Batzordeko kideak hartuko dute parte, alkateak berak izendatuak. Nola nahi den ere, Cascanteko Udaleko osoko bilkura izanen da organo eskuduna negozioazioaren ondotik enpresa eskatzailearekin gauzatzen ahal diren hitzarmenen sinadura baimentzeko.
Eskabidea: ordenantza honetan arauturiko laguntzak baliatu nahi dituztenek eskabidea aurkeztuko dute alkateari zuzendutako eskaera eginez, eta eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dituzte:
a) Eskatzailearen izaera fisiko edo juridikoaren egiaztagiriak
b) Enpresa eskatzailearen kaudimen ekonomikoaren egiaztagiriak.
c) Enpresa eskatzailearen kaudimen teknikoaren egiaztagiriak.
d) Garatu beharreko jarduerari edo instalazioari buruzko memoria, espreski adieraziz azalera, behar diren langileak eta haien kualifikazioa (lekualdatzeak edo lanpostu berriak diren zehaztuz), fakturazioa, makineria edo instalazio teknikoak, garapenaren gaineko aurreikuspenak, aurreikusitako inbertsioak, enpresa talde baten partaide izatea eta Cascanteko Udalaren osoko bilkurak dirulaguntzaren gaineko erabakia har dezan beharrezkoak izan daitezkeen gainerako guztiak. Udalak eskatu ahal izanen du dirulaguntza emateko beharkizunak eta baldintzak betetzen diren egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen agiriak aurkezteko.
c) Eskumena.
Cascanteko Udalaren osoko bilkurari dagokio aurkezturiko eskaeren gaineko ebazpena ematea.
d) Isilbide administratiboa.
Udaletxean eskabidea eta agiri osagarriak aurkeztu eta hiru hilabete iraganik, Udalak berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi dela ulertuko da.
III. KAPITULUA
Laguntzen ordainketa
11. art. Dirulaguntzaren ordainketa.
Laguntzak, inbertsioa egin eta enplegua sustatzeko dirulaguntza zuzenak direnean, ez dira ordainduko enpresa onuradunak Cascanteko Udalari jakinarazi arte haiek bukatu eta abian jarri direla, eta Udalari igorri arte, Udalak berak zehaztu moduan, egindako inbertsioen eta sortutako lanpostuen egiaztagiriak.
Horretarako, baimena zer ekitalditarako den, hurrengo ekitaldietan egin beharreko gastuen gaineko konpromisoak ere hartu ahalko dira, gastu horiek xedatu aurreko legezko tramiteak ekitaldian berean hasten badira eta konpromiso horiek ez badituzte gainditzen Cascanteko Udalak ekitaldi bakoitzeko ezarri mugak.
Behar diren egiaztapenak egindakoan, Cascanteko Udalak laguntzak ordaintzeko ebazpena emanen du.
Dirulaguntzen enpresa onuradunek kobratu aurretik kreditatu beharko dute tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak dituztela.
Tributu arloko betebeharrak kitatuak daudela kreditatzeko, agiri hauek aurkeztuko dira:
-Tributu arloko administrazioko agentziaren egiaztagiria.
-Jarduera ekonomikoen gaineko zergako alta eta azken ordainagiria.
-Nafarroako Foru Ogasunak luzaturiko egiaztagiria, Foru Ogasunarekin zerga arloko zorrik ez dagoela egiaztatzeko.
Gizarte Segurantzari dagozkion beteharrak kitatuak daudela kreditatzeko, Gizarte Segurantzako Lurralde Diruzaintzaren egiaztagiria aurkeztuko da.
Zorrak geroratuak nahiz zatikatuak badaude edo, inpugnazioaren ondorioz, haiek bertan behera uztea erabaki bada, egoera horren gaineko ebazpena aurkeztu beharko da.
IV. KAPITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
12. art. Laguntzak ezeztea, arau-hausteak eta zehapenak.
Bederatzigarren artikuluan ezarritako obligazioak betetzen ez badira, enpresa onuradunak berak emandako datu eta argibideak faltsutu edo aldatzen baditu, egiaztapen lanak oztopatzen badira edo laguntzak eman eta ordaintzeko erabakigarriak diren egitate edo inguruabarrak ezkutatzen badira, emandako onurak deuseztuko dira eta, hala behar bada, erabilitakoak itzuli eta berandutza korrituak eskatu.
Aipatutako kasuetan, behar den espedientea izapidatuko da, kontraesanaren eta probaren printzipioen araberakoa, eta onuradunari entzunaldia emanen zaio. Espedientean beharrezkotzat jotzen diren probak eta alegazioak bilduko dira, eta Cascanteko Udaleko osoko bilkura izanen da dirulaguntzak ebatzi edo ezezteko organo eskudun bakarra.
V. KAPITULUA
Azken xedapena
13. art. Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.
CASCANTEKO UDAL MUGAPEAN ANIMALIAK EDUKITZEAREN GAINEKO UDALAREN OSASUN ORDENANTZA
I. KAPITULUA
Ordenantza honen eremua eta xedea
1. artikulua. Osasungintza eta segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzerakoan, bizi-kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, Cascanteko Udalerriaren barnean animalien behar bezalako babespena bermatu eta animaliekin ikusteko duten industri, merkataritza edo zerbitzu jarduerak arautu nahi dira ere, Udalaren eskumen eta beharkizunen esparruaren barnean.
Nafarroako basa-faunaren kudeaketa eta babesa, eta baita ikerketarako eta helburu zientifikoei begira erabilitako animalien babesa ere, dagokion arautegi orokorraren arabera eginen da.
2. art. Aplikazio eremua Cascanteko udalerrira mugatuko da.
3. art. Animalien edukitzaileak edo haien zainketako arduradunek, saltokiak, lagun egiteko animaliak aldi batean gordetzeko establezimenduak, animalien babes eta defentsarako elkarteak eta abeltzaintzako ustiategiak, denak beharturik daude ordenantza honetan xedatzen dena betetzera eta, horren ezean, animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean ezarritakoa betetzera, baita udal agintaritzarekin lankidetzan aritzera ere, beraiekin harremana duten animalien datu eta aurretiko zehatzak eskura ditzan.
Maila berean beharturik gelditzen dira atezainak, etxezainak, hiri nahiz landa finketako zaindariak edo arduradunak, zerbitzu egiten duten tokietan animaliarik izateari dagokionez, beren lan harremanak izan ditzakeen mugekin ere.
4. art. Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak dekomisatuko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.
II. KAPITULUA
Definizioak
5. art. 1. Lagun egiteko etxeko animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako gizonak bereziki etxean zaintzen duen animalia.
2. Lagun egiteko basa animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako gizonak, bereziki etxean, zaintzen duen animalia, baldin eta hura hemengo edo kanpoko faunakoa bada eta giza-ingurura egokitzeko aldi bat iragan behar izan badu.
3. Ustiatzeko edo saltzeko etxeko animalia: giza-ingurura egokiturik, gizonak irabazi azmoz zaintzen duena.
4. Animalia eskutik utzia: jabe ez helbide ezagunik ez duen animalia, jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena, eta bere jabetza froga dezakeen jende lagunik ez duena.
III. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
6. art. Udalerrian animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea, hirugarrenik ez gogaitzea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.
7. art. Animaliekin ikusteko duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta irauteko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak betetzen jarraitu beharko dute, eta aipatua ezezik, geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, muntadurek eta beren hartan egiten diren jarduerek kalterik ez dutela eragiten bermatzearren.
Alderdi horiek kontrolatu ahal izateko, Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatuko dituzte aipatu jarduerak.
8. art. Edozein animaliaren jabeak, uneoro bete beharko du gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartu eta desagertarazteari buruz indarra duen arauteria. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari dagokionean agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.
Albaitariek eta albaitaritza-klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, oinarrizko osasun eskualdeko osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan galarazi gabe.
IV. KAPITULUA
Guztiendako arauak lagun egiteko animalien gain
9. art. 1. Identifikagarririk ez duten animaliak berreskuratzeko epea zortzi egunekoa da.
2. Animaliak identifikagarririk badu, jabeari gaztigatuko zaio eta horrek, une horretatik goiti, hamar eguneko epea izanen du berreskuratzeko, aldez aurretik ordaintzen baditu haren mantenuaren gastuak. Epe hori jabeak berreskuratu gabe iraganda, animalia eskutik utzitzat joko da eta horrek animaliaren jabeari erantzukizunak eskatzeko parada emanen du.
10. art. Animalien jabe edo edukitzaile izaten segitu nahi ez dutenek debeku dute udalerriaren barnean edozein lekutan haiek eskutik uztea, bai toki irekietan, bai finka edo lokal itxietan, eskutik uzten badituzte dagokien zehapen espedientea irekitzen ahal delako.
Debekaturik dago, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, basa espezietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.
11. art. Animaliek pertsona edo ondasunei trabarik eragin ez diezaieten, herritarrek animalia deslai edo eskutik utzirik ikusiz gero, horren berri emanen diete udaltzaine i. Egoera horrek luzaro iraun ez dezan, debekaturik dago animalia horiei janaririk ematea, edozein gorabehera edo lekutan delarik ere, barne harturik etxebizitzen arteko patioak, teilatuak, e.a.
12. art. 1. Udalerriek lagun egiteko animaliak dekomisa ditzakete tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.
2. Halaber, osasun arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek lagun egiteko animalien isolamendua edo dekomisoa agintzen ahal dute, gizonarentzat kutsagarri den eritasuna diagnostikatuz gero, bai sendabide egokia emateko, bai hiltzeko, horren beharrik bada.
3. Albaitarien kontrolak beharrezko azterketa eta analisiak egin arte iraunen du, betiere, bidezko ebazpenak eman ahal izateko.
Amorrua edo bestelako gaitz infekzioso edo kutsakorrik dutelako susmagarriak direnak kontrolpean jarriko dira.
4. Jabeak eskatzen badu eta albaitaritza zerbitzuek oniritzia emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin daiteke, betiere animaliak agiri egokiak baditu, eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badago.
5. Udalak animaliak hartzeko zentrorik ez badu, behaketa jabearen etxean eginen du behar den administrazio publikoak izendaturiko albaitari batek.
6. Jabeek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.
13. art. 1. Debeku da animalia hilik leku agerietan, ibaibideetan eta gainerako gune publiko edo pribatuetan uztea, baita haiek ehorztea ere.
2. Animalia hilak gainetik kendu nahi dituenak udalerrriaren barnean ezarritako zerbitzuen bitartez eginen du.
3. Animalia hilen deuseztapenak ez ditu jabeak salbuesten animaliaren heriotzaren eta horren arrazoien berri emateko betebeharretik, ordenantza honek edo bertze ordenantza eta erregelamenduek horrela ezartzen badute.
14. art. Pertsonen garraio kolektiboan diharduten zerbitzu publikoko ibilgailuetan, bidaiariek debekatua daukate berekin inolako animaliarik eramatea, non eta ibilgailuan ez dagoen horrelakorik garraiatzeko leku berezirik. Debeku honen barrenean ez dira sartzen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.
15. art. 1. Espreski debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak prestatu, erabili eta biltzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.
2. Mota guztietako establezimendu publiko edo ostatuen jabeek, hala nola hotel, apopilo-etxe, jatetxe, taberna, kafetegi eta antzekoenek, beren nahierara utziko dute zakurrak beren establezimenduetan sartzen eta egoten, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute. Baimenduta ere, sartu eta egon ahal izateko, erregelamenduaren ariora identifikaturik eta behar bezalako osasun baldintzetan egon daitezen eskatuko da, baita beren muturrekoa jantzirik eta uhalez edo kateaz loturik egon daitezen ere. Ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrek betiere izanen dute sarrera baimendua.
3. Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta galaraz ere maniobratu edo ikusteko ahalmena, eta bete beharko dira arlo horri doakionean Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.
4. Animaliek, beren etologia eta espeziearen arabera, behar adina leku izan beharko dute batetik bertzera garraiatzeko. Garraiobideen eta enbalajeen taxukerak animaliak eguralditik eta hozbero handietatik babesteko modukoa beharko du, eta enbalaje horiek barnean animalia bizidunak daukaztela adierazi beharko dute. Handi-zabalak animalia zutik egoteko eta jarreraz aldatzeko adinakoak izanen dira. Animaliak erasokorrak badira, behar diren segurtasun neurriak hartuko dira.
5. Garraioan eta egonaldietan, egoki edatera eta jatera emanen zaie animaliei, behar bezain maiz.
6. Animaliekiko zamalanak behar bezala eginen dira.
16. art. Ez dago baimendurik animaliak kultur eta kirol arloko jendaurreko ikuskizunetako lokaletara sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.
Orobat, debeku da animaliak eritetxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.
Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.
17. art. Jendeari ostatu ematen dioten eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduen jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.
Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik izanen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrentzat.
18. art. Animalien jabe edo edukitzaileak beharturik daude ez uztera animaliei gorotz edo bertzelako zikinkeriarik egiten edozein motatako bide edo eremu publikotan.
Halaber, bide edo eremu publikoko edozein gorotz edo bestelako zikinkeria garbitu beharko dute, zikindu eta berehala, horretara berariaz egokitutako lekuetan izan ezik.
Hala egiten ez bada, udaltzainek arau-hausleak salatuko dituzte eta dagokien zehapen espedientea irekiko zaie.
19. art. Lagun egiteko animalia batek ausikirik egiten badio pertsonaren bati, honek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta dagokion azalpen medikoa aurkeztu aldi berean. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute animalia ausikigilearekin egin beharreko osasun kontrola.
Osasun edo albaitaritza-zentroek, animalien ausikiak dituzten pertsonei laguntza mediko edo kirurgikoa ematen badiete, horren berri eman behar diete Udalaren osasun zerbitzuei.
Aipatutako osasun-etxe eta Udalaren osasun-zerbitzuek agintariei egintzen berri eman beharko diete, indarrean dagoen legeriak xedatzen duenaren arabera.
Zakur ausikigilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago inplikatutako animaliaren datuak ematera erasotua gertatu den pertsonari edo haren legezko ordezkariei eta agintari eskudunei, hala eskatuz gero. Horrez gain, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, espreski debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea.
Animalia osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.
Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorruaren ezaugarriak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.
V. KAPITULUA
Zakurrei buruzko arau berariazkoak
20. art. Zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea, Cascanteko udalerrian, Udalaren eginkizuna da. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete egitean, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez. Udal zerbitzuek edo albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek eginen dute identifikazio lan hori. Azken bi horien kasuan, egindako identifikazioen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei edo udaltzainei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean, zentsua eguneratu ahal izateko.
Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria.
21. art. Xede berarekin -zakurren zentsua eguneratzea-zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude Udalaren osasun zerbitzuei edo udaltzainei hamar eguneko epearen barrenean honako hauen berri ematera:
a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.
b) Bertze udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.
c) Zakurren jabetzaren inguruko aldaketak.
d) Jabeen helbide aldaketak.
22. art. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.
Txertaketa horiek agertu behar dute animaliaren identifikaziorako osasun agirian, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da.
Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek eginen dute txertatze lan hori. Azken bi horien kasuan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.
23. art. Bide publikoan nahiz etxeetako sarbide eta leku komunetan (atari, eskailera, igogailu, eskailburu eta abarretan) zakurrak bakarrik ibiltzen ahal dira, baldin eta behar bezala identifikaturik eta txertaturik badaude, eta haietaz arduratzen den pertsonaren batek kate edo uhalaren bidez eramaten baditu.
Horrez gain, lehen noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskugarritzat jo daitezkeenek, nahitaez eraman beharko dute muturrekoa.
Kate edo uhalarekin lotuak joateko obligaziorik ez dute izanen ardi-txakurrek, betiere beren ohiko lanean ari badira.
Ehiza-txakurrak ere izan daitezke kate edo uhalarekin loturik joateko obligaziotik salbuetsiak, baldin eta ehiza barrutian badaude eta horretarako aritzeko egunetan.
Agintaritzako agenteek zehapena paratuko dute zakurrak aipatu baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta Udalaren osasun zerbitzuek harrapatu eta eramanen dituzte pertsona arduradunik gabe ibiltzen diren zakurrak.
24. art. Aitzineko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztiei begiratuko zaie identifikaturik ote dauden.
Identifikazioa jakindakoan, animaliaren jabeari jakinaraziko zaio.
Identifikaziorik ez duten zakurrak eta ezarritako epean jabeak biltzen ez dituenak edo animalia berreskuratu nahi ez dutela adierazten duten jabeenak, Zakurtegiaren esku geldituko dira.
25. art. Zakurtegiaren esku gelditzen diren zakurrak zerbitzuak behar bezala jarduteko legez ezarrita dauden arau eta xedapenen menpean egonen dira.
26. art. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako jabetza komuneko terraza edo bertzelako lekuetan zakurrak egotea.
Halaberean, debeku da balkoiak, terrazak, e.a. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.
27. art. Zakurraren jabeak, eta haren ordez edukitzaileak bere animaliak zaunkaka edo zalapartaka hasten badira berehalakoan isilaraziko ditu, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartuko ditu auzokoei eragozpenak ez sortzeko.
28. art. Ikusmen urriko pertsonen "gidazakurtzat" hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, edo horretarako legez gaitutako beste edozein erakunde edo entitatetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.
Gidazakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.
Gidazakurra bere lana egiteko ez-gauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, orohar, pertsonentzat arriskugarri izan daitekeela uste bada.
Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berekin eramanen du gidazakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.
29. art. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da. Beren jabeen erantzukizunpean, jendeei edo gauzei kalterik edo eragozpenik egiten ahal ez dieten esparruetan izanen dira.
Zakur horiek idorperik ez badute, etxola edo aterpe egokia beharko dute, eguraldi txarra denean babeslekua izan dezaten.
Ez dira beti ere loturik egonen, eta estekaturik egonez gero, estekagailuak mugitzeko ahala eman behar die.
VI. KAPITULUA
Lagun egiteko animaliekin ikusteko duten jarduerak
30. art. Ondotik aipatzen direnak, ordenantza honi lotzen zaizkion industria, merkataritza edo zerbitzuetako jarduerak dira:
1.-Animaliak hazteko tokiak.
2.-Animaliak gordetzeko tokiak.
3.-Animaliak salerosteko dendak.
4.-Animaliak orohar apaintzeko zerbitzuak.
5.-Animaliendako kontsultategi, klinika eta ospitaleak.
6.-Aipatu horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.
Jarduera sailkatuei buruz indarra duen arauteriaren eta gainerako xedapen aplikagarrien ariora izapidatuko da horiek paratu edo jarduteko lizentzia.
31. art. Udalak lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko Erregelamenduak eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa ezertan ukitu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:
1.-Jardueraren izena.
2.-Kokapena.
3.-Zuzendari teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.
4.-Eskaini gogo dituen zerbitzuak.
5.-Instalazio eta egoitzen zerrenda eta deskripzioa. Planoak.
6.-Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta nola dagoen banaturik.
7.-Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.
8.-Animaliak hazteko tokiak, haiek gordetzeko tokiak edota salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta udalerrian diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin.
Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da bertze albaitari bat kontratatzera, 15 eguneko epearen barnean, eta hala egin duela Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraztera.
32. art. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:
1. Bertze etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztu xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, horiek beheko oineko lokaletan paratzen ahal baitira. Jarduerak Udaltzaingoak ikuskatuko ditu.
2. Merkataritzako edozein lokalek izaten ohi duen gutxieneko gela-banaketa izanen dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.
3. Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazkaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.
4. Aitzineko lerroaldean aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drenajea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.
5. Muntadurak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek, eta halaber Ordenantza honetan ezarritako aldizkakotasunez.
Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.
6. Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako boltsa iragazkaitzetan.
7. Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien araberakoa izanen da, eta irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren osasun zerbitzuek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.
8. Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.
9. Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.
10. Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren muntadurak berezirik izanen dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haientzat ezarri diren baldintza berariazkoak.
11. Jarduera hauetan edozein eritasun zoonosiko agertuz gero, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko zaie.
33. art. 1. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.
2. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren xede nagusia animaliak saldu edo erostea duten haiek.
3. Lagun egiteko animaliak hazteko edo salerosteko establezimenduek, aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenak ukatu gabe, ondoko arauak bete behar dituzte:
a) Administrazio publikoen eskura egonen den erregistroa eraman beharko dute, eta hartan jaso animalien espeziea eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabearen edo edukitzailearen izena eta helbidea eta interesgarritzat jotzen diren bestelako datuak.
b) Higiene eta osasun aldetik baldintza onak izanen dituzte, beren hartan dauzkaten animalien behar fisiologiko eta etologikoetara egokituak.
c) Behar adinako janaria, osasungarria, eta baita ura, lo egiteko lekuak eta zaindari gaituak ere izanen dituzte.
d) Eritasunik izanez gero, behar bezalako muntadurak izanen dituzte kutsadura galarazteko edo, horren beharrik bada, berrogeialdia egiteko.
e) Albaitaritza zerbitzua izanen dute, animalien osasuna zaintzeko arduradun.
f) Animaliak bizkarroiz gabeturik eta eritasun bakarrik ere gabe saldu behar dituzte, eta albaitariaren ziurtagiria erantsi, gauzak hala direla adierazten duena.
4. Inkubatze bidean egoteagatik saltzeko unean hautematen ez den eritasunik agertuz gero, establezimenduaren menpe albaitaritza zerbitzu bat izateak eta horrek animalien salmentarako osasun ziurtagiriak emateak ez dute saltzailearen erantzukizuna garbituko.
34. art. Lagun egiteko animaliak gordetzeko tokitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak, halako denbora aldi batez, ematen dituzten establezimenduak.
Establezimendu hauek erregistro liburua izanen dute, honakook zehazteko: animalien espezie eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, eta interesgarritzat jotzen diren gainerako gorabeherak.
Zenbait muntadura izanen dituzte, honako hauetarako: eri dauden animaliak isolatzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.
Establezimenduan animaliarik onartzeko, animaliaren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik, zakurra baldin bada, eta bertze animalien kasuan jardueraz arduratzen den albaitariaren irizpideari eginen zaio kasu.
35. art. Animaliak apaintzeko zerbitzuak emateko establezimendutzat hartuko dira, animaliarendako garbiketa, ikuzketa, ileapaintze eta estetika zerbitzuak emateko xede nagusia daukaten haiek.
Lan egiteko behar den tresneria eta ur beroa izanen dituzte.
36. art. Ordenantza honi doakionean, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitaritza elkargokoak diren profesionalen esku baldin bada.
Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek guttienez:
-Kontsultategiak: harrera gela, kontsulta gela eta zenbait sendaketa lanetarakoa.
-Klinikak: itxaron gela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela espezifikoa, indarra duen legeriaren araberako erradiologi muntadura, laborategia eta suspertze lanetarakoa.
-Ospitaleak: klinikentzat aipatutakoak, eta horietaz gain etengabeko zainketako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak etenik gabea izan beharko du.
VII. KAPITULUA
Animaliekin ikusteko duten bertze jarduera batzuk
Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta antzekoak xedetzat dauzkaten jarduerak, aldi baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.
37. art. Izaera iraunkorrez paratu gogo diren jarduerek, bai leku itxietan bai leku irekietan, jarduera lizentzia izan beharko dute. Hura izapidatuko da jarduera sailkatuei buruz indarra duen arauteriaren eta ordenantza honetako 32 eta 33. artikuluetan aipatutako betebeharren ariora.
38. art. Aldi baterako izaeraz egin gogo diren jarduerek, bai leku itxietan bai leku irekietan, beren baimena izan beharko dute, Udalak horretarako emana.
Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
1.-Jardueraren deskribapena.
2.-Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.
3.-Kokapena.
4.-Zenbat denboratarako eskatzen duen jarduera.
5.-Bere hartan bilduko diren animalien kopuru eta espezieak.
6.-Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.
7.-Muntaduren onespen eta erregistro ziurtagiria, dagokion ministerioko departamentuak luzatua.
39 art. Aldi baterako gauzatzen diren jarduerek, abian jartzeko, Udalari honakook aurkeztu beharko dizkiote:
-Teknikari eskudunak luzatu ziurtagiria, dagokion lanbide elkargoak ikus-onetsia, instalazioak egoki antolatu direla dioena.
-Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartila, animaliaren identifikaziorako txartela, e.a.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.
Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hartunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta zuzen beteko ditu asotsei buruzko aginduzko mugak.
Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren muntadura eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere ez dira faltako, eta bere jarduna akitutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.
40. art. 1. Debeku da animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka, eta bertzelakotan horrek sufrimendua edo tratu txarra ekartzen ahal badie.
2. Zezen ikuskizunak espreski salbuesten dira debeku horretatik.
3. Zakur borrokak, oilar borrokak eta animaliak elkar erasotzea helburu duten bertze guztiak debeku dira.
4. Usakumeei tiro egiteko lehiaketek administrazio baimena beharko dute aurrez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuak emana.
VIII. KAPITULUA
Ustiatzeko etxeko animaliak
41. art. Ukuilu, ixtegi eta, orohar, abeltzaintzako ustiategi mota guztiak, animaliak hazteko tokiak, aterpeak etab.; horietarik edozein paratzeko baimena emanen da, arloko foru legeetan eta Udalaren hirigintza planeamenduan ezarri baldintzetan.
Aipatu muntaduretarako lizentziak, jarduera sailkatuentzat indarra duen legerian eta horretan aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz izapidatuko dira.
Dena dela, etxebizitzetatik aparteko tegietan egon beharko dute; zola eta paretek iragazkaitz eta garbigarriak izan beharko dute; iturriko ur edatekoa izan beharko dute, baita hustubideak kolektore nagusira ere eta, hori ezinezkoa bada, erregelamenduaren araberako putzu septikoak. Animali espezie eta mota guztientzat higiene aldetik dagozkien baldintzak bete beharko dituzte.
42. art. Debeku da salmentarako animaliarik etxebizitzen barrenean izatea, edozein delarik haien kopurua.
Horrelakorik edukitzea onar daiteke jabego pribatuko lurretan, behar bezala hesituak edo itxirik badaude, ordenantza honetako 6. artikuluan ezarritakoa betetzen badute eta animaliarengandik ateratzen diren produktuak bere kontsumorako bakarrik erabiltzen baditu jabeak.
43. art. Edozein motatako ukuilua paratzeko Udalaren lizentzia aginduzkoa beharko da, zentsuan sartu beharko da eta legeak ezartzen dituen osasun erregistro guztiak bete.
44. art. Animaliak Epizootien Erregelamenduan eta alor honetan aplikatzen ahal diren bertze xedapenetan ezarritakoari jarraikiz lekualdatuko dira, nola udalerriaren barnean hala bertze udalerrietara.
45. art. Lege xedapen baten indarrez edo osasun arrazoi larriengatik, halako lokal edo toki batzuetan animaliarik egoteko baimena ez bada ematen ahal, udal agintaritzak, behar den espedientea aldez aurretik eginda, zilegi izanen du jabeei errekerimendu egitea, beren borondatez ken ditzaten. Bertzenaz, beren kasa erabakiko dute, izan litezkeen erantzukizun zibil eta penalak deusetan ukatu gabe.
IX. KAPITULUA
Animalien babesa
46. art. Udalari dagokio:
a) Erregelamenduaren arabera zehazten diren lagun egiteko etxeko animaliei buruzko zentsua egitea eta eguneratzea.
b) Eskutik utzitako etxeko animaliak jaso eta hiltzea, bai Foru Administrazioarekin lankidetzan, edota animalien babeserako elkarteekin, edo horretarako baimendutako pertsona fisiko edo juridikoekin.
c) Lagun egiteko animaliak saldu, zaindu edo hazteko establezimenduak zaindu eta ikuskatzea, zuzenean edo Foru Administrazioarekin lankidetzan.
Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, istant batez eta oinazerik gabe eginen da, erregelamendu bidez finkatzen den gisan.
X. KAPITULUA
Lege hausteak eta zehapenak
47. art. Udaleko zerbitzuek euren ikuskapen eta zaintzako eginkizunetan Ordenantza hau ez betetzeagatik bidezko salaketak egiten ahal dituzte.
1. Ordenantza honi doakionean, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
2. Honakoak dira lege hauste arinak:
a) 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluaren ariora erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea.
b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.
c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.
d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bertzenaz, 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.
e) Animaliak garraiatzea ordenantza honetako 14. artikuluak arautu aurreikuspenak bete gabe.
f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.
g) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.
h) Zakurrak hiriko eremu publikoetan eramatea uhal edo kate batez lotu gabe.
i) Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.
j) Hiriko karriketan barna basa-espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.
k) Bidaiarien garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute.
l) Animaliekin ikastetxeetan sartzea.
m) Jabeak edo edukitzaileak bere zakurren zaunkak ez isilaraztea.
3. Honakoak dira lege hauste larriak:
a) Animaliak behar duten mantenurik gabe edukitzea.
b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten muntaduretan edukitzea, edo higiene osasun baldintza txarretan edukitzea.
c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.
d) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamentuak ez ematea.
e) Lagun egiteko animaliak aldi batez gordetzeko muntaduren gainean 7/1994 Foru Legeko II. tituluko III. kapituluan finkatu diren baldintza eta betebeharrak ez betetzea.
f) Animaliak indarra duen arauteria hautsiz saltzea.
g) Usakumeei tiro egiteko saioak antolatzea eta, hala izaten bada, gauzatzea, aurrez administrazioaren baimenik izan gabe edo haren xedapenen kontra.
h) Zine nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea baldin berekin ankertasuna, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimen behar bezalakorik izan gabe.
i) Animaliak laborategi eta klinikei eskualdatzea indarra duen arauteriako baldintzak bete gabe.
j) Egoitza pribatuetan 7/1994 Foru Legeak exijitzen duen albaitari zerbitzurik ez egotea.
k) Animalia bizkarroidunak edo erituak edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe saltzea.
l) Osasun zerbitzu ofizialei ez aditzera ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.
m) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietara animaliekin sartzea.
n) Eraso eginak diren zakurrak muturrekorik gabe eramatea.
o) Arau-hauste arinetan berrerortzea.
4. Honakoak dira lege hauste oso larriak:
a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontra doazen jarduerak antolatu, haien publizitatea egin eta, bertzenaz, egin egitea.
b) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.
c) Animalia eskutik uztea, bizirik nahiz hilik.
d) Premiarik gabe sufrimendua edo kaltea ekar diezaieketen gaiak ematea.
e) Zakurrak beti ere loturik edukitzea.
f) Estatu espainiarrean indarra duten nazioarteko hitzarmen eta itunek babestuak edo itzaltzeko arriskutan deklaratu dituzten animali espezie autoktonoen banakoak, umeak, arraultzeak, edo haiengandiko produktuak merkaturatu, saldu, eduki, merkataritza helburuz erakutsi edo disekatzea.
g) Arau-hauste larrietan berrerortzea.
48. art. 1. Lege hauste arinek 10.000tik 25.000 milara bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 25.001etik 100.000ra bitartekoak, eta oso larriek 100.001etik 500.000ra bitartekoak.
2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:
a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.
b) Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.
c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.
d) Arau-hausteak errepikatu eta horietan berrerori ote den.
49. art. 1. 7/1994 Foru Legeak aurreikusten dituen arau-hausteei zehapenak ezartzeko, azaroaren 14ko 225/1994 Foru Dekretuan edo hori ordezten duen araubidean arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.
2. Bertako faunaren babeserako araubidea hausteagatik edo administrazioaren baimenak baztertu edo urratzeagatik zehapen espedienteak izapidetu eta ebazteko ahalmena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio.
3. Etxeko animalien kontrako lege hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak izapidatu eta ebazteko ahalmena, Udalaren organo hauei dagokie:
-Arau-hauste arin eta larriak: alkateari.
-Arau-hauste oso larriak: Udalaren osoko bilkurari.
50. art. 1. Animaliaren jabeak, behar bezala hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den arau-hauste administratiboen erantzulea, eta prozedurako tramitean arrazoi justifikaturik gabe hala egiten ez badu, diru isuna ezarriko zaio hutsegite arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalteordainak deusetan ukatu gabe.
2. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.
3. Animalia bati tratu txarrak emateagatik arau-haustea egin duten guztiak desgaituak izanen dira aurrerantzean animaliak edukitzeko. Desgaitzea aldi batekoa izan daiteke, urtebetekoa alegia, nahiz iraunkorra, lege haustea ere nolakoa den, larria edo oso larria, eta kontuan hartuta animaliari egin zaion kaltean zenbaterainoko ankertasuna edo nahikeria izan den.
51. art. 1. Isuna ezartzeak arau-hausteko animaliak dekomisatzea ekartzen ahal du, eta betiere arau-haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak dekomisatzea.
2. Lege hauste oso larriak egiteak ekar dezake, hala behartzen denean, lege haustean erantzule izandako egoitza, lokal edo muntadurak ixtea.
51. art. 1. Bere agenteen bitartez, administrazio eskudunak zilegi izanen du babestu beharreko animaliak dekomisatzea, baldin arrazoizko zantzurik bada ordenantza honetako xedapenak hautsi direla.
2. Dekomisatze hori badaezpada eginen da, behar den zehapen espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari bihurtuko zaio, edo administrazioaren jabetzara pasako, eta hark zilegi izanen du erakunde zoologiko-zientifikoei ematea, jatorrizko herrira bihurtzea, animaliak sendatzeko zentroetara eramatea edo bere ingurune naturalean askatzea animalia autoktonoa baldin bada.
3. Dekomisatutako animaliak luzaz edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu beharra baldin bada, animalia Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuko langileek askatu beharko dute haren inguru naturalean eta lekukoen aitzinean.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan kontuan hartuko da Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan eta dagozkien arautegi osagarrietan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean, bai eta abere osasun, ingurumen, abelazkuntza arloetan eta bertze edozeinetan aplikagarri zaizkien xedapen orokorretan ere ezarritakoa.
Bigarrena.-Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo txikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.
Hirugarrena.-Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.
Aditzera ematen da orok jakin dezan.
Cascanten, bi mila eta bateko apirilaren bostean. Alkate udalburua, Jesús García Barea.
Iragarkiaren kodea: A0104320
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
