69. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

605/2001 FORU AGINDUA, 2001eko maiatzaren 17koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana. Baimena ematen du basurde populazioak nekazaritzari egiten dion kalteagatik berehalako ekintza beharrezkoa den tokietan espezie hori kontrolatzeko metodoak erabiltzeko, 2001eko abuztuaren 31 arte, kalte horiek sortzen duten diru galera eragozteko.

Erregulatu behar dira, Foru Agindu baten bidez, berehala aplikatzeko moduko kontrol metodo batzuk Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak basurdeak kalte egin ohi duela jakin duen tokietarako.

Erabili beharreko baliabidea ehizaldiak egitea izanen da, dela zakurrekin dela zakur eta eskopetekin, edo gauezko zelatak.

Honako baldintzetan abiatuko dira neurriak:

1.-Kaltea landa-lurretan denean, ehiza barrutiaren aprobetxamenduaren titularrak edo, barruti batean egon ezik, lurraren jabeak harremanetan jarri beharko du bertako Ingurumenzaintzarekin, parte har dezala eskatzearren.

2.-Ingurumenzainek Ikuskatze akta jasoko dute, eta bertan honakoak justifikatuko:

Izan dela kaltea, eta zenbateko garrantzia izan duen.

Zer metodo hautatu den kontrolatzeko.

Zer toki hautatu diren metodoak gauzatzeko.

Kontrolak zenbat denboran iraun behar duen.

Nork parte hartu behar duen, nor izanen den arduraduna, izen- deiturak eta NANa emanaz.

3.-Ingurumenzainak entregatu eginen du ikuskatze akta Ekosistemen eta Paisajearen Ekologiaren Atalean, eta bai hark ekintzari baimena emango ere, hala tokatzen bada.

4.-Baimen hori Foruzaingo Ekologikoari helaraziko zaio, Sepronari, Ingurumenzaintzari eta barrutiari edo delako tokiaren jabeari.

Hori horrela, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak hala proposaturik.

AGINDU DUT:

1. Baimena ematea basurde populazioa kontrolatzeko metodoak erabiltzeko, nekazaritzari kalte egiten zaion tokietan.

2. Baimen honek 2001eko ekainean eta uzta-agorriletan izanen du indarra.

3. Aditzera ematea Foru Agindu honen kontra zilegi izanen dela gora jotzeko helegitea jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Agindua jakinarazten denetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114 eta 115. artikuluek agintzen dutenarekin bat (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 legeak aldatu zuen).

4. Foru Agindu hau jakinaraztea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren hamazazpian.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A0105688