67. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

376/2001 EBAZPENA, apirilaren 24koa, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko hezkuntza zuzendari nagusiak emana, 2001-2002 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko arauak onesten dituena.

Ikusirik, 2001-2002 ikasturtean Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakaskuntza espezializatuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko arauak onesteko, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak emandako adostasun txostena.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariak irailaren 30ean emandako 339/1999 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2001-2002 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek izanen duten eskola egutegia prestatzeko arauak -ebazpen honen eranskinean ageri dira- onestea.

2. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Araubide Bereziko Irakaskuntzaren eta Teknologia Berrien Atalera eta Musika Ikasketen Unitate Teknikora, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, argitara eman dezaten.

3. Ebazpen honek eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko apirilaren hogeita lauan.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuek eta dantzako ikasketa ez-arautuek 2001-2002 ikasturtean izanen duten eskola egutegia prestatzeko arauak

1.-Egutegia.

Nafarroako Foru Komunitateko musika ikasketa arautuei eta dantzako ikasketa ez-arautuei dagokien 2001-2002 ikasturteko eskola egutegiak baldintza hauek beteko ditu:

1. Ikasturtea 2001eko irailaren 1ean hasi eta 2002ko ekainaren 30ean bukatuko da.

2. a) Irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuak araututako musika ikasketak egiten ari diren ikasleendako klaseak, beranduenik, irailaren 26an, asteazkenez, hasiko dira, eta ez dira bukatuko maiatzaren 31, ostirala, baino lehen.

b) 1/1990 Lege Organikoaren araberako musika ikasketa arautuak edo Dantza Eskolako Plan Pedagogikoan ezarritako dantza ikasketak egiten dituzten ikasleen kasuan, berriz, klaseak, beranduenik, irailaren 26an, asteazkenez, hasiko dira, eta ez dira bukatuko ekainaren 14a, ostirala, baino lehen.

c) Ikasturtea egun horietan hastea eragozten duten arrazoi objektiboak daudenean, ikastetxe bakoitzeko Eskola Kontseiluak beste proposamen bat eginen du, betiere eranskin honetako 3.a) baldintzan ezarritako eskola egunen kopurua errespetatzen baldin bada.

d) Irailaren 1etik klaseak hasi bitarteko egunetan azterketak, programazio lanak, departamentuetako eta zikloetako bilerak, klaustroak eta ikasturtearen antolaketarekin zerikusia duten bestelako jarduerak eginen dira.

e) Klaseak bukatu eta ekainaren 30a arte, azterketak, ikasturtearen berrikusketa eta ebaluazio lanak, programazioak, amaierako oroit-idazkia eta beharrezko diren administrazio egintza guztiak eginen dira.

3. a) Irailaren 10eko 2618/1966 Dekretuak araututako musika ikasketak egiten dituzten ikasleentzako egutegiak 150 eskola egun izanen ditu gutxienez, larunbatak kenduta.

1/1990 Lege Organikoaren araberako musika ikasketa arautuak edo Dantza Eskolako Plan Pedagogikoan ezarritako dantza ikasketak egiten dituzten ikasleen kasuan, berriz, egutegiak 160 eskola egun izanen ditu gutxienez, larunbatak kenduta.

b) Ikasturtea ezin izanen da bukatu 150 edo 160 eskola egun egin gabe, kasuan-kasuan.

c) Egutegia berregokitu egin behar denean, lehen aldiz egitean erabilitako prozedura berari jarraituko zaio, errespetatuta, betiere, gutxieneko eskola egun eta orduak eta, hala behar denean, langileen lan eskubideak.

d) Eskola egun horietan ezin izanen da azterketarik egin. Era berean, ezinezkoa izanen da eskolaldia etetea azterketa edo ebaluazio aldiak ezartzeko ez eta ebaluazio bilerak edo klaustroak egiteko ere. Ikastaroa, tutoreak, irakasleak, programak, helburuak, ordutegiak eta antzekoak aurkezteko eguna eskola eguntzat hartu ahalko da.

e) Ikasleren batek edo denek eskolaren batera huts egitea ez da galarazpen izanen ikastetxeak programaturiko ordutegi ofizialen araberako eskolak eskaintzen segitzeko.

4. a) Jaiegun izanen dira Nafarroako lan egutegi arruntean ere halakoak direnak, herriko zaindariaren jaieguna eta hezkuntza maila horretako zaindariarena.

b) Herriko zaindariaren jaieguna eskola eguna ez den batean izaten denean, ikastetxeek horren ordezko beste egun bat aukeratu ahal izanen dute. Ikastetxe horietako Eskola Kontseiluek herriko zaindariaren jaiegunaren ordezkoa proposatuko diote Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari.

d) Musika ikasketak ematen dituzten ikastetxeei dagokien zaindariaren jaieguna 2001eko azaroaren 22an ospatuko da, ostegunarekin, eta Dantza Eskolako ikasketei dagokiena dantzaren nazioarteko eguna ospatzen den egun berean.

5. Ez dira eskola egun izanen 2001eko azaroaren 2a eta abenduaren 7a. Azaroaren 23a ere jaieguna izanen da, musika ikasketak egiten dituztenentzat.

Hala ere, ikastetxeetako Eskola Kontseiluek aldatu egin ahalko dute egun horien aukera, eta horien ordez eskola egunak ez diren hiru egun, gehienez, finkatzerik izanen dute ikasturtean zehar.

6. Eguberrietako oporrak 2001eko abenduaren 22an hasiko dira, eta 2002ko urtarrilaren 7a arte, hori barne, luzatuko.

Aste Sainduko oporrak 2002ko martxoaren 28tik, osteguna, apirilaren 7a arte, igandea, biak barne.

7. Egutegia prestatzean, ikastetxearen eragin esparruan dauden araubide orokorreko beste ikastetxeen egutegia kontuan hartuko da, ahal den neurrian bat egin dezaten.

8. Aurreko edozein idatz-zatiren gaineko salbuespenak, zeinak, betiere, aparteko arrazoiengatik izanen baitira, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, onets ditzan.

2.-Izapidatzea.

1. Eskola Kontseiluek edo, bestela, ikastetxeko zuzendaritza taldeek 2001eko maiatzaren 31 baino lehen bidaliko diote 2001-2002 ikasturterako eskola egutegiaren proposamena Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, eta, horrekin batera, eredu ofiziala eta onespena eman zion bilkurako aktaren kopia.

2. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak egutegi guztiak onetsiko ditu, horiek aztertu ondoren. Onetsitzat joko dira ikastetxeetako egutegiak, baldin eta 2001eko ekainaren 21aren aurretik inolako jakinarazpenik jasotzen ez badute.

3. Ikastetxeren batek bere egutegiaren proposamena aipatu epean bidaltzen ez badu, bere kabuz esleituko dio egutegia Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak.

4. Egutegiak, onetsi ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatu guztiek nahitaez bete beharko dituzte. Ikastetxeko zuzendariaren erantzukizuna izanen da horiek betearaztea, eta egutegien ezarpenaren gainbegiratzea eta kontrola, aldiz, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren gain egonen da.

5. Ikastetxe bakoitzaren egutegia bertako iragarki oholean ikusgai jarri beharko da, eta aldaezina izanen da, non eta Eskola Kontseiluak eskatu eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ez duen horretarako baimena ematen idatziz.

Iragarkiaren kodea: A0104370