67. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko apirilaren 30ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, polinizaziorako emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzak arautzen dituena.

Nafarroako ingurumenean eragin nabarmen eta onuragarria duten nekazaritza jardueren artean erlezaintza dago, erleen polinizatze lana garrantzi handikoa baita bertako florako espezie asko ongi kontserbatzeko.

Erlezaintza desagertu edo gutxituz gero, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde askotako biodibertsitatearen iraupen egokia arriskuan jar daiteke.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, erlezaintza sektoreari laguntzeko asmoz, erlauntz bakoitzeko laguntzak ematea egokitzat jo du, horrela erlezaintzako jarduera maila mantentzen laguntzeko, ingurumenean ondorio on eta garrantzitsuak baititu.

Horrenbestez, nekazaritzako langileen erakundeek eta interesa duten elkarteek azaldutakoa entzun ondoren, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da polinizaziorako emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzak arautzea, horrela erlezaintzako jarduera maila mantentzen laguntzeko, ingurumenean ondorio on eta garrantzitsuak baititu.

2. artikulua. Onuradunak. Betebeharrak eta konpromisoak.

1. Foru Agindu honetan aurreikusi laguntzen onuradun izan ahalko dira Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta banakako laguntza ematen denean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezko kalifikazioa duen ustiategi baten titular izatea, erregistroko alta laguntza eskatzen den urteko urtarrilaren 1a baino lehen eman bada.

b) Nafarroako Erlezaintza Ustiategien Erregistroan inskribaturiko erlezaintza ustiategi baten titular izatea, erregistroko alta laguntza eskatzen den urteko urtarrilaren 1a baino lehen eman bada. Aipatu Erregistroa abenduaren 24ko 275/1986 Foru Aginduaren bidez sortu zen.

c) Erlezaintza ustiategiak produkzioan ari diren 50 erlauntz izatea gutxienez; erlauntz bakoitza identifikatuta egonen da dagokion ustiapen zenbakiarekin.

d) Osasun arloko legeriak ezarritako osasun betebeharrak eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak berariaz zehazten dituenak betetzea.

e) Nekazaritza jasangarriaren bidetik, nekazaritzako praktika onen metodoak erabiltzea oro har, hots, ingurumena zaintzearekin eta alorrak kontserbatzearekin bateragarriak direnak.

2. Onuradunek, laguntzak eskatu behar dituztenean, konpromiso hauek hartu beharko dituzte:

a) Ustiategiko erlauntzen kopuruari eustea eta, hala denean, handitu eta hobetetzea, bost urteko epean.

b) Erlauntz horiek gutxienez zortzi hilabetez Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean edukitzea.

c) Laguntza jasotzen duen onuradun baten erlauntzen kokalekuek gutxienez ere bi hektareako berezko landaretza izan beharko dute erlauntz bakoitzeko, kokalekuaren inguruko 2,5 kilometroko erradioan. Onuradun ezberdinen erlauntzen kokalekuen artean gutxienez mila metroko tartea utzi beharko da.

d) Erleei polena duen elikagai bizigarririk ez ematea.

e) Programaren jarraipen eta ebaluazioa egiteko eskatzen den informazio osagarria ematea urtero.

f) Administrazioko teknikariei erlauntzetara iristeko erraztasunak ematea, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez egiaztatzeko.

g) Erlauntz guztiak oraingo ustiapen zenbakiarekin identifikatzea erlauntzaren alde guztietan (oinarria, goratzekoak eta estalkia). Identifikazioa eginen da suz markatuta, plastikozko txaparekin, plastikozko krotalarekin edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onesten duen beste metodo batekin, betiere marka ezabagaitza bada eta erraz irakur badaiteke. Zenbaki eta letrak zentimetro batekoak izanen dira gutxienez.

3. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

1. Laguntza urteko sari bat izanen da, gehienez ere bederatzi euro produkzioan ari den erlauntz bakoitzeko.

2. Eskatzaile bakoitzeko laguntza sei mila eurokoa izanen da gehienez.

4. artikulua. Laguntza eskaera.

1. Laguntza eskaerak horretarako ezarri diren inprimakien bidez eginen dira eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko, honako agiri hauekin batera:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren eta IFZaren fotokopia. Pertsona juridikoa bada, entitatearen IFKa eta eraketa eskrituraren fotokopia. Eskaerak bazkide guztiek edo legezko ordezkariak edo administratzaileak sinatuko dituzte; azken kasu horretan, ordezkaritzaren egiaztagiria ere aurkeztuko da.

b) Erlategiko osasun planaren eta egindako tratamenduen frogagiriak.

c) Ustiategiaren liburua, errolda eguneratua duela.

5. artikulua. Eskaerak aurkeztu, tramitatu eta ebaztea.

1. Laguntza eskaerak urte bakoitzeko lehenengo hiruhilekoan aurkeztu beharko dira.

2. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak, aurkeztutako agiriak eta egindako txostenak ikusirik, eskaerei dagokien ebazpena emanen du.

3. Administrazio ebazpena jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da gehienez, eskaera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori eskatzaileari ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

6. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Foru Agindu honetako laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak dirulaguntzei dagokienez egiten dituen egiaztapen guztiak onartzea.

b) Xede bererako beste dirulaguntza publikoren bat eskatu bada, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari horren berri ematea.

c) Kontabilitatean edo erregistro liburuan (indarra duen araudiaren arabera beharrezkoa bada) jasotako dirulaguntza erregistratzea.

d) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari idatziz jakinaraztea dirulaguntza hartzen duten erlauntzetan izaten diren bajak, horiek izan eta hamar eguneko epean gehienez.

7. artikulua. Ikuskapenak, ez-betetzeak eta zehapenak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21, 27, 28 eta 30. artikuluetan xedatutakoak arautuko ditu itzultzea, arau-hausteak eta zehapenak.

2. Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak ezartzeko prozedura nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapen prozedura administratiboa onesten duen abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuaren araberakoa izanen da.

8. artikulua. Laguntzei uko egitea.

Interesaturen bati eman zaion dirulaguntza interesatzen ez bazaio, laguntzari uko egiten diola idatziz jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean. Hala egiten ez badu, onuradunak laguntza eta baldintzak onartzen dituela ulertuko da.

9. artikulua. Laguntzak ordaintzea.

Laguntza honen ordainketa Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 11001 proiektuko 71310-4700-7132 kontusailaren kargura ("Nekazaritza eta ingurumen laguntzak polinizaziorako") eta hurrengo aurrekontuetan izanen den kontusailaren kargura eginen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.-Foru Agindu honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

Bigarrena.-Foru Agindu hau aplikatzeko egintza guztietan gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritutako egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2001. urtean laguntza eskaerak aurkezteko epea 2001eko ekainaren 30era artekoa izanen da.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta 2001eko urtarrilaren 1etik aplikatuko da.

Iruñean, bi mila eta bateko apirilaren hogeita hamarrean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0104938