67. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

12/2001 Foru Legea, maiatzaren 24koa, Castejónen ikasleen hezkuntza-zerbitzua mantentzeari buruz Nafarroako Parlamentuak 2000ko ekainaren 30ean hartutako Erabakia betearaztekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, CASTEJàNEN IKASLEEN HEZKUNTZA-ZERBITZUA MANTENTZEARI BURUZ NAFARROAKO PARLAMENTUAK 2000KO EKAINAREN 30EAN HARTUTAKO ERABAKIA BETEARAZTEKOA

ZIOEN AZALPENA

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Nafarroako Zuzendaritzak Castejónen derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikastetxe bat jartzea erabaki zuen 1989ko urtarrileko Azterlanean -Ikastetxeen Sarea-Hezkuntza Planifikazioa Nafarroan Irakaskuntzen Erreformari Begira-, Castejon, Cadreita, Arguedas eta Valtierrako biztanleei zerbitzua ematearren. Halere, orduko alkateen arteko arazoak zirela-eta, Castejón eskola-mapatik at geratu zen. Castejóngo eskola-komunitatea, ordea, ez zetorren erabaki horrekin bat, eta ez zuen etsi, harik eta, gutxienez, lehen zikloa izateko behin-behineko baimena lortu zuen arte 1997ko ekainean. Horrela, Nafarroako beste kasu batzuetan bezala, egoera berezia zela onartu eta salbuespen bat egin zen. Izan ere, Foru Komunitateko zenbait herritan eman izan da baimena derrigorrezko bigarren hezkuntza osoa zein lehen zikloa emateko, malgutasun irizpideei jarraikiz -araudiak xedatutakoari jaramon egin gabe-, ikasleentzako hezkuntza zerbitzua eta ikastetxearen hurbiltasun printzipioa kontuan hartuz.

Hezkuntza Administrazioak erabakia hartu zuenetik igarotako urteetan, bertako herritarrek behin eta berriro eskatu dute Castejónen hezkuntza zerbitzuak izatea, hurbil egote printzipioari zein neska-mutikoen bizi kalitateari eta, hortaz, irakaskuntzarekiko jarrera hobea izateari lehentasuna emanez. Hezkuntza komunitatearen ustez, kaltegarria da ikasleak egunero eramatea 232 errepidetik Tuteraraino, Estatuko errepiderik arriskutsu eta ibilienetarikoa baita. Gainera, oso positibotzat jotzen dute herrian eman den urteetako derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen zikloaren kalitatea. Haien ustez, ikastetxea eta irakasleak eskura izateak bide ematen du familiek hezkuntza sisteman benetan parte har dezaten eta erabakiak garaiz har daitezen; hau da, haien ustez horrek hezkuntzaren kalitatea hobetzea dakar.

1999/2000 ikasturtean, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak derrigorrezko bigarren hezkuntzako 1. maila kendu zuen -35 ikasleek Tuterara joan behar dute harrezkero- eta 2. maila soilik geratzen da. Derrigorrezko bigarren hezkuntzako 1eko 26 ikasleak ikasturte honetan agian Tuterara joan behar izanen zirela-eta, familiek aho batez eskatu zuten Castejónen lehen ziklo osoa egotea, eta erabakiarekin bat egin zuten Eskola Kontseiluak eta gurasoen elkarteak.

Castejóngo Udalak ere ikusi zuen beharrezkoa zela herriarentzat hain garrantzitsua den auzi hori konpontzea, eta halatan, 2000ko ekainaren 23an egindako osoko bilkuran aho batez onetsi zen derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen zikloko ikasleei emandako hezkuntza zerbitzua mantentzeko eta zerbitzu hori aurrerago bigarren ziklora zabaltzeko erabakia, bai eta Dos de Mayo ikastetxe publikoa handitzeko obrei ekitekoa eta Lehen Hezkuntzako langileak eta bikoizketak mantentzekoa ere.

Castejóngo hezkuntza komunitateak bere asmoak azaldu zituen Nafarroako Parlamentuan, ekainaren 2an Hezkuntza eta Kultura Batzordean egindako agerraldiaren bidez; bertan, Eskola Kontseiluko ordezkariek eta alkateak ikasleek bertan jarraitzeko eskaria egin zuten. Hezkuntza zerbitzua mantentzeko behin eta berriro egin duten eskariaren ondorioz, Nafarroako Parlamentuak Erabaki bat onetsi zuen gehiengoz ekainaren 30ean, Castejóngo Udalak osoko bilkuran onetsitako erabakiaren ildotik. Haren bidez, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatu zuen Castejóngo Dos de Mayo ikastetxe publikoa handitzeko obrak egin ditzan, derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen zikloa herrian manten dezan, bigarren zikloa piskanaka ezartzen hasteko ideia azter dezan eta irakasleen plantillari eta bikoizketei euts diezaien.

Ikasturtea hasi eta erabakia betetzen ez zela ikusita, ahoz erantzuteko galdera egin zitzaion Nafarroako Gobernuari Biltzarrak 2000ko irailaren 14an egindako Osoko Bilkuran, eta Hezkuntza eta Kultura kontseilariak erantzun zuen. Nafarroako Gobernuaren ordezkariak ulertu zuen Parlamentuak eskaera batzuk bete ditzan premiatu zuela Gobernua, baina egon ez zegoela inongo agindurik.

Artikulu bakarra.-Nafarroako Gobernuak derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen zikloari dagozkion hezkuntza zerbitzuak ezarriko ditu Castejónen, bertako herritarrek eskatzen duten eskolatzeari erantzuteko.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.-Derrigorrezko bigarren hezkuntzako bigarren zikloa piskanaka ezarri eta ikasleen hezkuntza zerbitzua handitu ahalko du Nafarroako Gobernuak, herrian aurreikusi den industri-garapenari begira.

Bigarrena.-Nafarroako Gobernuak CastejÍngo Dos de Mayo ikastetxe publikoa handitzeko obrak eginen ditu, ikastetxe hori herriak egun dituen beharrizanetara egokitzearren, eta herriaren hezkuntza beharrizanak aregotzen badira, azpiegitura berriak ezarriko ditu horiei erantzuteko.

AZKEN XEDAPENA

Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra foru lege honek.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren hogeitalauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0105551