67. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Legeak

11/2001 FORU LEGEA, maiatzaren 24koa, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileentzako neurriei buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEENTZAKO NEURRIEI BURUZKOA

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen. Bertan ezartzen da funtzio publikoaren arloko zenbait xedapen foru lege mailako arauen bidez onetsi behar direla.

2000 eta 2001. urteetan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileek izanen dituzten lan baldintzei buruz administrazioak eta sindikatuek 2000ko apirilaren 4an sinatutako hitzarmena bi parte horien arteko negoziazio prozesuaren emaitza izan da.

Hitzarmen horretako alderdi batzuk arauetan bildu behar dira. Gero, hitzarmenaren 19. idatz-zatiaren arabera, administrazioak dagokion maila emanen dio arau horietako bakoitzari, behar bezala onetsi eta indarra hartzeko.

2000ko apirilaren 17an, Nafarroako Gobernuak berretsi zuen 2000ko apirilaren 4ko hitzarmen hura eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari agindu zion hura betearazteko beharrezko neurri eta ekimenak jar zitzala abian, hala legezkoak nola erregelamenduzkoak, kasuan-kasuan behar den organoak onetsi eta gero indarra har zezaten.

Hitzarmenean interes partikularreko borondatezko eszedentzia kasuetan jatorrizko lanpostua urte bat eta erdiz erreserbatzeko aukera biltzen da eta, bestalde, azaroaren 5eko 39/1999 Legean aurreikusitakoa aplikatzeko behar diren aldaketak egiten dira, langileek batera eraman ahal izan ditzaten laneko eta familiako eginkizunak.

Horri gagozkiola, azaroaren 5eko 39/1999 Legeak funtzio publikoa erreformatzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 29.4 artikulua aldatu du, seme-alabak zaintzeko eszedentziaren gainekoa hain zuzen. Horren ondorioz, hura baliatzeko arauak zehaztu dira eta eszedentzia eskatzeko arrazoi bat gehiago sartu, hots, beren buruaz baliatzeko gauza ez diren ahaideei laguntzea.

Azkenik, behin eta berriz aipatzen ari garen hitzarmen horren 9. idatz-zatian, zenbait langile-talde C mailan sartzeari buruzko horretan, ezartzen da foruzainak, suhiltzaileak, ingurugirozainak, mendi zaindariordeak eta puerikulturako laguntzaileak, 2001eko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, C mailan sar daitezen proposatzeko lege-arauen proiektuak izapidatuko direla. Aldaketa horrekin batera langileek egun jasotzen dituzten osagarriak ere moldatuko dira, aldaketa horrek, ahal bada, kostu ekonomikorik izan ez dezan. Hori guztia hitzarmena sinatu duten sindikatuekin negoziatuko da.

Kontuan harturik Nafarroako polizia kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legearen arabera, foruzainentzako eta udaltzainentzako arauak berdinak direla, bidezko da C mailaren aldaketak bi langile-talde horietan izanen duen eragina berdina izatea.

Bestalde, beharrezkoa da Langile Estatutuaren 7.a) eta 10. artikuluak aldatzea, zerga, administrazio eta gizarte neurriei buruzko abenduaren 29ko 55/1999 Legeak Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarrak funtzio publikoaren zenbait sektoretan sartzeko bidea arautzen duen abenduaren 23ko 17/1993 Legean egin dituen aldaketetara egokitzeko.

Halaber, Langileen Estatutuaren 7.b) artikulua aldatuko da, langile-talde batzuetan sartzeko erregelamenduz ezarrita dagoen gehieneko adin-mugari lege mailako estaldura emateko.

Azkeneko xedapenetan zazpigarrenari bigarren lerrokada bat erantsi zaio minusbaliotasunak dituztenak funtzio publikoan sartzeko aukerak zabaltzeko asmoz, izan ere, bertan ezartzen da lanpostu hutsak aukeratzeko orduan lehentasuna izanen dutela txanda irekiko izangaien aurretik.

Bestalde, aipatu Langileen Estatutuaren hamabosgarren xedapen gehigarria bestala idatziko da, eta Nafarroako administrazio publikoen menpeko Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuetako langileeen erregimenaren ezaugarri bereziak jasotzen dira. Halaber, Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legearen 32, 34.3, 35, 37, 40, 46.4 eta 46.6 artikuluak bestela idatziko dira.

Azkenik, egoki da langileriaren gaineko hainbat neurri biltzen dituen testu honetan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berezia onesten duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 29.1.c) eta 30. artikuluen aldaketa ere sartzea. Aldaketa horri esker, aipatu erakunde autonomoari ahalmena ematen zaio lanaldi partzialeko langileak kontrata ditzan.

I. KAPITULUA

Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bateginean sartu diren aldaketak

1. artikulua. 7. artikulua honela geldituko da:

"7. artikulua.

Hautapen probetan onartua izateko, honako beharkizun hauek bete beharko dira:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

Europar Batasuneko zuzenbideari jarraikiz, Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako nazionalitatea dutenek ere sartzea izanen dute lanpostu publiko guztietan, espainiarrei eskatzen zaizkien baldintza berberetan, salbu eta botere publikoan zuzenean edo zeharka parte hartzea dakarten lanpostuetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak defendatzea helburu duten eginkizunetan.

Aurreko lerrokadan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, hala nola euren oinordekoei eta ezkontidearen oinordekoei ere, zuzenbidearen arabera bananduta ez badago, baldin eta oinordekoak 21 urtetik beherakoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira.

Orobat aplikatuko zaie, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen zirkulazio librea onartzen duten herrialdeetako biztanleei.

Nafarroako administrazio publikoek, zeinek bere eskumenen arabera, zehaztu beharko dute zein diren Europar Batasuneko beste estatuetako nazionalitatea dutenek betetzerik ez duten lanpostuak.

b) Adinez nagusia izatea eta erregelamenduz ezarritako adinetik beherakoa, horrelakorik finkatzen baldin bada.

c) Eskatutako titulua edukitzea edo, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean, hura eskuratzeko egoeran izatea.

d) Kasuan kasuko eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo baztertua ez izatea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea."

2. artikulua. 10. artikulua honela geldituko da:

"10. artikulua.

Funtzionario izaera honako kasuotan galduko da:

a) Norberak propio eskatuta.

b) Espainiako edo Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea galdutakoan, salbu eta, horrekin batera, kide den beste estatu batekoa hartzen baldin bada.

Estatutu honetako 7. artikuluko a) letran xedatutakoaren arabera, lanpostu publiko batean espainiarren baldintza berberetan sartzea ahalbidetzen duten baldintzetako bat galdutakoan, salbu eta interesatuak a) letran adierazten diren beharkizunetako bat betetzen baldin badu.

c) Diziplina espediente baten bidez edo epai judizial irmo baten bidez zerbitzutik bereizitakoan.

d) Estatutu honetako 26.3 eta 27.7 artikuluetan zehaztutako kasuetan".

3. artikulua. 26. artikuluko 1. idatz-zatiko c) letra honela geldituko da:

"c) Funtzionarioaren interes partikularrengatik. Jatorrizko lanpostua hemezortzi hilabetez gordeko da, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute eta interesatuak egiaztatzen baldin badu eskaera egin aurreko bi urteetan, gutxienez, jardunean edo horren antzeko lan egoera batean aritu dela".

4. artikulua. 27. artikulua honela geldituko da:

"27. artikulua.

1. Funtzionarioak eskatuta, eszedentzia berezia onartu ahalko da, kasuan-kasuan ezartzen den eperako, honelako kausa hauek egiaztatuz gero:

a) Hiru urterako, gehienez, seme-alaba bakoitza zaintzeko, naturalak zein adoptatuak, hala nola adoptatu aurreko harrera-fasean daudenak eta babespean betiko hartzen direnak ere. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.

b) Hiru urterako, gehienez, funtzionarioaren kargura dagoen odoleko edo ezkontza bidezko ahaideren bat zaintzeko, bigarren gradu artekoa -horiek barne-, baldin eta adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez bada eta lansari erregularrik jasotzen ez badu.

2. Eszedentzia berezi bakarra hartu ahal izanen da hura eragiten duen subjektu bakoitzeko. Beste subjektu eragile batek beste eszedentzia berezi baterako bide ematen badu, hura hastearekin batera ordura arte disfrutatzen ari zen eszedentzia amaituko da.

3. Eszedentzia mota hau funtzionarioen banakako eskubidea da. Subjektu eragile berak bi funtzionariorentzako eskubidea ahalbidetzen baldin badu, kasuan kasuko administrazio publikoak eskubidea izanen du bi funtzionarioek aldi berean erabili behar duten eszedentzialdia mugatzeko, zerbitzuaren beharrak direla-kausa arrazoi justifikaturik baldin badago.

4. Kasu guztietan, eszedentzia berezia emateko, funtzionarioak aitortu beharko du bitartean ez duela beste jarduera profesionalik edo lanik egin behar.

5. Eszedentzia berezian dauden funtzionarioek jatorrizko lanpostua gordetzeko eskubidea izanen dute, baina ez dute eskubide ekonomikorik sortuko. Dena den, antzinatasunaren ondorioetarako, egoera horretan ematen duten aldi osoa aintzat hartuko zaie. Eskubide pasiboen ondorioetarako, haien babes sozialeko arautegian ezarritakoari jarraikiko zaio.

6. Eszedentzia berezia duten funtzionarioek eszedentzi aldia bukatu eta hurrengo egunean hasi beharko dute lanean jatorrizko lanpostuan.

7. Eszedentzia bereziko aldia bukatu gabe ere, interesatuek noiznahi eskatu ahalko dute jardunean hastea, baina kausa berean oinarritutako beste eszedentziarik ezin izanen dute eskatu. Lanean berriz hastea erabakitakoan, aurreko artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiko zaio".

5. artikulua. Zazpigarren xedapen gehigarriari bigarren lerrokada bat erantsi zaio, honako hau dioena:

"Aurreko lerrokadan ezarritako ezintasun-maila izanda, administrazioan sartzeko deialdi bateko lanpostua lortzen duten izangaiak, lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, txanda irekiko izangaien aurretik egonen dira, zein txandatatik sartu diren kontuan hartu gabe."

6. artikulua. Hamabosgarren xedapen gehigarriak testu hau izanen du:

"Hamabosgarrena.-1. Nafarroako admininistrazio publikoen menpeko su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetako funtzionarioei dagozkien gaiak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei buruzko xedapen orokorrek arautuko dituzte, salbu eta hurrengo idatz-zatietan xedatutakoan.

2. Su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetan, betiere, lanpostu hauek izanen dira:

Suhiltzaile-ofiziala: A maila.

Suhiltzaile-ofizialordea: B maila.

Suhiltzaile sarjentua: B maila.

Suhiltzaile kabua: C maila.

Suhiltzailea: C maila.

3. Suhiltzaile lanpostuak funtzio publikoan sartzeko oposizio bidez beteko dira. Hautaketa proben artean, betiere, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen duen prestakuntza ikastaro bat egonen da. Ikastaroak dirauen bitartean izangaiak praktiketako funtzionarioak izanen dira.

4. Suhiltzaile kabuaren lanpostu hutsak goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa bidez beteko dira, Nafarroako edozein Administrazio Publikoaren suhiltzaileen artean. Lehiaketan, betiere, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen duen gaikuntza ikastaro bat egonen da. Goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa horretan parte hartzeko baldintza izanen da, suhiltzaile lanpostuan hiru urteko zerbitzuak egiaz eman direla frogatzea.

5. Suhiltzaile sarjentuaren lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bidez beteko dira. Lehiaketan, betiere, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen duen gaikuntza ikastaro bat egonen da. Parte ahal izanen dute, barne igoera txandan, suhiltzaile kabuek baldin eta frogatzen badute kabu lanpostuan hiru urteko zerbitzuak egiaz eman dituztela eta erregelamenduz ezarritako titulua, unibertsitatekoa, erdi edo goi mailakoa, badute; eta suhiltzaile kabuek baldin eta frogatzen badute Nafarroako edozein Administrazio Publikoan bost urteko zerbitzuak egiaz eman dituztela.

6. Suhiltzaile-ofizialordearen lanpostu hutsak goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa bidez beteko dira, Nafarroako edozein Administrazio Publikoaren suhiltzaile sarjentoen artean. Lehiaketan, betiere, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen duen gaikuntza ikastaro bat egonen da. Goragoko kategoriara igotzeko lehiaketa horretan parte hartzeko baldintza izanen da, suhiltzaile lanpostuan hiru urteko zerbitzuak egiaz eman direla frogatzea.

7. Suhiltzaile-ofizialaren lanpostu hutsak oposizio-lehiaketa bidez beteko dira. Lehiaketan, betiere, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emanen duen gaikuntza ikastaro bat egonen da. Nafarroako edozein administrazio publikotako suhiltzaile-ofizialordeek parte hartu ahalko dute, baldin eta frogatzen badute ofizialorde lanpostuan bost urteko zerbitzuak egiaz eman dituztela eta erregelamenduz ezarritako titulua, unibertsitateko goi mailakoa, badute. Oposizio-lehiaketa horretan betetzen ez diren lanpostu hutsak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko A mailako funtzionarioen arteko lekualdatze lehiaketaren bidez beteko dira, betiere beraien lanposturako suhiltzaile-ofizial izateko erregelamenduz ezarritako unibertsitateko goi mailako titulazioa eskatu baldin bazieten. Horren ondotik ateratzen diren lanpostu hutsen deialdia txanda irekiko oposizio-lehiaketaren bidez eginen da.

8. Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren sarrera eta igoera prozedurak ebatzi aitzin, dauden lanpostu hutsak Nafarroako edozein administrazio publikotan lanpostu berdinak betetzen dituzten funtzionarioen arteko lekualdatze lehiaketara aterako dira.

9. Suhiltzaile edo suhiltzaile kabu lanpostuetan aritzen diren funtzionarioek, 55 urte betetakoan destino hauetako bat aukeratu ahal izanen dute:

a) Lanpostu berean gelditzea 60 urte bete arte. Horretarako, osasun azterketa eta gaitasun fisikoko probak gainditu beharko dira urtero, lanpostuan aritzeko behar diren baldintzak dituztela frogatzeko.

b) Dauden zerbitzuan zerbitzu osagarrietako lanpostu batetara pasatzea. Lan horietan aritzen direnek ez dute zuzenean esku hartzen ezbeharretan eta laguntzako eginkizunak betetzen dituzte.

Eritasuna edo istripua dela-eta, lanpostuaren eginkizunak betetzeko ezindurik dauden Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuetako funtzionarioek ere zerbitzu osagarrietako lanpostu batetan aritzera pasatu ahalko dira, eta horrek operazio-taldean lanpostu hutsa sortuko du."

II. KAPITULUA

Nafarroako polizia kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legean egin diren aldaketak

7. artikulua. 32. artikulua honela geldituko da:

"32. artikulua.

Nafarroako polizia kidegoetan sartzeko, honako titulu hauek eskatuko dira, gutxienez:

a) Polizia, kabu eta sarjentu lanpostuetarako, batxilergoko edo goi mailako teknikariaren titulua, edo horien baliokidea.

b) Ofizial karguetarako, unibertsitateko goi mailako titulua edo horren baliokidea izatea, edo bestela, Estatuko segurtasun kidego eta indarretako edo indar armatuetako buru, ofizial edo agintaria izatea".

8. artikulua. 34. artikuluko 3. idatz-zatia honela geldituko da.

"3. Aurreko idatz-zatian aipatu oposizio-lehiaketan parte hartzeko, egiaztatu beharko da aurre-aurreko beheragoko lanpostuan bi urteko antzinatasuna duela, gutxienez".

9. artikulua. 35. artikulua honela geldituko da:

"35. artikulua.

1. Foruzain-ofizialen lanpostu hutsak honela beteko dira:

a) Ehuneko berrogeita hamar barneko igoera txandan, Foruzaingoko kideen arteko oposizio-lehiaketa bidez.

b) Beste ehuneko berrogeita hamarra Estatuko segurtasuneko kidego eta indarretako edo indar armatuetako buru, ofizial edo agintarien arteko oposizio-lehiaketa bidez.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritako ehunekoak aplikatzeko, sortzen diren bi lanpostu hutsetatik lehenengoa barne igoerarako izanen da eta bigarrena aurreko idatz-zatiko b) letran ezarritako txandarako.

3. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko a) letran aipatu oposizio-lehiaketan parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aurre-aurreko lanpostuan, gutxienez, bi urteko antzinatasuna izatea.

b) Lanpostu horretarako eskaturiko titulu akademikoa izatea.

4. Udaltzaingoko Kidegoetako Ofizialen lanpostu hutsak arestiko idatz-zatian zehazturiko baldintzak betetzen dituzten udaltzainen artean beteko dira.

5. Arestiko 1. eta 4. idatz-zatietan ezarritakoari jarraikiz betetzen ez diren ofizial lanpostuak txanda irekian eskainiko dira, 32. artikuluko b) idatz-zatiko baldintzak betetzen dituztenen artean bete daitezen".

10. artikulua. 37. artikulua honela geldituko da:

"37. artikulua.

Nafarroako Administrazio Publikoen menpeko Polizia Kidegoetako funtzionarioak maila hauetan sailkatuko dira:

a) Ofizialak: A maila.

b) Sarjentuak: B maila.

c) Poliziak eta kabuak: C maila".

11. artikulua. 40. artikulua honela geldituko da:

"40. artikulua.

Lanpostu hutsak sortzen direnean, mailaz gora egiteko modua oposizio-lehiaketa izanen da, kasuan kasuko kidegoan maila apalagoetan dauden funtzionarioen artean, 35. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoari jarraikiz".

12. artikulua. 46. artikuluko 4. idatz-zatia honela geldituko da:

"4. Lanpostuaren osagarria zailtasun edo erantzukizun berezia duten lanpostuei emanen zaie, hala nola bizkartzaintza zerbitzukoei, prestakuntza tekniko berezia behar dutenei eta unitate organikoetako buruei. Kasuan kasuko mailaren oinarrizko soldataren % 85ekoa izanen da, gehienez".

13. artikulua. 46. artikuluko 6. idatz-zatia honela geldituko da.

"6. Bateraezintasunaren osagarria, eginkizunak ikusita, haren beharra duten lanpostuei esleituko zaie. Kasuan kasuko mailaren oinarrizko soldataren % 25ekoa izanen da, gehienez".

III. KAPITULUA

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide berezia ezartzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean egindako aldaketak

14. artikulua. 29. artikuluko 1. idatz-zatiko c) letra honela geldituko da:

"c) Behar bezala justifikatzen diren beste langile-premia batzuei erantzutea, lanaldi osokoak zein partzialekoak, betiere behar horiei erantzuteko langile finkorik ez dagoela egiaztatzen baldin bada".

15. artikulua. 30. artikulua honela geldituko da:

"30. artikulua.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzen diren langileek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko funtzionario-izaera izanen dute, salbu eta lanaldi partzialeko lan-kontratudun finkoek. Dena den, sartzen diren langile guztiei Gizarte Segurantzaren araubide orokorra aplikatuko zaie.

IV. KAPITULUA

Langile-talde batzuk B eta C mailetan sartzea

16. artikulua. 1. Foru lege honek indarra hartzeko unean, kabo edo polizia lanpostuetan ari diren Foruzaingoko edo udaltzaingoetako kideak Nafarroako polizia kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legearen 37. artikuluan ezarritako sailkapenaren C mailan sartuko dira.

2. Foru lege honek indarra hartzeko unean, sarjentu lanpostuetan ari diren Foruzaingoko edo Udaltzaingoetako kideak Nafarroako Polizia Kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legearen 37. artikuluan ezarritako sailkapenaren B mailan sartuko dira.

3. Toki entitateetako funtzionarioak, foru lege honek indarra hartzean ondotik ageri diren baldintzak betetzen dituztenak, C mailan sartuko dira, "albiente" izenarekin:

a) Lanpostu hauetako bat betetzen egotea: zaindaria, zaintzailea, agentea, albientea, gauzaina edo baliokidea, D mailakoa.

b) Delako lanpostua Nafarroako polizia kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legeak indarra hartu ondotik eskuratu baldin bada, foru lege horren 12.2 artikuluak aipatzen duen prestakuntza ikastaroa gainditu izana.

c) Indarra hartu aurretik eskuratu baldin bada, berriz, udaltzaingoaren eginkizunak agente armadun gisa egiaz bete izana ordura arte.

17. artikulua. Foru lege honek indarra hartzeko unean, polizia ofizialordea lanpostuetan ari diren Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileak, eta iraungi beharreko lanpostua dutenak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuan ezarritako sailkapenaren B mailan sartuko dira.

18. artikulua. Foru lege honek indarra hartzeko unean, suhiltzaile, zerbitzu osagarrietako suhiltzaile, suhiltzaile gidari, zerbitzu osagarrietako suhiltzaile gidari, suhiltzaile kabu edo zerbitzu osagarrietako suhiltzaile kabu lanpostuetan ari diren Nafarroako administrazio publikoen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuan ezarritako sailkapenaren C mailan sartuko dira.

19. artikulua. Foru lege honek indarra hartzeko unean, ingurugirozain, mendi zaindariorde, puerikulturako laguntzaile edo puerikultura-klinikako laguntzaile lanpostuetan ari diren Nafarroako administrazio publikoen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak Nafarroako Administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuan ezarritako sailkapenaren C mailan sartuko dira.

20. artikulua. Foru lege honetako IV. kapituluan arautu diren sailkatzeen ondorio ekonomiko eta administratiboek 2001eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dute indarra. Aldaketarekin batera, lanpostu horien egungo lansari osagarri guztiak moldatuko dira, izan ere, sailkatze berria izan arren, langile horiek gaur egun jasotzen dituzten guztirako lansarietan (oinarrizkoak zein osagarriak) ez da igoerarik egongo, graduari dagozkion ordainsarietan izan ezik.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Foru lege honen bidez sailkapen berria duten Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzeko, foru lege honek indarra hartu ondoren onesten diren deialdietara aurkezten diren izangaiei, arau indardunetan ezarritako baldintzez gainera, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko 15. artikuluko 2. idatz-zatian C mailakoentzat ezarritako titulua edukitzea ere eskatuko zaie.

Bigarrena.-Puerikulturako laguntzaile eta puerikultura-klinikako laguntzaile lanpostuetan ari direnak C mailara igarotzearekin batera, lanpostu horien izena ere aldatuko da. Haurtzaindegi bati atxikita dauden lanpostuei "haurren hezitzaile" izena emanen zaie eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen beste zentro edo zerbitzu bati atxikitakoei "hezitzaile".

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.-Interes partikularreko borondatezko eszedentzietan lanpostuaren erreserbaldia hemezortzi hilabetera zabaltzeko foru agindu honetan ezarritako bidea foru lege honek indarra hartu aurretik deklaratutako kasu guztiei aplikatuko zaie, betiere egun hartan orain arte hitzartutako erreserbaldia -urtebekoa- amaitua ez badago.

Bigarrena.-Interes partikularreko borondatezko eszedentzia 2000. urtean onartua duten langileek, eman zitzaien egunean eszedentzia berezia baliatzeko foru lege honetan ezarri diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen baldin badute, eszedentzia-mota aldatzea eskatu ahalko dute, hasierako deklarazioa egin zenetik aurrerako ondorioekin.

Hirugarrena.-Foru lege honen arabera sailkapen berria duten lanpostuak betetzeko deialdia foru lege honek indarra hartu aurretik argitaratua baldin bada, deialdiari aurreko arautegia aplikatuko zaio, baina izendatu eta kargua hartzen duten izangaiak C mailan sartuko dira, kasuan kasuko administrazio publikoaren ekinbidez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe utzi dira foru lege honetan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko xedapenak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nafarroako Gobernuari ahalmena eman zaio foru lege hau zuzen betearazi eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak Nafarroako polizia kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legearen testu bategin bat prestatu eta onetsiko du legegintzako foru dekretu bidez.

Hirugarrena.-Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, salbu eta 20. artikuluan xedatutakoak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren hogeitalauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: A0105549