66. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 30a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

I R U Ñ A

Iruñeko Udalean 51 administrari laguntzaile lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdia

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea Iruñeko Udalaren zerbitzura jarduteko 51 administrari laguntzaile lanpostu oposizio bidez betetzea da, zeinetatik 47 Udalaren alorretan aritzeko baitira eta 4, Udalaren Hirigintza Gerentziarako, beti ere, ondoko txanda hauetan banaturik:

a) 24 lanpostu, txanda irekian.

b) 24 lanpostu, txanda murriztuan.

c) 3 lanpostu, % 33ko edo hortik gorako ezintasuna duten minusbaliatuendako txanda murriztuan.

1.2. Igoera txandako lanpostuak hutsik geldituz gero, izangaiek hautapen probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa atera ez dutelako, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Orobat, Minusbaliatuendako txanda murriztuko izangaiek hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortu ez eta, horrenbestez, hutsik gera daitezkeen lanpostuak beste txandakoei gehituko zaizkie, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.3 artikuluan ezarrita dagoen banaketa-ordenari jarraikiz.

Bestalde, igoera txandan edo minusbaliatuendako txanda murriztuan probak gainditzen dituzten izangaien kopurua lanpostu hutsen kopurua baino handiagoa baldin bada, txanda horietako probak gainditu eta lanposturik gabe gelditu direnek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuetarako lehiatzeko, betiere txanda horretako izangaiekin lehia garbian arituz eta lortutako azken puntuazioari jarraikiz.

1.3. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatuak, Iruñeko Udaleko funtzionarioei buruzko xedapen indardunetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.4. Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta Iruñeko Udalari aplikatzeko diren gainerako xedapenetan erabakitakoaren arabera.

1.5. Hautapen probak gainditu eta deialdi honetako lanpostuetan aritzeko izendatuko diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko dira eta alta emanen zaie, aipatu erregimen horretan aurreikusitako babesean.

Deialdi honetako lanpostuetarako izendatuak izan eta eskubide pasiboen erregimenean eta osasun eta gizarte laguntzan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta gainerako xedapen osagarrietan aipatzen den hartan, afiliatuta dauden funtzionarioek bertan segitzea aukeratu ahalko dute edo Gizarte Segurantzan afiliatu.

1.6. Izendatutako izangaiek destinoko herrian bizi beharko dute, eta horretarako, Iruñeko udalerrian eduki beharko dute bizileku finkoa.

1.7. Lanaldiaren erregimena zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek edozein unetan aldatu ahalko dute.

1.8. Gauzatu beharreko eginkizunak:

-Bulegoko eginkizun osagarriak, lan jakin batzuk eginik, hala nola, agiriak erregistratu eta agiriak eta espedienteak mekanografiatu eta artxibatzea.

-Eginkizun osagarriak, espediente eta agirien antolamendu eta kudeaketan, haien nagusi hurrenek aginduta.

-Haien titulazioaren berezkotzat jotzen diren oro, bai eta horiek garatzeko eginkizun administratiboak eta horiekin loturik daudenak.

2.-Izangaien betekizunak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarrak izatea, edo Europako Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europako Batasunak egin eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera kasu honetan onar daitekeen beste estatu batekoak, eta adin nagusikoa izatea.

b) Eskola graduatu titulua, Lehen mailako Lanbide-heziketakoa edo baliokidea edukitzea.

c) Haien lanpostuek berezko dituzten egitekoetan aritzeko behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa mugatu ahal duen gaitz larri edo kronikorik ez izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Igoera txandako izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, aipatutako baldintzez gain beste hauek ere bete beharko dituzte:

e) Nafarroako edozein Administrazio Publikotako langile finko izatea eta borondatezko nahiz behartutako eszedentzian ez egotea.

f) Deialdiko lanpostu hutsen maila bereko edo txikiagokoak izatea.

g) Nafarroako Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun onartua dutela frogatzea.

Titulaziorik eduki ezean, horren ordez, Nafarroako administrazio publikoetan zortzi urtez zerbitzu ematen aritu izanaren frogagiria aurkeztu ahalko da.

2.3. Arestiko betekizunak azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek egiaztatu beharko dituzte, deialdi honen zortzigarren oinarriak xedatzen dituen eran eta epean, eta joko da izangaiek beteak dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna baino lehenago, eta haien jabe direla oposizioa egin bitartean eta izendapenaren unean ere.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik aitzina. Aipatu eskabideak deialdian I. eranskin gisara argitaratutako ereduari lotuko zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko ezarritako epearen azken eguna baino lehenago. Eredua Iruñeko Udaleko Zuzeneko Kudeaketarako Bulegoan eskura daiteke (Casa Marceliano, Merkatuko kalea, 7-9).

3.2. Minusbaliotasunik dutenek hura zer-nolakoa den adierazi beharko dute eskabidean eta ariketak egiteko denboraren nahiz bitartekoen aldetik beharrezko izan ditzaketen egokitzapenak eskatu ahalko dituzte, eta, kasu horretan, minusbaliotasunaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, erakunde eskudunak luzatua.

3.3. Eskabideari agiri hauek erantsiko zaizkio:

A) Udal Diruzaintzan azterketari dagokion tasa gisara 430 pezeta ordaindu izanaren egiaztagiria.

B) Igoera txandan parte hartzea eskatzen duten izangaiek, aurrekoaz gain, 2.2. idatz-zatiko baldintzak betetzen dituztela frogatzeko agiriak ere aurkeztu beharko dituzte.

C) Minusbaliatuendako txanda murriztuan parte hartzea eskatzen duten izangaiek minusbaliatu direla frogatzeko agiria aurkeztu beharko dute.

3.6. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin-behineko zerrenda argitaratu eta ondoko hamar egun balioduneko epearen barnean, erreklamazioak egin ahalko dituzte, eta akatsik baldin bada, zuzendu.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iraganik eta haiek ebatzitakoan, Alkateak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Alkatea edo bere ordez arituko den zinegotzia.

Ordezkoa: Alkateak izendatu beharrekoa.

Mahaikidea: Miguel Angel Irisarri Mateo jauna.

Ordezkoa: Alfredo San Miguel Díaz jauna

Mahaikidea: Margarita García Manzanero andrea

Ordezkoa: Olga Villanueva Lizasoain andrea

Mahaikidea: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Ordezkoa: Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Mahaikide-idazkaria: Pascual Yoldi Azpíroz jauna

Ordezkoa: María Carmen Indurain Blasco andrea.

Epaimahaia hautapen probak egin baino lehenago osatu beharko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da osatu, ez eta jardun ere, guttienez ere bere kideen erabateko gehiengoa biltzen ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu, deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak deitu ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek espezialitate teknikoetara mugatuko dira, eta horiexetan bakarrik lagunduko dute epaimahaia.

6.-Oposizioaren garapena.

6.1. Oposizioa deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta gutxienez bi hilabete pasata hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera emanen da aditzera noiz, non eta zein ordutan hasiko den.

Horren ondotik, epaimahaiak behar denean eta Erregelamenduari jarraikiz emanen ditu aditzera gainerako probetarako iragarkiak.

6.2. Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 150 puntu lortu ahalko dira bertan:

Lehen ariketa: bi proba izanen dira, eta horietan horretarako propio prestatutako bi galdera-sortei idatziz erantzun beharko zaie, ondokoei buruz:

a) Administrazio esparruko probak, ondokoak neurtzeko: ortografia gaitasuna, hizkuntzakoa eta gaitasun burokratikoa.

Proba hau egiteko izangaiek ezin izanen dute hiztegirik erabili.

b) Administrazio esparruko probak, zenbaki eta matematiketarako gaitasunak neurtzeko.

Proba hau egiteko izangaiek ezin izanen dute kalkulagailurik erabili.

Bigarren ariketa: Horrek ere bi proba izanen ditu, ondoko gisara:

a) Galdera-sorta bati erantzutea, deialdi honetako II. eranskinaren lehen partean jasotako gaiei buruz.

b) Galdera-sorta bati erantzutea, deialdi honetako II. eranskinaren bigarren partean jasotako gaiei buruz.

Epaimahaiak erabakiko du proba horiek zenbat iraunen duten eta lehen eta bigarren ariketak egun bakar batean eginen direnentz.

Hirugarren ariketa:

Idazmakinaz kopiatzea, gehienez ere 7 minutuz, Epaimahaiak emandako testu bat, zeina bat eta bera izanen baita izangai guztiendako. Proba hau egiteko oposizio egile bakoitzak berak eramanen duen idazmakina erabiliko du, eta ez da baimenduko idazmakina elektriko edo elektronikorik erabiltzea ezta proba egin behar den tokiko altzarien ordeztea ere. Bakar-bakarrik onartuko da idazmakinaren altuera egokitzeko elementuak erabiltzea, mahaiaren gainean, edo oposizio egilearen altuera egokitzekoak, aulkian.

Epaimahaiak ezarriko du nola transkribatu behar duten oposizio egile guztiek probaren xedea den testua.

7.-Oposizioaldiko azterketen balorazioa.

Lehen azterketa:

a) Ortografia gaitasunari, hizkuntzakoari eta gaitasun burokratikoari buruzko proba administratiboen gaineko galdera-sorta: 0 eta 30 puntu bitarte emanen da eta, gainditzeko, gutxienez 15 puntu atera beharko da.

b) Zenbaki eta matematiketarako gaitasunei buruzko galdera-sorta: 0 eta 30 puntu bitarte emanen da eta, gainditzeko, gutxienez 15 puntu atera beharko da.

Bigarren azterketa:

a) Gaitegiaren 1. partea: 0 eta 30 puntu bitarte emanen da eta, gainditzeko, gutxienez 15 puntu atera beharko da.

b) Gaitegiaren 2. partea: 0 eta 30 puntu bitarte emanen da eta, gainditzeko, gutxienez 15 puntu atera beharko da.

Hirugarren azterketa:

Mekanografia: 0 eta 30 puntu bitarte emanen da. Gainditzeko, gutxienez 15 puntu atera beharko da, III. eranskinarekin bat.

7.1. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, gainditu duten izangaien zerrenda emanen da aditzera, lortutako puntuazioarekin batera, Iruñeko Udaleko iragarki oholean.

7.2. Hautapen probak egin bitartean horiek egiteko egokitzapenak gauzatuko dira, denboraren nahiz baliabideen aldetik, eskabidean horretarako eskaera egiten duten minusbaliatuendako.

8.-Gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketaren emaitza emandakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Iruñeko Udalaren iragarki oholean eta azken ariketa egin den lekuan, hura gainditu dutenen zerrenda, atera duten puntuazioaren hurrenkeran, izangaiek oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortzen duten izangaien aldeko izendapen proposamena eginen du.

8.2. Izendapen proposamena aditzera eman eta 30 egun naturaletan, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udaleko Langileria Departamentura:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua, edo titulua eskatzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiriarena.

c) Iruñeko Udaleko zerbitzu medikuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan ez dela adierazirik.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta Legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Izangaiak deialdia egin duenaz beste edozein nafar administrazio publikotan langile finkoak badira, agiri bidez egiaztatu beharko dute halakoak direla; berebat, aurretik zein administraziotan aritu eta bertako espediente pertsonaleko datu eta aurrekari guztiak ere agiri bidez frogatu behar dituzte.

Izangaiek minusbaliotasunen bat alegatzen badute, kreditazio bat aurkeztu beharko dute, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana, non azalduko baitute bateragarriak direla hura eta deialdi honetako xede den lanpostua.

8.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak ezin izanen dira izendatu, halako eran non haien egintza guztiak baliogabeturik geldituko baitira, beti ere, haien eskabideetako faltsutasunarengatik legokiekeen erantzun beharra ezertan galarazi gabe.

8.4. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako kasuan, alkateak gainditu dutenen zerrendan, hots, 8.1. oinarrian aipatzen den horretan, hurren dagoen izangaiarekin beteko du hutsunea, halako eran non, horri dagokiolarik, aurreko idatz-zatietan adierazitako prozedurari berari jarraituko baitzaio.

9.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Alkateak, ebazpen bidez, Iruñeko Udaleko administrari laguntzaile izendatuko ditu aitzineko oinarrian ezarritakoa betetzen duten izangaiak.

9.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izangai izendatuek hilabeteko epea izanen dute jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badute, Iruñeko Udaleko funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Halakoetan, deialdiko 8.4. idatz-zatian ezarritakoari lotuko zaio.

10.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, baita bertako oinarri eta egintzen aurka ere, errekurtso hauetariko bat para daiteke aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.

Epaimahai kalifikatzailearen egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratu ahalko da, Alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

........................... J/A., adinez nagusia, ................ Nortasun Agiri Nazionala duena, 19... (e)ko ............aren .....(e)an sortua, .............koa (........), helbidea .............(e)n (........) .......... kaleko ..... zk.an duena, eta ......... posta kodea eta .............. telefonoa dituena.

Zure aitzinera agertzen da eta ondokoa azaltzen du:

Iruñeko Udaleko 51 administrari laguntzaile lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdira, hots, ........... (e)ko .......... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenera, onartua izatea eskatzen duela, ondoko txandan (Markatu eskatzen dena):

f Txanda irekian.

f Txanda murriztuan.

f Minusbaliatuendako txanda murriztuan.

Ez duela karguaren eginkizunetarako eragozten dion akats fisiko, psikiko edo eritasunik.

Ez duela xedapen indardunek ezarritako ezgaitasun bakar bat ere.

Ez dela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta eginkizun publikoak betetzeko desgaitua ere.

Badela deialdiaren 2. oinarrian aipatzen den titulazioaren jabe.

Azterketarako eskubideak ordaindu dituela deialdian ezarritako moduan, eta horren gordekina erantsi duela.

Eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela, eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean.

Minusbaliatua dela eta, horrenbestez, egokitzapena eskatzen duela, erantsitako orrian behar bezala zehaztu eta arrazoitua (Beste orri batean, minusbaliotasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira) ....................

Horrenbestez:

Eskatzen dizu honako eskabide hau onar dezazula eta, horren kariaz, Iruñeko Udaleko administrari laguntzaile izateko 51 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdira onar dezatela.

Iruñean, 2001eko ...........aren ..........(e)an.

(Sinadura)

IRUÑEKO ANDRE ALKATE UDALBURUA

II. ERANSKINA

Gaien zerrenda 1. partea

1. gaia.-1978ko Espainiako Konstituzioa: sorrera eta ezaugarriak. Egitura eta edukia. Printzipio orokorrak.

2. gaia.-Autonomi erkidegoen antolamendua: ezagutza orokorra. Nafarroako Foru Komunitatearen antolamendua.

3. gaia.-Udala. Kontzeptua eta osagaiak. Horiei buruzko ezagutza orokorra. Nafarroako Kontzejuak.

4. gaia.-Udal administrazioa. Udal Organoak. Iruñeko Udalerako aplikazioa.

5. gaia.-Legea: kontzeptuak eta motak. Lege Dekretuak. Legegintzako dekretuak. Nazioarteko itunak. Dekretuak.

6. gaia.-Erregelamendua: kontzeptu orokorra. Udal ordenantzak eta erregelamenduak: betekizunak eta motak.

7. gaia.-Administrazio prozeduraren ezaugarri eta oinarrizko printzipioak. Haren hasiera eta bultzatzea. Legitimazioa.

8. gaia.-Administrazio prozedura: txostenak eta txosten motak. Alegazioak: Motak, kasuak eta formak. Interesdunak.

9. gaia.-Administrazio egintzen jakinarazpena. Epeak eta formak. Argitalpena: Formak eta kasuak.

10. gaia.-Administrazio eta jurisdikzio errekurtsoak: ezagutza orokorra, ezaugarriak, lege-araubidea eta desberdintasunak.

11. gaia.-Administrazio errekurtsoak. Erregulazio orokorra, udalei dagokienez. Nafarroako berezitasunak.

12. gaia.-Udal aurrekontuak: haien egituren gaineko ezagutza orokorra. Gastuen sailkapen ekonomikoa eta funtzionala. Aurrekontua onetsi eta aldatzeko izapideak.

13. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina: edukia eta egitura. Haren azterketa laburra.

II. ERANSKINA

Gaien zerrenda 2. partea

1. gaia.-Oinarrizko informatika: oinarrizko kontzeptuak, informazioa tratatu eta biltzeko sistemak, hardwarea eta softwarea. Sistema eragileak, atazen eta erabiltzaileen araberako sailkapena. MS-D.O.S. sistema eragilea eta Windows.

2. gaia.-Windows 95/98. Oinarriak. Mahaigaina eta horren osagaiak, kontrol panela, programen atzipena, windowsen esploratzailea eta fitxategietarako dituen funtzioak. Utilitateak: Konfiguratu, Aurkitu eta Exekutatzea.

3. gaia.-Bulegotika suiteak, Windowsen. Kontzeptuak. Office97. Horren pakete muntadunenak, horien baliagarritasuna eta elkarren arteko komunikazioa. Baterako informazioa erabiltzea, modu lokalean eta urrutiko unitateetan. Informazioaren segurtasuna.

4. gaia.-Testu prozesadorea: Oinarrizko kontzeptuak. Windowserako Word97: Word97ko lan-eremua. Funtzio nagusiak: Fitxategia, Edizioa eta Formatua. Inprimaketa. Posta-fusioa.

5. gaia.-Kalkulu-orria. Oinarrizko kontzeptuak. Windowserako Excel97: Excel97ko lan eremua. Funtzio nagusiak: Fitxategia, Edizioa eta hautatzeko moduak. Formatuak eta Inprimaketa. Datuak ordenatzea eta Iragazkiak.

6. gaia.-Datu baseak. Oinarrizko kontzeptuak. Windoserako Access97: Taulak eta haien arteko erlazioak. Kontsultak, Formulariak eta Txostenak. Datuak inportatzea Excel kalkulu-orri batetik Access taula batera.

7. gaia.-Sareak. Ordenagailu-sareei buruzko oinarrizko kontzeptuak. Internet sarea. Interneten bidez eskura daitezkeen zerbitzu nagusiak. Baliabide beharrezkoak. World wide web sarea, posta elektronikoa, fitxategien transmisioa, bideo-konferentzia, beste zenbait.

III. ERANSKINA

Mekanografia proba, administrari laguntzaile lanpostuak eskuratu nahi dituzten izangaiendako.

a) Planteamendua.

Proba honen xedea da izangaiek mekanografian duten egiazko abiadura neurtzea eta hori kalkulatzeko pultsazio guztiak zenbatu eta hortik ateratako kopuruari egindako oker eta hutsak kenduko zaizkio.

Izangaiek berek eraman beharko dute idazmakina. Makina horrek, beti ere, mekanikoa behar du izan.

b) Proba egiteko testua

Epaimahaiak ematen duen testu bat kopiatu beharko da. Literatur testu bat izanen da eta, zenbakiak izaten ahal baditu ere, haren erredakzioan saihestuko dira buruhauste bereziak (zutabeak, tabulazio anizkoitzak, azpi-indizeak, formulak), era horretan nahi baita bermatu izangai guztiek baldintza berberetan jardutea, zeinahi direlarik ere bakoitzaren idazmakinaren ezaugarri teknikoak, eta lortu azterketen puntuazioa objektiboa izatea.

Kopia egiteko denbora zazpi minutukoa izanen da.

Aitzinetik, gutxienez, bost minutu utziko zaie izangaiei, nahi izanez gero, hatz-ariketak egin ditzaten.

c) Puntuazioa.

Emandako pultsazio zuzenak baizik ez dira kontatuko, eta halakotzat hartuko dira, soilik, Epaimahaiak emandako jatorrizko testuarekin bat datozenak.

Pultsazio baliodunak:

-Jatorrizkoarekin bat datorren karaktere, tarte edo zeinu bakoitzarengatik: Pultsazio bat.

-Letra larri bakoitzarengatik: Pultsazio bat gehiago.

-Azentu-marka bakoitzarengatik: Pultsazio bat gehiago.

-Lerro-aldatze bakoitzarengatik: Bi pultsazio gehiago.

Zenbatuko ez diren pultsazioak, egin ez izanak eta zehapenak:

Ez dira zenbatuko jatorrizkoarekin bat ez datozen pultsazioak: letra, tilde edo zeinuak behar den tokian ez badaude, errepikatzen badira edo edozein arrazoirengatik sobran baldin badaude, ez dira zenbatuko, eta bai, ordea, zehatuko, hiru pultsazio deskontatuz, pultsazio oker bakoitzarengatik. Orobat, egin ez izanak ere zehatuko dira, hiru pultsazio deskontatuz, egin gabeko bakoitzarengatik. Hartara, azterketa epaimahaiak emandako jatorrizkoaren itxura formalari lotuko zaio, orpoz orpo, ez baita inolaz ere kontuan hartuko proposatutako ereduari ez lotzeagatik egindako gehiegizko pultsaziorik.

Ez da zilegi izanen testua kopiatzean egindako okerrak edo egin gabe utzitakoak zuzentzea; beraz, zeinu baten gainean beste bat ezartzen bada, baliorik gabe utzi eta aurreko idatz-zatian aipatu eran zehatuko da.

Lerro bereko hitz bat edo gehiago idatzi gabe uztea zehatu eginen da, halako eran non bost pultsazio deskontatuko baitira egin gabe utzitako hitz bakoitzarengatik.

Izangai batek egindako azterketako testuan lerro bat edo gehiago idatzi gabe agertuz gero, hogei pultsazio deskontatuko dira, paratu gabeko lerro bakoitzarengatik.

Proba hau gainditzeko gutxieneko abiadura mila zazpirehun eta berrogeita hamar pultsazio baliodunekoa izanen da (250 pultsazio minutuko), eta abiadura hori erdiesten ez dutenak kanporatuak izanen dira.

Gutxieneko maila hori gainditzen duten azterketak gutxienetik gehienera ordenatuko dira, pultsazio balioduen kopuruaren arabera, eta hurrengo baremoarekin bat kalifikatuko:

Minutuko 250 pultsazio baliodunetik 270 bitarte: 15 puntu.

Minutuko 271 pultsazio baliodunetik 290 bitarte: 18 puntu.

Minutuko 291 pultsazio baliodunetik 310 bitarte: 21 puntu.

Minutuko 311 pultsazio baliodunetik 330 bitarte: 24 puntu.

Minutuko 331 pultsazio baliodunetik 350 bitarte: 27 puntu.

Minutuko 351 pultsazio baliodunetik gora: 30 puntu.

c) Probaren kronometrajea

Lehenik eta behin, epaimahaiak orri zuri bana emanen die izangaiei, nahi izanez gero, hatz ariketak egin ditzaten.

Aurreko hori bukatu, aldez aurreko ariketetan erabili diren orriak bildu eta baliorik gabe utzi, eta ariketari berari hasiera eman baino lehenago, proba hasi eta bukatzeko seinaleen berri emanen zaie oposiziogileei (azken hau bi alditan, betiere aurreabisua ematen denetik behin betiko gelditzeko agindura eman arte minutu bat utzita).

Gelditzeko azken aginduari kasu egiten ez dioten izangaiak bazterturik geldituko dira.

Kopiatu beharreko testua eta azteketa egiteko orriak banatuko zaizkie parte-hartzaileei. Lerroen artean tarte bakarra utziz kopiatu beharko da testua (lerroarte bakuna) eta jatorrizkoari atxikiko zaio, orpoz orpo.

Epaimahaiak, antolamendu-beharrak direla medio, talde bat baino gehiago egin ahal izanen ditu. Hala gertatzen bada, talde bakoitzari dagokion proba hasterakoan testuaren zozketa errepikatuko da, adierazi den eran.

Iragarkiaren kodea: A0105451