66. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

502/2001 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreak emana. Horren bidez agindu du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hauteskunde Arautegia, zeina Gobernu Batzordeak 2001.eko martxoaren 27an hartutako Erabakiaren bidez onetsi baitzuen, argitara eman dadin.

Martxoaren 13ko 68/95 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Unibertsitateko Estatutuen 40. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, eta 2001eko martxoaren 27an Gobernu Batzordeak hartutako Erabakia betez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hauteskunde Arautegia argitaratzea agindu dut:

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN HAUTESKUNDE ARAUTEGIA

LEHENENGO TITULUA

Xedapen Orokorrak

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua eta printzipio komunak

1. artikulua

1. Klaustroan, Gobernu Batzordean, Gizarte Kontseiluan, sailetako eta unibertsitate institutuetako kontseiluetan eta ikastegietako batzordeetan, bai eta doktoretza batzordeetan, ikerketa batzordeetan eta irakaslana ebaluatzeko batzordeetan ere, unibertsitate komunitateko arlo guztietako ordezkariak hautatzeko aplikatzekoak dira arau hauek.

2. Martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 138.4. artikuluan ezarritakoari jarraituz, arau hauen bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko lagun bakarreko aginte organoen hautaketa prozesuak arautuko dira, berariaz dagozkien arautegietan xedatutakoa galarazi gabe.

2. artikulua

Unibertsitate komunitatearen arlo bakoitzeko edo ordezkaritza eskubidea duten talde bakoitzeko kideek haien artetik hautatuko dituzte beren ordezkariak martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 21.1. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko aginte organoetan, sufragio unibertsal, libre, berdin, zuzen eta sekretu bidez.

II. KAPITULUA

Hauteskundeetarako deia

3. artikulua

1. Kide anitzeko aginte organoetan eta Unibertsitateko batzordeetan ordezkari izango direnen hauteskundeetarako deia, ordezkaritza utziko dutenei ordezkaritza aldia noiz iraungitzen zaien, gutxienez ere, egun hori baino hilabete lehenago egingo da, eta ondorengoen eskumena izango da:

-Errektorearena, Klaustrorako eta Gobernu Batzorderako deia egiteko.

-Dekanoena eta ikastegietako zuzendariena, ikastegietako batzordeetarako deia egiteko.

-Sailetako zuzendariena, sailetako kontseiluetarako deia egiteko.

-Institutuetako zuzendariena, institutuetako kontseiluetarako deia egiteko

-Batzordeburuena, bakoitzak bere burutzako batzorderako deia egiteko.

2. Lagun bakarreko aginte organoak direnean, kargua utzi behar duen organoaren titularrak egingo du hauteskundeetarako deia, agintaldia noiz iraungitzen zaion, gutxienez ere, egun hori baino hilabete lehenago, kargu uztea beste zerbaitengatik izan ez bada, halakotan organoan ordezkatzen duenak egingo baitu deialdia, izendatzen duten egunetik aurrera hurrengo hilabetean.

3. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa betetzen ez bada, Errektoreak egingo du hauteskundeetarako deia, eta Errektoreak hauteskundeetan parte hartu behar badu, Gobernu Batzordeak egingo du, xedatutakoa bete ez denetik aurrera hurrengo hiru hilabetetako epean

4. artikulua

1. Organo eskumendunak hauteskundeetarako deia onetsi ondoren, Unibertsitateko Hauteskunde Batzordeari emango zaio berehala horren berri.

2. Hauteskundeetarako deialdiak, gutxienez ere, ondorengoak zehaztuko ditu:

-Zein aginte organotan edo batzordetan egin behar diren hauteskundeak.

-Unibertsitate komunitateak arlo bakoitzeko edo ordezkaritza eskubidea duen talde bakoitzak hautetsi behar dituen ordezkarien kopurua.

-Noiz egingo diren.

-Hauteskunde egunak.

-Non eta zein ordutan egingo diren hauteskundeak.

3. Hauteskundeetarako deiak eta hauteskunde prozesuen ondoriozko egintzak iragarri egingo dira horretarako dauden iragarki-oholetan .

4. Hauteskunde deialdia onesteko eskumena duen organoak xedapen honetan zehaztutako epeak erdira laburtu ahal izango ditu, goitik biribilduz, beti ere, erreklamazioak eta errekurtsoak aurkezteko epeak ez badira.

5. artikulua

1. Hautetsitako lagun batek huts egingo balu, hautetsi zuten hauteskundeetan bigarren tokian botorik gehien jasotakoak ordezkatuko du. Bigarrenik ez badago, hauteskunde partzialetarako deia egingo da.

2. Ohiz kanpoko kasuan, hauteskunde partzialak ez dira egingo, arlo edo talde baten agintaldia iraungi dela-eta, hura berritzeko sei hilabete baino gutxiago falta direnean.

III. KAPITULUA

Hauteskunde prozedura

LEHENENGO ATALA

Hauteskunde administrazioa

6. artikulua

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hauteskunde Batzordearen eskumena da arautegi honen 1. artikuluak aipatzen dituen Nafarroako Unibertsitate Publikoko kide anitzeko aginte organoen hautaketa-prozesu guztiak antolatzea eta kontrolatzea, emaitzak aldarrikatzea eta aurkapenak ebaztea, zortzigarren artikuluan aurreikusitako eskuordetza kasuetan ez bada.

2. Hauteskunde Batzordeko kideak ondokoak dira:

a) Batzordeburua, Unibertsitate Irakaskidegoetako irakasle doktorea izango dena, zozketaz izendatua.

b) Irakasleen eta ikertzaileen bi ordezkari, zozketaz izendatuak.

c) Ikasleen ordezkari bat, klaustrokideen artetik zozketaz izendatua.

d) Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, zozketaz izendatua.

e) Unibertsitateko zuzenbidezko zerbitzuen administrazio-arduraduna.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Idazkari Nagusia, Hauteskunde Batzordearen Idazkaria ere izango dena.

3.1. a) b) c) eta d) atalek aipatzen dituzten Hauteskunde Batzordeetako ordezkariak zozketa bidez hautatuko dira, eta zozketa hori Nafarroako Unibertsitate Publikoko Idazkari Nagusiak egingo du Gobernu Batzorde Iraunkorraren aurrean. Aurretik, ezarriko den epean, zozketan aukeratuta gertatuko balira, izendapena onartuko luketeela adierazi duten unibertsitate komunitateko kideak izango dira zozketan, arlo bakoitzean, sartuko direnak.

3.2. Hauteskunde Batzordean ordezkaritza izateko eskubidea duen talde edo arlo bakoitzeko kide titular bat eta ordezko bat hautatuko dira. Titularraren abstentzioa gertatzen denean, bosgarren idatz-zatian aurreikusten baita, ordezkaria arituko da Hauteskunde Batzordeko kideei dagozkien lanetan, ondorio guztiekin.

4. Ez da zilegi izango Hauteskunde Batzordeko kide eta lagun bakarreko aginte organoa aldi berean izatea, aurreko idatz-zatiko f) letrari dagokion kasuan izan ezik.

5.1. Ez da zilegi izango Hauteskunde Batzordeko kide eta Hautamahai bateko kide aldi berean izatea.

5.2. Hauteskunde Batzordeko kide bat hauteskunde prozesu batean izangai aurkeztuko balitz, ez du batzordekide izaera galduko; hala ere, ezin izango da Hauteskunde Batzordean aritu hauteskunde prozesu horrek dirauen artean.

5.3. Epe horretan bere ordezkaritza arloak izendatutakoak ordezkatuko du, horrek ez badu Hauteskunde Batzordeko kideentzako ezarritako abstentzio edo bateraezintasunerako zergatirik. Unibertsitateko Idazkari Nagusia edota Zerbitzu Juridikoetako arduraduna hauteskundeetara aurkeztuko balitz, idazkariordeak edota Aholkularitza Juridikoko letratu batek , hurrenez hurren, ordezkatuko du lanean.

6. Hauteskunde Batzordeko kide izanez gero ezin izango zaio izendapenari uko egin, salbu eta Unibertsitateko Idazkari Nagusiaren ustez emandako arrazoia bidezkoa bada.

7. Hauteskunde Batzordearen agintaldiaren iraupena eta hutsuneak betetzea martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 138.3. artikuluak xedatutakoari lotuko zaizkio.

8. Unibertsitateko Hauteskunde Batzordeak gehiengo soilaz hartuko ditu erabakiak; berdinketa izanez gero, batzordeburuak izanen du boto erabakitzailea.

7. artikulua

1. Unibertsitateko Hauteskunde Batzordeak ikastegiei, sailei, unibertsitate institutuei edo aipatutako batzordeei eskuordetu ahal izango dizkie hauteskunde prozesuak antolatzeko eskumenak.

Horretarako hauteskunde organoa eratuko da ikastegi, sail, unibertsitate institutu edo batzorde horietako bakoitzean, eta Hauteskunde Batzordeak eskuordetutako eginkizunak hartuko ditu. Hauteskunde organo hori, sailen edo institutuen kasuan, Zuzendariak, zuzendariordeek eta Idazkariak osatuko dute; ikastegien kasuan, Dekanoak edo Zuzendariak, dekanordeek edo zuzendariordeek eta Idazkariak; eta Batzordeen kasuan, Batzordeburuak, batzordeburuordeek eta Idazkariak.

2. Aurreko idatz-zatiak zehazten duen eskuordetza edozein unetan erreboka daiteke, Hauteskunde Batzordeak arrazoitutako erabakiaren bidez; errebokatzeko erabakiaren aurka ezin da errekurtsoa jarri, beti ere, prozeduraren ebazpenaren aurka jar daitekeena galarazi gabe.

3. Unibertsitateko Hauteskunde Batzordeak beharrezko xedapenak eman ahal izango ditu, bai hauteskunde prozesuak aldi berean egingo direla bermatzeko, bai prozesu horien berdintasuna bermatzeko, prozesuek sail, ikastegi, unibertsitate institutu edo batzorde bat baino gehiago hartzen dituztenean. Xedapen horiek nahitaez bete behar dituzte Unibertsitateko aginte organo guztiek.

4. Hauteskunde prozesua amaituta, hauteskunde organo bakoitzak Unibertsitateko Hauteskunde Batzordeari prozesu horiei buruzko administrazio dokumentazio guztia bidaliko dio (izangaiak, aldarrikapena, Hautamahaia eratzeari buruzko aktak, zenbaketak etab.) eta hauteskundeetako emaitzak jakinaraziko ditu.

BIGARREN ATALA

Hautamahaiak

8. artikulua

1. Hauteskunde Batzordeak hauteskunde prozesu bakoitzean eratu behar den hautamahaien kopurua zehaztuko du, botazioan parte har dezakeen unibertsitate komunitatearen arlo bakoitzeko, gutxienez ere, mahai bat jar dadila bermatuz, tartean ez baldin bada hurrengo atalean aurreikusitako egoeretako bat.

2. Zenbat hauteslek eman behar duten botoa kontuan harturik, hauteskunde organoak edo, bestela, Hauteskunde Batzordeak, erabaki ahal izango du ordezkaritza duten arlo edo talde ezberdinetako hautesleek mahai bakarrean eman behar al duten botoa, beti ere, hautestontzi ezberdinetan.

3. Hautamahai bakoitzak mahaiburu bat eta bi mahaikide izango ditu unibertsitate komunitatearen arloari dagozkion hautesleen artetik zozketaz izendaturik; ez dute zozketan parte hartuko aurretik hautagai aldarrikatutako kideak. 8.2 idatz-zatian aurreikusitako kasuan, hauteskundeak dituen arlo edo talde bakoitzeko kide bat, gutxienez ere, izango da hautamahai bateratuan.

4. Aurreko idatz-zatian ezarritako prozeduraren arabera, bi mahaiburu eta lau mahaikide ordezko izendatuko dira, behar bezala ordenaturik.

HIRUGARREN ATALA

Hauteskunde erroldak

9. artikulua

1. Hauteskundeetarako deialdia egiten denean Nafarroako Unibertsitate Publikoan lan egiten ari diren guztiak izango dira hautesle eta hautagai, zerbitzu eginkizunetan ari ez badira beste administrazio edo organismo publiko batean, edo, bestela, zerbitzu berezietako administrazio egoeran.

2. Hautesle eta hautagai izan daitezke Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulazio ofizialen lehenengo, bigarren eta hirugarren zikloetan, hauteskundeetarako deialdiaren egunean matrikulatuta dauden ikasleak.

3. Hauteskunde deialdiaren egunean bete egin beharko dira sufragio aktibo eta pasiborako eskubideak izateko eskakizunak.

4. Aurreko idatz-zatietan xedatutakoa gorabehera, sufragio pasiboaren eskubidea mugatua egon daiteke estatutu, arauzko edota legezko arauek ezarritako hautaezintasun zioengatik.

5. Irakasleen eta ikertzaileen errolda egitean ez dira kontuan hartuko irakasle emerituak, bisitariak eta ohorezkoak. Irakasle eta ikertzaileak zein sailetara dauden atxikita, sail horretako erroldetan sartuko dira, baita irakasle diren ikastegietako erroldetan ere. Gai honi dagokionez, ez da kontutan hartuko hautaketa libreko irakasgaiak ematen badituzte.

6. Ikasleen errolda egiterakoan, ez da kontuan hartuko hautaketa libreko irakasgaien matrikula.

7. Sufragio aktiborako eskubidea nork bere arloko hautagaiei eta hautesbarrutian botoa emanez beteko da, hauteskunde organoak edo, bestela, Hauteskunde Batzordeak emandako xedapenen arabera.

10. artikulua

1. Sufragio aktibo eta pasiborako eskubideak izateko, titularrak hauteskunde erroldan agertu beharko dira nahitaez.

2. Unibertsitateko Kudeatzailetzak egingo ditu hauteskundeak egin ahal izateko erroldak, dagokien gaietan eskumendunak diren zerbitzu zuzendaritzen bitartez, eta Hauteskunde Batzordeak begiztatuta.

3. Unibertsitate komunitatearen kide bat bi hauteskunde erroldatan nahiz gehiagotan badago, beti ere, unibertsitate komunitatearen bi arlotako nahiz gehiagoko kide delako, sufragio pasiborako eskubidea soilik arlo baten ordezkaritzan erabili ahal izango du, interesatuak berak aukeratua.

11. artikulua

1. Behin-behineko hauteskunde erroldak plazaratuko dira hauteskundeetarako deialditik hurrengo bi eguneko epearen barruan.

2. Lau eguneko epean erreklamaziorik egiten ez bada, hauteskunde organoak, edo, bestela, Hauteskunde Batzordeak biharamunean behin betiko errolda plazaratuko du.

LAUGARREN ATALA

Kandidaturak

12. artikulua

1. Sufragio pasiborako eskubidea izateko harako kandidatura aurkeztu beharko da behin betiko hauteskunde errolda plazaratzen denetik bost eguneko epearen barruan, hauteskunde organoak edota Hauteskunde Batzordeak ezartzen dituen eskakizunak betez.

2. Kandidaturak norbanakoak izango dira, Unibertsitateko Klaustroko ikasleen ordezkarien kasuan izan ezik, hauei martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 136.2. artikuluan xedatutakoa ezarriko baitzaie.

13. artikulua

1. Kide anitzeko aginte organo batean hautagai kopurua eta bete behar diren postuen kopurua berdinak direnean, hautagaiak zuzen-zuzenean hautatutzat aldarrikatuko dira botazioa egin gabe.

2. Izangairik bat ere ez dagoenean, hautesle guztiak, arautegi honen 9.4 artikuluak aipatzen dituen egoeran daudenak kenduta, izan daitezke hautagai eta aginduzko botazioari ekingo zaio horretarako.

3. Hautagai kopurua bete behar den leku kopurua baino txikiagoa denean, hautagaiak zuzen-zuzenean hautatutzat aldarrikatuko dira; gainontzeko lekuak betetzeko hautesle guztiak hautagai izango dira, aldarrikatutakoak eta arautegi honen 10.4 artikuluan aurrikusitako suposamenduetan barne daudenak izan ezik, eta arauzko botazioa egingo da.

14. artikulua

1. Hauteskunde organoa edo, bestela, Hauteskunde Batzordeak plazaratuko ditu izangaien behin-behineko zerrendak, arautegi honen 12.1 artikuluak aurreikusitako epea amaitzen den egunaren biharamunean.

2. Lau eguneko epean erreklamaziorik aurkeztu ezean, epe hori bukatu eta hurrengo egunean behin betiko kandidaturak aldarrikatuko dira.

BOSGARREN ATALA

Hauteskunde kanpaina eta botazioak

15. artikulua

1. Hauteskunde kanpaina kandidaturen behin betiko aldarrikapena egiten denetik botazioa egin arteko egunetan garatuko da, bi egun horiek barne ez daudela.

2. Botazioa behin betiko kandidaturen aldarrikapena egin eta bosgarren eta zazpigarren egunen artean egingo da.

16. artikulua

1. Arautegi honen 8. artikuluan aipatzen diren hauteskunde-mahaikide titularrak eta ordezkoak botazioak hasi baino hogeita hamar minutu lehenago bilduko dira hauteskunde organoak edo, bestela, Hauteskunde Batzordeak erabakitako lekuan.

2. Ezin zaio uko egin hautamahai bateko kide izateari, behar bezala frogatutako zergati justua ez bada, eta horrelakoetan hauteskunde organoko edo Hauteskunde Batzordeko idazkariari idazki bat bidaliz, hautatua izan zela jakinarazi dion idazkian adierazten den epean.

Hautamahaiko kide titular bat ez bada aurreko atalean aurreikusitako orduan agertzen, dagokion ordezkoa arituko da haren ordez. Titularrak eta ordezkoak ez badira mahaiak osatzen direnean agertzen, horretatik etor dakizkien erantzukizunak eskatzea galarazi gabe, hauteskunde organoaren edo Hauteskunde Batzordearen mahaiburuak hautesleen artean hautaketa librea eginez ordezkatuko ditu.

3. Hautamahaia ez da inolaz ere eratuko mahaikide guztiak ez badaude; botazioa iragan bitartean gutxienez bi mahaikidek egon beharko dute bertan.

4. Botazioa hasi baino lehen, hauteskunde-mahaiburuak mahaiaren eratze-akta luzatuko du, berak eta bi mahaikidek sinatuta.

17. artikulua

1. Botoa norberarena, sekretua eta eskuordezina da; hauteskundeetarako deialdietan ez da onartuko eskuordeturiko botorik. Posta bidezko botoa artikulu honetako Hirugarren atalean finkatzen den prozedurari lotuko zaio.

2. Hautesleek beren nortasuna frogatu beharko dute NAN, Unibertsitate txartela edo, hautamahaiaren iritziz, boto emalearen nortasuna sinesgarriro frogatzen duen beste edozein agiri erakutsiz.

3. Posta bidezko botoa.

1. Finkatutako egunean botazioan parte hartu ezin duten hautesleek posta bidezko botoaren bidez egin ahal izango dute, ondoko prozedurari jarraikiz:

a) Hautesleak hauteskunde organoko edo Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzari eskatuko dio Hauteskunde erroldan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Hautesleak hautatu duen boto-txartela hauteskunde gutunazalean sartu eta itxi egingo du. Gutunazal hori, erroldan dagoela frogatzen duen ziurtagiriarekin eta NANaren kopiarekin batera, gutunazal arrunt batean sartu, itxi, eta ondoko datuekin igorriko du: "Hauteskunde organoa edo Hauteskunde Batzordea, Hauteskunde Prozesua (zein den), Arloa (zein den) eta Hautamahaia (dagokiona). Hegalean sinatua egongo da eta itsats-xingolarekin prezintatuko da. Unibertsitateko Erregistro Orokorraren bidez hauteskunde organoari edo Hauteskunde Batzordeari helaraziko zaio eta azken honek botoa gordailatuko du botazioaren egunera arte.

c) Behin hautamahaiak eraturik, hauteskunde organoko edo Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzak igorriko dizkie mahaiburuei posta bidez emandako botoak.

d) Botazioa egiteko denbora amaitu eta mahaikideek beren botoak eman baino lehen, kanpoko gutunazala ireki eta gero, hauteslearen nortasuna baieztatuko da eta honek bertara joanda ez badu botoa eman, prozedura honen bidez igorritako botoa sartuko da dagokion hautestontzian.

2. Posta bidezko botoa emateko eskaerak Behin betiko errolda onetsi eta hurrengo egunetik aurrera eman ahal izango dira, botazioa egin baino lau egun lehenago arte.

3. Kandidaturen Behin betiko Aldarrikapena egin eta hurrengo egunetik aurrera eman ahal izango dira posta bidezko botoak, botazioa egin baino bi egun lehenago arte.

4. Inoiz ere ez da onartuko posta bidezko botoa lagun bakarreko aginte organoak hautatzeko.

SEIGARREN ATALA

Boto-zenbaketa

18. artikulua

1. Botoa emateko aurreikusitako aldia amaiturik, hautamahaiko kideak botoa ematen hasiko dira eta, ondoren, zenbaketa egingo da jendaurrean. Zenbaketa honela egingo da: mahai bakoitzeko buruak, banan-bana, hautestontzitik gutunazalak aterako ditu. Mahaiburuak txartel bakoitza irakurri ondoren, mahaikideei erakutsiko die.

2. Izangairen batek zalantza izango balu txartel baten edukiari buruz, orduantxe mahaiburuari eska diezaioke, eta mahaiburuak erakutsi egingo dio azter dezan.

3. Baliogabetu egingo dira oharrak, zirriborroak zein aldaketak dituzten txartelak, kasu bakoitzean ezarritako hautagai kopurua baino boto gehiago dituztenak eta bi boto-txartel desberdin edo gehiago dituzten gutunazalak, edo hautestontzian gutunazalik gabe sartutako boto-txartelak.

19. artikulua

1. Zenbaketa bukatu ondoren, hautamahaiak akta luzatuko du, bi aletan. Bertan honako hau adieraziko da: hautesle kopurua, emandako botoak eta hauetatik baliozko botoak, zuriak eta baliogabekoak bereiziz, lortutako botoak kandidatura bakoitzeko, bai eta, halakorik bada, erreklamazioak, erabakiak eta gorabeherak ere.

2. Hautestontzietatik atera eta baliogabetzat eman diren txartelak edo erreklamazioren bat izan dutenak, aktari erantsiko zaizkio eta aktarekin artxibatuko dira, mahaikideek txartel horiek sinatu eta gero. Gainerako txartelak suntsitu egingo dira hautamahaiko kideen eta bertaratuen aurrean.

3. Behin akta betetzen denean, Mahaiburuak horren aleak igorriko dizkio hauteskunde organoari edo Hauteskunde Batzordeari eta horrek zigilaturiko ale bat itzuliko du hartu izanaren adierazpen gisa.

4. Hautagaiek aktaren kopia bat eskatu ahal izango diote hautamahaiari eta mahaikideek bera luzatu beharra izango dute.

20. artikulua

1. Aurkeztutako kandidatura bakar batek ere ez badu baliozko botorik lortzen, hauteskunde organoak edo, bestela, Hauteskunde Batzordeak zozketaz izendatuko ditu kide anitzeko aginte organoko ordezkariak hautesle guztien artean,

2. Zenbaketa egin ondoren kandidatura kopurua betetzeko dauden postuak baino txikiagoa bada, aurreko idatz-zatian ezarritakoa aplikatu beharko da postu horiek betetzeko.

3. 13.2 artikuluan aurreikusitako kasuan, hautesleetako inor ez bada botoa ematera joaten, talde edo arloa ordezkaririk gabe geldituko da. Hauteskunde prozesu berri baterako deialdia ez da egingo ordezkari horiek hautetsita gertatuz gero izango zuten agintaldia iraungi arte.

21. artikulua

1. Botazioak egin ondorengo bi eguneko epearen barruan hauteskunde organoak edo, bestela, Hauteskunde Batzordeak zenbaketa orokorra egingo du.

2. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako zenbaketa egin baino lehen, hauteskunde organoak edo Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu hautamahaiek bidalitako aktetan jasotako erreklamazioak eta gorabeherak eta, horren ondoren, behin betiko boto zenbaketa egingo du.

ZAZPIGARREN ATALA

Hautetsien aldarrikapena

22. artikulua

1. Behin kandidatura bakoitzak lorturiko botoen zenbaketa burutu ondoren, hauteskunde organoak edo, bestela, Hauteskunde Batzordeak unean uneko hauteskunde prozesuaren zenbaketa orokorraren akta egingo du, baita hautagai hautetsien behin-behineko aldarrikapena ere.

2. Unibertsitate komunitatearen arlo bakoitzean boto kopuru handiena lortzen duten hautagaiak izango dira hautatuak, martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 136 artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik.

3. Hautagaien artean berdinketa izanez gero, ondoko arauak hartuko dira kontuan:

a) Berdinketa Unibertsitateko Irakaskidegoetako irakasleen artean ematen bada, lerrun gorenekoa hautatuko da, eta, berdinketak irauten badu, irakaskidegoan antzinatasun handienekoa hautatuko da, eta berdinketak berriz irauten badu, zaharrena.

b) Berdinketa irakasle kontratatuen artean ematen bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoan antzinatasun handiena duena hautatuko da, eta berdinketak irauten badu, zaharrena.

c) Berdinketa administrazio eta zerbitzuetako langileen artean ematen bada, Nafarroako Unibertsitate Publikoan antzinatasun handiena duena hautatuko da, eta berdinketak irauten badu, zaharrena.

4. Artikulu honen 1. idatz-zatian aipatzen den aktaren ale bat behin-behineko aldarrikapena egin eta hurrengo egunean argitaratuko da eta bestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Idazkaritza Nagusira igorriko da.

23. artikulua

1. Hautatuta gertatu diren lagun bakarreko edo kide anitzeko aginte organoak karguaz jabetu edo eratzen ez diren artean, aurrekoek jarraituko dute jardunean.

2. Jardunean dauden organoek erraztasunak emango dituzte organo berriak eratzeko. Egoera horrek inoiz ez die eragingo organo horiek legez esleituta dauzkaten ahalmenei.

III. KAPITULUA

Erreklamazioak eta errekurtsoak

24. artikulua

1. Behin-behineko hauteskunde erroldak plazaratu eta hurrengo lau egunetan, interesdunek erreklamazioak aurkez ditzakete behar ez bezala sartuak edo baztertuak izan direlako hauteskunde erroldan, edota erroldan ikusi diren edozein beste egitatezko okerren aurka.

2. Aurkeztutako erreklamazioak hauteskunde organoak edo, bestela, Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu, aurreko idatz-zatiak jasotzen duen epea amaitu eta handik bi eguneko epean, gehienez ere, eta, biharamunean plazaratuko du behin betiko errolda.

25. artikulua

1. Kandidaturen behin-behineko aldarrikapenaren aurka behar den erreklamazioa egin daiteke, aldarrikapena plazaratu eta hurrengo lau eguneko epean.

Aurkeztutako erreklamazioak hauteskunde organoak edo, bestela, Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu, aurreko idatz-zatiak jasotzen duen epea amaitu eta handik bi eguneko epean, gehienez ere, eta, biharamunean aditzera emango ditu behin betiko kandidaturak.

2. Hautagai hautetsien behin-behineko aldarrikapenaren aurka erreklamazioa egin daiteke, aldarrikapena plazaratu eta hurrengo bi eguneko epean.

Aurkeztutako erreklamazioak hauteskunde organoak edo, bestela, Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu, aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunean, eta hautagai hautetsien behin betiko aldarrikapena plazaratu eta horien zerrenda Nafarroako Unibertsitate Publikoko Errektoreari bidaliko dio.

3. Hauteskunde organoek egindako hautagai hautetsien behin betiko aldarrikapenaren aurka, arautegi honen 7. artikuluan ezarritako eskuordetza erabiliz, interesdunek errekurtsoa egin dezakete, hiru eguneko epean, Unibertsitateko Hauteskunde Batzordearen aurrean, eta batzordeak bost eguneko epean ebatziko du. Ebazpen hori inpugnatu egin daiteke Unibertsitateko Errektorearen aurrean, hurrengo idatz-zatiak aurreikusten duenaren arabera.

4. Unibertsitateko Hauteskunde Batzordearen erabakiak inpugnatu egin daitezke Errektorearen aurrean, hiru eguneko epean, eta Errektoreak, gehienez ere, bost eguneko epean ebatzi beharko ditu; epe hori iraungi eta ebazpen espresurik izan ez bada, errekurtso-egileak ezetsitzat eman ahal izango du eskatutakoa, dagokion administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzeari begira.

26. artikulua

Kontrako xedapenik ez bada, arautegi honetan egunetan ematen diren epeak egun baliodunak direla ulertuko da. Hauteskundeak egiteko larunbata egun balioduntzat emango da. Hala ere, eperen bat larunbatean amaituko balitz, hurrengo egun baliodunera arte luzatuko da.

27. artikulua

Ez da bidezkoa izango hauteskundeen deuseztasuna deklaratzea hauteskunde prozeduraren akatsak ez badu hauteskundearen emaitza erabakitzen.

Mahairen bateko edo batzuetako botazioa baliogabe jotzen bada, horrek ere ez du hauteskundeen baliogabetasuna ekarriko, ez badu hauteskundeen emaitza erabakitzen.

BIGARREN TITULUA

Xedapen bereziak

I. KAPITULUA

Unibertsitateko Klaustrorako hauteskundeak

28. artikulua

1. Klaustrorako hauteskundeetan hautagai eta hautesle izango dira aipatu organoan ordezkaritza duten arlo guztietako kideak, hauteskundeetarako deialdia egiten den egunean Nafarroako Unibertsitate Publikoan lan egiten badute, bai eta egun horretan matrikulatuta dauden ikasleak ere.

2. Irakasleek eta ikerketzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek klaustroan dituzten ordezkarien hautaketa gehiengo sistemaren bidez egingo da eta eremu orokorreko kide anitzeko aginte organo honetan ordezkaritza duten unibertsitate komunitatearen arlo bakoitzean boto gehien lortzen duten hautagaiak izango dira hautatuak, martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 24.1. artikuluak ezarritakoaren arabera.

3. Ikasleen klaustrokideen hauteskundeak martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 136.2. artikuluan aurrikusitako prozeduraren arabera egingo dira.

4. Artikulu honen 2. idatz-zatian aipatzen diren arloetako bakoitzaren barruan, hautesle bakoitzak, gehienez, betetzeko zenbat postu dauden hainbat hautagairi eman ahal izango dio botoa.

5. Unibertsitateko Klaustroaren Barne Eraentzako Arautegiak finkatuko du eremu orokorreko kide anitzeko aginte organo honetan ordezkaritza duten unibertsitate komunitatearen arloetan egin beharreko ordezkapenak egiteko eta betegabeko postuak betetzeko eraentza.

II. KAPITULUA

Gobernu Batzorderako hauteskundeak

29. artikulua

1. Gobernu Batzorderako hauteskundeetan hautagai eta hautesle izango dira aipatu organoan ordezkaritza duten arlo guztietako kideak, hauteskundeetarako deialdia egiten denean Nafarroako Unibertsitate Publikoan lan egiten badute, bai eta egun horretan matrikulatuta dauden ikasleak ere.

2. Gobernu Batzordean unibertsitate komunitateko arlo guztietako ordezkari izango direnen hauteskundeak, martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 30.2. artikuluan aipatutakoak, gehiengo sinplearen sistemaren bidez egingo dira eta boto gehien lortzen duten hautagaiak izango dira hautetsiak.

3. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren arloetako bakoitzaren barruan, hautesle bakoitzak, gehienez, betetzeko zenbat postu dauden hainbat hautagairi eman ahal izango dio botoa.

4. Gobernu Batzordearen Barne Eraentzako Arautegiak ikasleen ordezkarien postu betegabeak ordezkatu eta betetzeko eraentza ezarriko du; ordezkapenak eta betetzeak Gobernu Batzordean ordezkaritza duen unibertsitate komunitatearen beste edozein arlotakoa bada, Estatutuetako 137.1. artikuluan aurrikusitakoari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Saileko eta Unibertsitate Institutuko Kontseiluetarako hauteskundeak

30. artikulua

1. Martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 33.4. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Sailen Barne Eraentzako Arautegiak finkatuko ditu Saileko Kontseiluko kideak hautatzeko prozedura eta arautegia, arautegi horrek aurreikusten ez dituen gaietan.

2. Martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 33.1. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, aurreko idatz-zatiko arauak ez du eraginik izango Saileko Kontseiluko berezko kideen kasuan.

3. Martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 137.3. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Sailen Barne Eraentzako Arautegiak ezarriko du Saileko Kontseilurako hautatu behar diren kideak ordezkatu eta betegabeko postuak betetzeko eraentza.

31. artikulua

Unibertsitate Institutuko Kontseiluko kideen hautaketa aurreko artikuluan aurreikusitako xedapenek arautuko dute, Gobernu Batzordeak erabakitako moldaketekin, halakorik bada.

IV. KAPITULUA

Ikastegietako batzordeetarako hauteskundeak

32. artikulua

1. Ikastegietako batzordeetarako hauteskundeetan hautagai eta hautesle izango dira aipatu organoan ordezkaritza duten unibertsitate komunitateko arlo guztietako kideak, hauteskundeetarako deialdia egiten denean Ikastegi horretan lan egiten badute, bai eta egun horretan Ikastegiari esleitutako edozein titulaziotan matrikulatuta dauden ikasleak ere.

2. Gobernu Batzordean unibertsitate komunitateko arlo guztietako ordezkari izango direnen hauteskundeak, martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 35.2. artikuluan aipatutakoak, gehiengo sinplearen sistemaren bidez egingo dira eta boto gehien lortzen dituzten hautagaiak izango dira hautetsiak.

3. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren arloetako bakoitzaren barruan, hautesle bakoitzak, gehienez, betetzeko zenbat postu dauden hainbat hautagairi eman ahal izango dio botoa.

4. Martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 137. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatietan xedatutakoarekin bat etorriz, Ikastegiko Batzordearen Barne Eraentzako Arautegiak ezarriko du Batzordekideak ordezkatu eta betegabeko postuak betetzeko eraentza.

V. KAPITULUA

Ikerketa Batzorderako hauteskundeak

33. artikulua

1. Ikerketa Batzorderako hauteskundeetan hautagai eta hautesle izango dira jakintza arloek osatutako taldeetan dauden unibertsitate irakaskidegoetako irakasle doktoreak, Unibertsitatearen Estatutuen 67. artikuluak ezarritakoa aplikatzeko Gobernu Batzordeak erabakitzen duenaren arabera.

2. Ikerketa Batzordean ordezkari izango direnen hauteskundeak, martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 67. artikuluan aipatutakoak, gehiengo sinplearen sistemaren bidez egingo dira eta arlo bakoitzean boto gehien lortzen dituzten hautagaiak izango dira hautetsiak.

3. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren jakintza arloek osatutako talde bakoitzean, hautesle bakoitzak, gehienez, betetzeko zenbat postu dauden hainbat hautagairi eman ahal izango dio botoa.

VI. KAPITULUA

Unibertsitateko Doktoretza Batzorderako hauteskundeak

34. artikulua

1. Unibertsitateko Doktoretza Batzorderako hauteskundeetan hautagai eta hautesle izango dira jakintza arloek osatutako taldeetan dauden unibertsitate irakaskidegoetako irakasle doktoreak, Gobernu Batzordeak erabakitzen duenaren arabera, beti ere, hirugarren zikloko ikasketak arautzen dituen arautegi berariazkoak eskatutakoak betetzen badira.

2. Doktoretza Batzordean ordezkari izango direnen hauteskundeak, martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 61. artikuluan aipatutakoak, gehiengo sinplearen sistemaren bidez egingo dira eta boto gehien lortzen dituzten hautagaiak izango dira hautetsiak.

3. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren jakintza arloek osatutako talde bakoitzean, hautesle bakoitzak, gehienez, betetzeko zenbat postu dauden hainbat hautagairi eman ahal izango dio botoa.

VII. KAPITULUA

Irakaslana Ebaluatzeko Batzorderako hauteskundeak

35. artikulua

1. Irakaslana Ebaluatzeko Batzorderako hauteskundeetan hautagai eta hautesle izango dira aipatu organoan ordezkaritza duten unibertsitate komunitateko arlo guztietako kideak, hauteskundeetarako deialdia egiten denean Nafarroako Unibertsitate Publikoan lan egiten badute edo ikasketak egiteko matrikulatuta badaude, Unibertsitatearen Estatutuen 87. artikuluak ezarritakoaren arabera.

2. Irakaslana Ebaluatzeko Batzordean ordezkari izango direnen hauteskundeak, martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 87. artikuluan aipatutakoak, gehiengo sinplearen sistemaren bidez egingo dira eta talde bakoitzean boto gehien lortzen dituzten hautagaiak izango dira hautetsiak.

3. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren ordezkaritza talde edo arlo bakoitzean, hautesle bakoitzak, gehienez, betetzeko zenbat postu dauden hainbat hautagairi eman ahal izango dio botoa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.-1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluan Gobernu Batzordeko ordezkari izango direnen hauteskundeak Gizarte Kontseiluari buruzko Foru Legean eta martxoaren 13ko 68/1995 Foru Dekretuaren 29. artikuluan xedatutako prozedura eta eskakizunen arabera egingo dira.

2. Gobernu Batzordearen Barne Eraentzako Arautegiak finkatuko du Gizarte Kontseiluan dituen ordezkariak ordezkatu eta betegabeko postuak betetzeko eraentza.

Bigarrena.-Hauteskunde Batzordeak emango ditu arautegi hau garatzeko xedapenak, hauteskunde prozesua ordenatu eta izapidetzeari buruzkoak, alegia: hautamahaiek jarduteko prozedura, dokumentu normalizatuen ereduak, eta orduak, hautestontziak, gutunazalak, txartelak eta beharrezkotzat emango dituen guztiak arautzeko modua.

Hirugarrena.-Aginte organoen barne eraentzako arautegiak eta Hauteskunde Arautegia bat etortzen ez badira, azken hori izango da lehena; ez, ordea, gai jakin batzuei dagokienez, horiek erabakitzeko Unibertsitateko Estatutuek barne eraentzako arautegi horietara jotzeko agintzen dutenean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Arautegi honek indarra hartu baino lehenago hasitako hauteskunde prozesuetan aurreko arautegiak aginduko du.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta daude arautegi honetan xedatutakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak eta, bereziki, martxoaren 24ko 17/95 erabakiaren bidez eta ekainaren 26ko 88/96 erabakiaren bidez onetsitako Unibertsitatearen Hauteskunde Arautegia.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.-Arautegi honek aurreikusten ez dituen gaietan, Administrazio Publikoen eta Guztiendako Administrazio Prozeduraren Erregimen Juridikoari buruzko Legea izango da osagarritzat aplikatzekoa .

Bigarrena.-Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra arautegi honek.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren bian.-Errektorea, Antonio Pérez Prados.

Iragarkiaren kodea: A0104773