66. ALDIZKARIA - 2001eko maiatzaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2001eko maiatzaren 7koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, su gorrina (Erwinia amylovora) erauzi eta menperatzeko 2001eko jarduketa plana Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ri esleitzen diona.

Su gorrina gaixotasun larri bat da, Erwinia amylovora bakterioak eragiten duena. Gehienbat errosazeoen familiako landareak ukitzen ditu eta beriziki udareondo eta sagarrondo sailetan galera ekonomiko handiak sortzen ahal ditu, baita apainketako eta basoetako landareen sektorean ere (hala nola, Cotoneaster, Pyracantha, Crataegus eta Sorbus landareenean).

Erwinia amylovora (Burr.) Winsl et al. bakterioa Kontseiluaren 77/93 EE Zuzentarauko II.A eranskineko II-b3 atalean sailkaturik dago. Zuzentarau hori 2000ko maiatzaren 8ko 2000/29 Zuzentarauaren bidez gaurkotu zen eta Europako Batasunean landareendako edo landare produktuendako kaltegarriak diren organismoak ez sartzeko eta bertan ez hedatzeko babes neurriei dagokie. Azaroaren 26ko 2071/1993 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako legerian.

Uztailaren 9ko 1201/99 Errege Dekretuak errosazeoen su gorrina erauzi eta menperatzeko programa nazionala ezarri zuen. Bere 4.1 artikuluan xedatzen du autonomia erkidegoek azterketa sistematikoek egin beharko dituztela beren lurraldeetan bakterioa atzemateko.

1997ko uztailaren 28ko Foru Aginduak atzeman diren su gorrinaren kasuak erauzteko neurriak hartzera behartzen du.

Nafarroan 1996an eta 1997an lehenbiziko fokuak atzeman zirenez geroztik, gaixotasunaren eragina handitu da, bai gure lurraldean, bai Estatu osoan, beste foku batzuk agertu baitira, garrantzitsuak gainera. Aipatzekoak dira Epilatik gertu eta Entrena-Errioxatik gertu aurkitu direnak.

Begi bistakoa da beraz gaixotasuna aurrera egiten ari dela, emeki-emeki baina, eta ez dago jakiterik nola zabalduko den hurrengo kanpainetan.

Beharrezkoa da beraz gaixotasuna erauzi eta menperatzeko kontzeptu orokorraren pean sartu diren jarduera guztiak biltzeko jarduketa bat edukitzea. Jarduera haiek uztailaren 9ko 1201/1999 Errege Dekretuaren bidez antolatu ziren.

Hona hemen jarduketa planaren helburuak:

1.-Kutsatutzat jo diren lurzati edo tokiak eta, 1997ko uztailaren 28ko Foru Aginduaren arabera, haien segurtasun eremuak ikuskatzea.

2.-Atzemate-sareko guneak ikuskatu, segitu eta menperatzea.

3.-Gaixotasunak jo ditzakeen landareak sal-erosi edo ekoizten dituzten saltokiak ikuskatzea.

4.-Gaixotasunak jo ditzakeen espezieak sistematikoki ikuskatu eta menperatzea, arriskurik handiena izan dezaketen eskualdeetan (Nafarroako barazki aldean eta iparraldean).

5.-Gaixotasunak jo ditzakeen landareak dauzkaten lorategi edo barrendegi naturalak laginak hartuz ikuskatu eta menperatzea, bai Iparraldean, bai Erriberan.

6.-Kutsatu edo ukituriko landareak suntsitzea, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak haiek erauztea erabakita.

7.-Landare Osasuneko Bulegoari laguntzea, argibide, aholku eta aurreneurri kontuetan.

Gaur egun Landare Osasuneko Bulegoak ez dauka baliabiderik landareen osasasunerako gaiei dagozkien eginkizun guztiak egiteko, hala nola, gaixotasuna menperatu eta erauztekoak. Hala ere, arazo hori lehentasunez konpondu behar da, barazki sektoreari arrisku handia dakarkiolako eta indarra duen arautegia bete egin behar delako.

Arazoa konpontzeko Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ri eskatu zitzaion proposamen bat aurkez zezala, jarduketa planean aurreikusiriko helburuak lortzeko behar diren lan guztiak biltzen zituena.

Hauexek dira lan hori Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ri esleitzeko arrazoiak:

-Landaregaien kudeaketan, gaixotasunak jo dituen espezie askorekin hain zuzen ere, esperientzia handia du eta hori berme bat da.

-Entitate honek antzeko lanak eginak ditu, aurreko kanpainetan, emaitza bikainekin.

-Lan horietan jarduteko egoki diren langile eta baliabideak ditu.

-Foru Administrazioarekin estatutu bidezko harremana du.

Eskaera honi erantzunez, Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.k proposamen bat aurkeztu du lehen aipatu diren oinarrizko helburuak betetzeko, beti ere Landare Osasuneko Bulegoak ikuskatu beharko dituenak.

2001erako aurrekontu osoak 4.999.600 pezeta egiten du (kontuan hartzekoa da plana apiriletik urtea bukatu bitarte egitekoa dela).

Kontuan hartuz:

1. Su gorrina (Erwinia amylovora) erauzi eta menperatzeko 2001eko jarduketa plana egiteko proposamena, Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.k aurkeztu duena, bat datorrela Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak su gorrinaren kontrako borrokan dituen helburuekin.

2. Hein batean ikuskatu, menperatu eta suntsitzeko ekintzek indarra duen arautegia beteko dutela bermatu ezezik, Nafarroan gaixotasuna errotu eta zabaltzea eragotzi ere eginen dutela.

3. Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.k plana garatzeko proposaturiko aurrekontua jarduketa planaren antolamendu osoarekin eta hura garatzeko 2001ean egin beharreko lanekin bat datorrela.

AGINDU DUT:

1. Su gorrina (Erwinia amylovora) erauzi eta menperatzeko 2001eko jarduketa plana onestea.

2. 4.999.600 pezetako gastua onestea, 2001ean indarra duen gastu aurrekontuko "Lanen kontratazioa" izeneko 710000-7120-2279-713100 kontusailaren kontu, lehen puntuan onetsiriko jarduketa plana finantzatzeko.

3. Su gorrina (Erwinia amylovora) erauzi eta menperatzeko 2001eko jarduketa plana Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ri esleitzea, A/31- 112501 IFZ duenari eta lehen puntuan aipatu denari, Foru Agindu honekin batera doan baldintza pleguen agirian adierazten diren baldintzetan.

4. Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ri 4.999.600 pezeta pagatzea. Ordainketa behar den Ebazpenaren bidez eginen da.

5. Landare Osasuneko Bulegoak jarduerak segi ditzala eta azkeneko txostena eman dezala.

6. Foru Agindu hau igortzea Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A.ra, Landareen Ekoizpen eta Osasun Atalera, Landare Osasuneko Bulegora eta Nekazaritza, Abeltzaintza Elikadura Departamentuko Afera Ekonomikoen Bulegora.

7. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko maiatzaren zazpian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0104941